Iragarkia
224. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
287E/2026 EBAZPENA, urriaren 20koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen 2026ko deialdia onesten duena: hirugarren sektorean dauden eraikinetan energia-efizientziarako jarduketak egiteko laguntzak (Hirugarren sektoreko Eraikinen Birgaitze Energetikorako Programa). DDBN kodea: 936452.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren irailaren 13ko 2023/1791 (EB) Zuzentarauak, energia-efizientziari buruzkoak eta 2023/955 (EB) Erregelamendua aldatzen duenak, esparru komun bat sortzen du Europar Batasunaren barruan energia-efizientzia sustatzeko, eta ekintza zehatzak ezartzen ditu egin ez den energia-aurrezpenaren potentzial nabarmena gauzatzeko.
Esparru horretan, 8. artikuluan ezartzen da estatu kideek azken energia-aurrezpen metatua lortu behar dutela, 2021eko urtarrilaren 1etik 2030eko abenduaren 31ra bitartean, hainbat bide erabiliz, besteak beste, energia-efizientziako betebeharren sistema bat.
Sistema hori garatu da, hasieran, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen bidez, eta, ondoren, Energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten dituen ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez.
Horretarako, Energia Efizientziaren Funts Nazionala eratu da, helburu duena energia-efizientzia areagotzea energia kontsumitzen duten sektoreetan, zenbait mekanismo erabiliz –laguntza ekonomiko eta finantzariokoak, laguntza teknikokoak, prestakuntzakoak eta informaziokoak–, edo beste neurri batzuk. Era berean, jarduketa honek laguntzen du Nafarroako Energiaren eta Klimaren 2050eko Ibilbide-orri Integratuaren (ENERKLINA 2050) helburuak lortzen. Funtsa gainbegiratzea eta kontrolatzea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari atxikitako Jarraipen eta Kontrol Batzordeari dagokio, Energiaren Estatu Idazkaritzaren bidez. Funtsa kudeatzea, berriz, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuari (IDAE) dagokio.
Dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, hirugarren sektoreko eraikinetan energia-efizientzia hobetzea lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2023-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera (EKPNB). Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, bost milioi metro koadroren birgaitze energetikoa egitea.
EKPNBk proposatutako jarduketa-mekanismoetako bat da laguntza publikoko programak egitea, barne hartzen dutenak eraikinen birgaitze energetikoa, haien kalifikazio energetikoa hobetzeko. Helburu bera jasotzen da halaber, eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategian.
Ondorioz, Energia Efizientziaren Funts Nazionalaren Jarraipen eta Kontrol Batzordeak laguntzen programa bat onetsi zuen hirugarren sektorean dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko. Haren helburua da azken energia-kontsumoa murriztuko duten jarduketak sustatzea, 2023/1791 (EB) Zuzentarauaren 8. artikuluak estatu kideentzat ezartzen duen azken energia-aurrezpenaren helburua lortzen laguntzeko. Haren aplikazio-eremuko eraikinak dira, nagusiki, Eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenaren oinarrizko prozedura onesten duen ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 1. apartatuko e) letran jasotako erabilerei dagozkienak.
Hirugarren sektorean dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko laguntzen programa finantzatzeko funtsak 200.000.000 euro dira, eta Energia Efizientziaren Funts Nazionalak eman ditu, esleipena Energia Efizientziaren Funts Nazionalaren Jarraipen eta Kontrol Batzordeak onetsita. Energiaren Konferentzia Sektorialak 2025eko abenduaren 11tik 17ra bitartean idatzizko prozeduraren bidez egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez, 2.878.625 euro eman zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari, "Hirugarren sektorean dauden eraikinetan energia-efizientziako jarduketak laguntzeko programa (Hirugarren sektoreko Eraikinen Birgaitze Energetikorako Programa)" finantzatzeko. Zeharkako kostuak deskontatuta, laguntza-lerro horretarako konpromiso ekonomikoa 2.774.994,50 eurokoa da.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntza honen deialdia onestea: hirugarren sektorean dauden eraikinetan energia-efizientziarako jarduketak egiteko laguntzak (Hirugarren sektoreko Eraikinen Birgaitze Energetikorako Programa).
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 2.774.994,50 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko 820001-82500-7701-425213 partidaren kargura ([PEP E-26-000795-01]: Hirugarren sektoreko EBEP 2026. Laguntzen deialdia), ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko urriaren 20an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen helburua da azken energia-kontsumoa murrizten duten jarduketak sustatzea, birgaitze energetikoaren bidez, Nafarroako hirugarren sektorean dauden eraikinetan, 2023/1791 (EB) Zuzentarauaren 8. artikuluak estatu kideentzat ezartzen duen azken energia-aurrezpenaren helburua lortzen laguntzeko.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira:
a) Pertsona fisikoak, baldin eta merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzen dituen jarduera ekonomikoren bat egiten badute, edo izaera pribatuko pertsona juridikoak, baldin eta 3. oinarrian adierazitako erabilerak dituzten eta lehendik dauden eraikin osoen, lokalen edo eraikin baten zatien jabe badira.
b) 3. oinarrian adierazitako erabilerak dituzten eraikinen, lokalen edo eraikin baten zatien ustiatzaile, errentari edo emakidadun diren enpresak, baldin eta jabetzarekin indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatzen badute izaera hori dutela diruz lagundutako aktiboak laguntzaren hartzailearen esku daudela bermatzen duen aldi batean.
2. Onuradunen betebeharrak:
a) Onuradunak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian edo Europar Batasuneko estatu kideren batean izan beharko dute legezko bizilekua.
Eskatzaileak pertsona juridikoak badira, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera behar bezala eratuta daudela frogatu beharko dute.
b) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan –erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du–.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak (Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 1.4.c eta 2.18 artikuluak).
Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.
e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea (Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 1.4.a artikulua).
f) Gazako genozidioaren aurkako eta palestinarrei laguntzeko presako neurriak hartu zituen irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak debekatutako jardueraren bat ez gauzatzea (https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2025-18831).
g) SINAIko eragileek eta 50 langiletik gorako enpresek emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan bat izan beharko dute, Nafarroako hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasunerako planen erregistroan inskribatuta. Plan hori izatera behartuta ez dauden gainerako enpresek, beren borondatez berdintasun-plana baldin badute, aipatutako erregistroan gordailutua izan beharko dute sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko protokolo bat.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, irabazi-asmoa dutenak, ez badituzte betetzen Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, honako honen bidez:
–Behar adinako ordezkaritza-ahala duen administrazio-organoak edo baliokideak sinatutako ziurtagiria, baieztatzen duena abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeen betetze-maila lortu dela.
Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiria baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, agiri horiek laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, hilabete horren barrenean eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
4. Oinarri arautzaile honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da (II.1 eranskinean zehazten da) laguntza-eskaera aurkeztean, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte. Hori betetzen ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Jarduketak Nafarroako hirugarren sektorean (sektore publikoa kenduta) dauden eraikin osoetan, lokaletan edo eraikinen zatietan egin behar dira, baldin eta 500 m²-tik gorako azalera erabilgarria badute eta erabilera hauetakoren bat badute:
a. Administratiboa.
b. Osasunekoa.
c. Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza-guneak eta antzekoak.
d. Egoitza publikoa: hotelak, ostatuak, egoitzak, apartamentu turistikoak eta antzekoak.
e. Irakaskuntzakoa.
f. Kultura: antzokiak, zinemak, museoak, auditoriumak, biltzar zentroak, erakusketa aretoak, liburutegiak eta antzekoak.
g. Jolas-jarduerak: kasinoak, joko-aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta antzekoak.
h. Ostalaritza: tabernak, jatetxeak, kafetegiak eta antzekoak.
i. Pertsonen garraioa: geltokiak, aireportuak eta antzekoak.
j. Kirola: gimnasioak, kiroldegiak eta antzekoak.
k. Gurtza lekuak, erlijiokoak eta antzekoak.
2. Deialdiaren web-fitxan eskuragarri dagoen I. eranskinean ezarritako baldintzak beteta, onuradunek egin beharreko jarduketak tipologia hauetako batean edo gehiagotan sar daitezke:
- 1. jarduketa tipologia. Inguratzaile termikoaren energia-efizientzia hobetzea.
- 2. jarduketa tipologia. Energia-efizientzia hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea instalazio termikoetan (berokuntza, hozketa, aireztapena edo etxeko ur beroa).
- 3. jarduketa tipologia. Argiztapen-instalazioen energia-efizientzia hobetzen dutenak.
- 4. jarduketa tipologia. Automatizazio- eta kontrol-sistemak.
3. Efektu pizgarria dela eta, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluarekin bat, laguntzaren eskaera erregistratu ondoren hasitako jarduketak baino ez dira diruz lagunduko. Jarduketen hasiera markatuko duen mugarria kontratua edo eskaera izanen da, edo inbertsioa itzulezin bihurtuko duen beste konpromisoren bat.
Hala ere, eskaera aurkezteko edo dagozkion inbertsioak egiteko beharrezkoak diren prestaketa jarduketei dagozkien kostuak –hala nola proiektua, memoria teknikoak, aurrekontuak, ziurtagiriak eta abar–, diruz lagungarritzat hartzen ahal dira, nahiz eta aurretik fakturatuak izan, baldin eta prestaketa jarduketa horiek 2026ko urtarrilaren 1a baino geroago hasi badira.
4. Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza zerbitzuak emateko kasuetan, onuradunak frogatu beharko du enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman deialdiaren webguneko "Enpresa hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko da.
5. Laguntzen zenbatekoa izanen da deialdiaren web-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskinean ezarrita dagoena.
Eskaera bakoitzeko gehieneko zenbatekoa ez da 500.000 eurotik gorakoa izanen, salbu eta, aurrekontu-baliabiderik izanez gero eta jasotako eskaera guztiei erantzun ondoren, zenbateko hori handitu badaiteke III. eranskineko gehieneko laguntza-ehunekora arte, eskaerak aurkezteko egunari jarraituz.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2027ko ekainaren 30era arte luzatuko da, egun hori barne, hargatik eragotzi gabe epe hori luzatu ahal izatea, dagokion aldaketaren bidez.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko deialdiaren web-fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/hirugarren-sektoreko-eraikinetan-energia-efizientziako-jarduketak-egiteko-laguntzak-hirugarren-sektoreko-eraikinen-birgaitze-energetikorako-programa.
3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa II.1 eranskinean dago jasota, eta deialdiaren web-fitxan dago eskuragarri.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Era berean, oinarri arautzaileetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentazio eta informazio eskatzen ahalko da.
Ezin izanen da inola ere zuzendu II.1 eranskinean eskatzen den dokumentazioa ez aurkeztea, hartan adierazten diren salbuespen kasuetan izan ezik. Nahitaezko dokumentazioa eskaera bakar batean aurkezten ez bada, ez da onartuko.
5. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.
1. Dirulaguntza banakako ebaluazioaren araubidean emanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin, Nafarroako Gobernuak 2026ko irailaren 2ko 3283 Erabakiaren bidez baimena eman ondoren. Eskaerak ebatziko dira aurkezpenaren hurrenkeraren arabera, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
Aurrekontu-kreditu hori agortzen bada eskaera egiteko adierazitako epea amaitu baino lehen, eskaerak behin-behineko erreserba zerrendan erregistratzen jarraitzen ahalko da. Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.
2. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak, hura baita laguntzak kudeatzen dituen organoa, eta ebazpen-proposamena igorriko dio Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
3. Ebazpena eman eta eskatzaileen GHEBaren bidez jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezten diren egunetik hasita.
4. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
5. Baldin eta kreditua ez bada behar adinakoa eskatzaile bati laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
6. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik erreserba zerrendan gelditu diren eskaerei erantzuteko. Laguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, beste epe batzuk finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko, baina epe horiek ezin dira 2030eko ekainaren 30a baino geroagokoak izan.
6. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa egitea, justifikatzea eta ordaintzea.
1. Onuradunek 24 hilabeteko epean gauzatu eta justifikatu beharko dute jarduketa, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, baina betiere 2030eko ekainaren 30a baino lehenago. Horretarako, deialdiaren web-fitxan eskuragarri dagoen II.2 eranskinean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko ditu onuradunek aurkeztutako frogagiriak, eta, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, egindako inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du aurretik. Ondoren, laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, zeinean jasoko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak.
3. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
7. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.
1. Onuradunek diruz lagundutako kostuaren %100eraino azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat edo osorik gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.
Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta onuradunari emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.
2. Onuradunek diruz lagundutako jarduketa osoa edo haren zati bat kontratatu edo azpikontratatzen ahalko diete haiekin lotutako enpresei, inguruabar hauek gertatuz gero:
a) Oinarri hauetan zehaztutako gastu diruz lagungarriak badira.
b) Gastua justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).
c) Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26.7 artikuluan ezarritakoa betez, baimen-eskaera bat egin beharko zaio laguntzak kudeatzen dituen organoari, deialdiaren web-fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren arabera. Jarduketa egiten hasi aurretik izan beharko da, kontuan izanda 3. oinarriko 3. atalean ezarritako definizioa.
Bigarren atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, "lotutako enpresa" izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztea, telematikaz. Hilabeteko epea izanen dute adierazpen hori aurkezteko, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean)".
b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 6. oinarrian ezarritako moduan.
c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinak 2.3 oinarrian adierazten baitira, betiere laguntzak eskatzeko unean aurkezten ez badituzte.
d) Obrak irauten duen bitartean, aldi baterako kartel bat paratu eta mantendu beharko da, bai eta beste bat ere, iraunkorra. Biak denek ikusteko moduko leku batean egon beharko dira, jarduketa egiten den tokian, eta, nolanahi ere, udal ordenantzetan xedatutakoa beteko dute. Behar adinako tamaina izanen dute, ongi ikusteko eta irakurtzeko modukoak izateko, eta argi eta garbi jasoko dira jarduketaren izenburua, laguntza-programaren izena eta irudia eta Energia Efizientziaren Funts Nazionalak emandako laguntzaren zenbatekoaren aipamena.
Kartelaren diseinu grafikoak eta diruz lagundutako jarduketen edozein hedabidetan egiten diren erreferentzia guztiek bete beharko dituzte programaren irudiari buruzko eskuliburuko baldintzak (https://www.idae.es/sites/default/files/documentos/ayudas_y_financiacion/fondo_nacional_de_eficiencia_energetica/Manual_FNEE_05022026.pdf). Eskuliburu hori IDAEren Interneteko helbidean eta deialdiaren web-fitxan dago eskuragarri.
Jarduketaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko dirulaguntzari buruzko dokumentazio guztian.
e) Ondasun inbentariagarrien kasuan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.4 artikulua), onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak; 7 urtez, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta 2 urtez, gainerako ondasunen kasuan.
f) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, kontuan hartuta Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5953320#4.%20artikulua).
g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Ordaindutako laguntza %5 murriztuko da kasu hauetan:
–Gardentasunari buruzko adierazpena aurkezten baldin bada 6. oinarrian ezarritako justifikazio-epearen barnean, eta ez 8.1.a) oinarrian adierazitakoan.
–Justifikazio-agiriak aurkezten baldin badira 6. oinarrian ezarritako epea amaitu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean.
9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta metaketa arauak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek gastu beretarako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin. Emandako zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua baino handiagoa, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarri bezala.
2. Dirulaguntza bateragarria denez, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza zenbatekorik handiena.
3. Programa honetako jarduketen bidez lortutako energia-aurrezpena kontuan hartuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren irailaren 13ko 2023/1791 (EB) Zuzentarauaren 8. artikuluan jasotako energiaren azken erabilerako aurrezki metatuaren helburu nazionala betetzeko. Beraz, energia-aurrezpena bitan zenbatu ez dadin, ezin izanen da energia-aurrezpenaren ziurtagiririk eskatu programa honen onuradun izan den jarduketa batean, bat etorriz uztailaren 18ko TED/815/2023 Aginduaren 14.8 artikuluarekin.
10. oinarria.–Aplikatzekoa den laguntzen araubidea.
Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazpen-betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen direlako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 38 bis artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
11. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko deialdiaren web-fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/hirugarren-sektoreko-eraikinetan-energia-efizientziako-jarduketak-egiteko-laguntzak-hirugarren-sektoreko-eraikinen-birgaitze-energetikorako-programa.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira.
12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Era berean, deialdi honen emaitzak argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoko deialdiaren web-fitxan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/hirugarren-sektoreko-eraikinetan-energia-efizientziako-jarduketak-egiteko-laguntzak-hirugarren-sektoreko-eraikinen-birgaitze-energetikorako-programa.
13. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, deialdiaren web-fitxan adierazitako moduan.
14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
F2613766
Iragarkiaren kodea:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
