223. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7232E/2026 EBAZPENA, urriaren 23koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita gauzatze- eta justifikazio-epeak luzatzea deialdi honetan: Deialdia, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko eta Helpbidea proiektua zabaltzeko, 2026. urtean.

Barneko zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 5556E/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko eta Helpbidea proiektua zabaltzeko, 2026. urtean.

Deialdi horren 4. oinarrian ezartzen denez, gastuak diruz lagungarriak izateko, nahitaezkoa izanen da zehazten diren jardueretakoak izatea eta jarduera horiek 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 26ra bitarte egitea, biak barne, bai eta justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduak izatea ere.

Gainera, deialdiaren 10. oinarrian ezartzen da 2026ko azaroaren 26a izanen dela emandako dirulaguntzak ordaintzeko justifikazio-dokumentazioa aurkezteko azken eguna.

Barneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 24ko 6555E/2026 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdia ebatzi zen, eta onetsi zen osotara 9.769,79 euroko dirulaguntza ematea Baztango Udalari, bere eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko 2026. urtean.

Horri dagokionez, deialdiaren ebazpenaren 4. oinarrian zehazten da "Helpbidea" identifikazio-kodeek nahitaez agertu behar dutela dirulaguntzaren xede diren jarduketa-modalitate guztietan. Gainera, oinarri horrek xedatzen du Nafarroako Gobernuaren Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari eskatuko zaizkiola kode horiek.

Prozedura honetan egiaztatu denez, aipatu kodeen esleipenean atzerapena izan da, entitate onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten inguruabarrak tarteko; beraz, ezarritako epeak luzatu behar dira, diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko.

Horretarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.1 artikuluaren arabera, Administrazioak ofizioz luza dezake ezarritako epea, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie, eta epearen erdia bada luzapena, gehienez ere.

Baztango Udala da onuradun bakarra; beraz, egiaztatuta gelditzen da ez zaiela kalterik eginen hirugarren batzuen eskubideei. Era berean, aipatu legearen 32.3 artikulua betez, epeen luzapena izapidetu eta ebatzi da hasierako epea amaitu baino lehen (hau da, 2026ko azaroaren 26a baino lehen), iraupenaren erdia ez gainditzeko lege-muga betez.

Bat etorriz azaldutakoarekin, ikusirik Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena eta Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren txostena, eta baliatuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea gauzatze- eta justifikazio-epea 2026ko abenduaren 11ra arte luzatzea deialdi honetan: Deialdia, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko eta Helpbidea proiektua zabaltzeko, 2026. urtean (deialdi hori onetsi zen Barneko zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 5556E/2026 Ebazpenaren bidez).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta dagokion tramitearen fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

3. Epeen luzapena jakinaraztea entitate onuradunari, jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta jakinaraztea, halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, epeak luzatzeari buruzko erabaki honen aurka ez dagoela errekurtsorik jartzerik, hargatik eragotzi gabe prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka dagokion errekurtsoa jartzeko aukera.

Iruñean, 2026ko urriaren 23an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

Iragarkiaren kodea: F2613894