223. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 9a

6. BESTELAKO IRAGARKIAK

6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK

ERRIOXA JATORRI-DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA

8/2026 ofizio zirkularra. Gaia: Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena

2026ko urtaldiko elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena betetzeko jarraibideak.

Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren kontseilu arauemaileari aurkeztu beharko zaio 2026ko azaroaren 30ean beranduenez, PG-10 ziurtapen-prozedura orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

A. Aurkeztu beharreko agiriak.

DI 0702-1 Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, instalazio bakoitzarena.

DI 0705-1 Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, titular bakoitzaren laburpena.

DI 0706-0 I. eranskina. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, mahats sarreren zerrenda.

DI 0704-0 II. eranskina. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpenaren xehetasuna, mahasti berezia.

1) Elaborazio upategien erregistroan dagoen instalazio bakoitzeko adierazpen bat eginen da [DI 0702-1 agiria, elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, instalazio bakoitzarena], eta, elaborazio instalazio bat baino gehiago dituen titularra bada, horien guztien laburpen-adierazpen batekin osatuko da [DI 0705-1 agiria, Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, titular bakoitzaren laburpena].

2) I. eranskineko inprimakian, Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, mahats sarreren zerrenda jasotzen duen horretan [DI 0706-0 agiria. I. eranskina. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, mahats sarreren zerrenda], hornitzaile bakoitzaren mahats sarreren zerrenda jasotzen da.

3) Instalazio bakar batean mahasti berezi batekin baino gehiagorekin elaboratzen bada, II. eranskina bete beharko da, hots, mahasti bereziaren elaborazioari buruzko zinpeko adierazpenaren xehetasuna [DI 0704-0 agiria. II. eranskina. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpenaren xehetasuna, mahasti berezia].

B. Dokumentazioa betetzeko jarraibideak.

Aurreko ataletan eskatzen diren datuak betetzeko, jarraibide hauek kontuan hartu behar dira:

1) DI 0702-1 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena) eta DI 0705-1 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, titular bakoitzaren laburpena) Nimbus bidez egin beharko dira; trazabilitate moduluan jasotako datuekin modu automatikoan sortuko dira.

Elaborazioari buruzko adierazpena egiteko, hauetara jo beharko da: trazabilitatea, lehen etapa, prozesuak, elaborazioari buruzko adierazpenak sortu.

Titularraren kodea modu automatikoan osatuko da, eta, adierazpenerako lortu nahi ditugun datuak zer upategirenak diren, hura hautatu beharko da.

Pantailan agertuko dira upategiaren datu guztiak (lortutako mahats kiloak, saldutako mahats kiloak, elaboratutako ardo litroen kopurua...), eta orduan ateratzen ahalko da dagokion agiria, proba gisakoa, "informativo" check-a eta baliozkotzeko "visto" botoia sakatuta. Nimbusek "informativo" check-a markaturik dauka berez.

Datu guztiak egiaztatu ondoren, elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena bidali nahi zaionean kontseilu arauemaileari, "informativo" check-a desmarkatu eta informazioa onartu beharko da baliozkotzeko "visto" botoiaren bidez. Horrela, prozesuak DI 0702-1 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena) sortuko du hautatutako upategirako, eta, titular horrek upategi gehiago baldin baditu, DI 0705-1 agiria aterako du (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, titular bakoitzaren laburpena). Ohartarazi behar da ezen titularraren upategi guztien DI 0702-1 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena) egin ondoren ateratzen den laburpen-adierazpena hartuko dela baliozkotzat, hau da, azken upategiaren adierazpena egitean ateratzen dena.

Une horretatik aurrera ezin izanen da egin adierazpenean trazabilitatearen moduluan ondorioak dituen eragiketarik.

2) I. eranskina (DI 0706-0 agiria, Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, mahats sarreren zerrenda). Agirian zerrendatuta ageri dira mahats sarrerak, hornitzaile bakoitzarenak, bereizita mahats beltza eta zuria, eta norberaren mahatserako idazpen bat jarrita. Zerrenda desberdinetan adierazten dira instalazio berean egiten diren elaborazio desberdinak: Errioxako ardoak, ardo aparduna, eremuko ardoak, udalerriko ardoak edo mahasti berezikoak.

Agiri hori modu automatikoan sortuko du Nimbusek, DI 0702-1 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena) ateratzen den unean; beraz, bi agiriak ikusgai daude aldi berean.

3) II. eranskina (DI 0704-0 agiria Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpenaren xehetasuna, mahasti berezia). Bertan zehaztu beharko dira mahasti bereziaren edo berezien datuak, bat baino gehiago baldin badira. Mahasti bereziaren izena, azalera, ekoitzitako kilo kopurua, koloreen arabera, eta lortutako produktuak, koloreen arabera, identifikatu beharko dira. Agiri hori ez du Nimbusek sortzen eta paperean egin behar da, aurreko kanpainetan bezala.

Nimbus bidez aurkeztu beharko dira honakoak: DI 0702-1 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, titular bakoitzaren laburpena), aplikatzen bada, eta DI 0706-0 agiria (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, mahats sarreren zerrenda). Adierazpen horiek, halaber, paperean ere aurkeztu behar dira ofizio honetan adierazitako gainerako adierazpen edo agiriekin batera, upategiko arduradunak izenpetu ondoren.

Datu horiek entregak hornitzaile bakoitzaren mahastizain-txartelarekin prozesatzearen emaitza dira, eta elaborazioari buruzko adierazpena betetzeko balio dute.

C. Informazio gisa, eta datuak errazago egiaztatzeko, jarraian azaltzen da zer informaziorekin betetzen diren DI 0702-1 agiriaren atalak (Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena).

1) Elaboratutako mahatsaren atala.

–Norberaren uzta osoa: adierazpenaren titularraren txartelarekin entregatu den mahats guztia zerrendatzen da. Upategi kooperatiboen kasuan, bazkideek kooperatiban entregatutako mahats guztia da.

–Norberaren uzta, saldutakoa: adierazpenaren titularrarena den eta beste upategi bati saldu (berriz bidali) zaion mahatsa. Upategi kooperatiboen kasuan, mahatsa saldu badute, upategi kooperatibo gisa beste upategi batzuei saldutakoa (berriz bidalia) izanen da. Beti jasoko da mahats osoaren kopuru baliokidea.

–Eskuratutako uzta: beste titular batzuen mahats elaboratua. Beti jasoko da mahats osoaren kopuru baliokidea.

–Guztizkoa: norberaren uzta osoaren eta norberaren uzta salduaren arteko diferentzia gehi eskuratutako uzta. Upategi kooperatiboen kasuan, bazkideek kooperatibari entregatutako uzta osoaren eta kooperatibak saldutako (berriz bidalitako) mahatsaren arteko diferentzia da, bazkide ez direnei erositako uzta gehituta, halakorik bada.

Guztira: norberaren uzta osoa ken uzta saldua gehi erositako uzta.

Atal hauek bete behar dira mahats bilketan mahatsa prozesatu den erregistro zenbakiaren arabera segmentatuta.

2) Lortutako produktuen atala (litroak): atal honetan elaborazioa jaso beharko da, ardo moten arabera, kenduta lortutako edo aurreikusitako ligak, beti ehuneko 2tik gorakoak izanen direnak nahitaez eta ligen laukitxoan jasoko direnak.

–Ligak: laukitxo bakarra dago elaborazioan guztira lortutako liga kopurua adierazteko.

D. Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk.

Ekoizpena bereizten denez bai izan dezakeen destinoaren arabera bai mahatsaren kolorearen arabera, eta kolore eta ekoizpenaren destino bakoitzerako finkatutako mugetatik gorako mahatsa ez dagoenez babestuta, tratamendu bera emanen zaie mahatsaren eraldaketaren soberakinen emaitza diren ardoei, zeinetan babes falta aplikatuko baita banaka, kolorearen eta ekoizpenaren destinoaren arabera, eta ez da inolako konpentsaziorik egonen.

Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpenean aurkeztutako datuen erreferentzia kopuru osoak izanen dira, babesgarrien tarteen arabera segmentatu gabe, ez eta destilazioaren arabera ere.

Elaborazioari buruz aurkeztutako datuekin eta upategian entregatutako mahatsari buruz kontseilu arauemailean daudenekin, txosten bat eginen da, elaborazioaren tarte bakoitzean lortutako ardoei buruz (babesgarria, ez babesgarria eta destilazioa).

Adierazitako datuek bat etorri beharko dute autokontrol sisteman erregistratutakoarekin.

Kontseilu arauemaileko ikuskatzaileen zerbitzu gaitua prest daukazue beharrezkotzat jotzen dituzuen azalpenak emateko, bai eta laguntzeko ere, erabiltzaile pasahitzik ez duenarentzat edo datuetan akatsen bat atzematen denerako. 941 500400 telefonora deitu daiteke edo kontseilu arauemailearen bulegoetara joan.

Aditzera ematen dugu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Logroñon, 2026ko urriaren 26an.–Kontrol Organoaren zuzendaria, Alejandra Rubio Gil.

LOTUTAKO DOKUMENTAZIOA

–Paperean kudeatzeko eta kontseilu arauemailean aurkezteko.

  • DI 0704-II. eranskina. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpenaren xehetasuna, mahasti berezia.

–Nimbus bidez kudeatu eta aurkezteko; paperean ere erregistratu behar da kontseilu arauemailean.

  • DI 0702 agiria. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, instalazio bakoitzarena.
  • DI 0705 agiria. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, titular bakoitzaren laburpena.
  • DI 0706 I. eranskina. Elaborazioari buruzko zinpeko adierazpena, mahats sarreren zerrenda.

Iragarkiaren kodea: P2614152