223. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

166E/2026 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, zeinaren bidez zehazten baita zer gutxieneko zerbitzu egin behar duten Computadores Navarra SLko Hardware Departamentuko langileek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren parke informatikoa mantentzeko kontratuaren barnean, 2026ko urriaren 21etik 2027ko urtarrilaren 22ra bitarteko aldirako aurreikusitako greba-deialdia dela eta.

ELA sindikatuak greba baterako deialdia egin du, eta horrek eraginen dio, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren parke informatikoa mantentzeko kontratuaren xede diren zerbitzuei. Kontratu hori 739E/2021 Ebazpenaren bidez adjudikatu zen, eta 2026rako luzatu, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 473E/2025 Ebazpenaren bidez. Greba urriaren 21ean hasiko da, 00:00etan, eta 2027ko urtarrilaren 22an amaituko da, 23:59an.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Kontuan izanik funtsezko zerbitzu publikoa dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren parke informatikoa mantentzeko zerbitzua, estaldura ematen baitie Nafarroako Gobernuko departamentu guztiei, barnean daudelarik ezinbesteko zerbitzuak, hala nola osasun-etxeak eta ospitaleak, Foruzaingoko polizia-etxeak eta egoitza eta epaitegiak, besteak beste, beharrezkoa da herritarrei kalte konponezinak saihesteko neurriak hartzea eta funts publikoekin sostengatutako zerbitzu horien guztien funtzionamendua bermatzea.

2026ko urriaren 15ean, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskaera jaso zen Plataformen eta Eragiketen Zerbitzuan, Computadores Navarra SLk aurkeztua.

2026ko urriaren 15ean, eta ezarritako prozedurarekin bat etorriz, entzunaldia eman zitzaion greba batzordeari, gutxieneko zerbitzuen proposamenak egin zitzan, eta proposamen horiek kontuan hartu dira ebazpen hau emateko orduan.

Plataformen eta Eragiketen Zerbitzuaren proposamen-txostenean jasotzen den bezala, enpresak aurkeztutako eskaerak agerian uzten du greba-aldian ere segi behar dela arreta ematen, Hardware Departamentuak ematen dituen zerbitzuen jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, eskatutako estalduraren arrazoia da deialdiaren aurreikusitako iraupena, hiru hilabetetik gorakoa baita, eta, haren ustez, horren ondorioz areagotuko dira gorabeherak metatzeko arriskua, konponketa jakin batzuk atzeratu ezina eta parke informatikoaren higadura progresiboa.

Enpresak Hardware Departamentu osorako eskatzen du kontratu finkoa duten 26 pertsonen %70eko estaldura (hau da, 19 pertsona). Eskaerak departamentu honen eremurako zuzkidura bat zehazten badu ere, haren dimentsionamenduaren arrazoia da, batez ere, %70eko ehuneko orokorra aplikatzea enpresaren ustez normalean zerbitzu horiei atxikita dauden zortzi baliabideei. Eskaerak ez du jasotzen bost baliabideetako bakoitzaren beharraren justifikazio funtzional indibidualizaturik, eta ez du azaltzen zergatik den ezinbestekoa aldi berean eta deialdi osoan arloko arduradun bat, koordinatzaile tekniko-administratibo bat eta hiru landa-teknikari izatea zerbitzu horrek kudeatutako kontratuari dagozkion premiazko gorabeherei edo atzeraezinak direnei erantzuteko. Horregatik, eskatutako zuzkidura baloratu behar da kontuan izanda kontratuaren premia zehatzak eta beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioak.

Bestalde, adjudikaziodunak kontratazio-prozedurarako aurkeztutako eskaintzan, konpromiso bat jasotzen da grebetan edo lanuzteetan gutxieneko estaldura bat mantentzeko: mantentze-lanetako teknikari bat egotea 08:00etatik 15:00etara, eta ordutegi horretatik kanpo, teknikari bat, lokalizatzeko moduan egonen dena telefono mugikorraren bidez. Konpromiso horrek ez ditu berez zehazten ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak, baina aurrekari garrantzitsua da kontratuaren gutxieneko estaldura baloratzeko.

Bestalde, greba batzordeak zalantzan jartzen du enpresak eskatutako estalduraren proportzionaltasuna, eta, Hardware Departamentu osorako, gehienez ere lau pertsonako zuzkidura proposatzen du. Haren edukitik ondorioztatzen da proposamen hori Hardware Departamentu osorako egiten dela; izan ere, haren plantilla osoa hartzen du erreferentziatzat, departamentuak emandako zerbitzuei egiten die erreferentzia, eta ez ditu indibidualizatzen zerbitzu horrek kudeatutako kontratuari dagozkion baliabideak. Beraz, ezin da zuzenean kontratu honetara eraman.

Greba batzordeak adierazi du aurreko deialdian ezarritako gutxieneko zerbitzuak nahikoak izan zirela aldi horretan sortutako beharrei erantzuteko, eta hori kontuan hartu beharreko elementu garrantzitsua da. Hala ere, alegazioek ez dute informazio zehatzik jasotzen deialdi horretan izandako gorabeherei buruz, egindako jarduketei buruz edo benetan lortutako estaldura mailari buruz.

Era berean, batzordeak adierazi du premiazko jarduketen artean ez dauden lanak ere egin zirela. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da aurreko deialdian eraginpeko langile guztiek ez zutela greba egin. Beraz, gutxieneko zerbitzuetan sartutakoez bestelako jarduerak egiteak ez du esan nahi, berez, jarduera horiek betetzeko izendatutako langileek egin zituztenik, edo ezarritako gutxieneko zerbitzuen dimentsionamenduaren ondoriozkoak direnik.

Bestalde, alegazioek hamabi eguneko etenaldi bati egiten diote erreferentzia, eta iraupen hori ez dator bat txosten honen xede den deialdiarekin, 2026ko urriaren 21etik 2027ko urtarrilaren 22ra bitartekoa baita. Inguruabar hori kontuan hartu behar da gatazkan zehar behar den estaldura nahikoa den baloratzerakoan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak grebarako eskubidea bermatzen du, baina ezartzen du eskubide hori arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko dituela, ziurtatzeko funtsezko zerbitzu publikoak mantenduko direla.

Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren doktrina finkatuaren arabera, gutxieneko zerbitzuak finkatzerakoan, grebarako oinarrizko eskubidea eta erkidegoaren ondasunen babesa orekatu behar dira. Gutxieneko zerbitzuek ezin dute greba egiteko eskubidea baliogabetu, ezta gehiegizkoak izan ere; beraz, behar-beharrezkoak baino ezin dira izan.

Plataformen eta Eragiketen Zerbitzuaren txostenean, beharrezkotzat jotzen da bereiztea, batetik, funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamenduari kalte larriak saihesteko egin behar diren jarduketak, barne daudela premiazko gorabeherak eta, grebaren iraupenagatik, gatazka amaitu arte zentzuz atzeratu ezin diren jarduketak, eta, bestetik, ohiko, prebentziozko, programatutako edo geroratzeko moduko beste jarduketa batzuk. Azken horiek gutxieneko zerbitzuetatik kanpo utzi behar dira, zerbitzu horien helburua ezin baita izan kontratuaren prestazio maila arruntari eustea.

Azaldutako gogoeta teknikoak ikusita, beharrezkotzat jotzen da greba-aldi osoan zehar arreta ematea premiazko gorabeherei eta, hasiera batean premiazkoak ez izan arren, gatazka amaitu arte atzeratu ezin direnei, ez dakion kalte larririk eragin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren parke informatikoko funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamenduari. Deialdiaren iraupenak gorabehera horiek agertzeko eta metatzeko probabilitatea handitzen du, baina ez du berez justifikatzen kontratuaren ohiko funtzionamenduari eustea, ez eta prestaziora bideratu ohi diren baliabideen %70aren pareko estaldura automatikoki aplikatzea ere.

Era berean, beharrezkotzat jotzen da greba-aldian egin beharreko jarduketen koordinazioa, lehenespena eta eskalatzea ziurtatzea. Funtzio horri esker, eskura dauden baliabideak esleitzen ahalko zaizkie eragin handiena duten gorabeherei, eta kontratu horri dagozkion jarduketak koordinatzen ahalko dira deialdiaren eraginpeko beste kontratu edo zerbitzu batzuekin, helburua izan gabe enpresaren ohiko jarduerari eustea.

Deialdiaren iraupena eta irismena direla eta, bereizi behar dira, partekatutako eginkizunen artean, baliabideak zuzentzeko eta orokorrean lehenesteko erantzukizuna eta jarduketen koordinazio operatibo eta administratiboa. Lehenengoak aukera emanen du ukitutako kontratuen eta zerbitzuen artean esleipenengatik sor daitezkeen gatazkak konpontzeko; bigarrenak aukera emanen du abisuak bideratzeko, horien jarraipena egiteko eta baliabide teknikoen esku-hartzea koordinatzeko. Bi eginkizun horiek partekatuak izanen dira, eta gutxieneko zerbitzuetan sartutako jardueretara mugatuko dira.

Horrenbestez, ez da egokitzat jotzen enpresak departamentu honen zerbitzuetarako eskatutako bost pertsonaren zuzkidura, adierazi den moduan. Orobat, ez da zuzenean kontratura eraman behar greba batzordeak Hardware Departamentu osorako planteatutako zuzkidura. Hala ere, identifikatutako beharretatik ondorioztatzen da komenigarria dela funtzio bereiziak izatea arloko arduran, koordinazio administratiboan eta arreta teknikoan, zeinak modu partekatuan konfiguratuko baitira hala adierazten denean.

Horregatik guztiagatik, gutxieneko zerbitzu hauek proposatzen dira:

–Arloko arduradun bat, greba-deialdiak eragindako kontratu eta zerbitzuetarako partekatua.

–Koordinatzaile/administrari bat, greba-deialdiak eragindako kontratu eta zerbitzuetarako partekatua.

–Mantentze-lanetako teknikari bat, kontratu honetan arituko dena, 08:00etatik 15:00etara, kontratuak tarte horretan prestazio arrunta aurreikusten duen egunetan.

–Teknikari bat, lokalizatzeko moduan egonen dena telefono mugikorraren bidez ordutegi horretatik kanpo, baita kontratuan aurreikusitako ohiko ordutegitik kanpoko estaldura aplikatu behar den egunetan eta aldietan ere, gutxieneko zerbitzuetan dauden gorabeherei erantzuteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren parke informatikoa mantentzeko kontraturako gutxieneko zerbitzuak, 2026ko urriaren 21ean, 00:00etan, hasi eta 2027ko urtarrilaren 22an, 23:59an, amaituko den greba-deialdiaren aurrean:

–Arloko arduradun bat, greba-deialdiak eragindako kontratu eta zerbitzuetarako partekatua.

–Koordinatzaile/administrari bat, greba-deialdiak eragindako kontratu eta zerbitzuetarako partekatua.

–Mantentze-lanetako teknikari bat, kontratu honetan arituko dena, 08:00etatik 15:00etara, kontratuak tarte horretan prestazio arrunta aurreikusten duen egunetan.

–Teknikari bat, lokalizatzeko moduan egonen dena telefono mugikorraren bidez ordutegi horretatik kanpo, baita kontratuan aurreikusitako ohiko ordutegitik kanpoko estaldura aplikatu behar den egunetan eta aldietan ere, gutxieneko zerbitzuetan dauden gorabeherei erantzuteko.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau ELA sindikatuari, Computadores Navarra SL enpresari eta Plataformen eta Eragiketen Zerbitzuari jakinarazteko agintzea.

Iruñean, 2026ko urriaren 20an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Luis García Martín.

Iragarkiaren kodea: F2613829