1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
321E/2026 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 46/2014 Foru Agindua aldatzen duena eta kentzen duena abeltzaintza-ustiategiek urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan egin dituzten ekarpenen laburpena bidaltzeko duten betebeharra, otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan ezartzen den bezala.
Europako Batzordearen otsailaren 25eko 142/2011 (EB) Erregelamenduaren bidez, gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzen dituen 1069/2009 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri ziren. Hala, VI. eranskineko II. kapituluko 3. atalean, "Basa-animaliak janlekuetatik kanpo elikatzea" izenekoan, ezartzen du zer baldintza bete behar diren animalia hilak erabiltzeko basa-animaliak elikatzeko.
Azaroaren 14ko 1632/2011 Errege Dekretuak, basa-faunako espezie jakin batzuk gizakien kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuekin elikatzea arautzen duenak, aurreko erregelamendua garatzeko eman zenak, 5. artikuluko 5. puntuan ezartzen du baimendutako abeltzaintza-ustiategiek erregistro sistema bat izan beharko dutela, non jasoko baitira, gutxienez, Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko erabiltzen diren animalia hilen identifikazioa eta pisu zenbatetsia.
Azkenik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduak, 16. artikuluan, 1632/2011 Errege Dekretuan jasotako betebeharra ezartzeaz gain, ezartzen du Abeltzaintza Zerbitzura bidali behar dela, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen, espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremuetan egindako ekarpenen urteko laburpena.
Administrazio prozedurak sinplifikatzeko asmoz eta Administrazioak herritarrekin dituen harremanak errazteko asmoz, eta kontuan harturik nahikoa dela hegazti nekrofagoak elikatzeko utzitako animalien informazioa abeltzaintza-ustiategietan egotea eskuragarri, beharrezkotzat jotzen da kentzea egindako ekarpenen urteko laburpena urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen jakinarazteko betebeharra.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, basa faunako zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzea eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu zen, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri zen eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduaren 16. artikulua ("Txostenak egiteko betebeharrak") aldatzen da, artikuluaren bigarren paragrafoa kentzen baitzaio. Hortaz, honela idatzita geldituko da:
16. artikulua. Informazioa emateko betebeharrak.
Hegaztientzako bazkalekuaren titularrak txosten bat igorriko dio Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari urtero. Bertan jasoko da zein egunetan, zein azpiproduktu mota eta zenbat eraman diren hegaztientzako bazkalekura. Txosten hori urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da.
Azken xedapen bakarra.–Indarrean paratzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko urriaren 20an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2613778