222. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SANTAKARA

Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko, eta merkataritza-lokalek eremu publikoa erreserbatzeko. Behin betiko onespena

Santakarako Udalak, 2026ko abuztuaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza hau: Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko, eta merkataritza-lokalek eremu publikoa erreserbatzeko. Erabaki horren iragarkia argitaratu zen 2026ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27an.

Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantza.

Ondotik ematen da behin betiko onetsitako testua, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Santakaran, 2026ko urriaren 19an.–Alkatea, Miguel Ibiricu Varona.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO ETA ATERATZEKO, ETA MERKATARITZA-LOKALEK EREMU PUBLIKOA ERRESERBATZEKO

Oinarriak

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluan tasei buruz ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Ordenantza honen zerga-egitatea da trakzio mekanikoko ibilgailuak sartzea eta ateratzea eraikin eta orubeetan, espaloietan barna, jabari publikoaren aprobetxamendu berezia delako, eta horretarako beharrezkoa delako aldez aurretik Udalaren baimena edo lizentzia lortzea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Honako hauek izanen dute ordaintzeko beharra 2. artikuluan adierazitako kontzeptuagatik:

a) Udal lizentziaren titular diren pertsona fisikoek, juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko subjektuek.

b) Ibilgailuentzako sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeek. Lizentziaren titularraren edo titularren kargura izanen da ordainketa, beti. Lizentzien eskatzaileak eta titularrak soilik izan daitezke finkaren jabea, negozio-lokalaren errentaria edo hura erabili eta lupertzeko eskubideren baten titularra, ez beste inor.

Eskatzailea ez bada jabea, azken horren adostasuna agertu beharko da eskaeran.

Lizentziak ekartzen dituen betebehar guztien erantzulea haren titularra izanen da, eta, subsidiarioki, finkaren jabea. Lizentzia eskuratu ahal izateko, egunean izan behar dira zerga-betebeharrak Santakarako Udalarekin.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Karga-oinarria izanen da ibilgailuen sarbide edo pasabidearen luzera, metro linealetan neurtua.

Tarifak

5. artikulua. Aplikatuko diren tarifak izanen dira urte bakoitzerako Udalak osoko bilkuran onesten dituenak, kontzeptu bakoitzerako tasa eta prezio publikoetan.

Zerga-kuota

6. artikulua. Kuota zehazteko, karga-oinarriari dagozkion tarifak aplikatuko zaizkio.

Tasaren sortzapena eta diru-bilketa

7. artikulua. Udalak baimena emandakoan sorraraziko da tasa lehendabiziko aldiz, hurrengo ordainketa egin arteko aldirako. Gainera, alta emateko tasa ordaindu beharko da. Tasa horrek barnean hartuko ditu sartzeko eremua markatzeko lerro horia lehen aldiz margotzeko lana eta erreserbaren identifikazio seinalearen mailegua. Ondoren, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa. Tasaren zenbatekoa ez da inoiz murriztuko, urtebeteko aldirako.

Salbuespenak eta hobariak

8. artikulua. Salbuespen gisa, ez zaie tasa ordainaraziko edo hobaria jasoko dute komunitatearentzako zerbitzu mesedegarriak egiten dituzten pertsona edo erakunde publiko edo pribatuek, alkatearen ebazpen bidez hala erabakitzen bada. Merkataritza-establezimenduetarako, oro har ezarritakoa baino tarifa txikiagoa onesten da, tokiko merkataritza sustatzeko neurri gisa. Kudeaketa arauak.

9. artikulua. Ordenantza honetan araututako lizentziaren kontzesioa beti diskrezionala izanen da, prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe; orobat, ez du inolako eskubide subjektiborik sortuko. Alkatearen ebazpen bidez emanen dira baimenak.

10. artikulua. Lizentzia eman ondotik, Udalak araututako eremuaren luzera mugatuko du, lerro horia lehen aldiz margotuz, eta titularrari erreserbaren identifikazio seinalea emanen dio.

11. artikulua. Ibilgailuentzako sarbidearen lizentzia eskuratzeko ez da eskatuko lokalaren gutxieneko azalerarik, ez eta gutxieneko ibilgailu kopururik ere. Sarbidearen gutxieneko zabalera 2 metrokoa izanen da eta gehienekoa, berriz, atearen zabalera gehi 0,50 m.

12. artikulua. Titulartasuna aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, bete beharko dira ordenantza honetan ezarritako izapide eta baldintzak.

13. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura ekar dezaketenean, onuraduna beharturik dago aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua osoki itzultzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutzat uztera ere, dagokion prezio publikoa ordaindu beharra kendu gabe.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kalteek eraginiko narriadura norainokoa den, horrenbesteko kalte-ordaina emanen zaio erakundeari.

Toki erakundeak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

14. artikulua. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero beharturik daude baja ematera, pasabidearen lerro mugatzailea ezabatzera eta Udalak emandako erreserbaren seinalea itzultzera.

15. artikulua. Merkataritza-establezimenduetarako erreserbetan, salgaien zamalanetarako aparkatzea baimenduko da.

Arau-hauste eta zehapenak

16. artikulua. Udal zerbitzuek edo agintaritzaren agenteek, pasabide lizentziarik izan gabe, aprobetxamendua egiten ari diren lokal edo espazio guztien berri emanen diote Udalari.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Ondotik azaltzen den bezala tipifikatzen dira ordenantza honen aurkako arau-hausteak, deusetan galarazi gabe tributuen arloko araudian, bide segurtasunarenean edo gainerako araudi administratiboan ezartzen diren arau-hausteak eta arlo zibilean edo penalean gerta litezkeen erantzukizunak:

1. Arau-hauste arinak:

1.1. Erreserba identifikatzeko seinalea egoera onean ez kontserbatzea.

1.2. Ordenantza hau ez betetzea dakarren eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo omisio.

2. Arau-hauste astunak:

2.1. Erreserbagunearen parean traba edo oztoporen bat jartzea, garajera edo establezimendu/lokalera sartzea galarazi edo eragozten duena.

2.2. Zoladura ez berritzea Udalak hala agintzen duenean.

3. Arau-hauste oso astunak:

3.1. Aprobetxamendua egitea, behar den baimena eskatu gabe.

3.2. Lizentzia zer epetarako eman zen, hura iraungita aprobetxamendua egiten jarraitzea.

3.3. Bide publikoko lurzorua edo jabari publikoko lurrak okupatzea, baimenak finkatutako mugetatik kanpora.

3.4. Paratzea Udalak emandako plaka edo bereizgarri ofizialak ez diren beste batzuk, eta espaloia kolore horiz margotzea behar den baimena izan gabe.

3.5. Udalari ez jakinaraztea lizentzia emateko oinarri izan ziren inguruabarren aldaketa, lokalaren titulartasunaren aldaketa, handitzeak edo lekualdatzeak.

3.6. Beste titular baten erreserbaren lizentzia erabiltzea eskualdaketarako baimena eman gabe.

3.7. Udalak agintzen dituen segurtasun neurriak ez betetzea.

18. artikulua. Zehapenak.

1. Honako zehapen hauek ezarriko dira aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik:

–Arau-hauste arinak, 100 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak, 101 eta 200 euro arteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak, 201 eta 500 euro arteko isuna.

Arau-hauste astunen eta oso-astunen kasuan, isun ekonomikoaz gain, lizentzia indargabetzen ahalko da.

2. Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira egintzaren munta, interes publikoari eragindako kaltea eta arau-hauslearen berrerortze-maila.

3. Isunak jartzea alkatearen eskumena da, horretarako espedientea instruitu ondoren, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta legeak garatzeko erregelamenduetan ezarritakoarekin bat.

4. Zehapena jartzeaz gain, araua hautsi duenari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egintzek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan xedatu ez den guztian, bai arau-hausteei, bai zehapenei, bai gainerako gaiei dagokienez, beteko da xedatuta dagoena ordenantza fiskal orokorrean edo, hala badagokio, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta horiekin bat datozen arauetan.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta indarrean egonen da espresuki erabaki arte aldatzea edo indargabetzea.

TARIFEN ERANSKINA

–Altako tarifa: 50 euro (plakaren kostua).

–Urteko tarifa orokorra: 25 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–Erkidegoetako sarreren urteko tarifa: 25 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–Merkataritza-lokalen tarifa: 20 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

PLAKAREN EREDUA

Iragarkiaren kodea: L2613663