2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Aldaketa, zinegotzi ordezkariei, gerentziari eta zuzendaritzei egiten zaizkien eskuordetzeetan
Iruñeko Udaleko alkateak honako dekretu hau onetsi zuen 2026ko irailaren 25ean:
DAL 25-SEP-26 (1/AL).
«Ikusirik bidezkoa dela DAL 22-ENE-24 (3/AL) Alkatetza-dekretuaren LEHEN eta HIRUGARREN apartatuak aldatzea –dekretu hori DAL 13-FEB-24 (1/AL), DAL 26-ABR-24 (2/AL), DAL 29-ABR-24 (1/AL) eta DAL 06-MAR-26 (1/AL) dekretuek aldatu zuten–, kontratazioaren eta betebeharren aitorpenaren eta likidazioaren arloko eskuordetzeen irismena egokitzeko, hitzarmenak onesteari buruzko eskuordetza zehazteko eta langileen berariazko ordainsari- edo ordutegi-kontzeptuak zehaztu eta onesteari buruzko eskuordetza berariaz jasotzeko, honako hau ERABAKITZEN DA:
Lehena.–Alkatetzaren 2024ko urtarrilaren 22ko Dekretuaren (3/AL) lehen apartatua aldatzea. Honela idatzita geratuko da:
1. Zinegotzi ordezkariei eskuordetzea ondoren zehazten diren eskumenak, indarrean dagoen Udal Antolaketari buruzko Dekretuaren arabera gauzatu ditzaten:
1.–Haren eskumenekoak diren helburuak planifikatu eta programatzea, eta horiek lortzeko ebazpenak onestea.
2.–Eskuordetutako eskumenei buruzko ebazpenak argitaratu, betearazi eta betetzeko agintzea.
3.–Alkatetzari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Udaleko Osoko Bilkurari ebazpenak eta erabakiak proposatzea, haien eskumenekoak diren aferen gainean.
4.–Dirulaguntzak ematea, zinegotziak bere eskumenak zein arlotan erabiltzen dituen kontuan hartuta, bai eta horiek ematearekin lotutako baimenak, xedapenak eta ordaintzeko betebeharraren aitorpenak ere, zenbateko-mugarik gabe.
5.–Eskuordetutako beste gastu batzuk baimendu eta erabiltzea, 30.000 euroko mugarekin (BEZa kanpo).
6.–Gerentziari eta alorretako zuzendariei eskuordetu gabeko betebeharren aitorpena eta kitapena egitea, betiere horiek 30.000 euro baino gehiago jotzen ez badute (BEZa kanpo), dirulaguntzen arloan izan ezik, kasu horretan ez baita gehieneko kopururik izanen.
7.–Aurreko zenbakian ezarritakoari kalterik egin gabe, 30.000 euro (BEZa kanpo) baino gehiagoko honako kontratu hauetatik eratorritako betebeharrak aitortzea eta likidatzea:
–40.000 euroko edo hortik beherako balio zenbatetsia (BEZa kanpo) duten obra-kontratu txikiak.
–Esparru-akordio batetik eratorritako kontratuak, 75.000 eurotik beherako balio zenbatetsia dutenak (BEZa kanpo). Kontratu horietan, legez eta kontratazio-pleguen arabera, eskatzen ahal diren izapide bakarrak aldez aurretik kreditua erreserbatzea eta dagokion faktura aurkeztea izanen dira.
8.–Eskuordetutako gaietan emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta eskuordetzen diren gaietan emandako ebazpenen aurka jartzen diren berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.
9.–Legeak alkateari esleitzen dion zehatzeko ahala, bakoitzaren eskuordetze-esparruko gai eta funtzioetako arau-hausteetan.
Aurreko paragrafoan eskuordetutako eskumenaren barruan sartuko da eskumen hori egikarituz emandako ebazpenen aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena, bai eta administrazio-espedienteei erantsitako txosten juridikoak onestekoa ere, eskuordetutako eskumen hori egikarituz emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla eta.
Espedienteak hainbat alorrek batera bideratu behar dituzten kasuetan, Zinegotzi Ordezkariek ahala izanen dute, hala zehatzeko nola ebazpenak emateko, eskuordetzaz esleituta dituzten gaietan, hori eskumen nagusia ez bada ere.
10.–Haien zinegotzigoaren eskumenak garatu eta gauzatzeko beste administrazio publiko batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin hitzarmenak egitekoa, betiere: a) dirulaguntzak ematen badituzte, edo b) gasturik eragiten ez badute edo hitzarmenaren guztizko zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa ez bada (BEZa kanpo).
Eskuordetutako eskumen horrek berekin ekarriko du, era berean, gastuen baimena eta erabilera eskuordetzea, bai eta ordainketa-betebeharrak aitortu eta likidatzekoa ere, baldin eta hitzarmen horiek egitetik eratorritako konpromiso ekonomikoen ondorio zuzena badira.
Hirigintza-hitzarmenak aurreko eskuordetzetik kanpo geratzen dira; bestelako hitzarmenak ere kanpo geratuko dira, baldin eta gaiagatik edo aplikatu beharreko araudia dela-eta Osoko Bilkuraren edo Tokiko Gobernu Batzarraren eskumenekoak badira edo haien onespena aipatu organoei proposatzen bazaie beste udalerri batzuek parte hartzen duten izaera politiko edo instituzionaleko programa eta ekimenei atxikitzea helburu dutelako. Hitzarmenen eranskinak eta berariazko hitzarmenak ere kanpo geratzen dira, baldin eta horien onespena eta sinadura Gerentzian edo zuzendaritzetan eskuordetuta baldin badaude.
Aurrekoaz gain, alkateak beretzat gordetzen du honako hitzarmen hauek egitea, eta, beraz, ez dira eskuordetze honen parte izanen:
–Estatuko administrazioarekin onesten direnak eta ministroek sinatzen dituztenak;
–Nafarroako Foru Komunitatearekin edo, kasua bada, beste autonomia-erkidego batzuekin onesten direnak eta haietako lehendakariek sinatzen dituztenak;
–beste udal batzuekin onesten direnak eta haietako alkateek sinatzen dituztenak;
–garrantzi instituzional berezia dutenak, sustatzen duen zinegotzi ordezkariak edo alkateak berak hala iritzita.
11.–Jarduketa-protokolo Orokorrak edo gisa bereko tresnak onetsi eta sinatzea, eduki orokorreko asmoen adierazpen hutsak baino ez badakartzate edo udalak eta alderdi sinatzaileek helburu komun batekin jarduteko borondatea adierazten badute, baldin eta ez badakarte konpromiso juridiko zehatzak eta eskagarriak formalizatzea.
Hitzarmenen kasuan bezala, eskuordetzak ez ditu barne hartzen Jarduketa-protokolo Orokorrak edo antzeko tresnak, baldin eta aurreko zenbakian adierazitako kasuetan beste organo batzuek onetsi behar badituzte edo Alkatetzaren esku uzten badira.
12.–Nor bere eskumenen esparruan, kontratazio prozeduretako mahaietako eta dirulaguntzen deialdietako ebaluazio batzordeetako buru izatea, zinegotzi berezi baten eskumena ez denean.
13.–Dagokion alorrari edo unitate organikoari atxikitako langileen berariazko ordainsari- edo ordutegi-kontzeptuak zehaztea eta onestea, Gerentzian edo zuzendaritzetan eskuordetuta ez dagoenean.
Bigarrena.–Alkatetzaren 2024ko urtarrilaren 22ko Dekretuaren (3/AL) hirugarren apartatuko 1. puntua aldatzea. Honela idatzita geratuko da:
3.1.–Gerenteari, Aholkularitza Juridikoko zuzendariari, Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendariari, Giza Baliabideetako zuzendariari, Alkatetza Kabineteko zuzendariari, Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko zuzendariari eta Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendariari, oro har, honako eskumen hauek eskuordetzea:
–30.000 euro (BEZa kanpo) edo gutxiagoko obligazioak aitortzeko eta likidatzeko eskumena, indarrean dagoen Udal antolaketari buruzko Dekretuak dagokion unitate organikoari esleitutako gaietan, baldin eta unitate horrek gastu-baimena eta gastu-xedapena ere eskuordetuta baditu.
–Udal-organo eskudunari bere eskumeneko gaietan hartu beharreko ebazpenak edo erabakiak proposatzea.
–Dagokion alorreko edo unitate organikoko zuzendaritzari atxikitako langileen berariazko ordainsari- edo ordutegi-kontzeptuak zehaztea eta onestea.
Hirugarrena.–Dekretu hau 2026ko irailaren 25ean indarrean jar dadila xedatzea.
Laugarrena.–Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea».
Iruñean, 2026ko irailaren 29an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2613750