2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Aldaketa, alkatetzari, zinegotzi ordezkariei, gerentziari eta zuzendaritzei egiten zaizkien eskuordetzeetan
Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen 2026ko irailaren 28an:
JOB 28-SEP-26 (22/AL).
«Ikusirik bidezkoa dela Tokiko Gobernu Batzarraren JOB 22-ENE-24 (22/AL) Erabakiaren lehen eta bigarren apartatuak aldatzea (erabaki hori JOB 19-FEB-24 (11/AL) eta JOB 09-JUN-25 (3/AL) erabakiek aldatu zuten, kontratazioaren eta gastua baimentzearen eta xedatzearen arloko ordezkaritzen irismena egokitzeko), honako hau
ERABAKITZEN DA:
Lehena.–Tokiko Gobernu Batzarraren 22-ENE-24 (22/AL) Erabakiaren lehen apartatua aldatzea. Honela idatzita geratuko da:
Alkateari eta zinegotzi ordezkariei eskudantzia hauek eskuordetzea onestea, ondoren zehazten diren eskumenei dagokienez, eskumen horiek indarrean dagoen Udal Antolamenduaren Dekretuak esleitzen dizkien gaietarako erabiliko direlarik:
1.1.–Oro har:
A) Lizentziak ematea, baldin eta sektoreko legeek beste udal organoren bati ez badiote esleitu eskumen hori.
B) Zehatzeko ahala, salbu eta ahal hori legez beste organoren bati esleitu ez bazaio, eskuordetzaren eremuko gai eta funtzioetan arauak hausteagatik.
Eskuordetzan emandako eskumen horren barnean sartuko da eskumen hori egikarituz emandako ebazpenen aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena, bai eta eskuordetzan emandako eskumen hori egikarituz emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestekoa ere.
Espedienteak hainbat alorrek batera bideratu behar dituzten kasuetan, zinegotzi ordezkariek ahala izanen dute, hala zehatzeko nola ebazpenak emateko, eskuordetzaz esleituta dituzten gaietan, hori eskumen nagusia ez bada ere.
C) Gerentzian eta zuzendaritzetan eskuordetuta ez daudenean, edozein eratako kontratazioak eta erosketak, hainbat urtetarako direnak barne, baldin eta 30.000 euro baino gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute. Halaber, hasiera batean Alkatetzaren edo zinegotzi ordezkarien ebazpenen bidez esleitutako kontratuetan egindako aldaketak, horien zenbatekoak, esleitze-prezioari gehituta, 30.000 euro baino gehiago (BEZa kanpo) jotzen duenean, baldin eta aldaketen guztizko zenbatekoak esleitze-prezioaren %20 gainditzen ez badu.
D) Kontratuak egin eta sinatzea.
E) Kudeaketa ekonomikoa egitea, eskuordetzan hartutako aferetan.
F) Aurreko atalen arabera eskuordetzan hartutako gastuak baimendu eta xedatzea, betiere 30.000 euro edo gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute.
G) C) eta F) letretan ezarritakoari kalterik egin gabe, kontratazioak eta gastua baimentzeko eta xedatzeko aurrekontu-faseen onespena 30.000 euro baino gehiagoko (BEZa kanpo) kontratu hauetan:
–40.000 euroko edo hortik beherako balio zenbatetsia (BEZa kanpo) duten obra-kontratu txikiak.
–Esparru-akordio batetik eratorritako kontratuak, 75.000 eurotik beherako balio zenbatetsia dutenak (BEZa kanpo). Kontratu horietan, legez eta kontratazio-pleguen arabera, eskatzen ahal diren izapide bakarrak aldez aurretik kreditua erreserbatzea eta dagokion faktura aurkeztea izanen dira.
H) Bakoitzaren eskumeneko alorrak bere eskumenen eremuan kudeatutako obretako segurtasun- eta osasun-planak onestea.
I) Eskuordetutako gaietan emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta eskuordetzen diren gaietan emandako ebazpenen aurka jartzen diren berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.
1.2.–Ogasuneko, Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariari eskuordetzea honako eskumen hauek:
–Beste organo batzuei eskuordetu gabeko ondare-kudeaketako eskumenak.
–Kutxa finkoko aurrerakinak eratu, baliogabetu eta justifikatzea.
1.3.–Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Zinegotzi Ordezkariari eskuordetzea honako eskumen hauek:
–Errentamendu-kontratuei buruzko ebazpenak ematea horiek "Alde Zaharra eta hiriko fatxadak osoki birgaitzeko laguntzen Udal Ordenantza" betetzekoak badira, kontratu horiek sinatzeko eskumena barne.
–Urbanizazio-kuotak kudeatzea, bai eta horiei lotutako gastua baimendu eta xedatzea, betiere horrek 30.000 euro (BEZa kanpo) baino gehiago jotzen ez badu.
1.4.–Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariari eskuordetzea eskumen hau:
–Udal-titulartasuneko ibilgailuendako aparkalekuen erabileran titularren aldaketak onestea.
Bigarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren 22-ENE-24 (22/AL) Erabakiaren bigarren apartatuko 4. puntua aldatzea. Honela idatzita geratuko da:
2.4.–Honako eskumen hauek eskuordetzea kudeatzaileari, Aholkularitza Juridikoko zuzendariari, Alkatetza Kabineteko zuzendariari, Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko zuzendariari eta Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendariari:
A) eskudantziei lotutako kontratazioak eta erosketak, hainbat urtetarako direnak barne, baldin eta 30.000 euro edo gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute. Halaber, hasiera batean organo horiek ebazpen bidez esleitutako kontratuetan egindako aldaketak, horien zenbatekoak, adjudikazio-prezioari gehituta, 30.000 euro baino gehiago (BEZa kanpo) jotzen duenean, baldin eta aldaketen guztizko zenbatekoak esleitze-prezioaren % 20 gainditzen ez badu.
B) Aurreko apartatuaren arabera eskuordetuta dituen gastu-baimenak eta gastu-xedapenak, betiere 30.000 euro edo gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute.
Hirugarrena.–Erabaki hau 2026ko irailaren 28an indarrean jar dadila xedatzea.
Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea».
Iruñean, 2026ko irailaren 29an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2613747