222. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARRAKAZTELU ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Oposizioa, gizarte-langilearen plaza bat betetzeko

Mankomunitateko buruak 2026ko urriaren 1ean emandako ebazpen baten bidez, honako hau erabaki da:

Bidezkoa da oposizio bidez betetzea gizarte-langilearen plaza bat, destinoa duena Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Hori dena, babes harturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1. artikulua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

Ikusirik deialdiaren oinarriak eta espedientean dauden eranskinak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Deialdi honen oinarriak onestea: oposizioa, bete dadin gizarte-langilearen plaza bat, destinoa duena Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Orobat, eratzea zerrenda bat, hautapen-prozeduran plaza lortu ez duten izangaiekin, aldi baterako kontratazioetarako.

Bigarrena.–Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela deialdiaren oinarriak eta eranskinak, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hirugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Korporazioko Batzordeari, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo ohiko bilkuran.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea gizarte-langilearen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean jarduteko Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean.

1.2. Izendapenak Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen denetik aurrera; hala, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, kasua bada, eta alta emanen zaio.

1.3. Plazak izanen ditu B mailako ordainsariak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.

1.4. Lanaldi osoa izanen du.

1.5. Plazaren titular izendatzen denaren eginkizunak izanen dira bere lanpostuarekin lotutakoak.

1.6. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat eratzea sartzeko hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, deialdiaren 9. oinarriari jarraikiz.

1.7. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat eratzea sartzeko hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, deialdiaren 9. oinarriari jarraikiz.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Gizarte Laneko diplomadunaren edo gradudunaren unibertsitate-titulua, edo balio bereko bertze bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko, baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horren bidez aldatu zen haurrak eta nerabeak babesteko sistema), gizarte-langileen lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

e) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) B1 motako gidabaimena izatea.

h) Izangaia kondenatua egon ez izana 1/2004 Lege Organikoan edo 14/2015 Foru Legean jasotako inguruabarren bat dela-eta (1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriari buruzkoa, eta 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Indarkeriari buruzkoa).

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko adierazpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea.

2.3. Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo Mankomuniteari baimena ematen ez diotenak horiek kontsultatzeko ezin izanen dira lan-kontratudun finko izendatu, plaza bete behar badute, edo kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematikoki aurkez dezakete Mankomunitatearen Erregistroan (https://mssbcarcastillo.sedelectronica.es), edo aurrez aurre, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistroan (Elizako Plaza 3, 1. solairua, Zarrakaztelu), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), jarraikiz I. eranskineko eskabide ereduari.

Baldin eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistro batean (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, deialdian parte hartzeko eskabidea igorri beharko da administracion@mssbcarcastillo.es helbide elektronikora, eta adierazi beharko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jartzeko eskabideari, gutun-azala ziurtatu aurretik.

Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak. Eskabidearen eredua I. eranskinean dago.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 15 euroko tasa ordaindu beharko da.

Tasa udal diruzaintzan ordaindu beharko da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea aurkeztu beharra behar den epean eta moduan.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Behar bezala betetako eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–NANaren fotokopia, edo horren baliokidea den agiriarena.

–Deialdi honen 2.c) oinarrian eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo ziurtagiri bat, frogatzen duena hura lortzeko moduan egotea, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

–Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

–Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren Diruzaintzan 15 euro ordaindu izanaren frogagiria. Eskabideak aurkezteko epean azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

–B1 gidabaimenaren fotokopia.

Zenbateko hori ordaintzeko, banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan:

Nafarroako Rural Kutxa: ES16 3008 0053 7307 1144 4018.

Ordainagirian datu hauek adierazi behar dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: gizarte-langilearen deialdia.

Aurkezten diren dokumentuen kopia konpultsatu eginen da. Baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara emateko Mankomunitateko kide diren udalen web-orrietan eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko dute Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du Mankomunitateko buruak, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitateko kide diren udalen web-orrietan eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Burgos Catalán, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Lehen epaimahaikidea: Virginia Gómez Linés, gizarte-langilea, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatekoa, eta langileen legezko ordezkaria.

–Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Bigarren epaimahaikidea: Berta Marco Osés, Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

–Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Hirugarren epaimahaikidea: María Marco Castillo, gizarte hezitzailea, Tafalla-Orbaibar aldeko Udalen arteko Batasuneko Oinarrizko Gizarte Zerbitzukoa.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikide idazkaria: María Begoña San Martín Amor, idazkaria, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatekoa.

–Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

Hautapen-prozesuak aldi bakarra izanen du: oposizioaldia. Oposizioan, guztira, 80 puntu lortzen ahalko dira.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

6.1. Oposizioaldia.

6.2.1. Oposizioak ariketa hau izanen du:

Ariketa bakarra, teorikoa. Proban, idatziz erantzun beharko zaio test motako galde-sorta bati; 80 galdera izanen ditu, eta erreserbako bost galdera gehiago gehituko zaizkio. Lau erantzun emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Galde-sorta loturik egonen da deialdi honen II. eranskineko gaiak ezagutzearekin. Gai guztiak eskatuko dira jarraikiz deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duen legeriari.

Ariketan 80 puntu lor daitezke gehienez. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emanen da, eta 0,25 puntu kenduko dira erantzun oker bakoitzeko. Proba gaindituko dute 40 puntu gutxienez lortzen dutenek.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako material elektronikorik erabili ere; bolaluma urdina soilik.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

6.2.2. Oposizioko ariketa gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.

6.2.3. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitaratuko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera, ariketa egiten den lekuan eta Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kide diren udalen egoitza elektronikoetan.

6.2.4. Dei bakarra eginen da oposizioko ariketa egiteko. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2.5. Hautaproba egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.2.6. Genero-indarkeriaren biktima izan direnek arriskurik izan ez dezaten, eta bete beharrez abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa (lege horrek hizpide ditu genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriak), bermatuko da biktimen datu pertsonalak babesten direla administrazioko egintzak argitaratzean eta jakinaraztean, eta, oro har, hautaketa-prozesu osoan.

6.2.7. Hiru egun baliodun izanen dira proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko, zenbatzen hasita erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Epaimahaiak ebatziko ditu test motako ariketari buruzko alegazioak, eta onartuz gero, argitaratuko dira Mankomunitateko kide diren udalen egoitzetan, azken emaitzarekin batera.

7.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Oposizioko ariketa kalifikaturik, epaimahaiak argitaratuko du ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako guztirako kalifikazioekin batera, Mankomunitateko kide diren udalen egoitza elektronikoetan eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.

Berdinketarik gertatuz gero, zozketa publiko bidez ebatziko da.

7.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izangai bat izendatzeko proposamena, puntu gehien erdietsi duen izangaiaren alde.

Aipatutako izendapen-proposamena argitaratu beharko da Mankomunitateko kide diren udalen egoitza elektronikoetan eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.

7.3. Kontratatzeko proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan:

1.–Nortasun agiri nazionalaren eta B1 gidabaimenaren jatorrizkoa eta fotokopia.

2.–Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.

3.–Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4.–Osasun-ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

5.–Aurrekari penalen ziurtagiria, egiaztatzeko epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, ez gizakien salerosketagatik, ez eta Genero Indarkeriari buruzko 1/2004 Lege Organikoan eta Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko 14/2015 Foru Legean jasotako edozein kasurengatik ere.

6.–Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

7.4. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu ezta kontratatu ere, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, deialdian parte hartzeko eskabidearen faltsukeria dela-eta, halakorik egin badute.

7.5. Aurreko atalean ezarritako kasuan, lanpostua beteko du 7 atalean aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aurreko ataletan adierazitako prozedura bera.

7.6. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, buruak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta hark deialdi honetan ezarri bezala aurkeztu beharko du.

8. oinarria.–Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Behin hautapen-prozesua bukaturik eta izendatzeko proposatu den izangaiak aurkezten dituenean aurreko 7 oinarrian aipatutako agiriak, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangaia lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean.

8.2. Kontrataziorako ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangaiak kontratua sinatu beharko du, eta lanpostuaz jabetu, kontrataziorako ebazpenean ezarritako egunean. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu lan-kontratudun finkoa izateko Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Horrelakorik gertatuz gero, jarraituko zaio 7.5. oinarrian ezarritakoari.

9.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

9.1. Eratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta deialdi honen 1.7 oinarriari.

Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

Kontratazio-zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

Argitu beharra dago: gizarte-lanpostuaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaiei deitzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean; zehazki, zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.

9.2. Deitzea.

9.2.1. Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.

9.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik izan beharko dituzte beti.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengo denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

9.3. Uko egitea.

9.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasatuko da, ez bada frogatzen honako egoera hauetakoren batean dagoela:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Baja egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.

c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean aritzeko, izendapen libreko plaza batean; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratu izana, konstituzio organoetan parte hartzeko, edo bertze postu batean aritzeko, ganbera batek hautatu behar duenean.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari izatea, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.

e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hil izana, edo gaixotasun larri bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen norbait, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzea, urtebeteko epearen barnean genero-indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.

9.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori egiaztatzeko agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

9.3.3. Lehen aipatutako kasuetan, izangaiek komunikatu beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.

Era berean, izangaiak noiznahi komunikatzen ahalko dio Mankomunitateari ez deitzeko egoeran dagoela, eta hori komunikatzearekin batera frogatu beharko du.

9.4. Zerrendatik kanporatzea.

9.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera batean dauden izangaiak:

a) Ez betetzea baldintza orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ezta lanpostuan jarduteko beharrezkotzat jotzen diren gainerakoak ere.

b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.

9.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 egun balioduneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Zarrakaztelu Aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitateko buruari.

Buruak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat.

Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da izangaia ez dagoela kontratatzeko moduan.

9.4.3. Honako hauetakoren bat egin duten izangaiek galdu eginen dute zerrendan zeukaten tokia, eta igaroko dira zerrendetako azken tokira:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

10.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Zarrakaztelu Aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitatearen ardura da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamendua.

Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea, eta betetzea Mankomunitatearen zerbitzuko gizarte-langilearen plaza bat.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@mssbcarcastillo.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

11.–Errekurtsoak.

Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Zarrakaztelun, 2026ko urriaren 1ean.–Mankomunitateko burua, María Burgos Catalan.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak:..........................................................................................................., adinez nagusia; NANa: ...........................................; jaioteguna: .............eko .................................aren.................(e)(a)n, jaioterria:................................................ (...................), helbidea: ........................................., kalea:............................................. zenbakia: ......................, posta kodea: ...................................., telefonoa(k) ......................./........................, helbide elektronikoa: ..................................................................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Ez dut karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik.

Ez dut indarrean diren xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik batere.

Ez naute inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu diziplina espediente bidez, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badut deialdian eskatzen den titulazioa.

Betetzen ditut, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak, eta aurkeztu ditut deialdian eskatutako agiriak.

Desgaitasuna dut eta, beraz, eskatzen ditut azaltzen diren egokitzapenak, adierazten diren arrazoiengatik. (Markatu, bidezkoa bada. Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana. (Markatu, bidezkoa bada).

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Onartua izatea honako honetan: deialdia, hautaproben bidez eratu dadin izangaien zerrenda bat, bete dadin gizarte-langileen lanpostua, jarduteko Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean.

Data eta sinadura

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: II. kapitulua, 1., 2., 3. (1. azpiatala) eta 4. atalak; IV. kapitulua, 1. eta 2. atalak, eta V. kapitulua.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: I. kapitulua (2. eta 8. atalak) eta II. kapitulua (4. atala). III. titulua: I. kapitulua (2. atala) eta II. kapitulua. VII. titulua: I. kapitulua. IX. titulua: I. kapitulua (2. eta 3. atalak).

4.–251/93 FD. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua. IV. titulua. I. eta II. kapituluak.

5.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

6.–11/2005 Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

7.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak.

8.–Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza. (2017ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 10ekoa).

9.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

10.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, arautzen dituena oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

11.–198/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 28koa, arautzen duena Nafarroako Arreta Goiztiarreko Sarea.

12.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa.

13.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua, II. kapitulua: 1. atala. Sistemaren prestazioak. III. kapitulua. Mendekotasuna eta haren balorazioa. IV. kapitulua. Eskubidea aitortzea.

14.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua: eskubideak eta betebeharrak. II. titulua. Aukera berdintasuna eta bereizkeria eza.

15.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena; eta martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretua, hura aldatu zuena. I. eranskina. Prestazio bermatuak. II. eranskina. Prestazio bermatuak.

16.–Guía de facilitación dialógica, Dialogues-Design Ltd.-rena. Nafarroako Gobernua. Europar Batasuna. Eskubide Sozialetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioa. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana.

17.–Migratzaileei Harrera Egiteko Nafarroako Plana (2021-2026). Sarrera. I. eta II. blokeak.

18.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

19.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Sentsibilizazio, prebentzio eta detekziorako neurri nagusiak. II. titulua. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak.

20.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, bizitzeko gutxieneko errenta ezartzen duena. Hitzaurrea. I., II. eta III. kapituluak.

21.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

22.–Tokiko protokoloa, koordina daitezen emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduketak. Nafarroako Erdialdea garatzeko partzuergoa. Espainiako Gobernua. Berdintasun Ministerioa. Genero-­indarkeriaren aurkako estatu ituna.

23.–442/2020 Foru Agindua, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena gizarteratzeko aparteko laguntzak balioetsi eta emateko.

24.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Diskriminaziorik eza eta autonomia. III. titulua. II. kapitulua. Gizarte Zerbitzuak. III. kapitulua. Eremu soziosanitarioa. V. titulua. Enplegua eta lana.

25.–13/2023 Foru Legea, apirilaren 5ekoa, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurka Borrokatzekoa.

26.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. eta 3. liburukiak.

27.–Lagun egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. Iruña. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako sarea. 2016.

28.–Gizarte Inklusiorako Nafarroako Plan Estrategikoa (2026-2029).

29.–Nafarroan adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida. Nafarroa 1., 2. eta 3., 4., 5. eta 6. puntuak.

30.–Gizarte-langileen kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen Kontseilu Ofiziala.

31.–Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026). I. blokea. Oinarriak eta ikuspegi kontzeptuala: 1. puntua. Estrategiaren esparru teorikoa eta kontzeptuala. 2. puntua. Erreferentziazko arau-esparrua. 3. puntua. Estrategia guztiaren printzipio gidariak. II. blokea. Ekintzaren egitura. 4. puntua. Lehentasunezko jarduketa-ildoak (ez laburpen-taulak).

Oharra: gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari, baina egun horren ondoren onesten diren arau-aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2612915