222. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORTES

Oposizio-lehiaketa murriztua, zerbitzu osagarrien plaza bat betetzeko (%50eko lanaldi partziala, D maila)

Alkatetzaren 2026ko urriaren 13ko 2026-0439 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko zerbitzu osagarrietako enplegatuaren plaza bat, %50eko lanaldi partzialekoa.

Honako hauek arautuko dute deialdia:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez eta funtzionarioen araubidean betetzea zerbitzu osagarrietako enplegatuaren plaza bat, D mailakoa. Plazak 9 zenbakia dauka Cortesko Udalaren plantilla organikoan.

1.2. Prozedura gauzatuko da jarraikiz ezarrita dagoenari abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena).

1.3. Dagozkion hautapen-probak gaindituta, deialdi honen harira izendatua dena D mailari lotuko zaio, plaza jabetzan hartzen duenetik edo lanean hasten denetik, eta jasoko ditu maila horri dagozkion ordainsariak eta Cortesko Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak.

1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun-laguntzarako araubide berari.

1.5. Lanaldi partzialean arituko da (%50). Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia, eta noiznahi aldatzen ahalko dute organo eskudunek, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Ordu arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.

1.7. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu. Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostuaren ohiko funtzioak:

–Azpiegitura publikoen mantentze-lanak (hilerria, plaza publikoak, parkeak, lorategiak, udaletxea, udal igerilekuak eta Udalaren jabetzako gainerako higiezinak).

–Garbiketa-lanak kale eta bide publikoetan.

–Berdegune, zuhaitz, lore eta zuhaixken mantentze-lanak (inausketak, belarra moztea, landaketak, ereitea, ongarritzea...).

–Balio anitzeko beste lan batzuk egitea zerbitzu anitzeko lantaldean.

–Toki batetik bestera mugitzea eta instalatzea hiri barneko altzariak eta objektuak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Udaletxea eta gainerako ekipamenduak garbitzea.

–Espazio publikoak prestatzea eta laguntza ematea Udalak antolatutako jai eta kultur ekitaldietan eta Udalak laguntzen eta babesten dituen ekitaldietan.

–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, eta Udalaren jakinarazpenak eramatea.

–Lantaldeko buruak esleipena eginez gero, erantzukizuna izanen du lanen antolamenduaren gainean eta langileen gainean. Lan horiek lantaldeko buruak edo nagusiak zehaztuko ditu. Izan ere, hark esleituko ditu lanak eta horretarako behar diren langileak, eta zehaztuko ditu lanen antolamendua, egiteko modua eta kasu bakoitzean hartu beharreko segurtasun neurriak. Egin beharreko lanen artean lehentasunak finkatuko ditu alkatearekin eta lantaldeko arduradunarekin batera. Bere lantaldea koordinatuko du zerbitzu berezietako lantaldeko gainerako atalekin, zerbitzua hobeki kudeatzeko eta eraginkorragoa izan dadin.

–Lana banatzea, bere ardura izanik garbiketarako materiala eta tresnak ongi administratzea eta ongi erabiltzea.

–Erosketez arduratzea eta laneko produktua eta materiala kontrolatzea.

–Segurtasunari, higieneari eta ingurumenari buruzko arauak betetzea: behar bezala erabiliko ditu norbera babesteko ekipamenduak (NBEak). Laneko segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak beteko ditu.

Arduraz jardunen du produktuak eta materialak erabiltzean, ingurumen-inpaktua saihestuz. Segurtasun eta prebentzio protokoloak beteko ditu.

Ezagutu eta aplikatuko ditu lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak. Agindutako lanetan bere kargura diharduten langileek lan-segurtasuneko arauak betetzen dituztela kontrolatuko du, eta horren gaineko jarraipena eginen du.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokituko da, lanorduekin malgu jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan-programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Puntualki ordezkatzea goragoko nahiz beheragoko kategoriako langileak, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean; betiere, ordezkapen horiek eginen dira baldin badaude hala justifikatzen duten arrazoi teknikoak edo antolaketakoak, eta beharrezkoa den denboraz soil-soilik.

–Edozein eratako udal-zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere lanpostuaren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean:

a) Cortesko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.

b) D mailan aritzea, eta zerbitzu berezietako enplegatuaren lanposturako izendatua izan izana edo lanpostu hori esleitu izana.

c) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan.

e) Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eskola graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua duela frogatu beharko da.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.2. Ulertuko da baldintza horiek bete behar direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, halaber, bete beharko dira hautapen-prozesu osoan, plazaren jabetza hartu arte.

3. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea. Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cortesko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez aurkezten ahalko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotzen diren beste bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

3.3. Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera. Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.4. Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake eskabidea aurkeztean, 3.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.5. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa. Parte hartzeko eskabidearekin batera, 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duten dokumentuez gain, dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek:

a) NANaren kopia.

b) Izangaiek deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagiriak, salbu Cortesko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, deialdia egin duen organoak zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua duela frogatzeko agiria.

d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

e) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: Cortesko Udaleko zerbitzu osagarrietako enplegatuaren izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gardentasun atarian eta Cortesko Udalaren iragarki-taulan. Orobat, ohartaraziko du hurrengo hamar egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzi ondoren, Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gardentasun atarian eta Cortesko Udalaren iragarki-taulan.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdiko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:

Epaimahaiburua: María Concepción Ausejo Gómez, Cortesko alkatea.

Epaimahaikidea: Brenda Luna Sánchez, funtzionarioa eta Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Julio José Alcega Catarecha, funtzionarioa eta Cortesko Udaleko lantaldeko burua.

Epaimahaikidea: María Laura Pérez Ramírez, funtzionarioa eta Cortesko Udaleko langileen ordezkaria.

Idazkaria: Cristina Montes Chivite, Cortesko Udaleko idazkaria.

5.2. Probak egiten hasi aurretik eratuko da kalifikazio-epaimahaia. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez. Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoaren arabera. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, 2,5 puntu emanen dira deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko; gehienez ere 20 puntu.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Titulazio bat izatea Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko ikastaroa gainditzeagatik, erakunde ofizialek edo gaituek behar bezala homologatutakoa eta emandakoa, gutxienez 50 ordukoa: 5 puntu.

c) Prestakuntza eta hobekuntza: 10 puntu gehienez.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

c) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.

Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak maila gorena duena baizik ez du baloratuko.

Deialdiaren 3. oinarrian xedatutakoarekin bat, izangai bakoitzak agiri bidez alegatu eta frogatu behar ditu merezimendu guztiak, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Cortesko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, deialdia egin duen erakundeak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Cortesko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak fase honetako atal bakoitzean eskuratu dituen puntuak zehazturik. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Cortesko Udalaren erregistro orokorrean.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, baliabide bera erabiliko da izangaien zerrenda –lehiaketaldian ateratako puntuazioa– jendaurrean agertzeko. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.

6.3. Oposizioaldia. Oposizioaldia 2026ko azarotik aurrera hasiko da.

Oposizioaldian, ariketa teoriko-praktiko bat egin beharko da; baztertzailea izanen da.

Proba teoriko-praktikoa izanen da: test moduko 20 galderari erantzun beharko zaie idatziz, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako denboran. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiruzpalau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

70 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,75 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira probaren gehieneko puntuazioaren (70 puntu) erdia (35 puntu, alegia) lortzen ez duten izangaiak.

Proban ezin izanen da testurik kontsultatu, eta ezin izanen da erabili gailu elektronikorik (mugikorra, erloju adimenduna edo antzekoa). Kalkulagailua eta bolaluma (tinta urdina edo beltza) soilik erabiltzen ahalko dira. Kalifikazio-epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Gutun-azal itxien sistema erabiliko da ariketetan, salbu izangai bakarra aurkezten bada.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.4. Ariketa zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian, kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Cortesko Udalaren erregistro orokorrean.

6.5. Kalifikazio-epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko puntuazioak onetsi eta argitaratuko ditu Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Izangaien kalifikazioa amaituta, epaimahaiak argitara emanen du, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian, gaindituen zerrenda, puntuazio-hurrenkeraren arabera ordenatuta, bai eta baztertuta geratu direnena ere, eta gaindituen artean puntuaziorik handiena eskuratu duena izendatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari. Proposamen hori ere toki berberetan argitaratu beharko da.

7.2. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak. Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

7.3. Izendapen-proposamena toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak. Orobat, hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

7.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna. Kasu horretan, bada, onartuen zerrendan hurrengoa den izangaiaren aldeko proposamena eginen da.

7.6. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu eta proposatutakoak aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoan, Alkatetzak haren izendapena erabakiko du, deialdiko lanpostuan aritzeko.

Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Cortesko Udaleko iragarki-taulan eta gardentasun atarian ere.

8.2. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

Izendatutako izangaiak ebazpenak adierazitako egunean jabetza hartzen ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu), deialdiko lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko ditu eta 7.1. oinarriak zehazten duen zerrendan ondo-ondotik heldu den pertsonarekin beteko da baja. Kasu horretan, jarraituko zaio deialdiko 7.5 oinarrian ezarritakoari.

9. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Cortesko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsak betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cortes.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien edo deialdia aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Cortesen, 2026ko urriaren 13an.–Alkatea, María Concepción Ausejo Gómez.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://cortes.sedelectronica.es/preview-document/33b1bd68-14f0-45a9-ba10-f4d0928f12e1/

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Cortesko udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak. Udalaren osaera. Cortesko udal ordenantzak.

3. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

4. gaia.–Lanaren antolaketa eta planifikazioa. Erabili beharreko ekipoa eta materiala prestatzea.

5. gaia.–Barrualdeak garbitzeko arduradunaren eginkizunak.

6. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

7. gaia.–Garbiketa sistemei buruzko kontzeptu orokorrak.

8. gaia.–Garbiketarako produktuak. Ezaugarriak eta aplikazioak.

9. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

10. gaia.–Hondakinen tratamendua eta haiei buruzko ezagupen orokorra.

Oharrak:

Gai-zerrenda dagokio deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen araudiari.

Iragarkiaren kodea: L2613503