Iragarkia
222. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
986E/2026 EBAZPENA, urriaren 13koa, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendari nagusiak emana, "Toki entitateentzako dirulaguntza, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egiteko, 2027-2028 urteetarako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN kodea: 935385.
Egungo legegintzaldirako Nafarroako Gobernuaren programa akordioaren funtsezko ardatzetako bat da Garapen Jasangarrirako Agenda 2030 eta bere Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJHak) modu integralean eta zeharkakoan sustatzea. Ardatz hori garatzeko hainbat neurri ari dira abian jartzen, esaterako, garraio publiko multimodal adimenduna. Horrez gain, mugikortasun aktiboa ere sustatzen ari da, nola oinez, hala bizikletaz. Helburu estrategikoak eta ekintza plana zehazteko, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidaria eta Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Gidaria egin ditu.
Jarduketa esparru orokor horren barruan, beharrezkoa da bidegorrien eta bizikleta bideen sare bat osatzea Nafarroako Foru Komunitatean, bizikleta garraiobide erabilgarri eta segurua izan dadin bai hiri barneko bai hiri arteko joan-etorriak egiteko. Izan ere, autoa baino lehiakorragoa izan daiteke bizikleta, konektagarritasun, segurtasun eta irisgarritasuneko baldintzak betez gero. Aipatutakoa lortzeko, lagungarria da pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak gero eta gehiago erabiltzen direla.
Horrez gain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (SEEP), 50.000 biztanletik gorako hirien edo probintzia hiriburuen metropoli inguruetako mugikortasun sistemaren eraldaketa sustatu zen. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak proposatutako zenbait jarduketa testuinguru horretan finantzatu dira.
Azkenik, Mugikortasun Jasangarriari buruzko abenduaren 3ko 9/2025 Legea onestearen xedea izan da mugikortasun jasangarri, bidezko eta inklusiboko sistema bat izatea, helburu duena gizarte eta lurralde kohesio handiagoa lortzea, mugikortasun-sistema multimodal integratu bat ahalbidetzeko printzipio orokorrak ezarriz. 29.c) artikuluan, bizikleta edo ziklo bidezko mugikortasun aktiboa sustatzearen garrantzia nabarmentzen da, eta hala, bizikleta bide babestu, seguru eta konektatuen garapena bultzatzen da.
Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak toki entitateentzako dirulaguntzen deialdi bat egin zuen, 2022an eta 2023an bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak egiteko, eta 7 jarduketa finantzatu zituen Nafarroan barna, 2.341.248 euroko inbertsio justifikatuarekin. Guztira, 1.720.835 euroko dirulaguntzak eman ziren. Deialdi hartan, jarduketetarako eskaeren aurrekontuak 5.123.244 euro egin zuen guztira.
Bestalde, 2024. eta 2025. urteetarako deialdiaren bidez, 12 jarduera finantzatu dira, 2.216.000 euroko dirulaguntzak emanez eta 3,2 milioi euroko inbertsio-aurrekontuari esker. Deialdi hartan, jarduketetarako eskaeren aurrekontuak 9.300.000 euro egin zuen guztira, gutxi gorabehera.
Azkenik, 2025eko eta 2026ko ekitaldietako deialdian, 18 udalerritan egin beharreko 11 jarduketa finantzatuko dira, 2.478.637 euroko dirulaguntzak emanez. Hala, gutxi gorabehera, 3.300.000 euroko inbertsioa gauzatuko da bidegorri edo bizikleta azpiegituretan. Prozesuan 23 eskaera jaso ziren, eta guztira 9.200.000 euro kalkulatu ziren.
Toki entitateen eskaerari erantzuteko, egindako bidetik jarraitu nahi da, eta dirulaguntza deialdi baten bidez sustatu Nafarroako udalerrietan bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak egiteko jarduketak, 2027an eta 2028an.
Hala, finantzaketa mekanismo hau ezartzen da, hainbat urtetarako dirulaguntza bat eskuratzeko deialdi baten bidez. Deialdiak norgehiagoka izaera izanen du, eta haren bidez toki entitateei bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak eraikitzeko laguntza emanen zaie.
Nafarroako Gobernuaren 2026ko urriaren 7ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu-konpromisoa har zezan Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesteko, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egin ditzaten 2027an eta 2028an. Zenbatekoa 2.300.000 eurokoa da, Nafarroako 2028ko aurrekontu orokorretan 2026ko ekitaldiko partida honen baliokide izanen denaren kargura: 230000 23200 7609 441112 partida, "Bizikleta azpiegituretarako deialdia" izenekoa.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdi bat onestea, 2027an eta 2028an bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak gauzatzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 2.300.000 euroko gastua baimentzea, 2028ko aurrekontuan 2026ko gastu-aurrekontuko partida honen baliokide izanen denaren kargura: 230000 23200 7609 441112 partida, "Bizikleta azpiegituretarako deialdia" izenekoa. Baldintza izanen da ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
6. Ebazpen hau igortzea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.
7. Adierazi behar da deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko urriaren 13an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, BIDEGORRIEN ETA BIZIKLETA AZPIEGITUREN PROIEKTUAK EGITEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Deialdiaren xedea eta helburua.
Deialdi honen helburua da oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroako toki entitateek 2027an eta 2028an eginen dituzten bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuen finantzaketarako laguntzak eman eta ordaintzeko.
Deialdiaren xedea da sustatzea toki entitateek beraien herrietako hiri eremuetan eta hiriartekoetan bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak ezar ditzaten, herritar guztientzat, mugikortasun aktibo eta jasangarria bultzatzen baita horrela.
Deialdi honen arabera, hauek izanen dira diruz lagungarriak: batetik, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektu bat osorik gauzatzea; eta, bestetik, proiektu bakar baten fase bat edo batzuk egitea, baldin eta fase horiek funtzionalki independenteak badira eta proiektuaren gainontzeko zatia bukatu gabe erabili edo abian jartzen ahal badira.
2.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetarako guztizko kreditua 2.300.000 eurokoa da, 2028ko gastu-aurrekontuan 2026ko gastu-aurrekontuko partida honen baliokide izanen denaren kargura: 230000 23200 7609 441112 partida, "Bizikleta azpiegituretarako deialdia" izenekoa. Baldintza izanen da ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
3.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateko deialdia egin eta emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoa.
Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari esleituko zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarrian ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
4.–Onuradunak eta betebeharrak.
Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek, zehazki honakoek:
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera osatuta egotea. Udalerriak ez diren entitateek frogatu egin beharko dute diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko eskumena esleitu zaiela.
–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.
Orobat, Nafarroako bi toki entitatek edo gehiagok ere egiten ahalko dute proiektu jakin bat elkarrekin egiteko dirulaguntza eskaera bakar bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz. Kasu horretan, entitate guztiak hartuko dira onuraduntzat.
5.–Exekuzio epea.
Dirulaguntza jaso dezaketen obrak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 2027ko abenduaren 31ra bitartean lizitatu beharko dira, eta 2028ko irailaren 30a baino lehen bukatu.
Salbuespenez, exekuzio epea luzatu behar bada, toki entitate onuradunek idatziz eskatu beharko dute, gutxienez, aurreko paragrafoan adierazitako obrak bukatu baino bi hilabete lehenago.
Honako hau agertu beharko da epea luzatzeko eskaeran, gutxienez:
a) Luzapena noiz arte eskatzen den; gehienez ere 2028ko urriaren 31ra artekoa izaten ahalko da.
b) Luzapen hori justifikatzen duten arrazoien azalpen egoki eta zehatza, adierazita, baita ere, zergatik den beharrezkoa aurreikusitako helburuak lortzeko.
Epea luzatzea onartu edo ukatu eginen da, hala badagokio, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Exekuzio epea luzatzeak ekarriko du 10. oinarrian zehaztutako justifikazio aldia 2028ko azaroaren 15era arte luzatzea.
6.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.1. Honako hauek egiteko gastuak dira diruz lagungarriak:
–Dirulaguntzak jasoko dituzten obrak edo jarduerak gauzatzea.
–Obren zuzendaritza fakultatiboa eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioarena, teknikari eskudunak egina.
–Dirulaguntzaren xede diren obrei edo jarduketei buruzko proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idaztea.
6.2. Diruz laguntzen ahalko dira 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko irailaren 30era bitartean egindako gastuak, obrak egiteko gastuak izan ezik. Kasu horretan, diruz laguntzen ahalko dira 2027ko urtarrilaren 1etik 2028ko irailaren 30era bitartean egiten direnak, edo, hala badagokio, exekuzio epea luzatzen den egunera artekoak.
6.3. Proiektu bat partzialki egiteko dirulaguntza eskatzen denean, proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idazteagatiko gastuak diruz lagunduko dira eginen den faseari edo faseei dagokien proportzioan, bat etorriz 1. oinarriko hirugarren paragrafoan adierazitakoarekin.
6.4. Eskaera bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, arau hauek aplikatuko dira:
a) Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren lurralde eremuko toki entitateek aurkeztutako eskaeren kasuan, gastu diruz lagungarri guztiei %80ko ehunekoa aplikatzearen emaitza izanen da dirulaguntza, eskaera bakoitzeko 150.000 euro gehienez ere. Lurralde eremu horretako toki entitateei dirulaguntzak emanen zaizkie, gehienez ere 450.000 euro.
b) Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren lurralde eremutik kanpoko toki entitateek aurkeztutako eskaeren kasuan, gastu diruz lagungarri guztiei %80ko ehunekoa aplikatzearen emaitza izanen da dirulaguntza, eskaera bakoitzeko 300.000 euro gehienez ere. Toki entitate horiei gehienez 1.850.000 euroko dirulaguntzak emanen zaizkie.
c) a) edo b) ataletan ezarritako gehieneko zenbatekoa ez bada agortzen dirulaguntzak eman ondoren, erabilgarri geratzen den zenbatekoa gaineratuko zaio beste atalean emateko ezarritako gehieneko zenbatekoari.
d) Dirulaguntzak emanen dira kreditu erabilgarria bukatzen den arte. Aurrekontuko krediturik ez egoteagatik dagokion dirulaguntzaren portzentajea osorik jasotzerik ez duen azken proiektuari aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoa emanen zaio.
e) Kreditu nahikorik ez egoteagatik dirulaguntzarik jasoko ez duten proiektuen eskaerak ezetsi eginen dira; horrek ez du galaraziko erreserban gelditzea, puntuazioaren araberako hurrenkeran. Uko egiteengatik edo bestelako inguruabarrengatik aurrekontu kreditu gehiago sortzen bada, honela banatuko da: lehenik eta behin, puntuazioaren arabera, aurrekontuan behar adina diru ez izateagatik legokiokeen dirulaguntza osoa eskuratu ez zuen proiektuaren dirulaguntza osatuko da.
f) Aurreko aukera hori agortuta, erreserban dauden proiektuek dirulaguntza eskuratzen ahalko dute, oinarri honetako a) eta b) ataletan ezarritakoaren arabera, eta zortzigarren oinarriko 1. eta 4. ataletan aipatzen den zerrendan agertzen diren ordenaren arabera.
7.–Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak egiaztatzea.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2027ko martxoaren 31n bukatuko.
7.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/. Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak fitxaren barruan egonen dira eskuragai.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7.3. Eskaerarekin batera, deialdian parte hartu nahi duten toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Dirulaguntza eskaeraren xede diren jarduketei buruzko proiektu teknikoa edo memoria baloratua eta, hala badagokio, proiektu teknikoa onarturik egotearen ziurtagiria. Memoria baloratuak onartuko dira, bakar-bakarrik, eskaeran 200.000 eurotik beherako (BEZik gabe) obrak proposatzen badira.
Eskaerak ez dira onartuko baldin eta bidegorriak edo bizikleta ibilbideak seinaleztatzea soilik proposatzen badute.
b) Jarduketa diruz lagungarrien aurrekontu zehatza, barne hartzen duena haien kostu osoa, 6.1 oinarrian adierazitako gastu diruz lagungarrien motaren arabera banakatuta: obrak gauzatzea eta zuzentzea eta proiektuak edo memoria baloratuak idaztea. Gastu diruz lagungarri bakoitzerako, zerga-oinarriari eta BEZari dagokien zenbatekoa adieraziko da.
c) Udalerriak ez diren toki entitateek egindako eskaeren kasuan, idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, frogatzen duena entitate horrek esleitua duela deialdi honetako dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteko eskumena.
d) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (katalogoaren fitxan eskuragarri egonen den ereduaren araberakoa), non jasoko baita toki entitate horrek betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako baldintzak.
e) Toki entitateko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria (katalogoaren fitxan eskuragarri egonen den ereduaren araberakoa), non jasoko baitira deialdi honen bidez diruz lagungarriak diren proiektuekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den; horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostu osoa.
f) Udal konposatuen kasuan, izan udal horiek osatzen dituzten kontzeju guztientzat edo zenbaitentzat, proiektuak eragiten dien toki entitateen arteko akordioa frogatzen duen ziurtagiria, aplikatu beharreko araudiak ezarritakoaren araberakoa. Ziurtagiri horretan (katalogoaren fitxan eskuragarri egonen den ereduaren araberakoa) kontzeju horien kopurua eta izenak zehaztuko dira.
g) Proiektua partekatzen duten entitateen artean koordinatzaile izendatutako toki entitateko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria (4. oinarriko azken paragrafoan ezarritakoaren arabera), katalogoko fitxan eskuragarri egonen den ereduaren araberakoa. Kasu horretan, gainera, toki entitate guztiek sinatutako hitzarmen bat aurkeztu beharko da, gutxienez honako hauek zehaztuta:
–Kasuan kasuko toki entitateen izena eta zenbat diren guztira.
–Toki entitate bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak.
–Toki entitate bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren ehunekoa.
–Ordezkari bakar gisa arituko den entitate koordinatzailearen izendapena.
h) Toki entitateko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, adierazten duena entitate horrek ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.
7.4. Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten nahitaezko agiriak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 eguneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.
8.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera horien zerrenda ordenatua ezartzeko, hurrengo 2. atalean adierazitako balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioa kontuan hartuta, eta oinarri honen 4. atala aplikatuta.
8.2. Eskaerek, gehienez, 100 puntu jasotzen ahalko dituzte, irizpide hauen arabera:
a) Bidegorriaren edo bizikleta bidearen konektagarritasunaren arabera, gehienez ere 32 puntu, honela banatuta:
–Nafarroako udalerriak lotzen baditu, 10 puntu emanen zaizkio.
–Bideak industrialdeetara edo jarduera ekonomikoko guneetara iristea ahalbidetzen badu, 8 puntu emanen zaizkio.
–Bidea ikastetxeekin, osasun-zentroekin, kultura-zentroekin edo aisialdi-zentroekin lotzen bada, 6 puntu emanen dira.
–Bide Berdeekin, EuroVelorekin, Donejakue Bidearekin edo Nafarroan barna igarotzen diren Bide Naturalekin lotzen bada, 5 puntu emanen dira.
–Bidea aurrez dagoen hiri barruko bidegorriren batekin lotzen bada, 3 puntu emanen dira.
b) Toki entitate eskatzaileetako biztanleriaren arabera, Nafarroako Estatistika Institutuak bere webgunean (https://nastat.navarra.es/es/tablas_mixtas/-/tag/padrones) argitaratutako informazioan eta abenduaren 3ko 1117/2025 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 2025eko urtarrilaren 1eko udal-erroldaren berrikuspenaren ondoriozko biztanleria-zifra ofizialetan oinarrituta, 5 puntu emanen dira gehienez:
- 5.000 biztanle baino gehiago: 5 puntu.
- 2.000 eta 5.000 biztanle artean: 4 puntu.
- 2.000 biztanle baino gutxiago: 3 puntu.
c) Intermodalitatea bultzatzeagatik, bidegorriak edo bizikleta bideak garraio publikoko geralekuekin (errepidea edo trenbidea) edo sarbide publikoko aparkalekuekin konektatzen badu, 5 puntu emanen dira.
d) Proposamenaren kalitatearen arabera, eta irizpide hauei jarraikiz, 35 puntu emanen dira gehienez:
–Bizikleta bidearen bereizketa gehienez 10 punturekin baloratuko da, bereizketa motaren arabera:
- Automobilei dagokienez (7 puntu).
- Oinezkoei dagokienez (3 puntu).
- Automobil eta oinezkoetatik bereizi gabe, baina txirrindulariek eta oinezkoek lehentasuna badute, eta murrizketak badaude automobilen zirkulaziorako (5 puntu).
–Gehienez 10 puntu emanen dira, trazaduraren ezaugarrien arabera, alderdi hauek kontuan hartuta:
- Koherentea eta zuzena izatea (gehienez 3 puntu).
- Malda egokia izatea eta salbuespenezko tarte laburretan baino ez edukitzea %6tik gorako inklinazioa, eta malda horietarako zoladura erresistentea izatea (gehienez 3 puntu).
- Zoladura egokia izatea aurreikusitako erabilerarako eta kanpoko baldintzetarako (gehienez 2 puntu).
- Material edo kolore bereiziak erabiltzea bizikleta erabilerarako (gehienez 2 puntu).
–Bidegorriak oinezko eta automobiletatik bereizita badaude, 5 puntu emanen dira gehienez, bidegorriaren zabaleraren arabera, irizpide hau aplikatuz:
- Benetako zabalera 2,60 metrokoa edo handiagoa bada (5 puntu).
- Zabalera 2,60 metro baino txikiagoa eta 2,20 metro edo handiagoa bada (3 puntu).
–Seinaleztapena gehienez ere 5 punturekin baloratuko da, kontuan izanda seinaleztapen horizontala, bertikala eta informazio-panelak paratu diren.
–Bizikleta bidearen argiztapena gehienez ere 5 punturekin baloratuko da, kontuan izanda nola egokitzen den argiztapen hori trazaduraren ezaugarrietara.
e) Proiektua zer fasetan dagoen baloratuko da, eta 15 puntu emanen dira gehienez, honako hauen arabera:
–Proposamenak toki entitateek onetsitako obra proiektu bat baldin badauka, 15 puntu emanen dira.
–Proposamenak obra proiektu bat baldin badauka, 12 puntu emanen dira.
–Proposamenaren memoria tekniko baloratua egina badago, 5 puntu emanen dira.
f) Bidegorriaren edo bizikleten azpiegituraren balio erantsiagatik, baldin eta erakargarria bada turismoaren edo hirigintzaren aldetik, kontuan izanda proiektuaren jasangarritasun-irizpideak, ingurumen-helburuak eta gizartearen onarpena. 8 puntu emanen dira gehienez.
8.3. Eskaera bakoitzaren guztizko puntuazioa 8.2. oinarriko a) ataletik f) atalera bitartean lortutako puntuen batura izanen da. Puntu kopuru berdina eskuratuz gero, berdinketa biztanle gehien dituen toki entitateen eskaeraren alde ebatziko da. Gutxienez 35 puntu erdiesten ez dituzten eskaerak ezetsi eginen dira.
8.4. Eginda dauden bidegorriak edo bizikleta bideak hobetzeko proiektuei buruzko eskaerak, azken bost urteetan laguntza publikoak jaso dituztenak, 8.1 oinarrian aipatzen den zerrendaren bukaeran sartuko dira. Horren berri eman beharko da eskaeran, berariaz, eta adierazi nork eman duen eta, hala badagokio, zer kode duen Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
9.–Laguntzak emateko prozeduraren ebazpena.
9.1. Eskaerak baloratu ondotik, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateari buruz. Ebazpenak eduki hau izanen du:
–Dirulaguntza jasoko duten toki entitateen zerrenda, puntuaziorik altuenetik txikienera zorrozki ordenaturik, 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontu edo zenbateko diruz lagungarria eta emandako dirulaguntza adieraziko dira, 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.
–Deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik dirulaguntza ukatzen zaien toki entitateen zerrenda.
–Kreditu nahikorik ez izateagatik dirulaguntza ukatzen zaien toki entitateen zerrenda, zeinak erreserban gelditzen baitira puntuazioaren hurrenkeraren arabera.
9.2. Ebazpena, gehienez, hiru hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko zaie toki entitate eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/hasiera helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.
9.3. Berariazko edo ustezko ezespenaren kontra, toki entitateek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.
10.–Ordaintzeko prozedura. Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.
10.1. Laguntzak ordainketa bakar baten bidez ordainduko dira, diruz lagundutako jarduketa guztiz amaitu ondoren. Horretarako, egindako gastuaren justifikazio-kontua bidali beharko da, 2028ko urtarrilaren 1etik 2028ko urriaren 31ra bitartean, edo 2028ko azaroaren 15era bitartean, exekuzio epea 5. oinarrian aurreikusitakoaren arabera luzatzen bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez eta instrukzio organoari zuzenduta. Kontu horrek honako hauek jaso beharko ditu, deklaratzailearen erantzukizunpean:
–Egindako jardueren eta horiei dagokien kostuaren adierazpena, jarduera horiek garatzean egindako gastu guztiak banakatuta.
–Ziurtagiri partzialak, halakorik egonez gero, eta obren amaierako ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak eta adjudikaziodunak sinatuta.
–Izandako gastuen fakturak eta ordaindu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Obren harrera akta, toki entitateak, zuzendaritza fakultatiboak eta kontratistak sinatua.
–Dokumentu bidezko froga bat, egiaztatzen duena jarduketa gauzatzeko jasotako dirulaguntzaren publizitatea egiteko betebeharra bete dela, 12.7 oinarrian adierazitakoaren arabera. Hori betetzen dela justifikatzeko, dokumentu hauetako bat edo gehiago aurkezten ahalko dira:
- Obran instalatutako kartelen argazkia.
- Web orria, artikulu digitala, egunkariko artikulua eta abar, non argi eta garbi adieraziko baitira obren izenburua eta Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren finantzaketa.
–Toki entitatean idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, honako gai hauek biltzen dituena:
a) Eraikuntza proiektuaren, obraren zuzendaritzaren eta obren gauzatzearen kontratazio prozesua, adjudikazioduna, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoak eta bajaren ehunekoa adierazita.
b) Kontratistak hautatzean, bete egin dela Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoa.
c) Kontratistaren hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako moduan.
d) Seigarren oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso den. Hala bada, jaso diren zenbatekoak eta DDBN kodea adierazi beharko dira.
Hala badagokio, instrukzio organoak eskatuko dio entitate interesdunari gehienez 10 eguneko epean aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, eta berariaz ohartaraziko dio dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzeak edo behar bezala ez justifikatzeak ekarriko duela laguntzarako eskubidea galtzea.
10.2. Justifikatutako eta benetan egindako gastu diruz lagungarria onartutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan egin den gastuaren arabera doituko da, seigarren oinarrian ezarritako mugak betez betiere.
10.3. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.
11.–Gerakinak.
11.1. Entitate onuradunak dirulaguntzaren helburuak bete dituenean, eta, baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik, soberakinak daudenean, onuradunak diruz lagundutako jarduerarekin lotutako beste jarduera batzuetan erabiltzea eskatzen ahalko du.
11.2. Eskaeran, hasierako proiektuaren helburuen zabalpena zehaztuko da, bai eta dagokion aurrekontua eta exekuzio epea ere. Nolanahi ere, zabalpena onartzeko, bosgarren eta hamargarren oinarrietan aurreikusitako epe berberak bete beharko dira.
11.3. Eskaera onartuz gero, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, gerakinaren xede den dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko.
12.–Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
12.1. Dirulaguntzaren xederako bakarrik erabiltzea laguntza.
12.2. Instrukzio organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla justifikatzea.
12.3. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru sarrera edo baliabiderik eskuratu duen.
12.4. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den edukiari buruz behar duen informazio guztia.
12.5. Noiznahi onartzea Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduketa gauzatu dela egiaztatzea.
12.6. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
12.7. Publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erabiltzea (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua betez, hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako idazkeran), bai eta testu hau ere: "Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza".
13.–Aldaketak diruz lagundutako jarduketetan.
13.1. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak deialdi honetan ezarritako epean eta baldintzetan gauzatu beharko dira, aurkeztutako proiektu edo memoria teknikoaren arabera.
13.2. Hala ere, instrukzio organoak aldaketak baimentzen ahalko ditu, aldaketa gauzatu aurretik onuradunak eskatuta, eta betiere arrazoi objektibo eta justifikatuak badaude, ekintza osagarriak edo gehigarriak jasotzen badituzte, baina diruz lagundutako jarduketen xedea edo irismena funtsean aldatu gabe.
Ez da onartuko aldaketarik, dirulaguntza emateko emandako puntuazioa murriztea dakarrenik, baldin eta puntuazio berriarekin onuradun izateko behar den gutxienekoaren azpitik geratzen bada.
Baloratutako proiektu edo memoria teknikoetan aurreikusitako partiden amaierako gauzatzearen kostua %10 baino gutxiago handitzea dakarren aldaketarako ez da aurretiazko baimenik beharko.
13.3. Moldaketa horrek ez du handituko, inolaz ere, hasiera batean onuradunari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin. Hala badagokio, dirulaguntza hau eman aurretik beste entitate batzuetatik jasotako laguntzak gastu diruz lagungarritik kenduko dira, onuradunari deialdi honen arabera ematen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.
Edonola ere, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren gastu lagungarria.
15.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.
15.1. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluko gainerako arrazoiengatik, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuliko dira.
Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.
Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
15.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
15.3. Entitate onuradunaren betetze-maila jarduketa osoaren betetze-mailara nabarmenki hurbiltzen bada eta egiaztatzen bada bere konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jarduketa bat egin duela, proportzionaltasun-printzipioa kontuan hartuta zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, instrukzio organoak horretarako txostena egin ondoren; kasu horietan, kontuan hartuko da noraino gauzatu den jarduketa teknikaren eta aurrekontuaren aldetik eta noraino bete den lortu nahi den helburu publikoa.
Kasu horretan, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hasieran emandako zenbatekoari kenduko zaio egiteke dagoen jarduketaren ehunekoari dagokion laguntza. Zenbateko horrek ezin izanen du gainditu gauzatuta eta justifikatuta dagoen diruz laguntzeko moduko gastuaren %80, bat etorriz 6.4 oinarriaren a) eta b) ataletan ezarritakoarekin.
Diruz lagundutako jarduketa amaitu ondoren, entitate onuradunak osorik gauzatu dela justifikatu beharko du. Horretarako, azken ziurtagiria eta obren harrera-akta aurkeztu beharko du, 2028ko abenduaren 31n amaituko den epean.
Betebehar hori betetzen ez bada, jasotako zenbatekoen %20 itzultzeko eskatuko da.
16.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
17.–Administrazio errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
19.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren https://www.navarra.es/eu/web/guest/hasiera webgune ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Basean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
Iragarkiaren kodea: F2613627
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
