221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Zezen-ikuskizun herrikoien ibilbidean babes- eta ixte-elementuak jartzea eta ikuskizun horien funtzionamendua arautzen duen udal-ordenantza. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2026ko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal-ordenantza bat zeinak arautzen baitu Azkoiengo zezen-ikuskizun herrikoien ibilbidean babes- eta ixte-elementuak jartzea eta ikuskizun horien funtzionamendua.

Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an, eta, jendaurreko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Azkoienen, 2026ko urriaren 9an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

AZKOIENGO ZEZEN-IKUSKIZUN HERRIKOIEN IBILBIDEAN BABES- ETA IXTE-ELEMENTUAK JARTZEA ETA IKUSKIZUN HORIEN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Azkoienen tradizioa da zezen-ikuskizun herrikoiak egitea, eta horrek parte-hartzaile eta ikusle guztientzat segurtasun-bermerik handiena izatea eskatzen du.

Halako ekitaldietarako baldintza teknikoak eta segurtasun-baldintzak ezarrita dauzka Nafarroako foru-araudiak, bereziki ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuak, zeinek Zezen Ikuskizunei buruzko Erregelamendua onesten baitu, Lehendakaritza, Administrazio Publiko eta Barne kontseilariaren maiatzaren 29ko 374/2012 Foru Aginduak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barneko zuzendari nagusiaren 201/2013 eta 286/2013 ebazpenek.

Partikularrek etxebizitzen etxabeetan, merkataritza-lokaletan, tabernetan edo jai-lokaletan (piperoak, elkarteak eta peñak) paraturiko egiturek lege-eskakizunak betetzen dituztela ziurtatu behar denez, eta arriskuak eta abelburuen asaldatzeak saihesteko eta babes-eremu eraginkorrak bermatzeko, ezinbestekoa da udalaren berariazko arautze bat. Ordenantza honek halako egiturak instalatzeko, erabiltzeko eta mantentzeko baldintzak argitu nahi ditu, eta baimen-prozedura bat eta zehapen-araubide bat ezarri, araudia betetzen dela eta herritarren segurtasuna zaintzen dela bermatzeko.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Azkoien udalerriko zezen-ikuskizun herrikoien ibilbidean partikularrek ezkutalekuak, hesiak eta barrera perimetralak instalatzeko bete beharreko baldintza teknikoak, baimen-prozedura, erabilera-araubidea eta zehapen-araubidea arautzea, bai eta entzierroen eta zezen suharrak askatzeko instalazioen funtzionamendua arautzea ere.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie Azkoiengo udal-mugartean entzierroetarako eta abelburuak askatzeko baimendutako ibilbidearekin muga egiten duten fatxadetako higiezin, merkataritzako lokal, taberna eta biltokietan (piperoak, elkarteak eta peñak) paraturiko babes-egitura guztiei (ezkutalekuak, hesiak eta barrera perimetralak), bereziki zainduz Angel Daban kalea.

Ikuskizun horietako ikusle eta parte-hartzaileei ere aplikatuko zaie.

3. artikulua. Zezen-ikuskizun herrikoien ordutegia eta ibilbideak.

Zezen-ikuskizun herrikoiak jaietako programan ezarritako ordutegiaren arabera eginen dira, edo Azkoiengo Udalak mota horretako informazioa herritarrei helarazteko erabili ohi dituen kanalen bitartezko komunikazioetan jakinarazitako ordutegiaren arabera.

Entzierroak eta zezen-ikuskizun herrikoiak igarotzen diren ibilbideak oztoporik gabe egon beharko dute, edo jaia behar bezala ospatzeko baimendu gabeko elementurik gabe.

4. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

Ezkutalekua (babes-gunea): babes puntualeko egitura, aldi baterakoa, lasterkariak, osasun-langileak, zezenketako profesionalak eta baimendutako kolaboratzaileak babesteko baino ez dena; berariaz debekatzen da haren atzean ikusleak egotea.

Barrera perimetrala edo hesia (jendearentzako gunea): ixte-egitura, aldi baterakoa, abelburuak askatzeko, errekortarien lehiaketetarako eta euskal-landatar zezenketetarako prestatutako eremuak zedarritzeko; jendea atzean egotea ahalbidetu dezake, betiere ordenantza honetan eta dagokion foru-araudian jasotako berariazko segurtasun-baldintza teknikoak betetzen baditu.

Zezen-ikuskizun herrikoiak: Nafarroako foru-araudian definitzen direnak, barne direla entzierroak, abelburuen askatzeak, errekortarien lehiaketak eta euskal-landatar zezenketak.

II. KAPITULUA.–PARTIKULARREK EZARRITAKO EGITUREN BALDINTZA TEKNIKOAK

5. artikulua. Ezkutalekuak (babesguneak).

Ezkutalekuek, langile baimenduentzako babesleku gisa, nahitaez bete beharko dituzte zehaztapen tekniko hauek:

1. Materiala: elementu horizontalek trinkoak izan behar dute, eta erresistentzia mekaniko handiko zurez eginak, abelburuen ekinei eta bertan babesten diren parte-hartzaileen pisuari eusteko adinako sendotasunez.

Elementu bertikalak metalezkoak edo zurezkoak izan daitezke, gutxienez 16x16 cm-ko sekziokoak, eta zoladuran behar bezala sartuta egon beharko dute, zutoinaren altueraren eta erabilitako finkatze-sistemen arabera.

2. Altuera: nahitaezko gutxieneko altuera 150 zentimetrokoa izanen da, lurzoruaren sestratik hasita.

3. Kokapena: higiezinaren fatxadaren lerroaren barruan paratu beharko dira, bide publikotik atera gabe.

4. Erabilera esklusiboa: ezkutalekuaren atzeko espazioa babeserako eta erreskaterako soilik da. Erabat debekatuta dago ikusleak gune horietan egotea. Lasterkariek, osasun-langileek, zezenketako profesionalek eta baimendutako kolaboratzaileek soilik erabiltzen ahalko dute.

5. Errotulazioa: aurrealdean eta goialdean esaldi zehatz hau eraman beharko dute, ikusteko moduan pintatuta edo itsatsita: "Lasterkariendako, osasun-langileendako, zezenketako profesionalendako edo laguntzaileendako erreserbaturiko gunea".

6. Bertaratzeko baldintzak: ez dira ezartzen ahalko abelburu suharren paseko entzierroan, errekorte-aukerarik gabekoetan (goizeko zekor-zezenen entzierroa), ez eta herriko jaietan ‘zubiko entzierro’ esaten zaion horretan ere).

6. artikulua. Barrera perimetralak eta hesiak (jendearentzako guneak).

Haien atzean jendea egotea ahalbidetzen duten egiturek, zeinak barrera perimetral edo hesitzat jotzen baitira, honako zehaztapen tekniko hauek bete beharko dituzte:

1. Materiala: egurrez eginak izanen dira eta abelburuen ekinari aurre egiteko adinako erresistentzia mekanikoa izan beharko dute.

2. Estriboa: luzetarako estribo bat izan beharko dute, parte-hartzaileei jauzi egitea errazteko.

3. Trinkoak: trinkoak izanen dira, baina beheko aldea 40 zentimetro gorago egon daiteke (gehiago ez) lurzoruaren sestratik.

4. Gutxieneko altuera orokorra: nahitaezko gutxieneko altuera 175 zentimetrokoa izanen da.

5. Kokapena: higiezinaren fatxadaren lerroaren barruan paratu beharko dira, bide publikotik atera gabe.

6. Publikoaren erabilera: halako egiturek ikusleentzako espazioak zedarritu ditzakete, euren segurtasuna bermatuz erresistentzia- eta altuera-baldintzen arabera.

Kapitulu honetan deskribatutako elementuak ezi dira inola ere paratuta izaten ahalko goizeko zekor-zezenen entzierroetan eta herriko jaietako ‘zubiko entzierroan’.

III. KAPITULUA.–BAIMENTZEKO ETA KONTROLATZEKO PROZEDURA

7. artikulua. Aldez aurretiko baimena.

1. Zezen-ikuskizun herrikoien ibilbidean edozein ezkutaleku, barrera perimetral edo hesi jartzeko, Udalaren baimena beharko da.

2. Interesatuek eskabide formala aurkeztu beharko dute urtero, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, ikuskizunak hasi baino 30 egun natural lehenago, gutxienez.

3. Eskaerak honako hauek behar ditu:

–Eskatzailearen identifikazio osoa (lokalaren titularra edo pipero, peña edo elkartearen ordezkaria).

–Egituraren kokapen zehatza.

–Paratu beharreko egitura mota (ezkutalekua edo barrera perimetrala / hesia).

–Egituraren plano edo krokis zehatza, barne dituela neurriak (altuera, zabalera, lurrarekiko distantzia), materialak eta ainguraketa-sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpena, egiturak ordenantza honen eta aplikatzekoa den foru-araudiaren zehaztapen teknikoak betetzen dituela dioena.

–Ordenantza honetan ezarritako erabilera-baldintzak betetzeko konpromiso espresua; batez ere, ezkutalekuen atzean jenderik izateko debekua.

8. artikulua. Ikuskapena eta kontrola.

1. Udaleko zerbitzu teknikoek eta/edo Udaltzaingoak ikuskapenak eginen dituzte ikuskizunak hasi aurretik, egiturek baldintza teknikoak eta segurtasunekoak betetzen dituztela egiaztatzeko.

2. Zezen-ikuskizun herrikoiak egiten diren bitartean, Udaltzaingoak eta Foruzaingoak, beren eginkizunak betez, kontrolatuko dute ordenantza hau eta egiturak erabiltzeko baldintzak bete daitezela.

3. Baimendu gabeko edo ordenantza honetan edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez dituen egiturarik ikusiz gero, udal-agintaritzak edo haren agenteek berehala kentzeko agintzen ahalko dute, arau-hauslearen kontura, hargatik eragotzi gabe dagokion zehapen-espedientea irekitzea.

4. Zenbait entzierro-motatan paratu ezin diren egiturak ez erretiratzeak (lehen aipatu den gisan zezen suharren paseko entzierroan, errekorte-aukerarik gabekoetan) berekin ekarriko du agintaritzak berehala esku hartzea.

9. artikulua. Instalatzeko eta kentzeko baldintzak.

1. Baimendutako egiturak baimena jaso duten zezen-ikuskizun herrikoiek irauten duten bitartean soilik instalatzen ahalko dira.

2. Ikuskizunak burutu eta gero, egiturak kendu beharko dira, udal-baimenak ezartzen duen epean edo, bestela, azken zezen-ikuskizun herrikoia burutu eta gehienez ere 48 orduko epean.

10. artikulua. Lasterkariaren eta ikuslearen betebeharrak.

Lasterketan edo ikuskizunean parte hartzen duten guztiek Udaltzaingoaren, Foruzaingoaren, agintaritzaren eta entzierroan parte hartzen duten teknikari baimenduen jarraibideak bete beharko dituzte, eta, hala eskatuz gero, entzierroaren ibilbidetik atera beharko dute, baita hesi eta ezkutalekuen gunetik alde egin ere.

Zezen-ikuskizun herrikoiaren aurretik zein ondotik, udal-zerbitzuei erraztasunak eman behar zaizkie ibilbidea garbitzeko. Garbiketa-zerbitzuak bere lana burutu ondotik, ez da zaborrik edo beirarik atera zezen-ikuskizun herrikoiaren ibilbidera, ez eta hura gurutzatzen duten kaleetara ere.

Debekatuta dago hauek egitea, eta eginez gero salaketa paratuko dute segurtasun-indar eta -kidegoek:

a) Entzierroaren ibilbidean dauden fatxadetako elementuetara, hiri-altzarietara, zuhaitzetara, faroletara, zezen-ikuskizun herrikoiak grabatzeko eta emateko egituretara eta abarretara igotzea.

b) Ordenantza honek, alkatetzaren Nievako Ama Birjinaren jaietarako bandoak edo segurtasun indar eta kidegoetako kideek espresuki debekatzen dituzten eremu eta tokietan kokatzea ibilbidean.

c) Segurtasun indar eta kidegoetako agenteek ibilbidean ezartzen dituzten barrera edo mugak gainetik pasatzea.

d) Entzierroan zehar ibilbidean dauden eraikin eta lokaletako ateak edo atariak irekita izatea, batez ere ordenantza honetan deskribatutako elementuek babesten ez dituztenak. Haien jabekideak, erabiltzaileak, maizterrak edo titularrak izanen dira ekintza horren erantzule, baita horrek ekar ditzakeen ondorioen erantzule ere.

e) Ibilbidean mozkortuta, drogen edo substantzia estupefazienteen eraginpean egotea, edo bete-betekoa ez den kondizio fisiko eta psikikoan.

f) Lasterka normal egitea zailtzen edo eragozten duten jantziak edo lasterka egiteko egokiak ez diren oinetakoak erabiltzea (zapata takoidunak, txankletak, sandaliak, eskalapoiak, etab.).

g) Entzierroaren ibilbidean gauzak botatzea, garbitu eta gero.

h) Entzierroaren ordena eta segurtasuna bermatzeko desegokiak diren objektuak eramatea, hala nola motxilak, poltsak, botilak, edalontziak, bastoiak, argazki- edo bideo-makinak, mikrofonoak, irudiak grabatzeko aparatuak, etab.

i) Abelburuen aldera edo haien atzetik lasterka egitea, arrisku-egoerak sortuz.

j) Abelburuak ukitzea, adarretatik heltzea edo haien arreta erakartzea, edozein modutan eta edozein arrazoirengatik, ibilbidean edo plazako hondarrean, non eta ez den hori egiten harrapaketa saihesteko eta errekortearen unean.

k) Ibilbidean gelditu eta hesi, barrera edo atarietan gelditzea, lasterkarien bidea edo defentsa oztopatzeko moduan.

l) Zain egotea entzierroaren ibilbidean kokatutako txokoetan, angelu itsuetan edo etxebizitza edo establezimenduetara sartzeko atarietan.

m) Entzierroan parte hartzea mugitzeko edozein elementu mekaniko erabiliz (patina, monopatina, bizikleta, etab.).

n) Suziriak, petardoak edo edozein artifizio pirotekniko botatzea udalerrian, entzierroko suziriekin nahas daitekeena eta lasterkarien eta ikusleen artean ezinegona sor dezakeena, bai entzierroa hasi aurreko ordu erdian, bai entzierro bitartean.

o) Entzierroa normaltasunez egitea oztopa dezakeen edo ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doan beste edozein ekintza.

Edozein jarduera debekatu egiten ari diren eta entzierroaren ibilbidean dauden pertsonak berehala ateraraziko dituzte agintaritzaren agenteek, eta salaketa paratuko diete egindakoagatik.

Ikusleak horretarako prestatutako tokietan paratuko dira, eta une oro jarraituko diete entzierroaren segurtasunaz arduratzen diren poliziek emandako argibideei.

Espresuki debekatuta dago 16 urtetik beherakoek halako ikuskizunetan parte hartzea, eta ez dira ibilbidean egoten ahalko, ez bakarrik eta ez helduekin.

IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluarekin.

1. Arau-hauste arinak:

a) Ezkutalekuetan nahitaezko errotulazioa ez erakustea.

b) Egituran gabezia tekniko txikiak izatea, haien sendotasuna edo segurtasuna larriki arriskuan jartzen ez dutenak, baina eskatutako neurri edo materialak zorrotz betetzen ez dituztenak.

c) Ikuskizuna buruturikoan egitura ez kentzea udal baimenean ezarritako epean.

d) Ordenantza honen xedapenak urratzen dituen eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo ez-egite.

2. Arau-hauste astunak:

a) Ezkutalekuak, barrera perimetralak edo hesiak udal-baimenik gabe jartzea.

b) Jendea edo ikusleak egotea 150 cm garaiko ezkutaleku baten atzean, langile baimenduentzat bakarrik den babes-eremua izanik.

c) Barrera perimetralak ez izatea gutxieneko garaiera, 175 cm.

d) Baimendutako ezaugarri teknikoak nabarmen aldatzea, horrek egituraren segurtasunari eragiten badio, berehalako arrisku larririk sortu gabe.

e) Agintaritzaren agenteen zaintza- eta ikuskatze-lanei trabak edo eragozpenak jartzea.

f) Entzierroetako egitura ez kentzea zezen suharrak errekorte-aukerarik gabe pasatzen diren entzierroetan (goizeko zekor-zezenen entzierroa eta herriko jaietako ‘zubiko entzierroa’), baimenean hala ezarri denean.

g) Zezenketa-ikuskizunetan parte hartzea halako ikuskizunetarako ezarritako adina ez duten adingabeek.

h) Ibilbidean mozkortuta, drogen edo substantzia estupefazienteen eraginpean egotea, edo bete-betekoa ez den kondizio fisiko eta psikikoan.

i) Entzierroaren ibilbidean gauzak botatzea, egiten ari den bitartean edo garbitu ondotik.

j) Abelburuak ukitzea edo haien arreta erakartzea, edozein modutan eta edozein arrazoirengatik, ibilbidean edo plazako hondarrean, non eta ez den harrapaketa bat saihesteko edo errekorte bat egiteko.

k) Ibilbidean gelditu eta hesi, barrera edo atarietan gelditzea, lasterkarien bidea edo defentsa oztopatzeko moduan.

l) Irudia edo soinua erreproduzitzeko edozein bitarteko erabiltzea ibilbide barruan edo hesi erreserbatuetan, behar den baimenik gabe.

m) Ateak irekita edukitzea entzierroaren ibilbidera ematen duten etxebizitza-atarietan edo lokaletan.

n) Entzierroa normal joatea modu larrian oztopa dezakeen beste edozein jarduera.

o) Arau-hauste arinak errepikatzea.

3. Arau-hauste oso astunak:

a) Egituraren bat instalatzea pertsonen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku larria sortzen duena egoera txarrean dagoelako, sendotasunik ez duelako, ezaugarri teknikoetan larriki huts egiten duelako edo toki desegokian dagoelako.

b) Segurtasun-arrazoiengatik agintari eskudunak ikuskizunean zehar egitura berehala kentzeko emandako aginduak ez betetzea.

c) Bi arau-hauste astun edo gehiago egitea urtebeteko epean, bide administratiboan ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

12. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen kontrako arau-hausteak diruzko isunekin zehatuko dira, hargatik eragotzi gabe aldatutako egoera lehengoratzeko eta sortutako kalte eta galerak ordaintzeko betebeharra. Isunen zenbatekoak honako hauek izanen dira:

Arau-hauste arinak: 500 euroraino.

Arau-hauste astunak: 501 eurotik 1.500 eurora.

Arau-hauste oso astunak: 1.501 eurotik 3.000 eurora.

13. artikulua. Erantzukizuna.

Arau-hausteen administrazio-erantzukizuna lokalaren titularrarena edo baimena eskatu duen taldeko (pipero, peña edo sozietate) ordezkariarena izanen da zuzenean, edo egitura instalatzeko eta mantentzeko ardura duen taldeko ordezkariarena.

14. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz arautuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Osagarritasuna.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako foru-araudia aplikatuko da zezen-ikuskizunei dagokienez, bai eta Estatuko legeria ere toki araubideari eta administrazio prozedurari dagokienez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Administrazioen arteko lankidetza.

Azkoiengo Udalak Foruzaingoarekin eta beste administrazio eskudunekin batera lan eginen du ordenantza hau benetan bete dadin eta segurtasuna berma dadin zezen-ikuskizun herrikoietan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.–Instalazio-eskaera.

Aurten, jaiak gertu daudenez, ezkutalekuak, hesiak edo barrera perimetralak jartzeko interesa duten pertsona edo taldeek (higiezinetakoak, tabernetakoak, merkataritzako lokaletakoak eta biltzeko lokaletakoak, hala nola piperoak, elkarteak eta peñak) eskabidea aurkezten ahalko dute ordenantza hau indarrean paratu aurretik (ordenantza honetan jasotako baldintza beretan) eta abuztuaren 29an hasiko diren herriko jaiak baino 10 egun natural lehenago.

Bigarren xedapen iragankorra.–Egun dauden egiturak.

Ordenantza honek indarra hartu aitzin paratutako babes egiturek (ezkutalekuak, hesiak edo barrera perimetralak) dagozkien xedapen guztiak bete beharko dituzte, eta eskaera aurkeztu beharko dute. Azkoiengo Udalak informazio eta aholkularitza tekniko egokiak paratuko ditu interesatuen eskura, egokitzapena errazteko. Debeku dira barrote bertikal bananduz osatutako babes-hesiak edo -itxiturak, eta eraikinaren fatxadaren lerrotik ateratzen den eta eremu publikoa inbaditzen duen edozein elementu.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntza.

Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau betearazteko eta garatzeko behar diren jarraibide guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2613212