221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ODIETA

Ordenantza fiskala, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Odietako Udalak, 2026ko martxoaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, behar zen iragarkia argitaratuta 2026ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 8an, eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, bizilagunek eta interes legitimoa zutenek hura aztertu eta erreklamazio, eragozpen edo oharrak aurkez zitzaten, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin eta horrekin bat datozenekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldian inork ez du aurkeztu eta ez da jaso espedientearen aurkako alegaziorik, eta, horrenbestez, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, behar den ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erripan (Odieta), 2026ko urriaren 7an.–Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.

ORDENANTZA FISKALA, LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Izaera.

Lurraren kontribuzioa zuzeneko tributu erreal bat da, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 145.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan ezarritako aukerako hobari berria.

2. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako; hain zuzen, I. eranskinean ageri dena.

3. artikulua. Hobariak.

Honako hauentzako hobariak: familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat edo gurasobakartasun egoeran dauden familientzat eta kotizazio gabeko pentsioak, errenta bermatukoak edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerakoak jasotzen dituztenentzat.

Zergaren kuotaren %90 bitarteko hobaria izanen da (170 euro gehienez), adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza denean ohiko bizilekua familia ugariaren edo familia gurasobakarraren titular diren subjektu pasiboentzat edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboentzat.

Hobari hori aplikatuko zaio ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari soilik.

Hobari horren ondorioetarako, ohiko bizilekutzat hartuko da erroldako etxebizitza, hori izanik hobariaren xedea.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren hartzaile direnei edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile direnei.

Hobari hau aplikatzeko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata (LGSa) halako hiru baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak). Muga hori gainditu gabe, tarte eta ehuneko hauek ezartzen dira hobarirako, errentaren arabera:

ERRENTA TARTEAK FAMILIA-UNITATEKO

HOBARIAREN EHUNEKOA

< LGSa halako 1 (lanbide arteko gutxieneko soldata)

%90

LGSa halako 1 eta halako 2 artean

%60

LGSa halako 2 eta halako 3 artean

%20

Errenta-tarteen araberako aurreko hobari-ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan, baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga). Hobaria kalkulatzeko, aintzat hartuko da indarrean den PFEZaren gaineko araudian xedatutako familia-unitatea.

Kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da zerga sortzean indarrean dagoena.

Hobaria erreguzkoa da, eta zerga-hobariaren titularrak higiezin batean bakarrik aplikatzen ahalko du. Hobaria zer ekitalditarako eman den, ekitaldi horretan bakarrik izanen du balioa, eta eskatu beharko da ondorioak izanen dituen zergaldiko irailaren 1a baino lehen.

Hobari hau aplikatzeko, subjektu pasiboak ez du zorrik eduki behar Odietako Udalarekin.

Behin hobari fiskala emanda, indarrean izanen da uneko ekitaldirako, eta urtero eskatu beharko da berritzeko, epe berean eta agiri berak aurkezturik.

Hobaria emateko, nahitaez honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A.–Ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria familia ugari baten edo guraso bakarreko familia baten titular diren subjektu pasiboentzat, edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular direnentzat:

a) Eskabidea, sinatuta.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari edo familia gurasobakar baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

B.–Ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera hartzen duten subjektu pasiboentzat:

a) Eskabidea, sinatuta.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako eskabiderik.

Erroldatutako ohiko etxebizitzaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria jasotzeko eskubidea galtzea hurrengo zergaldirako, eta higiezin berrirako eskatu beharko da, egokitzen ahal bazaio.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Aurreko artikuluetan arauturiko hobariak aplikatzeko baldintza izanen da subjektu pasiboek egunean izatea Odietako Udalarekiko zerga-betebeharrak.

4. artikulua. Kuota osoa.

Zerga honen kuota osoa izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

I. ERANSKINA

Karga-tasa: %0,25 urtean.

Iragarkiaren kodea: L2613213