2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MARTZILLA
Bideozaintza kamerak ezartzeko baimena
Aurrekariak:
Martzillan ibilgailuen trafiko handia dago. Udal honen aburuz, herriko kaleetan dabiltzan ibilgailuen kopuru handiagatik, ez da nahikoa trafikoa ohi bezala erregulatzea eta kontrolatzea, aurrez aurre, eta giza baliabide nahikorik ere ez dago. Inguruabar horiek kontuan hartuta, uste du laguntza teknologikoa gehitzea komeni dela, Udaltzaingoak trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko dituen eginkizunetarako. Horregatik, Martzillako Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide-segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.
Inguruabar juridikoak:
Lehenbizikoa.–Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian honako hau ezartzen da: "Trafikoa arautzeko ardura duen agintaritzak instalatu eta erabiliko ditu trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokamerak, baita irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko ere, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, haren bitartez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzekoan, gaur egun DBLO) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan (Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoan) xedatutakoa, lege honetan ezarritako erabilera irizpideei jarraituz".
Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatu errege dekretuaren bidez onetsi zen Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatu eta betearazteko erregelamendua): "4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira bideokamerak eta irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko. –Trafikoa erregulatzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera. –Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak jasoko du zer bide publikotan edo bide tartetan hartuko diren irudiak, oro har identifikatuta, zer neurri ezarriko diren grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta zer organo arduratuko den haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean".
Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak; hortaz, honako arau hauen arabera aplikatuko dira tratamendu horiek: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezarri eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.
Kokaguneak:
–15. kamera, Gundermaro / Postigo:
- Latitudea: 42°19’30.80"N
- Longitudea: 1°44’23.26"O
–16. kamera, Catalán / Postigo:
- Latitudea: 42°19’31.34"N
- Longitudea: 1°44’21.09"O
–17. kamera, Elizako plaza:
- Latitudea: 42°19’31.41"N
- Longitudea: 1°44’18.78"O
–18. kamera, behaketa eta harrera zentroa:
- Latitudea: 42°19’29.99"N
- Longitudea: 1°44’12.08"O
–19. kamera, behaketa eta harrera zentroko PTZa:
- Latitudea: 42°19’30.02"N
- Longitudea: 1°44’11.96"O
–24. kamera, edukiontziak:
- Latitudea: 42°19’38.07"N
- Longitudea: 1°44’4.73"O
–25. kamera, Príncipe España aparkalekua:
- Latitudea: 42°19’34.95"N
- Longitudea: 1°44’4.55"O
–26. kamera, adingabeentzako behaketa eta harrera zentroaren atzealdea:
- Latitudea: 42°19’29.67"N
- Longitudea: 1°44’18.93"O
Bigarrena.–Datuen babesa.
Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko trafikoa kontrolatzeko helburua duen bideozaintza sistema bat dagoela.
Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, baita egoitza elektronikoan eta www.marcilla.es webguneko pribatutasun politikan ere.
Tratamendu-jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Martzillako Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu-jarduera.
Tratamendu-jardueren erregistroa Udalaren webguneko gardentasun-atarian kontsultatzen ahalko da: https://transparencia.animsa.es/P3116200A.
Datuak babesteko ordezkaria. Martzillako Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein iradokizun edo erreklamazio egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, erreklamazioa jaso eta bi hilabeteko epean jakinaraziko dio datuak babesteko ordezkariak interesdunari zer erabaki hartu den erreklamazio horren gainean.
Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke juridico@marcilla.es helbide elektronikoan edo posta bidez, udaletxearen helbidean (La Cava plaza 1, 31340 Martzilla).
Segurtasun-neurriak. Udalak arriskuen analisi bat eginen du irudien segurtasuna bermatze aldera aplikatu beharreko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzeko, irudiak ustekabean edo legez kontra aldatu, galdu edo suntsitu ez daitezen, edo baimenik gabe ikusi edo komunikatu ez daitezen.
Hirugarrena.–Udala bera arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.
Laugarrena.–Argitalpena. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.
Bosgarrena.–Indarrean jartzea. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Seigarrena.–Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo osoko bilkuran.
Martzillan, 2026ko urriaren 13an.–Alkatea, Esther Villanueva Ucar.
Iragarkiaren kodea: L2613259