Iragarkia
221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Trafikoari buruzko udal ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea
Uharteko Udalaren 2026ko ekainaren 25eko osoko bilkurak hasierako onespena eman zion trafikoari buruzko udal ordenantza aldatzeari.
Hasierako onespena 2026ko uztailaren 14ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta, jendaurreko epean alegazioak jaso ondoren, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
UHARTEKO TRAFIKOARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Uharteko Mugikortasun Ordenantza honen xedea pertsonen mugimendurako baliatzen den espazio publikoa erabiltzeko araudia eguneratzea da, bertan txertatzeko mikromugikortasuna osatzen duten garraio metodo berriak (batik bat bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak [MPI]), gainerako garraiobide tradizionalagoekin batera.
Hori guztia egiten da espazio publikoaren erabilera optimizatzeko eta garraio metodoen eta oinezkoen arteko bizikidetza egokia ziurtatzeko.
Azken urteetan, ibilgailu pribatua lehenesteko joera nagusitu da ia Europa osoan. Garraio mota hori azkarra eta erosoa zen hasiera batean toki batetik bestera joateko. Abantaila horiek, ordea, desagertuz joan dira eta, aldiz, hirietako arazo handienetariko bat bilakatu dira, Uharten ere bai, maila apalagoan izanagatik ere.
Pilaketak, kutsadura, zarata, aparkatzeko zailtasunak, trafikoak eragindako segurtasun eza, horra nork bere autoa gehiegi erabiltzearen ondorioetariko batzuk. Autoaren noranahiko erabilera parametro ez iraunkorretan oinarritua dago eta eragiten ari zaie bestelako garraio motei, hala nola garraio publikoari, haren abiadura moteltzen eta erregulartasuna gutxitzen baitu, eta horrek, orokorrean, herritarren bizi kalitateari eragiten dio.
Bestalde, ibilgailuak eta ibilgailu motak gero eta gehiago izanda, aparkatzeko toki ia guztiak okupaturik daude, eta zenbait kasutan, autokarabana, karabana eta ibilgailuak ez diren beste orga motei dagokienez, okupazio horrek luze irauten du. Espazio bizigarriak sortu dira (Martiket, Itaroa, Zokoa…), eta bertan, familia bakarreko etxebizitza garajedunak dira nagusi, aparkatzerakoan ezaugarri bereziak dituztenak, eta irtenbide bat eman behar zaie horiei ere.
Jasangarritasun politikak bultzatuz eta joera nagusi horri buelta eman nahian, oinezkoei lehentasuna ematen dien eta zenbait kale oinezko bihurtzen dituen zirkulazio eredua sustatu nahi du Uharteko Udalak, hartara oinezkoen segurtasuna eta garraio publikoaren arintasuna lehenetsiz ibilgailu pribatuaren aurretik.
Horretarako, zenbait kaletako zirkulazioaren noranzkoa ordenatu zen, aparkatzeko ordutegi mugatua duen zerbitzugune bat sortu zen herriko gune komertzialenean espazioak hobeki baliatzeko eta, horrela, merkatariei eta bezeroei mesede egiteko, eta ia aparkaleku guztiak seinaleztatu ziren. Arau honen bidez, lehen aipatutako ibilgailu mota berri horien ugaritzeak hartzen dituen eremuak eta familia bakarreko etxeen eremuak erregulatzen dira, eta unean-unean egin diren aldaketa horiek guztiak udal ordenantza batean jasotzen dira modu bateratuan.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Ordenantza honen xedea da zirkulazioa eta mugikortasun jasangarria arautzea Uharteko udal mugarteko bideetan.
2. Ordenantza honetako manuak aplikatuko dira Uharteko udal mugarte osoan eta horiek betetzera behartuta egonen dira zirkulaziorako egokiak diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako egokiak ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lur pribatuen titularrak ere bai.
3. Ordenantza honetan berariaz aurreikusi edo arautu ez den orori dagokionez, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginean, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta aplikatzekoak diren gainerako estatu edo foru arauetan xedatutakoa beteko da.
2. artikulua. Eskumenak.
Uharteko Udalak eskumen hauek ditu:
1. Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal mugartean, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren eta haren osagaien bitartez, bide horietan egiten diren arau hausteen salaketa eta horien zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.
2. Xedapen orokorren bitartez hiri bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen trafikoak behar duen arintasuna eta oinezkoak kaleetan ibiltzea.
3. Ibilgailuak herri barruko bideetatik kentzea eta gordailura eramatea, araudiak horrela jasotzen duenean.
4. Kirol proben baimena, oso-osorik Uharteko udal mugartean barna baizik pasatzen ez direnean.
5. Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela estupefazienteek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.
6. Bideak ixtea, beharrezkoa denean.
7. Ibiak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak.
3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.
1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.
2. Horren ondorioz, udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau hauste astuntzat hartuko baitira.
3. Udaltzaingoak eskumena izanen du udalerriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko edo/eta pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko ditu, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.
4. Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.
II. TITULUA.–ZIRKULAZIOKO PORTAERA ARAU OROKORRAK.
I. KAPITULUA.–GIDATZEA ETA IBILGAILUAK
4. artikulua. Hiri garraioa.
1. Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuen zirkulazioa erraztu beharrez, gainerako ibilgailuen gidariek alde batera egin beharko dute ahal duten guztietan, edo abiadura mantsotu, baita gelditu ere, beharrezkoa bada, garraio kolektiboko ibilgailuek beren bideari segitzeko behar diren maniobrak egin ahal ditzaten geraleku seinalatuetatik ateratzean.
2. Udal agintariek bide lerro batzuk erreserbatzen ahal dituzte halako kategoria bat duten ibilgailuak ibiltzeko; kategoria horretakoak ez direnek debeku izanen dute haietan barna ibiltzea.
3. Erabilera murriztuko lerroen eta erabilera orokorrekoen arteko tartea zoladuran seinaleak pintatuz markatzen ahalko da, edo bestela argi seinaleak edo bereizle fisikoak erabiliko dira, betiere gidariek ikusteko modukoak badira.
5. artikulua. Hiriarteko garraioa.
Beren jardueran aritzean, hiriarteko garraio kolektiboko ibilgailuek Uharte badute abiapuntu edo helmuga generikoa, horretarako ezarritako tokietan baizik ez dira gelditzen ahalko.
6. artikulua. Isuri kutsatzaileen, zaraten eta eraberritzeko lanen debekua.
1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, baldin eta ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.
2. Debeku da ibilgailuek eta ziklomotorrek ihes hodi librea edo ez-eraginkorra delakoarekin zirkulatzea.
3. Ibilgailuen soinu alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.
4. Baimendu gabeko eraberritzea izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.
5. Ibilgailuen, bizikleten eta MPIen gidari guztiak beharturik daude laguntza ematera aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio probetan.
6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute seinale akustikoak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:
a) Gertatzen ahal den istripua galarazteko.
b) Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.
7. Debeku da bozgorailuak (kanpokoak zein kanpora begirakoak) dituzten ibilgailuekin ibiltzea, Udalak baimendu ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.
7. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.
1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute beste ibilgailuen eta bideko beste erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, beste arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.
2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzen, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta beste ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte.
3. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasunezko argi eta soinuak.
4. Agintaritzako agenteek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, bideko erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.
5. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek argi seinalea eta seinale akustiko bereziak egiteko gailua erabiliko dituzte heldu direla iragartzeko. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziez ohartu bezain laster, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, uneko eta tokiko inguruabarren arabera, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo geldituko dira, beharrezkoa bada.
8. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.
1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean ezarritakoarekin bat.
2. Istripu edo matxuraren bat gertatu delako, ibilgailuak edo ibilgailuaren zamak galtzada oztopatzen badu, gidariek egoki seinaleztatu behar dute dena delako ibilgailua edo sortutako oztopoa, eta ondoren, ahalik eta lasterren bertatik kentzeko ezinbestekoak diren neurriak hartu behar dituzte; eta ahal izanez gero, behar bezala aparkatzeko arauak betez kokatu.
9. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.
1. Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo bide publikoko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Uharteko Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.
2. Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ahalegindu beharko da ibilgailuaren titularra aurkitzen, eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere. Aurkitzen ez badu, Uharteko Udaltzaingoari eman beharko dio gertatutakoaren berri.
III. TITULUA.–OINEZKOEN, TXIRRINDULARIEN ETA MPI-EN MUGIKORTASUNA
I. KAPITULUA.–OINEZKOAK ETA EREMU BEREZIAK
10. artikulua. Oinezkoentzako lehentasun eremuak.
1. Uharteko Udalak oinezkoentzat lehentasunezkoak diren eremuak ezartzen ahalko ditu oinezkoen iragatea eta egonaldia trafiko motordunaren aurretik lehenetsi behar den bideetan.
2. Eremu horiek seinale egokien bidez arautuko dira. Udalak eremuotara sartzeko, bertatik ibiltzeko, bertan aparkatzeko eta zamalanetarako baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu, bide bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta.
3. Ibilgailu baimenduek oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute momentu oro, eta ez dute maniobrarik egiten ahalko horrek oinezkoen ibilbidea edo abiadura aldatzea badakar.
11. artikulua. Zirkulazio araubidea plataforma bakarra duten oinezkoentzako lehentasun eremuetan.
1. Oinezkoentzako lehentasun eremuak plataforma bakarrekoak izaten ahalko dira, galtzadaren eta espaloiaren arteko banantze fisikorik gabe.
2. Eremu horietan, oinezkoek igarotzeko eta egoteko lehentasuna izanen dute bidearen edozein tokitan.
3. Ibilgailu baimenduek 20 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko dute gehienez, edo abiadura txikiagoan hala adierazi bada seinaleetan, eta bertan diren oinezkoetara moldatu beharko dira, eta baita gelditu ere segurtasuna bermatzeko beharrezkoa denean.
4. Ibilgailuek eremu bakoitzean ezarri diren seinaleak eta baldintza bereziak errespetatu beharko dituzte eremu hauetara sartzean, bertan aparkatzean, zamalanak egitean eta gainerako kasuetan.
12. artikulua. Oinezkoentzako eremuak.
1. Oinezkoentzako eremutzat jotzen dira oinez doazen pertsonak igaro eta egoteko lehentasunez erreserbatuta dauden bidearen zatiak, horren barne direla espaloiak, nasak, plazak, parkeak eta pasealekuak.
2. Oro har, ibilgailuek debeku dute oinezkoentzako eremuetara sartzea, bertatik ibiltzea eta bertan aparkatzea, larrialdiko zerbitzuek, zerbitzu publiko baimenduek eta berariazko udal baimena duten ibilgailuek izan ezik.
3. Udal organo eskudunak oinezkoentzako eremuetan dauden garajeetara sartzea baimentzen ahalko du eta, aldian-aldian, mugikortasun urriko pertsonak edo salgai astunak garraiatzeko ibilgailuen sarrera ere, betiere oinezkoen segurtasuna bermatuta badago.
4. Ibilgailu baimenduek pertsona baten oinezko abiaduran ibili beharko dute, arreta handia jarrita eta oinezkoak daudenean geldituz.
13. artikulua. Debekutik salbuetsitako ibilgailua sarbide murriztuko eremuetan.
1. Sarbide murriztuko eremuetan ibiltzeko eta aparkatzeko debekua ibilgailu mota guztiei dagokie, bizikletak eta ondotik zehazten diren zerbitzu erregulatuak kenduta:
a) Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.
b) Segurtasun indar edo kidegokoak.
c) Zabor bilketakoak.
d) Bidaiarien eskualdeko garraio publikokoak eta taxiak.
e) Uraz, argindarraz, gasaz eta telefoniaz hornitzeko enpresenak eta gisakoenak.
f) Osasun eta hileta garraioko ibilgailuak.
g) Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatzeko txartelak dituztenak.
h) Udal zerbitzu edo kontratetakoak, esleitutako lana egiten ari direnean.
i) Araudia betez berariaz baimendu diren ibilgailuak.
14. artikulua. Oinezkoentzako arauak.
1. Oinezkoak ibiliko dira haientzako espaloi, pasabide eta ibiltokietan. Oro har, espaloia okupatu behar duten obretako kontratistek aurretiazko baimena eskatu beharko dute.
2. Oinez dabiltzan pertsonek aintzat hartu beharko dituzte honako arau hauek:
a) Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko maneran zirkulatu beharko dute.
b) Autobusak eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuak horretarako ezarri diren tokien barnean itxaronen dituzte, eta ez dira galtzadan sartuko geldi daitezela eskatzeko.
c) Espaloietan gelditzean ez dute talderik eratuko, gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten badute.
d) Ez dira igoko ez jaitsiko martxan den ibilgailu batetik.
e) Ez dira galtzadara edo bidegorrietara sartuko ausarkeriaz, eta ez dira bertan geldituko zirkulazioa galaraziz.
II. KAPITULUA.–BIZIKLETEN, ZIKLOEN ETA MPIEN ZIRKULAZIO ETA ERABILERA
15. artikulua. Bizikleta, ziklo eta pedalei eragiteko laguntza duten bizikleten definizioa.
Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrak honako definizio hauek ezartzen ditu:
1. Zikloa: bi gurpil, gutxienez, dauzkan ibilgailua, hura okupatzen duten pertsonen giharretako ahaleginari esker mugitzen dena, eta, zehazki, pedalei edo biraderei eraginez.
2. Bizikleta: bi gurpileko zikloa.
3. Pedalei eragiteko laguntza duen bizikleta: pedalez eta motor elektriko osagarriz hornitutako zikloa, gehienez 250 W-eko potentzia nominal jarraitua edo txikiagoa duena, potentzia pixkanaka jaitsi eta 25 km/h-ko abiadurara iritsi aurretik edo gidariak pedalei eragiteari uzten dionean eteten dena.
16. artikulua. MPIen definizioa eta betekizunak.
1. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) dira gurpil bateko edo gehiagoko ibilgailuak, plaza bakarrekoak eta motor elektrikoen bidezko propultsioa baino ez dutenak, baldin eta, motor horien bidez, 6tik 25era arteko km/h-ko abiadura badute gehienez.
2. MPIek dagokien erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria beharko dute zirkulatzeko, identifikazio etiketa eramateaz gain, eta nahitaezko erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute Estatuko legeria orokorrarekin bat. Ibilgailua erregistroan inskribatu ez izana arau hauste arina izanen da eta 100 euroko zehapena izanen du.
3. Kanpo geldituko dira motorrik gabeko ibilgailuak edo beren osaeragatik 6 km/h-tik gorako abiadura lortu ezin dutenak, bai eta desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako bereziak direnak ere. Desgaitasuna duten pertsonak, motor elektrikoz bultzatutako aulkietan edo scooter elektrikoetan badoaz, oinezkotzat joko dira.
4. Gutxieneko adina: Uharteko bide eta espazio publikoetatik mugikortasun pertsonaleko ibilgailu batekin ibiltzeko gutxieneko adina 15 urte izanen dira. Adin horretatik beherakoek trafikorik gabeko esparruetan bakarrik erabiltzen ahalko dituzte halakoa, eta beti beren tutoreen erantzukizunpean. Pertsona baten oinezko abiaduran dabiltzan mugikortasun urriko pertsonak oinezkotzat joko dira.
17. artikulua. Zirkulazio arau orokorrak bizikleta, ziklo eta MPIentzat.
1. Ordenantza honetan jaso diren baldintzak betez, galtzadetatik, bizikleta bideetatik (galtzadako bidegorriak edo bizikleta espaloiak), bizitegi kaleetatik, bizikleta zidorretatik eta Iruñerriko Ibai Parketik ibiltzen ahalko dira.
2. Oro har, berariaz debeku da bizikletak, zikloak eta MPIak espaloi arruntetan ibiltzea. Eremu horietatik zirkulatzea arau hauste astuna izanen da.
3. Jarraian adierazi diren jokabideak debeku dira ibilgailu horiek gidatu bitartean:
a) Uhalez loturiko animaliekin batera zirkulatzea.
b) Beste ibilgailu, gailu edo animaliek herrestan daramatzatela zirkulatzea.
c) Ibilgailua gidatzean, soinu hargailuei edo erreproduktoreei lotutako kasko edo entzungailuak jarrita edukitzea.
d) Ibilgailua gidatzean, telefono mugikorra edo beste edozein gailu elektroniko eskuekin erabiltzea.
4. Bizikletak edo MPIak gidatzen dituzten pertsonek gainerako gidarien betebehar eta muga berak izanen dituzte edari alkoholdunen eta substantzia estupazienteen kontsumoari dagokionez.
5. Bizikletak edo MPIak banaketa lanetarako gidatzen dituzten pertsonek (riderrak) kaskoa eta txaleko islatzailea jarrita eraman beharko dituzte momentu oro.
18. artikulua. Galtzadan barna zirkulatzea.
1. Ahal dela, galtzadaren eskuineko erreian ibiliko dira, eta erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliko dute. Beste errei batzuk erabiltzen ahalko dituzte bidearen ezaugarriek hala eskatzen badute edo ezkerretara biratzeko.
2. Ibilgailu motordunek zirkulazioa erraztuko diete abiadura egokituz, distantzia zuhurra mantenduz eta estutasunik eragin gabe.
3. Ibilgailu motordun batek bizikleta edo MPI bat aurreratzen duenean, 1,5 metroko aldameneko distantzia mantenduko du gutxienez. Bideak noranzko bakoitzean bi errei edo gehiago baditu, erreia guztiz aldatu beharko da aurreratzeko.
4. Ibilgailu motordunen gidariek gutxienez 5 metroko tartea utzi beharko dute errei berean aurretik doazen txirrindulariekiko.
5. Debeku dute garraio publikorako errei erreserbatutik zirkulatzea.
6. Bizikletek paraleloan zirkulatzen ahal dute (biko zutabetan) errei orokor beretik. Bidegurutzeen, semaforoen eta lehentasunen ondorioetarako, bizikleta talde osoa ibilgailu bakartzat hartuko da.
7. 30 km/h-ko edo hortik beherako abiadura muga duten noranzko bakarreko kaleetan, bizikletek bi noranzkoetan zirkulatzea baimentzen ahalko da, baldin eta berariazko seinaleak badaude eta zirkulazioaren segurtasuna bermatzen bada.
8. MPIen gidariek besoarekin ohartarazi beharko dituzte eginen dizuten maniobrak, zirkulazio araudi orokorrean xedatutakoarekin bat.
9. Semaforodun pasaguneetan, bizikleta eta MPIentzako irteera aurreratuko eremu erreserbatuak gaitzen ahalko dira.
19. artikulua. Bizikleta bideak erabiltzea.
1. Galtzadan kokatuta dauden babesik gabeko bidegorriak bizikleta eta MPIek erabiltzekoak izanen dira esklusiban. Oinezkoek adierazitako tokietatik zeharkatu beharko dituzte, eta ez dira horietatik ibiltzen ahalko.
2. Galtzadan kokatuta dauden bidegorri babestuak eta gainerako bizikleta bideak elkarrekin erabiliko dituzte bizikletek, MPIek, patinek eta mugikortasun urriko pertsonen aulki edo trizikloek, guztiak ere neurriko abiaduran.
20. artikulua. Zirkulazioa espaloietan eta oinezko inguruneetan.
1. Espaloiak, pasealekuak, nasak eta oinezkoen zirkulaziorako esklusiboak diren gainerako eremuak babes bereziko esparruak dira oinezkoentzat.
2. Ibilgailu mota guztiek, horren barne direla ziklomotorrak, motozikletak, bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI), berariaz debeku dute edozein motatako espaloi eta pasealekutatik ibiltzea, ordenantza honetan berariaz arautu diren aparteko kasu eta inguruabarretan izan ezik.
3. Oinezkoek erabateko lehentasuna dute eremu horietan. Aparteko sarbidea baimendu zaien ibilgailu guztietako gidariek (esaterako, larrialdi edo garbiketa zerbitzuetakoek) oinezkoetara moldatu beharko dira zirkulatzean, eta ez dute inolako maniobrarik eginen horrekin arriskua edo eragozpena eragiten badiote oinezkoei.
21. artikulua. Mugikortasun urria espaloietan.
Mugikortasun urriko pertsonak espaloietan barna ibil daitezke gurpildun aulkiekin (motordunak ala gabeak) edo scooter bereziekin, baina oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute eta beren abiadura oinezkoenera egokitu.
22. artikulua. Oinezkoentzako pasabideak eta txirrindularien pasabideak.
1. Oinezkoen pasabide arruntetan, bizikleta, ziklo eta MPIen erabiltzaileak ibilgailutik jaitsi beharko dira halabeharrez eta galtzada oinez zeharkatu.
2. Txirrindularien pasabide berezietan, bizikleta eta zikloen gidariek haietan igota zeharkatzen ahalko dute galtzada, eta motordun ibilgailuekiko lehentasuna izanen dute gurutzatzeko, baina abiadura moteldu beharko dute eta gidariek aldez aurretik ikusi dituztela egiaztatu.
3. MPIek kasu bakoitzean aplikatu behar diren seinale eta lehentasun arau orokorrak errespetatu beharko dituzte.
23. artikulua. Parke eta pasealekuak.
Ahal dela, bizikleta bideetatik (bidegorriak, bizikleta espaloiak edo bizikleta pistak) ibiliko dira bizikletak, halakorik bada. Halakorik ez balego, galtzadatik ibiliko dira, errei erditik ahal bada, beren ikusgarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko.
1. 20. artikuluan ezarritakoarekin bat, bizikletek debeku dute espaloietatik, pasealekuetatik eta oinezkoen eremuetatik ibiltzea.
2. Adinaren ondoriozko salbuespenak: aurreko debekuaren salbuespen bakarra izanen da 12 urtetik beherakoak espaloitik bizikletaz ibiltzen ahalko direla, baldin eta oinez doan heldu batekin badoaz, pertsonen oinezko abiaduran eta oinezkoen erabateko lehentasuna errespetatuz.
3. Oinezkoen lehentasun eremuetan, bizikletak oinezkoen lehentasuna errespetatuz eta gehienez ere 10 km/h-ko abiaduran ibiltzen ahalko dira.
24. artikulua. Txirrina, argiak eta elementu islatzaileak.
1. Bizikleta, ziklo eta MPIek txirrina akustiko bat izan beharko dute nahitaez.
2. Bizikleten argiak: gauez, tuneletan edo ikuspen urriko egoeretan, behar bezala homologatutako aurreko posizio argi zuria, atzeko posizio argi gorria eta atzeko islatzaile gorria piztu beharko dituzte. Argi keinukariak baimenduta daude.
3. Eguzkia sartzen denetik irteten den arte edo ikuspen urriko baldintzetan hiriarteko bideetatik bizikletaz doazen pertsonek argi elementu edo elementu islatzaile bat erabili beharko dute gutxienez, 150 metrora edo urrunagotik ere ikusten dena.
4. MPIen argiak eta segurtasuna: MPIek argiak piztuta eraman beharko dituzte, estatuko araudian ezarritakoaren arabera. Egunez ere argiak piztuta eramateko betebeharra 2027ko urriaren 1etik aurrera egonen da indarrean. Eguzkia sartzen denetik irteten den arte, edo ikuspen urriko baldintzetan, MPIen gidariek argi elementu edo elementu islatzaile bat erabili beharko dute gutxienez, 150 metrora edo urrunagotik ere ikusten dena.
25. artikulua. Babes kaskoaren nahitaezko erabilera.
1. Bizikleta eta zikloetan:
–Kaskoa derrigorrezkoa izanen da 16 urtetik beherakoentzat bide mota guztietan.
–Bizikleten eta zikloen gidari eta bidaiariek babes kasko homologatu edo ziurtatua erabili beharko dute hiriarteko bideetan. Bizikletaz edo zikloz doazela jarduera profesional bat gauzatzen ari diren pertsonek kaskoa eraman beharko dute hiri barruko bide eta zeharbideetan.
2. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetan (MPI):
–MPIen gidariek behar bezala lotuta eraman beharko dute babes kasko homologatu edo ziurtatua martxan doazenean.
Zehapenak: MPIetan kaskoa erabiltzeko obligazioa ez betetzea arau hauste astuna izanen da Bide Segurtasuneko Legearen arabera, eta 200 euroko isunarekin zigortuko da.
Arau haustea adingabe batek egin badu, gurasoak, tutoreak edo legezko edo izatezko zaintzaileak izanen dira jarri zaion diruzko zehapenaren erantzule solidarioak.
26. artikulua. Pertsonen eta salgaien garraioa.
1. MPIek pertsona bakar bat eramaten ahalko dute (gidaria). Debeku da bidaiariak eramatea. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu batean baimendutako bidaiari kopurua gainditzea arau hauste arina izanen da, eta 100 euroko zehapen ekonomikoa izanen du.
2. Bizikleta eta zikloetan, karga eta pertsonak eramaten ahalko dira, baldin eta gidaria adin nagusikoa bada eta araudi aplikagarrian ezartzen diren baldintza tekniko guztiak betetzen badira. Beren egitura dela eta pertsona bat baino gehiago eramateko egokiak ez diren bizikleta eta zikloetan, 22 kg-ra arteko adingabeak garraiatzen ahalko dira, beren kabuz eserita mantentzeko gai badira, nahitaezko espezifikazio teknikoak betetzen dituzten eserleku gehigarrietan.
3. Pertsonak edo kargak garraiatzean, ez erortzeko moduan eramanen dira, eta desplazamendu arriskutsuak saihesteko moduan, ibilgailuaren egonkortasuna arriskuan jarri gabe eta argi edo seinaleak estali gabe.
4. Atoiak, erdiatoiak edo bestelako elementuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta pertsonak, 15 kg-ra arteko animaliak edo karga eramateko baimen teknikoa badute, eta betiere Udalak ezarri dituen mugak errespetatuz.
27. artikulua. Bizikletak eta MPIak aparkatzea.
1. Ahal dela, helburu horretarako jarri diren tokietan aparkatuko dira (bizikleten aparkalekuak).
2. Halakorik ezean, hiri altzarietako elementuetara lotzen ahalko dira, betiere oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa oztopatu gabe, altzariak kaltetu gabe eta gutxienez ere 1,5 metroko oinezkoen zirkulaziorako eremua utzita.
3. Berariaz debeku da ibilgailu horiek landare elementuetara (zuhaitzak, landareak), hiri bankuetara edo eskualdeko hiri garraiorako altzarietara lotzea edo bertan aparkatzea.
28. artikulua. Bizikletak eta MPIak erretiratzea.
1. Udaltzaingoak bizikletak erretiratu eta gordailura eramaten ahalko ditu abandonatuta daudelako seinale argiak daudenean (gurpilak faltan, konpondu ezin diren kalteak, etab.). MPIak ere erretiratzen ahalko dira abandonatuta daudenean, zirkulazioa oztopatzen dutenean, arriskua sortzen dutenean edo ordenantza honetan ezarri diren aparkatzeko baldintzak betetzen ez dituztenean.
2. Erretiratzean eta lotzean sortzen diren gastuak jabearen kargura izanen dira. Gordailuan hiru hilabete igaro ondoren inork erreklamatu ez baditu, Udalak hondakinen edo ondasun erabilgarrien legeria orokorrarekin bat kudeatuko ditu ibilgailuak.
IV. TITULUA.–ABIADURA, GELDIALDI ETA APARKALEKU ARAUBIDEA
I. KAPITULUA.–ZIRKULAZIO ETA ABIADURA ARAUAK
29. artikulua. Abiadura mugak.
Ibilgailuek, oro har, ez dute 30 km/h-ko abiadura gainditzen ahalko Uharteko udal mugarteko hiri bideetan, muga txikiagoak (20 km/h edo 10 km/h) seinaleztatuta dituzten bizikidetza edo abiadura mugatuko bide edo plataforma berezietan izan ezik.
30. artikulua. Abiadura moldatzea.
Gidari guztiak behartuta daude ezarritako abiadura mugak errespetatzera, eta abiadura hori beren baldintza fisikoen, ibilgailuaren egoeraren, kargaren, bidearen eta baldintza meteorologikoen arabera moldatzera, edozein oztoporen aurrean ibilgailua beren ikuseremuaren barruan gelditu ahal izateko.
31. artikulua. Neurriko abiadura.
Neurriko abiaduran zirkulatuko da eta, beharrezkoa balitz, ibilgailua geldituko da honako hauetara hurbiltzean:
a) Bidean dauden oinezkoak, zikloak edo MPIak, batez ere adingabeak, adineko pertsonak edo desgaitasuna duten pertsonak badira.
b) Semafororik ez duten oinezkoen edo txirrindularien pasabideak, ikastetxeak edo oinezkoen dentsitate handiko eremuak.
c) Geldialdian dauden garraio publikoko autobusak.
d) Biribilguneak, lehentasunik gabeko bidegurutzeak, galtzadako estuguneak edo obra eremuak.
e) Zoladura labainkorrak edo lainoa, euri bizia, elurra edo izotza dutenak.
II. KAPITULUA.–ZAMALANAK ETA ZERBITZUGUNEA
32. artikulua. Zamalanetarako arau orokorrak.
1. Zamalanen eremuetarako ibilgailu baimendutzat hartuko dira behar bezala sailkatuta dauden edo garraio txartela duten salgaien garraiorako ibilgailuak, bizikletak edo karga edo banaketarako zikloak (mikromugirkotasuneko banaketa).
2. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eta atari eta ibietarako sarrera oztopatu edo galaraztea. Oinezkoen kaleetan edo bizitegi kale baimenduetan, 1,5 metro utziko dira gutxienez fatxadatik hasita. Salgaiak ez dira lurrean uzten ahalko, eta ibilgailutik helmugara eramanen dira zuzenean. Lanak azkar, segurtasunez eta zarata gutxirekin eginen dira.
3. Ahal dela, ibilgailua espaloiarekiko paralelo kokatuko da, baterian kokatzeko seinaleak badaude salbu.
33. artikulua. Okupazio denborak.
Zamalanetarako eremuetan ezinbestekoa den denboraz aparkatuko da soilik, eta gehienez ere 20 minutuz. Zamalanetarako erreserbatutako ordutegitik kanpo, leku horiek eremuko aparkatzeko araubide orokorrera moldatuko dira.
34. artikulua. Kasu bereziak.
Udalak aldi baterako erreserbak baimentzen ahalko ditu (etxe aldaketak, obrak, etab.), 48 ordu lehenago eskatzen badira gutxienez eta dagozkien tasak ordaintzen badira. Alkatetza dekretu bidez ordutegia mugatzen ahalko da edo banaketa ibilgailu garbiak erabiltzea eskatzen ahalko da merkataritza edo bizitegi eremu jakinetan, inpaktu akustikoa eta ingurumen inpaktua murrizte aldera.
35. artikulua. Merkataritza zerbitzugunea.
Berariaz "Zerbitzugune" gisa gaitu diren eremuetan, edozein ibilgailu aparkatzen ahalko da doan eta denbora mugatu baterako, tokiko saltokietan erosketak edo jarduerak egiteko. Errotazioa ziurtatzeko, denbora hori 20 minutukoa izanen da gehienez, eta gaindituz gero, zehapen araubide orokorra aplikatuko da.
III. KAPITULUA.–GELDITZEA ETA APARKATZEA
36. artikulua. Gelditu eta aparkatzeko araubidea (legeetara bidaltzea).
Uharteko hiri bideetan ibilgailuak gelditzeko eta aparkatzeko maniobrei, tokiei, baldintzei, debekuei eta zehapen araubideari dagokienez, zorrotz beteko da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginean, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta indarrean dagoen Estatuko gainerako araudian xedatutakoa. Araudi horren aginduak zuzenean aplikatuko dira ordenantza honetan berariaz arautzen ez den guztian.
37. artikulua. Aparkatzeko oinarrizko arauak.
1. Ibilgailua gelditzea (2 minutu baino gutxiagoz ibilgetzea, gidariak utzi gabe) eta aparkatzea (geldialdi edo geldialditzat jotzen ez den ibilgetze oro) zirkulazioa edo oinezkoen zirkulazioa edo atari eta ibietarako sarbidea ez oztopatzeko moduan eginen dira.
2. Ibilgailuak zoladuran mugatutako eremuen barruan kokatuko dira. Ilaran aparkatzean, gurpilak espaloiaren zintarritik 20 zentimetrora baino gutxiagora utziko dira.
3. Debeku da ibilgailua geldituta edo aparkatuta uztea motorra martxan dagoela, gidaria ez dagoenean.
4. Autobusek eta taxiek eskumena duen administrazioak baimendutako puntu eta baldintzetan bakarrik eginen dituzte geldialdiak, eta eskualdeko garraioa Iruñerriko Mankomunitateak xedatutakora egokituko da.
38. artikulua. Autobus, kamioi, atoi eta karabanetarako mugak.
1. Debeku da 3.500 kg-tik gorako gehieneko masa baimendua (GMB) duten ibilgailuak aparkatzea udal mugarteko bide guztietan, industrialdeetan eta horretarako propio ezarritako tokietan izan ezik, baimendutako zamalanak egiteko ez bada.
2. 8.000 kg-tik gorako GMBa duten kamioiek hirigunetik zirkulatzea debeku dute Udaltzaingoaren berariazko baimenik gabe.
3. Debeku da 21 toki baino gehiago dituzten autobusak hiri bideetan aparkatzea, horretarako baimenik izan ezean.
4. Trakzio ibilgailutik banandutako karabanak berariaz seinaleztatutako edo baimendutako guneetan bakarrik aparkatzen ahalko dira.
5. Atoi eta erdiatoi bananduak aparkatzea debekatuta dago bide publikoan, udalaren berariazko baimenik gabe.
6. Nolanahi ere, kasu guztietan errespetatu beharko dira aparkatzeko araudi orokorra, dauden seinaleak eta espazio publikoaren bide segurtasuna, irisgarritasuna, ikuspena, edukiera eta erabilera zuzena bermatzeko baldintzak.
7. Autokarabanak ilaran edo baterian aparkatzen ahalko dira, plazaren neurriek aukera ematen badute mugatutako espazioaren barruan erabat kokatzeko, plazatik kanpoko galtzadan edo espaloian sartu gabe. Udala saiatuko da ibilgailu horien titular diren egoiliarrentzako iraupen luzeko aparkaleku arautuak prestatzen.
8. Berariaz debeku da karabanetan, autokarabanetan eta etxebizitza gisa egokitu diren gainerako ibilgailuetan kanpatzea horretarako berariaz gaitu diren tokietatik kanpo.
9. Ez da kanpalditzat joko pertsonak behar bezala aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan gelditzea, baldin eta ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik zabaltzen ez bada, ibilgailua pneumatikoen gainean eutsita badago esklusiban –segurtasun altxagarri edo ziriak kaltetu gabe– eta ibilgailu barnetik datozen fluidoak isurtzen ez badira.
10. Kasuaren arabera ezartzen diren aparkatzeko denbora mugak seinaleztatuta egonen dira eta bide segurtasunarekin, errotazioarekin eta espazio publikoaren erabilera zuzenarekin lotutako irizpide objektiboen arabera jarriko dira.
V. TITULUA.–DESGAITASUNA, PASATZEKO LIZENTZIAK ETA IBILGAILU ABANDONATUAK
I. KAPITULUA.–DESGAITASUNA ETA IBIAK
39. artikulua. Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuak.
Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak bertikalean eta horizontalean seinaleztatuko dira irisgarritasunaren nazioarteko ikurrarekin. Aparkaleku horiek aparkatzeko txartel gaitzaile ofiziala duen edozein erabiltzailek baliatzen ahalko ditu, eta ez dira eskatzaile jakin bati esleituta egonen bide publiko orokorrean. Txartela lortu eta erabiltzeko, Estatuko araudi orokorra aplikatuko da.
40. artikulua. Pasatzeko lizentziak (ibiak).
Ibiei dagokienez, ibilgailuak espaloietatik pasatzeko lizentziak arautzen dituen Uharteko Udalaren ordenantzan xedatutakoa aplikatuko da. Hala ere, ezaugarri arkitektoniko bereziak dituzten familia bakarreko etxeen bizitegi eremuetan, Udaleko zerbitzu teknikoek eta Udaltzaingoak antolamendu eta seinale bereziak ezartzen ahalko dituzte aldi berean bateragarri egiteko garaje pribatuetara sartzea eta kaleko aparkalekuen aprobetxamendu onena.
II. KAPITULUA.–IBILGAILU ABANDONATUAK
41. artikulua. Ustez abandonatua.
Espazio publikoaren okupazio mugagabea saiheste aldera, abandonatuta dauden ibilgailuak erretiratuko dira. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela ulertuko da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean. Bizikleta eta MPIen kasuan, 28. artikuluan jasotzen den 10 eguneko epea aplikatuko da.
42. artikulua. Abandonatzeagatiko erretiratze prozedura.
Ustezko abandonua egiaztatu ondoren, Udalak erregistroko titularrari jakinarazpena bidali eta 10 egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua erretiratzeko, ibilgailuak berehalako arriskua badakar salbu, kasu horretan ofizioz eramanen baita gordailura eta jakinarazpena ondoren bidaliko da.
Titularrak erretiratzen ez badu, ibilgailua udal gordailura eramanen da. Udal instalazioetan bi hilabete eman ondoren, titularrari eskaera formala eginen zaio hilabeteko epean handik eraman dezan, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, ibilgailua tratamendu zentro baimendu batean tratatu eta suntsituko dela, trafikoaren legearen 106. artikuluarekin bat, lekualdaketa eta zaintza gastu guztiak jabearen kargura izanik.
VI. TITULUA.–SEINALEAK
43. artikulua. Eskumena eta ezartzea.
1. Udaleko organo eskudunak aginduko du trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea. Partikularrek debeku dute zirkulazio seinaleak jartzea edo daudenak aldatzea, behar bezala baimendutako ibi plaka normalizatua izan ezik.
2. Bideetako erabiltzaileak beharturik daude uneko seinaleei men egitera eta diotenaren arabera jokatzera.
44. artikulua. Partikularrek seinaleak instalatzea eta publizitatea.
1. Partikularrek ez dute merkataritzako informazio seinalerik (hotelak, saltokiak, garajeak) instalatzen ahalko bide publikoan, aparteko udal baimena badute salbu.
2. Debeku da plakak, kartelak edo iragarkiak ezartzea trafiko seinaleen gainean edo inguruan, baldin eta itsutzeko, ikuspena murrizteko edo gidariei arreta galarazteko arriskua badakarte. Udaltzaingoak berehala kenduko ditu baimenik gabeko elementu horiek, jokabide zibikoen ordenantzaren araberako zehapen egokia kaltetu gabe.
3. Estatuko Seinaleen Katalogo Ofizialean ez bada berariazko seinalerik tokiko antolamendu behar jakin baterako, Udalak modelo berezi bat diseinatzen eta onesten ahalko du, betiere araudi orokorreko formak, koloreak eta ikurrak mantentzeko ahalegina eginez, errorerik ez sorrarazteko.
45. artikulua. Bizikleta bideetan seinaleak ezartzea.
Bizikleta bideek berariazko seinale horizontal eta bertikalak izanen dituzte. Zoladurako bide markekin adieraziko dira zirkulazioaren noranzkoak, bidegurutzeak, semaforoak edo oinezkoen pasabideak. Txirrindularien pasabideak Zirkulazio Seinaleen Katalogo Ofizialaren eta indarrean dauden espezifikazio teknikoen arabera seinaleztatuko dira.
VII. TITULUA.–ARAU HAUSTEAK, ZEHAPENAK ETA KAUTELA NEURRIAK
I. KAPITULUA. –IBILGAILUAK IBILGETZEA ETA ERRETIRATZEA
46. artikulua. Ibilgetze kasuak.
Udaltzainek ibilgailu bat kautelaz ibilgetzen ahalko dute ibilgailua erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonentzako edo ondasunentzako arrisku larria dakarrenean, eta kasu hauetan zehazki:
a) Istripu edo matxura baten ondorioz ibilgailu batek segurtasunez zirkulatzen jarraitu ezin duenean edo galtzada hondatzen duenean.
b) Gidariaren ondoez fisikoa edo ageriko ezintasuna.
c) Alkoholaren, droga toxikoen edo estupefazienteen eraginpean gidatzea, edo substantzia horiek antzemateko legezko probak egiteari uko egitea.
d) Baliozko gidabaimenik edo ibilgailuak zirkulatzeko administrazio baimenik ez izatea.
e) Ageriko arriskua dakarten edo galtzada kaltetzen duten ibilgailuaren gabezia teknikoak.
f) Baimendutako altuera edo zabalera mugak gainditzea, edo bidaiari kopurua ibilgailuaren toki baimenduak baino %50 handiagoa izatea.
g) Kate edo pneumatiko berezirik gabe ibiltzea, derrigorrezkoa denean.
h) Nahitaezko erantzukizun zibileko asegurua ez izatea.
i) Babes kaskoa edo haurrei eusteko derrigorrezko sistemak ez erabiltzea. Kaskorik ez eramateagatiko ibilgetzea ez zaie aplikatuko bizikleta eta zikloei.
j) Baimendutako zarata, ke edo gas mugak gainditzea.
k) Arau hausleak ez badu egiaztatzen legezko bizilekua Espainiako lurraldean duela eta ez badu behin-behinean ezarritako isunaren zenbatekoa gordailutzen edo bermatzen, goi ordaintzeagatiko murrizketa aintzat hartuta.
Ibilgetze gastuak ibilgailuaren titularraren kargura izanen dira, eta ibilgetzea ez da deseginen gabeziak zuzendu arte edo dagokion tasa ordaindu arte.
47. artikulua. Ibilgailuak erretiratu eta gordailutzeko kasuak.
Udaltzaingoak ibilgailu bat bide publikotik kendu eta udal gordailura eramanen du, horretarako betebeharra duen pertsonak berehala egiten ez badu, kasu hauetan:
a) Arriskutsua bada, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioa eragozten badu edo zerbitzu publiko baten funtzionamendua oztopatzen badu.
b) Zirkulatzen jarraitzea galarazten duen istripu kasuan edo gabezia teknikoak direla-eta ibilgailua ibilgetu behar denean, baldin eta bide publikoan ibilgetzeko toki egokirik ez badago trafikoa oztopatu gabe.
c) Arau hausleak legezko bizilekua Espainian duela egiaztatzen ez duenean eta isunaren ordainketa bermatzen ez duenean.
d) Ibilgailua zirkulatzeko edo erabiltzaile jakinen zerbitzurako (autobus erreia, taxi geltokiak, bizikleta bideak) erreserbatuta dauden errei edo eremuetan aparkatuta dagoenean.
e) Zabor edukiontzi publikoak husteko lanak zuzenki oztopatzen dituenean.
f) Ibilgailua abandonatuta dagoelako arrazoizko seinaleak daudenean, ordenantza honen V. tituluaren arabera.
48. artikulua. Arriskua edo eragozpen larria adieraztea.
Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, udal garabia guztiz justifikatutzat joko da ibilgailua honako toki hauetan aparkatuta dagoenean:
a) Gelditzea berariaz debekatuta dagoen lekua.
b) Bigarren ilaran, gidaririk gabe.
c) Alaka edo izkina bat, baldin eta beste gidari batzuk maniobra arriskutsuak egitera behartzen baditu.
d) Oinezkoen pasabidea, espaloia, nasa, aterpea, irlatxoa edo desgaitasuna duten pertsonentzako arrapala.
e) Ibi seinaleztatu bat, erreserbatutako ordutegiaren barruan.
f) Zamalanetarako gune bat, erabilera ordutegian, zeregin horiek egin gabe.
g) Garraio publikoko geltokia, taxi geltokia edo larrialdi eta segurtasun zerbitzuetarako erreserbatutako plazak.
h) Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plaza bat.
i) Trafiko seinaleak ikustea edo beste ibilgailu batzuk segurtasunez sartzea eragozten duen leku bat.
j) Bizitegi eremu bat seinaleztatutako lekuetatik kanpo, lorategiak edo sarrera debekatuko zelaiak.
Behar bezala salatutako ibilgailuaren lapurreta kasuan izan ezik, titularrak ordaindu beharko ditu ibilgailua erretiratu eta gordailuan zaintzearen gastuak, eta ibilgailua itzultzeko aldez aurreko baldintza gisa ordaindu beharko ditu gastuok.
49. artikulua. Interes publikoko arrazoiengatik erretiratzea arau hausterik gabe.
Ibilgailuak bide publikotik erretiratzen ahalko dira ere, inolako arau hausterik egin gabe, ekitaldi publiko baimenduetarako, manifestaldietarako, kirol ekitaldietarako, garbiketa lanetarako, konponketetarako edo hiri larrialdietarako okupatu behar diren tokietan aparkatuta badaude. Inguruabar horiek 24 orduko gutxieneko aurrerapenarekin seinaleztatu eta jakinaraziko dira. Ibilgailuak gune baimendu hurbilenera eramanen dira, edo, halakorik ez balego, udal gordailura. Arau hausterik ez dagoenez, lekualdaketa horiek ez dute inolako tasa edo kosturik izanen herritarrentzat.
50. artikulua. Erretiratzea bertan behera uztea.
Udal garabiak ibilgailua kakotzeko lanak hasi ondoren gidaria agertuko balitz, erretiratzea bertan behera utziko da, baldin eta gidariak ibilgailua berehala eramaten badu eta dagokion ordenantza fiskalean ezarritako garabia eteteko tasa ordaintzen badu.
II. KAPITULUA.–ARAU HAUSTEEN SAILKAPENA ETA ZEHAPENAK
51. artikulua. Zehapen araubidea.
1. Ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea dakarten arau hausteak arin, astun edo oso astun gisa sailkatuko dira, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoaren arabera.
2. Zehapen ekonomikoen zenbatekoak modu finkoan aplikatuko dira, Estatuko legeriaren zehapen koadroaren eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) zehapen kodifikatuen arabera:
–Arau hauste arinak: 100 eurora arteko isunarekin zehatuko dira mugikortasun aktiboko arau hausteak, hala nola txirrin edo argi falta, eta 100 eurorekin MPI berean pertsona batek baino gehiagok zirkulatzen badute edo MPIa erregistro orokorrean inskribatu ez bada.
–Arau hauste astunak: 200 euroko isunarekin zehatuko dira (horren barne direla, berariaz, 25. artikuluan nahitaezkotzat jotzen den kaskoa ez erabiltzea bizikletetan eta MPIetan, espaloietatik zirkulatzea, entzungailuak edo telefono mugikorrak erabiltzea, edo semaforoak eta bidegurutzeak ez errespetatzea).
–Arau hauste oso astunak: 500 euroko isuna izanen dute.
3. Mailaketa: tarteak dituzten edo balorazioa behar duten zehapenak mailakatzeko, organo instruktoreak proportzionaltasun printzipioari jarraituko dio, horretarako aintzat hartuta oinezkoentzat sortutako benetako arriskua, intentzionalitatea, urtebeteko epean berrerortzea eta jokabidea oinezkoen eremuetan edo zaurgarritasun bereziko eremuetan egitea.
4. Prozedura laburtua: arau hausleak 20 egun naturaleko epea izanen du, salaketa jakinarazten denetik hasita, isuna %50eko murrizketarekin ordaintzeko. Kasu horretan, administrazio prozedura burutuko da eta uko eginen zaio administrazio bidetik alegazioak edo errekurtsoak aurkezteari.
III. KAPITULUA.–ORDEZKO PRESTAZIOA
52. artikulua. Trafikoaren arloko zehapen prozeduran ordezko prestazioaren araubidea baliatzea.
Ordenantza honetan ezarritako arauren bat hausteagatik espedientea ireki zaion pertsona adingabea bada arau haustearen momentuan, zehapenaren ordezko prestazioaren araubidea baliatzen ahalko du, jokabide zibikoak sustatzeko eta Uharteko espazio publikoak babesteko ordenantzaren V. tituluan araututako moduan.
Ordezko zehapena eskatzeak eta/edo egiteak ez du eraginik izanen gidabaimeneko puntuak kentzeko orduan, baldin eta kasuko arau hausteak halakorik eragin badu.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten dira trafikoaren udal ordenantza honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko Udalaren xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) osorik argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean, Udaleko osoko bilkurak behin betiko onespena eman ondorengo legezko epea igaro ondoren.
Iragarkiaren kodea: L2613254
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
