1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
277E/2026 EBAZPENA, urriaren 14koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Deskarbonizatu zure ikastetxea" deritzon lehiaketa, 2026-2027 ikasturtekoa.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren amaierako kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.
Gaitasuna ematen duten palanketako bat du "Komunikazioa eta partaidetza publikoa. Prestakuntza eta sentsibilizazioa". Haren helburuetako bat da herritarrekiko komunikazio ona eta haien parte-hartzea ahalbidetzea eta bermatzea eta, horrez gain, 2030 NEP planaren emaitzak kontrastatzea gizarte erakundeekin eta intereseko taldeekin, eta intereseko talde horietako bat da, hain zuzen ere, eskola adinean dauden pertsonak.
"Deskarbonizatu zure ikastetxea" lehiaketaren xedea da intereseko talde horrentzat baliogarria izatea, lehen hartu-emana izan dezan trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketarekin lotutako gako kontzeptu zenbaitekin, eta orobat, horien inguruko sentsibilizazioa lantzea ere. Lehiaketa zabalkunde-jardunaldi batekin amaituko da, eta bertan finalistak aurkeztuko dira eta saria emanen da.
Helburu horien ildotik, zuzendaritza nagusi honek 2026-2027 ikasturtean Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko (5. eta 6. mailak) ikasleei zuzendutako "Deskarbonizatu zure ikastetxea" lehiaketa egiteko oinarriak onetsi ditu.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. "Deskarbonizatu zure ikastetxea" lehiaketaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko urriaren 14an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du ikastetxeentzako lehiaketa hau, ikasleak eraikinen deskarbonizazioaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta eguneroko bizitzan kontsumo arduratsua sustatzeko.
Lehiaketan aurkeztu beharreko lana bideo bat da, non garatu edo azaldu behar den jardunbide erakusgarri bat, deskarbonizazioarekin lotua, eta mezu bat zabalduko duena energia garbietarantz hurbiltzeko trantsizioaren inguruan, energia aurrezpenaren inguruan eta, azken buruan, gure aztarna ekologikoa murrizteko moduaren inguruan, energiaren erabilera efizientearen bidez.
Proposamenak ikastetxeko deskarbonizazioarekin lotutako edozein jarduketari buruzkoak izan daitezke. Bereziki baloratuko da ikasleen gaitasuna ingurune hurbilenean hobetzeko aukerak identifikatzeko eta ikastetxea deskarbonizatzen lagunduko duten ekintza erraz, errealista eta sortzaileak proposatzeko, eguneroko ohitura eta portaeretan aldaketa txikiek eraldaketa handiak eragin ditzaketela erakutsiz.
2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.
Lehiaketan Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko (5. eta 6. mailak) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute. Ikastalde bakoitzeko proiektu bana aurkeztuko da.
3. oinarria.–Proiektuaren ezaugarriak eta lanen formatua.
Aurkeztu beharreko proiektua gehienez 3 minutuko bideo bat izanen da, non ikasleek azalduko duten ikastetxearen deskarbonizazioarekin lotutako praktika erakusgarri bat, jada gauzatu dutena edo abian dena. Beraz, izaten ahal da gai hauekin lotutako praktika bat, esaterako: energia edo ura aurreztea, karbono aztarna txikiagoa duten materialen erabilera, kontsumo arduratsua eta berrerabilpenari eta birziklatzeari lotutako gaiak, joan-etorrietako mugikortasun jasangarria, ikastetxeko ingurumen ingurunearen hobekuntzak edo ingurumen hezkuntzako jarduerak.
Bideoa horizontalean grabatuko da eta mp4 formatuan aurkeztuko da. Gainera, beste alderdi hauek ere jasoko ditu, gutxienez:
–Praktikaren helburua eta azalpena.
–Praktikaren aplikagarritasuna ikastetxearen eta/edo ikasleen eguneroko bizitzan.
–Nafarroako eskola jasangarrien sarearen aipamena.
4. oinarria.–Aurkezteko epea eta tokia.
4.1. Lehiaketan parte hartzeko eskaera.
1. Lehiaketan izena emateko epea hasiko da lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta amaituko da 2026ko abenduaren 2an.
2. Parte hartzeko eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/concurso-descarboniza-tu-centro-escolar (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Parte hartzeko eskaeran honako hauek zehaztuko dira:
–Proiektua aurkezten duen pertsonaren izena eta bi abizen, eta zer lotura duen ordezkatzen duen ikastetxearekin.
–Parte hartzen duen taldearen edo ikastaldearen izena eta hura osatzen duten ikasleen kopurua.
–Ikastetxearen izena eta helbidea.
4.2. Lanak aurkezteko epea eta lekua.
Lanak aurkezteko epea eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunean hasiko da eta 2027ko martxoaren 18an bukatuko da.
Bideoa, mp4 formatuan, weTransfer plataformaren bidez aurkeztuko da, transicionenergetica@navarra.es helbidera bidalita.
Aldi berean, eskaera-orri bat aurkeztuko da telematika bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/concurso-descarboniza-tu-centro-escolar. Bertan, datu hauek adieraziko dira:
–Proiektua aurkezten duen pertsonaren izena eta bi abizen, eta zer lotura duen ordezkatzen duen ikastetxearekin.
–Parte hartzen duen taldearen edo ikastaldearen izena eta hura osatzen duten ikasleen kopurua.
–Ikastetxearen izena eta helbidea.
–Praktika-proiektuaren izena.
–Eskaera-orriarekin batera bideoan parte hartu duten ikasleen irudia erabiltzeko baimenak aurkeztuko dira (9. oinarria).
5. oinarria.–Lehiaketaren nondik norakoa.
5.1. Herri bozketa.
Aurkeztutako proiektu guztiak Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Atarian (https://https://trantsisio-energetikoa.nafarroa.eus/) eta egokitzat jotzen diren Nafarroako Gobernuaren gainerako hedabideetan argitaratuko dira.
Epaimahaiaren iritziz 3. oinarrian aipatutako ezaugarriekin zerikusirik ez duten proiektuak berehala baztertuko dira eta ez dira argitaratuko.
Argitaratutako lanak 15 egun naturaleko epean bozketagai egonen dira, eta bozka gehien jasotako lau bideoak finalerako sailkatuko dira.
5.2. Azken jardunaldia.
Lau proiektu finalistek, maiatzean gutxi gorabehera, oraindik zehazteko dagoen leku batean, eginen den jardunaldi batean azaldu beharko dituzte beren proiektuak.
Finalistek txandaka eginen dituzte azalpenak, txanda horiek ausaz erabakita. Talde bakoitzak gehienez 5 minutu izanen ditu bere proiektua azaltzeko eta beren eguneroko bizitzan duen aplikazioa azaltzeko. Halaber, bideoak ikusgai jarriko dira. Praktika erreplikatzeko materiala erabiltzen ahalko da, edo azalpenei laguntzeko material grafikoa.
Bideoak erakutsi ondoren, azken jardunaldian, lehiaketaren irabazlea jakinaraziko da, epaimahaiak aldez aurretik zehaztu ondoren.
5.3. Epaimahaia.
Epaimahai batek eginen du finalerako sailkatutako lau proiektuen ebaluazioa, azken jardunaldiaren aurretik. Pertsona hauek izanen dira epaimahaikideak:
–Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko zuzendaria edo hura ordezkatzen duen Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko pertsona.
–Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko profil teknikoko pertsona bat.
–NASUVINSAko profil teknikoko bi pertsona.
–Ingurumen Heziketako Bulegoko burua, Nafarroako eskola jasangarrien sarearen ordezkari gisa, edo hura ordezkatzen duen sareko pertsona.
5.4. Balorazio-irizpideak.
Ebaluazioari begira, epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat:
–Aurkeztu den proiektuaren sormena eta orijinaltasuna: 25 puntu.
–Deskarbonizazioari buruzko ezagutza zabaltzeko eta haren garrantziaz sentsibilizatzeko proiektuak duen gaitasuna: 25 puntu.
–Komunikatzeko gaitasuna eta argitasuna, proiektua bideoan azaltzeko orduan: 25 puntu.
–Proiektuak eguneroko bizitzan duen aplikazioa: 25 puntu.
5.5. Lehiaketaren ebazpena.
Epaimahaiaren erabakia eta proiektu irabazlea azken jardunaldian iragarriko dira, eta Nafarroako Gobernuaren sare sozialetan eta bidezkotzat jotzen diren hedabideetan argitaratuko dira, zein ikastetxetakoa den adieraziz.
6. oinarria.–Saria.
Lehiaketaren saria bi eguneko irteera bat izanen da, proiektu irabazlearen sorkuntzan parte hartu duten ikasleen ikastalde bereko ikasle guztientzat, Nafarroan kokatutako abentura parke batera. Sariak barne hartuko ditu: garraioa ikastetxetik (autobusez), gaua igarotzeko lekua, mantenua eta abentura parkeko jarduerak.
7. oinarria.–Administrazio dei-egilearen eskubideak.
Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak beretzat gordetzen du oinarri hauetan xedatutakoa betetzen ez duten ikastetxeak lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea.
Lehiaketan parte hartzeak esan nahi du aipatutako zuzendaritza nagusiaren esku uztea lan irabazlea, bai eta proiektu irabazlea jendaurrean komunikatzeko eskubideak ere, proiektua sustatzen duen ikastetxea aipatuta.
8. oinarria.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar lehiaketa honetan parte hartzen duten pertsonen datuak tratatzeko baimena ematea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren esparruan.
9. oinarria.–Irudia erabiltzeko baimena.
Lehiaketa honetan parte hartzeko, beharrezkoa da ikastalde bakoitzeko erreferente den pertsonak jasotzea parte hartzen duten ikasle guztien datu pertsonalak, eta aurkeztutako bideoan haien irudia erabiltzeko gurasoen/legezko tutoreen baimena ere bai. Bete beharreko baimena oinarri hauen II. eranskinean dago, eta proiektua aurkeztean aurkezten den eskaera-orriari erantsi beharko zaio.
10. oinarria.–Parte-hartzearekin batera hartutako konpromisoa.
Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea, baita epaimahaiak edo Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak hartzen ahal dituen erabakiei men egitea ere.
Oinarri hauek ez betetzeak lehiaketan parte hartzeko ezintasuna ekarriko du, epaimahaiaren eta zuzendaritza nagusiaren irizpideari jarraikiz. Era berean, zuzendaritza nagusiak oinarri hauetan aurreikusi gabeko edozein kontingentzia konpontzeko eta horiek interpretatzeko ahalmena izanen du.
II. ERANSKINA. –LEHIAKETAN PARTE HARTUKO DUTEN ADINGABEEN IRUDIAK ERABILTZEKO BAIMENA
Dokumentazio eredua tramiteen katalogoko fitxan aurkitzen ahalko da:
https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/concurso-descarboniza-tu-centro-escolar
Iragarkiaren kodea: F2613615