221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

4. araua, Udalaren haur-eskolan jantoki zerbitzua emateari buruzkoa. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2026ko abuztuaren 12an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 4. araua, Udalaren haur-eskolan jantoki zerbitzua emateari buruzkoa (2026ko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 28an).

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Burlatan, 2026ko urriaren 13an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

ARAUA, PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA UDALAREN HAUR-ESKOLAN JANTOKI ZERBITZUA EMATEKO

4. ARAUA

328084Y espedientea.

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeari, zehazki, lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari, eta baliatuz haren 28. artikuluko baimena.

Zerga-egitatea eta subjektu pasiboa

2. artikulua. Udalaren haur-eskolako jantoki zerbitzua erabiltzen duten ikasleen guraso-erantzukizuna, tutoretza edo zaintza beren gain dutenak daude behartuta zerbitzu horri dagokion prezio publikoa ordaintzera.

Aldia eta sortzapena

3. artikulua. Prezio publikoa ordainduko da aurreratutako hileko kuota osoetan, ikasturteak irauten duen bitartean. Ordaintzeko betebeharra sortzen da hilabete bakoitzaren 1ean.

Tarifen kalkulua

4. artikulua. Hileko 95 euroko gehieneko tarifa aplikatuko da edo, bestela, Nafarroako Gobernuak bere titulartasuneko haur-eskoletarako urte eta ikasturte bakoitzean onesten dituen tarifak.

5. artikulua. Familiei aplikatu beharreko tarifak zehaztuko dira familia-unitatearen per capita errentaren arabera.

Aplikatu beharreko tarifa zehazteko, urteko per capita errenta izanen da honako eragiketa hau egitearen ondoriozko kopurua: familia-unitatearen errenta –hau da, PFEZaren aitorpena (550 laukia) egin behar duten familia-unitateko kide konputagarri guztien likidazio-oinarrien batura– edo familiaren diru-sarrera justifikatuak zati ikasturtearen hasieran familia-unitatean dauden kideen guztizko kopurua. Hori guztia, eranskinean jasotako taulan xedatutakoaren arabera.

PFEZaren azken aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen diru-sarrerak. Pertsona bat ez badago behartuta aipatu zergaren aitorpena egitera, hori frogatzen duen dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko du, eta/edo bestelako errentak edo diru-sarrerak jasotzen dituela frogatzen duena, edo, azken buruan, horien zinpeko aitorpena eta/edo ikastetxearen titularra den toki-erakundeak familia-unitatearen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

Familia-unitatearen kontzeptua izanen da ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan araututakoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Per capita errenta eta, ondorioz, aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, familia-unitateko kidetzat hartuko dira, halaber, honako bitarte honetan jaiotako haurrak: eskolaldiaren urtarrilaren 1etik hasita, matrikula egin den Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean eskolaldia hasten den egunera arte.

Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko paragrafoetan xedatu dena.

Inguruabar guztiak behar bezala justifikatu beharko dira erakunde ofizialek emandako indarreko agirien bidez.

Interesdunek berek aurkezten ahalko dituzte agiriak.

PFEZaren azken aitorpena ezarritako epearen barruan aurkezten ez dutenei edo familiaren diru-sarrerak frogatzen ez dituztenei, semea edo alaba zer eskolalditarako matrikulaturik dagoen, harexeri dagokion hileko gehieneko tarifa aplikatuko zaie ikasturte osoan.

Matrikula egin bada, ez da aldaketarik onartuko. Salbuespena izanen da, alabaina, guraso bakarreko familia dela frogatzea matrikula egin ondotik eta matrikula egin den Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean ikasturtea hasi bitartean; baina inguruabar berri hori behar bezala justifikatu beharko da.

Era berean, familia-unitatearen diru-sarrerak nabarmen jaitsi badira kasuan kasuko urtean eta ikasturtea hasi bitartean, errentak jasotzen zituen familia-unitateko kideren bat hil delako, inguruabar hori jasota uzten ahalko da, horren frogagiriak erantsirik.

Haur bati baja eman ondoan berriro matrikulatzen bada ikasturte berean, familia-unitateko kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean aurkeztu zena.

Salbuespenak

6. artikulua. Kuota ordaintzetik salbuestea baloratuko da haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen mende dagoenean eta garapenean atzerapena duenean, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Nolanahi ere, salbuespen hori onartzeko, Udalaren gizarte zerbitzuetako taldearen aldeko txostena beharko da, eta, orobat, Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuarena edo Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko (NHEBZ) Arreta Goiztiarreko Taldearena.

Kuota ordaintzetik salbuesteko eskaera kasuan kasuko udalaren gizarte zerbitzuek edo Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatu eta Hezkuntza Departamentuari igorriko diote, eta hark txosten bat eginen du, udal horrek onartu edo ukatu dezan eskaera, aurkeztutako txostenen arabera. Bidezkotzat joz gero, justifikazio zehatzagoa eskatzen ahalko du igorritako proposamenari buruz.

Fidantzak

7. artikulua. Ikasturte bakoitzerako nahitaezko hasierako kuota bat ezartzen da fidantza gisa. Fidantza hori matrikulazioan ordaindu beharko da, eta irailean itzuliko da. Kontzeptu horretarako ezarritako zenbatekoa 100 eurokoa izanen da familiaren lehen seme edo alabarentzat, 50 eurokoa bigarrenarentzat eta 25 eurokoa familia-unitateko gainerako seme-alabentzat, baldin eta haur-eskolan badaude.

Arau honetan ezarritako betebeharren ez-betetze guztiei erantzuteko izanen da fidantza hori, eta osorik edo zati batean baliatzen ahalko da.

Tarifak murriztea eta doitzea

8. artikulua. Jantoki zerbitzua erabiltzen duten ikasle guztiek kuota osoa ordaindu beharko dute ikasturte osoan, zerbitzua erabiltzen ez badute ere, honako kasu hauetan izan ezik:

–Matrikula ikasturtea hasita dagoenean egiten bada:

Hileko kuota ordainduko da matrikula formalizatzen den hilabetetik aurrera. Hala ere, matrikula egiten bada hilaren 15etik aurrera (egun hori barne), lehen hileko ordainketa izanen da hileko tarifaren %50.

–Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak.

–Harrera-aldian egotea.

–Absentzia justifikatuak, betiere ikastetxeko zuzendariari haien berri eman bazaio menuaren hornidura eteteko behar adinako denborarekin.

Haur bat ez bada eskolara joaten justifikatutako arrazoi batengatik (gaixotasuna) eta familiak 24 ordu lehenago jakinarazten badio eskolari, cateringean baja ematen ahalko zaio absentzia-aldian, eta alta ematen ahalko zaio berriz ere, baldin eta familiak eskolako zuzendariari 24 ordu lehenago jakinarazten badio eskolara itzuliko dela. Absentzia arrazoitua eta justifikatua izanen da, eta gutxienez 5 eskola-egunekoa.

Absentzia justifikatuen kasuan, menuaren kostua baino ez da deskontatuko, eta jantokiko laguntzaileei dagokiena baino ez da ordainduko; hau da, jantokiko hileko tarifari menuaren kostua deskontatzeak ematen duen zenbatekoa, betiere familia bakoitzak ordaintzen duen tarifaren proportzioan kalkulatuta.

Erakunde titularrak eskumena izanen du familiak alegatutako arrazoia justifikatutzat jotzeko edo ez.

Erakunde titularrak zehaztuko ditu jantokiko kuota aldatzeko epeak eta baldintzak, halako kasuetan.

Jantoki zerbitzua behin ikasturtea hasita erabiltzen hasten bada, jarraitzeko konpromisoarekin, arrazoi justifikatuengatik eta Udalak oniritzia emanik, araudiaren arabera dagokion tarifa aplikatuko da.

Jantoki zerbitzua egun zehatzetan erabiltzeagatiko tarifa: 5 euro eguneko, gehieneko tarifaren (95 euro) eta hileko zerbitzu-egunen (19 egun) arabera kalkulatua.

Familiek ekartzen duten esnea besterik hartzen ez duten ikasleek ez dute jantokiko kuota ordainduko aldi horretan.

Kasuan kasuko doikuntzak ikasturtearen azken ordainagirian erregularizatuko dira.

9. artikulua. Ikasturtea hasi aurreko baja-eskaera eskabide orokorraren bidez aurkeztuko da, Udalaren erregistroan, egoitza elektronikoan edo Burlatako Larrañetako plazan (z.g.) dagoen bulegoan, edo administrazio-araudian ezarritako beste edozein tokitan.

Ikasturtea hasi ondoren, haur-eskolan baja emateko eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira inprimaki batean, zeina eskolako zuzendariak emanen baitu, edo erakunde titularrak zehazten duen pertsonak. Jantokiaren ordainagiria igor ez dadin, bajaren eskaera hamabost egun natural lehenago aurkeztu beharko da beranduenez.

Ez ordaintzeak.

10. artikulua. Erakunde titularreko arduradunek bidezko lege-prozeduren bidez eskatuko dituzte familiek ordaindu gabe utzitako kuotak.

11. artikulua. Udalak beretzat gordetzen du antolaketako edo prozedura praktikoetako zenbait alderdi aldatzeko ahalmena.

ERANSKINA

1.–Familia arruntak.

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK

JANTOKIKO TARIFA

Zenbateko honetatik

Honetara

> 15000

95

12.400,01

15.000,00

95

10.700,01

12.400,00

95

9.300,01

10.700,00

95

7.980,01

9.300,00

84

6.650,01

7.980,00

84

5.500,01

6.650,00

66

4.500,01

5.500,00

58

3.350,01

4.500,00

56

< 3.350,01

52

2.–Guraso bakarreko familiak.

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK

JANTOKIKO TARIFA

Zenbateko honetatik

Honetara

> 15000

84

12.400,01

15.000,00

84

10.700,01

12.400,00

84

9.300,01

10.700,00

84

7.980,01

9.300,00

66

6.650,01

7.980,00

66

5.500,01

6.650,00

52

4.500,01

5.500,00

42

3.350,01

4.500,00

32

< 3.350,01

25

Iragarkiaren kodea: L2613358