2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
UHARTE
Lekualdatze-lehiaketa, etxezainen bi plaza betetzeko
Alkatearen 2026ko urriaren 5eko 2026-1279 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, etxezainen bi plaza betetzeko lekualdatze-lehiaketaren bidez.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Uharten, 2026ko urriaren 14an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.
Deialdia eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudiari eta oinarri hauetan ezarritakoari.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea etxezainen bi plaza huts, Uharteko Udalaren plantilla organikoan 40.16 eta 90.03 kodeekin identifikatuta daudenak.
Oinarri harturik azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua), lekualdatze-lehiaketetan eta kategoriaz igotzeko lehiaketetan, deialdiaren xede diren plazak gero osatzen ahalko dira beste plaza huts batzuekin, hots, honako hauekin: kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari igortzen dionean aipatutako araudiaren 40. artikuluaren a) eta c) letretako lehen paragrafoko zerrenda, egun horretan hutsik dauden plazekin.
Era berean, lekualdatze-lehiaketetan, deialdiaren xede izanen dira, batetik, hasieran deialdian sartutako plazak eta, hala badagokio, aurreko apartatuan aipatzen denarekin bat gehitzen direnak, eta, bestetik, lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak.
Lekualdatze-lehiaketa gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 1/2025 Foru Lege Dekretua, 2025eko maiatzaren 7koa, onesten dituena Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.
1.1. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio-organo eskudunek.
1.2. Lanpostuak D mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
Lanpostua bi lan-txandatan beteko da. Txandek astebete iraunen dute:
–A txanda (Virgen Blanca ikastetxea): astelehenetik ostegunera, 8:20tik 12:30era eta 13:50etik 17:00etara; ostiraletan, 07:30etik 14:50era.
–B txanda (kultura-etxea): astelehenetik ostiralera, 13:40tik 21:00etara.
–Noizean behin, larunbat goizetan edo jaiegunetan lan eginen da, kasuan kasuko konpentsazioekin.
1.3. Honako hauek dira, besteak beste, hautatutako izangaiek bete beharreko eginkizun nagusiak:
–Ikastetxeko etxezaintza:
- Sarrera kontrolatzea eta arreta ematea: ikasleei, irakasleei eta erabiltzaileei arreta ematea, sarrerak kontrolatzea, instalazioak ireki eta ixtea, argiak, arreta telefonikoa.
- Mantentze-lanak eta zaintza: elektrizitate, iturgintza eta arotzeriako oinarrizko konponketak; landareak eta berdeguneak zaintzea; berokuntza eta etxeko ur beroa abian jartzea eta legionella kontrolatzea. Matxura handien berri ematea Udalari.
- Logistika eta zeregin osagarriak: patioa eta paperontziak egunero garbitzea, garbiketa-gorabeherak kudeatzea, materialak jasotzea/banatzea, fotokopiak, kanpoko kudeaketak eta laguntza puntuala beste udal-eraikin edo -zerbitzu batzuetan.
–Kulturako etxezaintza (kultura-etxea eta Plazaldea):
- Espazioak eta giltzak kudeatzea: gelen erabilera koordinatu eta kontrolatzea, irekiera/itxiera, klimatizazioa, biltegien urteko inbentarioa eta giltzen zaintza/erregistroa (eskuzkoak eta automatikoak).
- Mantentze-lanak eta muntaketak: aretoak, erakusketak eta ekipo teknikoak (ikus-entzunezkoak, proiekzioak) mantendu, prestatu eta muntatzeko oinarrizko lanak.
- Leihatila eta jendearentzako arreta: izen-emateak, sarreren salmenta (ticketing), asteko kutxako kontaketa eta sarrera, eta jendearentzako informazioa (aurrez aurre eta telefonoz).
- Jardueretan eta zabalkundean laguntzea: kartelak eta agendak banatzea; laguntza teknikoa eta logistikoa ematea artistei edo ekitaldien antolatzaileei (noizean behin jaietako edo lanetik kanpoko jardunaldiak barne); argazki-artxiboa eta oinarrizko administrazio-zereginetan laguntzea.
Kasuan kasuko lanpostu, titulazio eta mailarekin bat Uharteko Udalak agintzen dizkien gainerakoak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Uharteko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzian egotea.
b) D maila edo taldekoa izatea.
c) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz (erregistro hori arauturik dago abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez).
Plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.
3.–Eskabideak.
3.1. Uharteko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aurrez aurre edo elektronikoki, hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira 2. oinarriko baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak. Ez da beharrezkoa izanen agiriok aurkeztea baldin eta Udalak dagoeneko baditu, eta berariaz hala adierazten bada.
3.3. Agiri horiek modu telematikoan aurkeztuz gero, fitxategi guztiak bereiz aurkeztuko dira, eta jarri beharko zaie beren edukiarekin bat datorren izena.
3.4. Orobat, eskabideari ordainagiri bat erantsiko zaio, frogatzen duena espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 7,00 euro ordaindu izana (diru-sarrera egiteko kontua: ES59 3008 0087 74 1447560721). Ordainagirian "ETXEZAINEN LEKUALDATZEA" idatzi behar da. Tasa, ordaindu ondoren, ez da itzulgarria. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da. Salbuetsita egonen dira inskripzioa egiteko unean langabezian daudela frogatzen dutenak.
3.5. Desgaitasuna dutenek horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, etorkizunean eginen diren deiei begira.
3.6. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Udalaren web-orrian argitaratzeko.
4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin badute, haiek zuzendu.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onesteko.
4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Uharteko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.
5.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.
Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea, edo hark izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna, edo hark izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Juan Andrés Viedma Feligreras, Udaleko zerbitzu anitzetako administraria, edo hark izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Udaleko ordezkaritza sindikalak izendatzen duena, edo hark izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea, edo hark izendatzen duena.
Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da. Ordezkapenak, halakorik behar izatera, ekainaren 5eko 115/1985 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera eginen dira, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6.–Merezimendu lehiaketa nola eginen den.
Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:
–Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Uharteko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.
Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez.
Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, parte-hartzaileen puntuazioak argitaratuko dira, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena, eta agirien aurkezpena.
Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztiei behin betiko puntuazioak jakinaraziko dizkie, eta Uharteko Udaleko alkateari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.
Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, izenda daitezen deialdiko plaza kopuruan kabitzen diren lehiakideak, betiere gainditu badute eskatzen den gutxieneko puntuazioa, eta plaza kopuruan sartuko dira aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.
8.–Adjudikatzea eta plazaz jabetzea.
Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien plazak adjudikatuko dizkie lehiakideei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
Lehiakideek izendapen ebazpenean zehaztuko den egunean jabetu beharko dute adjudikatutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
9.–Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Uharteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Tratamenduaren xedea da deialdi hau kudeatzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua –2016/679 (EB) Erregelamendua–. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion legezko betebeharra den aldetik.
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua –2016/679 (EB) Erregelamendua–. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.
Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Datuak beste administrazio batzuekin partekatzen ahalko dira, lanari lotutako xedeetarako. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoa erabiliz.
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
I. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE-EREDUA
http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf
Iragarkiaren kodea: L2613448