Iragarkia
221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BURLATA
Lekualdatze-lehiaketa, zerbitzu anitzetako enplegatuen zenbait lanpostu (horietako batzuk makinistenak) betetzeko
Alkateak 2026ko irailaren 30ean emandako 1891. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuen zenbait plaza (horietako batzuk makinistenak), guztiak D mailakoak.
Burlatan, 2026ko urriaren 13an.–Alkatea, Berta Arizkun González.
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da III. eranskinean jasota dauden plaza hutsak betetzea, lekualdatze-lehiaketa bidez, Burlatako Udalaren zerbitzuan aritzeko.
III. eranskinean zehaztuta daude plaza kopurua, beharrezko titulazioa, kokapena, araubide juridikoa, hizkuntza-eskakizuna eta beste ezaugarri batzuk.
1.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua geroago osatzen ahalko da; izan ere, gehitzen ahalko dira beste plaza huts batzuk; hain zuzen ere, hauek: hutsik daudenak, kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda igortzen dion egunean (lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa izanen da zerrenda).
1.3. Halaber, aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzeagatik edo ordenamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.
1.4. Lekualdatze-lehiaketa honetan beste plaza bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako plazak ere bete beharko dira.
1.5. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze-lehiaketan plaza erdietsi eta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko, baldin eta horiek bete beharrik ez badago, "iraungitzekoak" direlako edo badirelako antolaketa arrazoiak.
1.6. Plaza hutsak hautatzeko epean (deialdiaren 7. oinarria), deialdian sartutako plazen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, hutsik gelditzen direnak organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz.
1.7. Lehiaketa honetan plaza bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko lanpostuaren izena ez badator bat deialdi honetako lanpostuarenarekin, plaza berriak deialdiko lanpostuaren izena izanen du lehiakideak plaza berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.
1.8. Lekualdatze-lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena –estatutu hori azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); hura aldatzen duten eta aplikatzekoak diren arauak, hala nola ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legea (onesten dituena Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak) eta azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretua (arautzen duena nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, bete beharko dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleituriko plazaz jabetzeko orduan:
a) Burlatako Udaleko langile finkoa izatea, administrazio-egoera edozein dela ere.
b) Burlatako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako lanpostu baterako izendatua izatea, D mailan.
c) Ziurtagiri bat, frogatzeko ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, edo gizakien salerosketa delituengatik; hori guztia betez ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan ezarritakoa (Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralerako Lege Organikoa).
d) Euskarako nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duen plaza bat lortu nahi bada (ikus III. eranskina), plaza horretarako eskatzen den jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatutako tituluen zerrenda (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
e) III. eranskineko zerrendan plaza bakoitzerako zehazten diren titulazioak izan beharko dituzte izangaiek.
2.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta plazaren jabetza hartu arte. Deialdian ezarritako baldintzak ez betetzeak berarekin dakar izangaia kanporatzea.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.
2.4. Hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako edozeinetan, euskaraz edo Europar Batasuneko hizkuntzaren jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, aurrerago, beren administrazio publikoan hutsik dauden eta hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak betetzeko deialdian baizik ez dute parte hartu ahal izanen.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
2.5. Burlatako Udaleko langileak, baldin plaza erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.
2.6. Jarduneko zerbitzura itzultzean plaza huts bati behin-behinean atxikita gelditu diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak 10 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Erregistro Telematikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://sedeelectronica.burlada.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=11080), NAN elektronikoaren edo CL@VE ziurtagiri digitalaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3. artikuluan xedatutakoaren arabera:
Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak (I. eranskina):
a) Plaza eskuratzeko baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak:
Izangaiek, baldintza zehatzak dituzten plazak eskuratu nahi badituzte, baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko agiriak baino ez dituzte aurkeztu beharko; alegia, titulazio espezifikoa, C motako gidabaimena edo euskarako titulua. Dena den, Burlatako Udalak dagoeneko agiri horiek baditu, nahikoa izanen da dagokion laukia markatzea eskabidean (I. eranskina).
Euskarako hizkuntza-eskakizuna duen plaza bat lortu nahi izanez gero, izangaiek aurkeztu beharko dute plaza huts horretarako ezarrita dagoen maila frogatzeko titulu edo ziurtagirietako bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek zehaztu dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa. Dena den, Burlatako Udalak dagoeneko titulu hori badu, nahikoa izanen da dagokion laukia markatzea eskabidean (I. eranskina).
b) Merezimenduak baloratzeko baremoa (II. eranskina):
Antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan:
–Eskabidea aurkezteko unean, Burlatako Udalean jardunean eta zerbitzuak ematen ari diren izangaiak:
Kasu horretan, izangaiak ez du agiririk aurkeztu beharko. Epaimahaiak lan egindako denbora baloratuko du, aintzat hartuta langilearen nominan agertzen den antzinatasun-data. Informazio hori zuzena ez bada, izangaiak lan egindako aldia frogatzeko agiriak eta lan-bizitza aurkeztu beharko ditu.
–Eskabideak aurkezteko unean, Burlatako Udalean jardunean ez dauden izangaiak:
Lekualdatze-lehiaketa honen bidez zerbitzu aktibora itzuli nahi duten izangaiek frogatu beharko dute zenbat denbora egin duten lan administrazio publikoetan. Horretarako, lan egindako aldia frogatzeko agiriak eta lan-bizitza aurkeztu beharko dituzte.
Euskara baloratzeko agiriak:
Euskara merezimendu gisa baloratzea nahi duten izangaiek, eta Burlatako Udalak dagoeneko horren titulua/frogagiria badu, nahikoa izanen da dagokion laukia markatzea eskabidean (I. eranskina). Hau da, ez da inolako agiririk aurkeztu behar. Burlatako Udalak ez badu titulazio/frogagiri hori, halaxe adierazi beharko da eskabidean, eta titulua aurkeztu.
3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko aginduko du (https://sedeelectronica.burlada.es).
4.2. Behin-behineko zerrenda egoitza elektronikoan (dagokion deialdian) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, ebazpen bat emanen da, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.
4.5. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Berta Arizkun, Burlatako Udaleko alkatea.
Ordezko epaimahaiburua: Jose María Noval, Burlatako Udaleko alkateordea.
Epaimahaikidea: Oier Aizkorbe, Burlatako Udaleko Obra eta Zerbitzuetako burua.
Ordezko epaimahaikidea: Fermín Tarragona, Burlatako Udaleko Obretako arduraduna.
Epaimahaikidea: Adriana Peru, Burlatako Udaleko Kirol Alorreko kudeatzailea.
Ordezko epaimahaikidea: María Eugenia Muguiro, Kirol Alorreko langileen eta instalazioen arduraduna.
Epaimahaikidea: Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Yolanda Álvarez, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Ordezko epaimahaikidea: hark eskuordetzen duena.
5.2. Epaimahaia eratzen ahalko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, baina horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak izangaiek alegatu eta justifikatutako merezimenduak.
6.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.3. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.
6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du parte-hartzaileek lortutako puntuazioa, Udalaren web-orrian, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten merezimenduen balorazioaren gainean.
6.5. Lehiakideek lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, joko da administrazio publikoen eta haien erakunde autonomoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez.
6.6. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta alkateari igorriko dizkio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, bai eta espediente osoa ere.
7.–Plaza hutsak aukeratzea.
7.1. Aurreko izapidea eginda, parte-hartzaileek aukeratu beharreko plazen zerrenda argitaratuko da egoitza elektronikoan, deialdiaren fitxan. Orobat, plaza hutsak aukeratzeko eguna eta ordua zehaztuko dira. Plaza hutsak puntuazio-ordenaren arabera aukeratuko dira. Jarduteko gaitasuna duten izangaiek aukera izanen dute ordezkari baten bitartez aritzeko –ulertzen baita jarduketa administratiboa dela hau–, betez Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legearen 5. artikuluan zehaztutakoa.
Hautaketaren emaitzari buruzko informazioa egoitza elektronikoan argitaratuko da. Plaza hutsak aukeratzeko ekitaldira agertzen ez diren izangaiek eskubidea galduko dute lehiaketa honetako plaza hutsak betetzeko.
Plaza hutsak hautatzeko ekitaldia bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin hautaturiko plazari.
8.–Adjudikazioa eta plazaz jabetzea.
8.1. Plaza hutsen adjudikazioa lehiaketan lortutako puntuazio-ordenaren eta interesdunen eskaeraren arabera eginen da. Jarduneko zerbitzuan lanean ari den izangai batek beste plaza huts bat aukeratzen badu, zerrendan hurrengoak diren izangaiek hutsik gelditzen den plaza hori aukeratu ahal izanen dute, salbu eta 1.5 oinarrian ezarritako egoera gertatzen bada, eta betiere aintzat hartuta plaza hutsen behin betiko zerrenda, zeina argitaratuko baita izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ostean.
Plaza hutsak hautatzeak berekin dakar lehiakideak berariaz onartzea eskabidean adierazi dituen plazen artean adjudikatzen zaiona, eta ezin izanen dio uko egin.
Adjudikazioa egin aurretik, egiaztatuko da lehiakideek betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintza guztiak. Burlatako Udalak eskura dituen datuen arabera, baldintzaren bat frogatzea falta bada, dagokion dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Izangaiak deialdia eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela frogatu beharko du, bestela, ezin izanen du adjudikatu zaion plazaz jabetu.
8.2. Alkateak ebazpen bidez adjudikatuko dizkie parte-hartzaileei egokitu zaizkien plazak, eta lanean hasteko eguna ezarriko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien edo deialdia bera aplikatzeko egintzen aurka, baldin egintza horiek ez badira kalifikazio-epaimahaiarenak, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren web-orrian argitaratuko dira, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Aurkeztu beharreko agiriaren eredua. Tramite honetan eskura daiteke:
https://sedeelectronica.burlada.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=11080
II. ERANSKINA.–BAREMOA
(Gehienez ere 42,76 puntu)
Lekualdatze-lehiaketa honetan, gehienez 42,76 puntuko balioa izanen duen eskala baten barnean, honako elementu hauek baloratuko dira, honela banaturik:
a) Antzinatasun aitortua Nafarroako administrazio publikoetan: 1 puntu urte bakoitzeko eta 40 puntu gehienez.
Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.
b) Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 2,76 puntu gehienez.
Gehienez, 2,76 puntu emanen zaio Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskarazko C1 mailaren pareko ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari.
Titulazio edo egiaztagiri hori izan ezean, baloratuko da A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulazioa edo ziurtagiria izatea, honela:
A1: 0,55 puntu / A2: 1,10 puntu / B1: 1,65 puntu / B2: 2,20 puntu / C1: 2,76 puntu.
III. ERANSKINA.–DEIALDIKO PLAZEN BEHIN-BEHINEKO ZERRENDA
ALORRA | PLAZA | LANPOSTUAREN IZENA | LANPOSTUAREN | ARAUBIDE JURIDIKOA |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.8 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA - MAKINISTA | C motako gidabaimena | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.14 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.15 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.16 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.17 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.18 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA - ELEKTRIZITATEA | Elektrizitateko titulazioa | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.44 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA - LORATEGIAK | Lorezaintzako titulazioa | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.60 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | B2 | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.26 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | B2 | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.43 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA - MAKINISTA | C motako gidabaimena | F |
OBRAK ETA ZERBITZUAK | 5.9 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA - MAKINISTA | C motako gidabaimena | F |
KULTURAREN ETA FESTEN ALORRA | 12.4. | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | B2 | F |
KIROL ALORRA | 13.12 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
KIROL ALORRA | 13.15 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
KIROL ALORRA | 13.16 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | B2 | F |
KIROL ALORRA | 13.17 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | B2 | F |
KIROL ALORRA | 13.25 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA (lanaldiaren %60) | B2 | LKF |
KIROL ALORRA | 13.26 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA (lanaldiaren %72) | - | LKF |
KIROL ALORRA | 13.28 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA (lanaldiaren %60) | - | LKF |
KIROL ALORRA | 13.35 | ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA | - | F |
Iragarkiaren kodea: L2613273
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
