221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Oposizio-lehiaketa, alde batetik, bete dadin haur-hezitzailearen plaza bat, eta, bestetik, era dadin izangaien zerrenda bat, izan daitezkeen ordezkapenetarako

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko urriaren 7an, erabaki zuen deialdi baten oinarriak onestea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko haur-hezitzailearen plaza bat, C mailakoa, eta nahitaezko euskara eskakizuna duena (C1). Era berean, ordezkapenetarako izangaien zerrenda bat eratuko da.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Altsasun, 2026ko urriaren 13an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

DEIALDIAREN OINARRIAK, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN HAUR-HEZITZAILEAREN PLAZA BAT

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea haur-hezitzailearen plaza bat (C maila), euskara-eskakizuna duena, lan-kontratu finkoarekin aritzeko Altsasuko Udalaren Txirinbulo udal haur-eskolan.

1.2. Plaza hutsak 9.5 zenbakia du Altsasuko Udaleko plantilla organikoan.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, deialdi honetako plaza betetzeko izendatzen den langilea C mailan edo taldean sartuko da, eta jasoko ditu uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta plantilla organikoan ezarritako lansariak.

1.4. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia, eta noiznahi aldatzen ahalko dute organo eskudunek, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Deialdiko plazarako nahitaezkoa da euskarazko C1 jakite-maila, hau da, euskararen C1 gaitasun mailaren ziurtagiria edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izan behar du, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.

1.6. Plaza lortzen duten izangaiak langile lan-kontratudun finko izendatuko dira, Altsasuko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.7. Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek eratu nahi dira, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin, jarraikiz 9. oinarriari, aldi baterako lan kontratuak egiteko:

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontratazioetarako sortzen den zerrendak ondoriorik gabe utziko ditu aurreko zerrendak.

1.8. Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondotik, Altsasuko Udalean sartuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko, eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesean.

1.9. Eginkizunak izanen dira lanpostuari dagozkionak; besteak beste, III. eranskinean aipatzen direnak.

2.–Baldintzak.

2.1. Izangaiek, deialdian onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek edo aipatutako nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urteak beteak izatea, eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Titulu hauetako bat edukitzea: Haur Hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen unibertsitateko gradua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren unibertsitateko titulua, Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariaren Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidea, edo eskabideak aurkezteko azken egunean hura erdiesteko maneran egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko, baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaiturik edo bazterturik dagozkion eginkizun publikoak betetzeko, ez eta administrazio publiko bateko zerbitzutik kendua ere.

f) Euskararen C1 maila frogatzea. Euskararen C1 gaitasun mailaren ziurtagiria eduki beharko da, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izan behar du, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.

g) Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute egokitu daitezela ariketak egiteko denborak eta moduak, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta beste orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

2.2. Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.3. Betebehar horiek deialdiaren 7.2 apartatuan ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu izendatua izateko proposatzen den izangaiak, salbu eta 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eskabidearekin batera egiaztatu behar direnak.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak Udalaren egoitza elektronikoko (https://sedeelectronica.alsasua.net) erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, dagokion tramitea erabilita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari, zehazki, 14. artikuluko 3. apartatuari (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea): "Administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, honako hau ematen da aditzera abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoek antolatutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak): "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".

3.2. Eskabideek izan behar dute deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako eredu normalizatuaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi behar dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Honako dokumentazio hau gehituko zaio behar bezala betetako eskabideari:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, ziurtagiri bat, frogatzen duena titulua eskuratzeko moduan dagoela eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik.

c) Ziurtagiriak, frogatzen dituztenak lehiaketaldian alegatutako merezimenduak, baloratu beharrekoak, 6. oinarrian ezarritakoaren arabera. Baldin dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideak aurkezteko ezarritako epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 10,20 euroko tasa ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES93 2100 3729 29 2200021680), izangaiaren izen-deiturak eta kontzeptua adierazita, hots, "haur-hezitzailea".

e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, ziurtatzen duena ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

f) Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute agiri bat, frogatzeko desgaitasuna dutela legeen arabera, organo eskudunak emana.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Altsasuko Udalaren web-orrian eta egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda Altsasuko Udalaren egoitza elektronikoan eta web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira beti.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Altsasuko Udaleko web-orrian eta egoitza elektronikoan argitara dadila. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski izanen izangaiei aitor dakien betetzen dituztela deialdiaren prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:

–1. Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez, Altsasuko alkatea.

Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Antolaketa eta Giza Baliabideen Batzordeko burua.

–2. Epaimahaikidea: Eider Garde Mazkiaran, Arbizuko Udaleko haur-eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–3. Epaimahaikidea: Jesús María Azcona Mendizabal, Lizarrako Plisti-Plasta haur-eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–4. Epaimahaikidea: Altsasuko Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–5. Epaimahaikide-idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: hark izendatzen duena.

Kalifikazio-epaimahaiak hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko du.

5.2. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organo horren eraketa baliozkoa izateko eta jarduketak egiteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea epaimahaiburua eta epaimahaikide-idazkaria, edo haien ordezkoak, eta mahaikideen erdiak gutxienez.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu. Hautapen-prozesua malgutze aldera, deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia. Oposizioaldiko ariketa gainditu duten izangaien merezimenduak baino ez dira baloratuko.

6.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldia 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Hautapen aldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost egun balioduneko epea emanen du, izangaiek alegazioak aurkezteko.

Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko. Bestalde, eta behar denean, adieraziko da proba nork gainditu duen eta nor baztertu den, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.

Hautapen-prozesua bi probaren bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztertzaileak izanen dira. Proba horien puntuazioa 70 puntukoa izanen da gehienez.

6.1.1. Lehen proba. Proba teorikoa izanen da, euskaraz, eta, gehienez ere, test motako 80 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean (1. zatia. Orokorra; eta 2. zatia. Berariazkoa) agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere proba hau egiteko.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.1.2. Bigarren proba. Teoriko-praktikoa izanen da, eta euskaraz eginen da. Epaimahaiak proposatutako kasu teoriko-praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatzi beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako 2. zatiko (berariazko gaiak) gaiei buruz eta lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzei buruz.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere proba hau egiteko.

Bigarren proba honetan gehienez 40 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan 20 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.

Bi probak, hala teorikoa nola teoriko-praktikoa, aldi berean eginen dira, egun berean, gutun-azal itxien sistemaren bidez. Lehenengo proba gainditu ezean, ez da bigarrena zuzenduko.

Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu behar dute. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez. Izangaiek alegatutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko dira, baremazio honen arabera:

a) Antzeko eginkizunetan emandako zerbitzuak (20 puntu gehienez):

1.–Titulartasun publikoko eta kudeaketa publikoko eskoletan emandako zerbitzuak: 1,5 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

2.–Kudeaketa pribatuko eskoletan, titulartasun publiko zein pribatukoetan, emandako zerbitzuak, baldin eta eskola horiek baimendu badituzte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak edo edozein autonomia-erkidegotako hezkuntzako kontseilaritzek edo departamentuek: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

Oharrak:

a) Urteen kopurua osoa ez bada, emanen zaio zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).

b) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

c) Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

d) 6.2. oinarriko 1. eta 2. apartatuetako puntuak batuta lortzen den puntuazioa, guztira, ez da izanen 20 puntutik gorakoa.

b) Lanpostuarekin lotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea (10 puntu gehienez):

1.–Haur Hezkuntzako diploma edo unibertsitateko gradua. 3 puntu titulu bakoitzeko, 3 puntu gehienez. Ez dira baloratuko deialdian izena emateko nahitaezkoak diren tituluak.

2.–Erakunde ofizialek antolatutako ikastaroetan parte hartzea, baldin eta lotura badute 0-3 urteko Haur Hezkuntzarekin, eta 10 ordukoak edo gehiagokoak badira: 0,50 puntu 10 prestakuntza-orduko (gehienez 10 puntu).

Oharrak:

a) Ordu kopururik adierazten ez bada, ikastaroa ez da aintzat hartuko, ez eta 10 ikastordu baino gutxiago dituztenak ere.

b) 6.2.b) oinarriko 1. eta 2. apartatuetako puntuak batuta lortzen den puntuazioa, guztira, ez da izanen 10 puntutik gorakoa.

Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, aurreko puntuan adierazitakoaren arabera. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.

Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

7.–Agiriak aurkeztea.

7.1. 10 egun balioduneko epea emanen da proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkez diezazkion Altsasuko Udalari, izendatu aurretik:

a) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik deialdiko lanpostuaren eginkizunetan aritzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko izangaia ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

d) Europar Batasunetik kanpoko herrialde batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

e) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Betekizun hori betetzen dela frogatu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez. Erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

7.2. Aipatutako epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta.

7.3. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Izendapena.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia izendatuko da.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8.3. Jabetza hartzea.

Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz izangaiak, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.

Ezarritako egunean plaza hartzen ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik– Altsasuko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 7.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den plazarako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta lan-kontratadun finko bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako bertze araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahalko du edo Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatzea.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehenbiziko ariketan gutxienez 15 puntu lortu dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta Altsasuko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du eta bertan onetsiko plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena, unean-unean indarrean dauden kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek Altsasuko Udalaren iragarki-taulan emanen dira argitara.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina plazarik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera (15 puntu gutxienez). Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez dakar berekin interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den gisan.

Hautagaiei deitzeko eta, hala badagokio, kontratatzeko izangaien zerrenda erabiltzeko, jarraituko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduari, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute titulazioaren frogagiria soilik, 2. oinarriko baldintza betetzen dutela frogatzekoa. Horretarako, kontratua formalizatzen denean, aurkeztu beharko dute jatorrizko agiria, edo behar bezala konpultsatutako kopiak.

Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte edo indarreko zerrenda agortzen den arte.

9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Udalaren web-orrian argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den guztia ere. Udalaren web-orrian (https://www.altsasu.net/eu/gaurkotasuna/lan-eskaintza-publikoa/) eta egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

11.–Datuen babesa.

Tratamenduaren arduraduna: Altsasuko Udala.

Datuak babesteko ordezkaria: dpd@altsasu.net.

Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko). 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta deialdian adierazi bezala emanen dira argitara.

Eskubideak: interesdunek beren eskubideak baliatzen ahal dituzte Udalaren egoitzan eta datuak babesteko ordezkariari idatziz (dpd@altsasu.net).

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Altsasuko Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori dena, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO HAUR-HEZITZAILEAREN PLAZA BAT, ALTSASUKO UDALAREN ZERBITZURA ARITZEKO

I.–HAUTAPEN-PROZESUA:

Deialdia egiten duen entitatea: Altsasuko Udala.

Lanpostuaren izena: haur-hezitzailea.

II.–DATU PERTSONALAK:

Deiturak eta izena: ............................................................................................................................

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua): ......................................................................................................

1. telefono zenbakia: ............................................. 2. telefono zenbakia: ...............................................

Helbide elektronikoa: .............................................................................................................................

–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa. BAI / EZ

–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea. BAI / EZ

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

III.–ADITZERA EMATEN DUT:

Eskabide honekin batera merezimenduak eta merezimenduen egiaztagirien kopiak aurkezten ditut, deialdiaren 3.3 oinarrian jasotzen den eran.

–Desgaitasun-baldintzak:

–Aitortua DUT / EZ DUT desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.

Horiek horrela, ADITZERA EMATEN DUT:

1. Betetzen ditudala hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.

2. Ez nagoela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

3. Ez dudala indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.

4. Errealitatearen isla zehatza direla alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.

Horregatik guztiagatik,

ESKATZEN DUT eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela.

Data eta sinadura

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. zatia.–Orokorra.

1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua, II. titulua, IV. titulua, V. titulua, IX. titulua.

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua eta I., II., III. eta IX. tituluak.

3. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak.

4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. I. kapitulua. Jarduteko printzipio orokorrak. III. titulua. I. kapitulua. Administrazio egintzen betekizunak. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. IV. titulua. II. kapitulua. Prozedurari hasiera ematea. III. kapitulua. Prozeduraren antolamendua. IV. kapitulua. Prozeduraren instrukzioa. V. kapitulua. Prozedura amaitzea. VII. kapitulua. Betearaztea. V. titulua. II. kapitulua. Administrazio errekurtsoak.

6. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

7. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.

2. zatia.–Berariazkoa.

1. gaia.–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa. Haur Hezkuntza: printzipio orokorrak. Helburuak. Antolamendua eta printzipio pedagogikoak. Haur Hezkuntzako irakasleak.

2. gaia.–28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena. 61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, ezartzen duena Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean.

3. gaia.–59/2023 Foru Agindua, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa.

4. gaia.–61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, ezartzen duena Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean.

5. gaia.–3/2019 Foru Dekretua, urtarrilaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitateko haur-eskoletan eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan neurriak ezartzen dituena elikadurako eta ariketa fisikoko ohitura osasungarriak sustatzeko.

6. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Haurren Babeserako Esparruko Prozedurarako II. Eskuliburua.

Haurrak babesteko egoeretan jarduteko gidaliburua, Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuentzat.

5. Prozesuak: detektatzea eta jakinaraztea.

6. Ikerketa eta ebaluazio prozesuak.

8. Eranskinak.

–Haurrekin hitz egiteko orientazio praktikoak.

–Haurren kontrako sexu-abusuen susmoa.

7. gaia.–Korronte pedagogiko eta psikologiko nagusien eragina Haur Hezkuntzan. Haurraren kontzeptua korronte horietan eta horrek hezkuntzan dituen ondorioak. Hezkuntza arloko planteamenduak: Rousseau, Pestalozzi, Froebel, Agazzi ahizpak, Montessori, Decroly, Freinet, Dewey, Freud, Erikson, Skinner, Piaget, Vigotsky, Bruner, Ausubel, Pikler eta Malaguzzi.

8. gaia.–Ikastetxeko hezkuntza-proiektua. Proposamen pedagogikoa. Gelako programazioa. Horren parte diren kontzeptua, eginkizunak, helburuak eta elementuak. Hezkuntza koherentzia.

9. gaia.–Hezkuntza arloko esku-hartzearen printzipio pedagogikoak. Gelan lan egiteko proposamen eta metodologia motak.

10. gaia.–Espazioa eta giroa antolatzea. Espazioak. Materialak antolatzea eta hautatzea. Hezkuntza balioa. Hezitzailearen zeregina eta jarrera: Reggio Emilia, Pikler Montessori.

11. gaia.–Denbora antolatzea. Denbora antolatzeko faktoreak eta irizpideak. Eguneroko jardunaren une garrantzitsuak. Hezkuntza arloan esku hartzeko ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

12. gaia.–Harrera aldia antolatzea. Hezkuntza arloan esku hartzeko ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

13. gaia.–Jarduera antolatzea. Hezkuntza-proposamen desberdinak. Errutinak eta jolasa. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

14. gaia.–Haur taldeak. Elkartzeko eta antolatzeko irizpideak hezkuntza-proposamen desberdinetan.

15. gaia.–Hezitzailearen lanbide profila eta eginkizunak. Hezkuntza bikotea. Hezkuntza taldea. Esku hartzeko printzipioak eta haurren hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten pertsona guztien arteko erlaziorako ildoak. Taldean lan egiteko estrategiak.

16. gaia.–Ebaluazioa. Ezaugarriak. Ebaluazio eremuak. Teknikak. Helburua. Ebaluazioa erregistratzeko eta komunikatzeko tresnak.

17. gaia.–Dokumentazioa haur-eskolan. Behaketa proiektuak. Behaketaren aplikazioa eta edukiak. Behaketa teknikak: Loris Malaguzzi.

18. gaia.–Haurraren garapen integrala. Haurraren garapenean parte hartzen duten faktore nagusiak. Esku hartzeko estrategiak. Ondorio praktikoak ikasgelan.

19. gaia.–Haurren garapen sentsoriala.

20. gaia.–Haurren garapen psikomotorra.

21. gaia.–Psikomotrizitatea hezkuntza estrategia gisa. Ekintza eta elkarrekintza hazkunderako sorburu gisa. Hezkuntza arloko esku-hartzea eta hezitzailearen zeregina: Aucouturier, Pikler, Piaget, Vigotski, Frobel.

22. gaia.–Haurren garapen kognitiboa. Garapen kognitiboari buruzko teorien oinarrizko kontzeptuak.

23. gaia.–Haurren garapen afektiboa. Esparru afektiboaren lotura gainontzeko prozesu eta garapenekin.

24. gaia.–Lotura afektiboa eta haren ondorioak. Kontzeptua, eratzea, motak eta atxikimendu segurua ahalbidetzen duten faktoreak. Trantsizio-objektuaren garrantzia eta esanahia. Hizketa bidezko erlazioa hezitzailearen eta haurren artean. Askatasuna eta mugak: Bowlby, Ainswort, Pikler...

25. gaia.–Garapen soziala. Hori azaltzen duten teoriak. Haurtzaroko soziabilitatearen bilakaera aztertzea. Pertsonak ezagutzea, helduekiko eta berdinekiko harremanaren bilakaera. Sozializazioa.

26. gaia.–Familia, sozializaziorako lehen eragile. Familiekiko harremanak, informaziorako, komunikaziorako eta parte-hartzerako bideak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

27. gaia.–Haurren garapen morala. Hori azaltzen duten teoriak. Balioetan oinarritutako hezkuntza. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

28. gaia.–Hizkuntzaren garapena eta eskuratzea. Eginkizunak, etapak eta faktoreak. Hizkuntzaren nahasmenduak. Ahozko ulermena eta adierazpena bultzatzen dituen hezkuntza lana.

29. gaia.–Komunikazioa haurrengan. Ezaugarriak eta elementuak. Helduen eta haurren arteko harreman komunikatiboa. Ahozkoaz bestelako komunikazioaren garrantzia. Hizkuntza egoeren dibertsitatearen analisia. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

30. gaia.–Haurtzaroko hizkuntza logiko-matematikoa. Gorputz-hizkuntza. Musika-hizkuntza. Ezaugarriak eta garapena. Horietako bakoitzerako laguntzen duten estrategia metodologikoak, baliabideak eta proposamenak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

31. gaia.–Hizkuntza plastikoa. Adierazpen plastikoaren ezaugarriak eta garapena haurtzaroan. Metodologia lagungarriak. Baliabideak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

32. gaia.–Haur literatura. Ipuinaren balioa hezkuntzan. Ipuin motak eta haien ezaugarriak. Estrategia metodologikoak eta jarduerak ipuinetik abiatuta. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

33. gaia.–Sexu heziketa Haur Hezkuntzan. Gizonezko eta emakumezkoen rolen eraikuntza. Haurren sexualitatea garapen integralaren baitan. Berdintasuna sustatzeko eta genero diskriminazioa prebenitzeko hezkuntza estrategiak eta esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

34. gaia.–Osasunerako hezkuntza. Osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuak. Haurren segurtasunaren inguruko arriskuei eta istripuei aurrea hartzea. Lehen sorospenak eta eritasunak. Haur-hezitzailea, osasun arloko eragile. Bizimodu osasungarriak eta ikuspegi ekosozialetik arduratsuak direnak.

35. gaia.–Haurren elikadura. Bilakaera. Zailtasunak eta nahasmenduak. Elikadura eta harremanak. Elikadura eta kultura. Hezkuntza asmoak. Antolaketa eta plangintza adin desberdinetan. Girotzea eta baliabideak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

36. gaia.–Norberaren garbiketa eta higienea. Higienea eta harremanak. Higienea eta kultura. Hezkuntza asmoak. Antolaketa eta plangintza adin desberdinetan. Girotzea eta baliabideak. Esfinterren kontrola. Hezkuntza balioa eta esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

37. gaia.–Atsedena haurtzaroan. Jardueraren eta atsedenaren arteko oreka. Haurren atsedenaren eta loaren beharrak eta erritmoak bereiztea. Hezkuntza balioa eta esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

38. gaia.–0-3 urtekoen haur-eskola inklusiboa eta konpentsatzailea. Berdintasunaren, inklusioaren eta bizikidetzaren balioak. Aniztasunari erantzutea. Hezkuntza elkarreraginaren balioa. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

III. ERANSKINA.–HAUR-HEZITZAILEAREN LANPOSTUAREN BEREZKO EGINKIZUNAK

a) Hezitzaileek parte hartzen dute proposamenak antolatzen, prestatzen eta hausnartzen, behaketa eta dokumentazio prozesuak garatzen, bai eta haur-eskolaren egunerokoa kudeatzen.

b) Hezitzaileek proiektuak egiten dituzte ikasgelako gainerako hezitzaileekin koordinatuta, bai eta eskolako gainerako langileekin ere.

c) Hezitzaileek haurren garapen integralaren prozesuko egoerei aurre egiten diete.

–Afektiboak eta harreman sozialekin eta ingurunearekin lotura dutenak.

–Higienearekin, elikadurarekin eta atsedenarekin lotura dutenak.

–Garapen kognitiboarekin, adierazpenarekin eta heldutasunarekin lotura dutenak.

d) Hezitzaileak familiekin biltzen dira, eta haien seme-alaben hezkuntza-prozesuari buruzko informazioa ematen diete, elkarrizketen bidez eta ohiko harreman formalen eta informalen bidez.

e) Honako hauek ere badira hezitzaileen eginkizunak:

–Haurrek ohiturak hartzeko prozesuak koordinatzea eta aurrera eramatea.

–Adierazpen-tailerrei lotutako proposamenak eta proiektuak koordinatzea eta egitea, eta horietan berrikuntzak egitea.

–Puntualak izatea.

–Ikasleren bat begiko ez izatea.

–Haurrei, hezkuntzaren ikuspegitik, prozesu berriak ikasten laguntzea.

–Hezkuntza-proiektua behar bezala betetzeko, prestakuntzetan, jaialdietan eta bestelako proposamen osagarrietan parte hartzea.

–Eskolaren kanpoko irudia ona izan dadin laguntzea.

–Koordinazio bileretan jarrera proaktiboa izatea.

–Berrikuntza pedagogikorako proposamenak egitea.

Iragarkiaren kodea: L2613266