1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2680/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduazio Ekitaldien Erregelamendua onesten baita.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz -Estatutuak 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren, eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an-, agindua ematen da Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 27an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduazio Ekitaldien Erregelamendua onetsi da.
"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUAZIO EKITALDIEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA
Nafarroako Unibertsitateko Publikoko Estatutuen 24.1 artikuluak -2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 154 zk., 2026ko abuztuaren 7koa)- Gobernu Kontseiluari esleitzen dio Unibertsitatearen erregelamenduak egiteko ahala, bai barne-antolamenduari eta -funtzionamenduari buruzko arauak onesteko, bai esleituak dituen helburuak betetzeko beharrezkoak diren gainerako arauak onesteko. Ahal horren garapenean, Estatutuetako 26.o) artikuluak edozein erregelamendu independente onesteko eskumena ematen dio.
Graduazio ekitaldia urtero egiten den zeremonia akademiko bat da, hotsandikoa eta oroitzapenezkoa, eta, haren bidez, Unibertsitateak jendaurreko aitorpena ematen die graduko eta unibertsitate masterreko ikasketak amaitu dituzten ikasleei. Ekitaldi horretan parte hartzeak ez du ondorio akademiko edo juridikorik, eta ez du esan nahi ikasketak gainditu direnik edo dagokion titulu ofiziala lortu denik. Hala ere, komenigarria da Unibertsitateari araudi komun bat ematea halako zeremoniak antolatu eta garatzeko, ikasleek parte hartzeko baldintzak eta prozedura arautzeko eta bertaratzen direnei aplikatu beharreko arauak ezartzeko. Hala, behar duten seriotasunarekin eta solemnitatearekin eginen dira, eta ikastegiak eta Protokolo Bulegoa behar den moduan koordinatuko dira, Estatutuen 34.4.e) artikuluak idazkari nagusiari Unibertsitatearen ekitaldi solemneak antolatzeari eta protokoloa betetzeari buruz esleitzen dizkion eginkizunen esparruan.
Proposamena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeari aurkeztu zitzaion 2026ko urriaren 23an egindako bilkuran.
Hori horrela, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, 2026ko urriaren 27an egindako bileran hartu duen,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduazio Ekitaldien Erregelamendua onestea. Erregelamendu horren testua erabaki honen eranskinean dago.
Bigarrena.–Erregelamenduak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2026-2027 ikasturtetik aurrera egiten diren graduazio ekitaldiei aplikatuko zaie.
Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko ohar taula elektroniko ofizialean argitara dadila agintzea.
Laugarrena.–Erabaki hau aditzera ematea errektoreari, errektoreordeei, idazkari nagusiari, kudeatzaileari, Ikasleen Kontseiluari, eskolei eta fakultateei, Protokolo Bulegoari eta Irakaskuntza Zerbitzuari, jakinaren gainean egon daitezen.
Erabaki honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz. Xedapen orokor bat denez, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin bat etorriz, haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita".
Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUAZIO EKITALDIEN ERREGELAMENDUA
ATARIKOA
Graduazio ekitaldia urtero egiten den zeremonia akademiko bat da, dagokion promozioak ikasketak bukatu dituela ospatzeko egiten dena. Graduazio ekitaldian parte hartzeak izaera akademikoa eta zeremoniala baizik ez du, eta ez du ondorio akademiko edo juridikorik. Erregelamendu honen helburua da zeremonia horren antolaketa eta funtzionamendua arautzea, bermatzeko eskatzen duen seriotasun eta solemnitate akademikoarekin eginen dela eta ikasleen senideen eta beste gonbidatu batzuen parte-hartzea ordenatua izanen dela.
Graduazio ekitaldian parte-hartzeak oroitzapenezko xedea du, eta, hortaz, ez du esan nahi ikasketak behin betiko gainditu direnik edo dagokion titulu ofiziala lortu denik, alderdi horiek aplikatzekoa den araudi akademikoaren arabera arautuko baitira.
Erregelamendu hau Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen graduko eta unibertsitate masterreko titulazio ofizialen graduazio ekitaldiei aplikatuko zaie.
1. artikulua. Graduazio ekitaldien antolaketa eta haiek egiteko datak.
Graduazio ekitaldia zeremonia akademiko solemne bat da, borondatez parte hartzekoa, Unibertsitateak bere ikastegien bidez (fakultateak eta eskolak) eta Protokolo Bulegoaren laguntzarekin eta koordinazioarekin antolatua. Ekitaldi horretan, graduko eta unibertsitate masterreko ikasketak bukatuko dituzten ikasleek aitorpen publikoa jasotzen dute.
Iruñean, ikastegi bakoitzak graduazio ekitaldi bakarra antolatuko du ikasturteko egoitza horretan ematen dituen graduko titulazio ofizial guztietarako. Gainera, baterako graduazio ekitaldi bakarra antolatuko da Iruñean ematen diren masterreko titulazio ofizial guztietarako.
Tuteran, ikastegi bakoitzak graduazio ekitaldi bakarra antolatuko du ikasturteko egoitza horretan ematen dituen graduko eta masterreko titulazio ofizial guztietarako.
Protokolo Bulegoak zehaztuko du ekitaldi bakoitzaren data, ikastegiekin koordinatuta, eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinaraziko dio Unibertsitateko komunitateari.
Aurrekoa gorabehera, ikastegiek beste ekitaldi osagarri batzuk antolatzen ahalko dituzte beren titulazioetakoren baten berariazko inguruabarrei erantzuteko, horretarako beren baliabideak erabilita.
Graduazio ekitaldiei buruzko informazioa NUPen webguneko berariazko atal batean argitaratuko da.
2. artikulua. Ikasleek parte hartzeko baldintzak.
2.1. Titulazioaren azken ikasmailako irakasgai bat gutxienez matrikulatu duten ikasleek izanen dute ekitaldian parte hartzeko eskubidea.
2.2. Graduko eta masterreko matrikula prozesua bukatu ondoren, Unibertsitateak ikasturtearen lehenbiziko seihilekoan argitaratuko du graduazio ekitaldietan parte hartzeko deialdia. Ikastegi bakoitzeko graduazioetan izena emateko prozesua sistema telematiko baten bidez eginen da. Deialdian ezarritako epearen barnean eman beharko da izena. Epe barnean izena eman ezean, ekitaldian parte hartzeko eskubidea galduko da, eta horrek ez du inolako eraginik izanen ikaslearen egoera akademikoan, ezta graduko edo masterreko titulua lortzeko aukeran ere.
NUPek webgunean argitaratuko du graduazio ekitaldian parte hartzeko izena eman duten graduko nahiz unibertsitateko masterreko ikasleen behin-behineko zerrenda, 2.1 apartatuan adierazitako baldintza akademikoak betetzen dituztenena nahiz baldintza horiek betetzen ez dituztenena.
2.3. Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, epe bat irekiko da, deialdian ezarria, akatsak zuzentzeko eta alegazioak egiteko.
2.4. Akatsak zuzentzeko eskaerak eta alegazioak ebatzi ondoren, graduazio ekitaldian parte hartzen ahalko duten ikasleen behin betiko zerrenda onetsiko du NUPek. Zerrenda hori oinarri moduan erabiliko da ekitaldia antolatzeko, gonbidapenak esleitzeko, deia egiteko ordena ezartzeko eta zeremonia behar bezala garatzeko beharrezkoak diren gainerako alderdietarako.
2.5. Graduazio ekitaldian izena emateak berekin dakar NUPi baimena ematea irudiak hartzeko eta zabaltzeko, datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera.
3. artikulua. Ekitaldira bertaratutako jendea.
3.1. Graduazio ekitaldia zeremonia akademiko publiko bat da, eta ikasleen senideak eta beste gonbidatu batzuk joaten ahal dira bertara. Zeremonia non eginen den, egoitza horren edukieraren arabera ezarriko da zenbat parte-hartzaile bertaratu daitezkeen ikasle bakoitzeko; kopuru hori aurretiaz jakinaraziko zaie ekitaldian onartutakoei.
3.2. Era berean, hala nahi duten irakasle eta ikertzaileak ere joaten ahalko dira ekitaldira, betiere aldez aurretik jakinarazi badute ikastegi bakoitzak horretarako ezartzen duen epean.
3.3. Ahal den neurrian, behar diren egokitzapenak eginen dira desgaitasuna duten edo berariazko laguntza-premiak dituzten pertsonek parte hartzeko eta bertaratzeko aukera izan dezaten. Premia horiek izena emateko prozesuan jakinarazi beharko dira, antolaketa-neurri egokiak aurreikusteko.
4. artikulua. Zeremoniaren prestaketa.
4.1. Ikastegi bakoitzeko zuzendaritza-taldeak ordezkari bat izendatuko du Protokolo Bulegoarekin solaskide gisa jarduteko, graduazio ekitaldia prestatzeko koordinazioa erraztearren. Era berean, ikastegi bakoitzeko ikasleek bi ordezkari aukeratu beharko dituzte, ahal dela beren delegatuen artetik, ekitaldia antolatzeko prozesuan solaskide aritzeko. Pertsona horiek guztiek Protokolo Bulegoarekin koordinatu beharko dute ekitaldia prestatzeari buruzko gai guztietan, hala eskatzen bazaie.
4.2. Ikastegiek aukeratuko dute graduazio bakoitzeko aitabitxia edo amabitxia, eta Protokolo Bulegoari gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko diote nor aukeratu duten. Masterren graduazioko aitabitxia edo amabitxia aukeratzea errektoreari dagokio.
4.3. Ikastegi bakoitzeko ikasleek ordezkari bat edo bi aukeratu beharko dituzte, zeremonian gehienez ere 10 minutuko hitzaldi labur bat eman dezaten promozio osoaren izenean. Gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko diote beren ikastegiari nor aukeratu duten.
Hitzaldietan, ikasleek ekitaldiaren izaera akademikoa eta instituzionala errespetatu beharko dute, esleitutako denborara egokitu beharko dira, eta saihestuko dute adierazpen iraingarriak, diskriminatzaileak edo unibertsitateko bizikidetzaren aurkakoak egitea. Protokolo Bulegoak zilegi izanen du aldez aurretik hitzaldiaren testua edo eskema eskatzea, antolaketari eta zeremoniaren formatura egokitzeari begira soilik.
4.4. Graduazio ekitaldian, ikasle bakoitzari banda bat jarriko zaio oroitzapenezko jantzi akademiko gisa. Unibertsitateak bere gain hartuko du banda horien kostu osoa, eta Protokolo Bulegoak ezarriko du haien diseinua.
5. artikulua. Zeremoniaren garapena.
5.1. NUPeko errektorea edo hark eskuordetutako errektoreordea izanen da graduazio ekitaldiko burua. Ikastegiko arduradunak eta aitabitxiak edo amabitxiak osatuko dute mahaia. Masterretako graduazio ekitaldiko mahaia modu berean arautuko da, eta ikastegiek txandakako ordezkaritza izanen dute.
5.2. Protokolo Bulegoari dagokio ikasleei baimena ematea zeremonietan bideoak edo ikus-entzunezko materiala proiektatzeko. Baimena emanez gero, ekitaldia egin baino 15 egun natural lehenago entregatu beharko zaio materiala Protokolo Bulegoari.
Ikasleek proposatutako bideoek eta ikus-entzunezko materialek jabetza intelektualaren eskubideak, datuen babesa eta unibertsitateko bizikidetzaren printzipioak errespetatu beharko dituzte. Protokolo Bulegoak zilegi izanen du proiekzioa ukatzea baldin eta edukia ez bada egokia ekitaldiaren izaera akademikorako, edo haren iraupenak zeremonia normaltasunez garatzea zailtzen badu, baldintza teknikoak betetzen ez baditu edo epean entregatu ez bada.
5.3. Erabat debekatuta egonen da graduazioa egiten den barrutian edari alkoholdunak sartzea, bai eta ekitaldi akademikoa behar bezala garatzea eragotz dezaketen, bertaratutakoen segurtasuna arriskuan jar dezaketen, ekitaldia ikustea edo entzutea zaildu dezaketen, espazioa zikindu dezaketen edo graduazioaren izaera akademikoaren eta instituzionalaren aurkakoak izan daitezkeen bestelako substantziak eta objektuak sartzea ere. Halaber, debekatuta egonen da animaliak sartzea (salbu eta gida-txakurrak), eta ezin izanen da erre edo bapeatzeko gailu elektronikorik erabili aplikatzekoa den araudian eta barrutiaren arauetan baimendutako guneetatik kanpo.
5.4. Antolatzaileek zilegi izanen dute barrutira sartzea ukatzea edo bertatik irtetea eskatzea sartzeko arauak, segurtasunekoak edo jokabidekoak betetzen ez dituztenei, zeremonia behar bezala garatzea eragozten dutenei, bertaratutakoen segurtasuna arriskuan jartzen dutenei edo arduradunen jarraibideei jaramonik egiten ez dietenei.
Iragarkiaren kodea: F2614072