1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2678/2026 EBAZPENA, 2026ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen baita.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz -2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an-, agindua ematen da Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 27an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatu zen.
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA
1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak plantilla organikoa onetsi egin behar dela ezartzen du. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei aplikatu beharrekoa Unibertsitatearen Estatutuen 109. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, zein diren lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta ezarritako ordainsari osagarriak erregelamenduaren arabera esleituak dauzkatenak ere.
Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen erabaki baten bidez -zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen-, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa onetsi zen. Plantilla hori behin eta berriz aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2026ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azkenekoa, maiatzaren 7an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2026ko apirilaren 17n emandako 825/2026 Ebazpenaren bidez.
Egiaztatu denez, zenbait aldaketa egin behar dira plantilla organiko hori benetan dauden premietara egokitzeko.
Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2026ko urriaren 27an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren zenbait aldaketa onestea. Eranskin gisa gehitu den memorian daude aldaketa horiek.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ohar taula elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko ohar taula elektronikoan argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita".
Iruñean, 2026ko urriaren 27an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.
ERANSKINA.–MEMORIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK
2026. URTEKO EKITALDIA
A.–Lanpostuak sortzea.
A.1.–Funtzionario lanpostuak sortzea.
Honako lanpostu hau sortu da:
KUDEATZAILETZA / KONTRATAZIOEN, ONDAREAREN ETA AZPIEGITUREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN ATALA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA.
Zerbitzuetako arduraduna.
–Lanpostuaren zk.: 953.
–Maila: C/D.
–Zuzendari lanpostuaren osagarria: 10.
–Bateraezintasunaren osagarria edo mailaren osagarria: 12.
–Lanpostuaren osagarria: 10,20.
–Lanaldia: txandakakoa.
–Herria edo hiria: Iruñea.
Justifikazioa:
Zerbitzu Orokorren Atalaren plantillan zerbitzuetako arduradunak daude (txandakako lanaldian), eta zerbitzuetako ofizialek egiten ez dituzten berariazko zereginak dituzte. Zehazki, Geres tresnaren bidez egiten den guneen eta ikasgelen esleipena berrikusteaz eta zuzentzeaz arduratzen dira.
Osasun Zientzien Fakultateko eraikinean modulu berria ireki denez, beharrezkoa da zerbitzuetako arduradunaren lanpostu bat sortzea (txandakako lanaldian). Eraikin horretako guneen esleipena koordinatzeaz arduratuko da langile hori, Arrosadiko campusetik hori kudeatzea zaila baita, urrun dagoelako. Halaber, zerbitzuetako ofizialen eguneroko zereginak koordinatuko ditu eta eguneroko arazoak kudeatuko ditu, unitateburuak gainbegiratuta. Horretarako, beharrezkoa da guneak, haien erabilerak eta erabiltzaileen profila berariaz ezagutzea.
Horrez gain, zeregin hauek izanen ditu: eraikineko instalazioek eta gune komunek behar bezala funtzionatzen dutela gainbegiratzea, beste unitateekin gertatzen diren gorabeherak koordinatzea (mantentze-lanak, garbiketa, segurtasuna...), guneen eta baliabideen planifikazio berezia eskatzen duten jarduera akademiko eta instituzionalak antolatzen laguntzea, eta unitateburuak eta atalburuak eskatzen dizkioten beste zeregin batzuk.
B.–Lanpostuen aldaketa.
B.1.–Lanpostuen amortizazioa.
53 zenbakiko lanpostua (administrazioko ofiziala) amortizatuko da, Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27ko erabaki baten bidez onetsitako salbuespenezko sustapen prozesuaren ondoren, erabaki horren lehenbiziko apartatuaren c) letran ezarritakoa aplikatuz.
817 zenbakiko lanpostua (zerbitzuetako ofiziala) amortizatuko da; justifikazioa B.2 apartatuan dago.
B.2.–Lanpostuen aldaketa.
LANPOSTU ZK. | LANPOSTUA | KOKALEKUA | LEHENGO LANALDIA | ORAINGO LANALDIA |
888 | LETRADU AHOLKULARI JURIDIKOA | ZERBITZU JURIDIKOA / AHOLKULARITZA JURIDIKORAKO ATALA | LZ | G |
768 | ADMINISTRAZIOKO OFIZIALA | UNIBERTSITATEAREN ARRETA ATALA | G | SILZ |
905 | BERDINTASUNEKO TEKNIKARIA | BERDINTASUNERAKO UNITATEA | G | LZ |
Justifikazioa:
–888 zenbakiko lanpostua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Juridikoaren premiak direla eta, beharrezkoa da zerbitzu horri atxikitako 888 zenbakiko lanpostu hutsa betetzea. Lanpostu horrek lanaldi zatitua du plantilla organikoan.
–768 zenbakiko lanpostua
Azken bi ikasturteetan egindako jarduera aztertu ondoren, argi dago ez dela beharrezkoa arreta emateko lanaldia 18:00etatik 21:30era luzatzea.
Goizeko eta arratsaldeko ordutegian arreta emateko beharrak betetzeko, 768 zenbakiko lanpostuaren (administrazioko ofiziala) lanaldia aldatu behar da; zehazki, goizeko lanalditik sail eta ikastegietako lanaldi zatitura. Halaber, 817 zenbakiko lanpostua (zerbitzuetako ofiziala) amortizatzen ahal da.
–905 zenbakiko lanpostua
2025eko urtarrilaren 28an Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren TEKAZELen plantilla organikoa aldatu zen, eta berdintasun teknikariaren lanpostu bat sortu zen (905 zenbakiko lanpostua, B mailakoa eta goizeko lanaldia zuena), Errektoretzaren mendekoa.
Lanpostua sortzeko justifikazio gisa adierazi zen II. Berdintasun Plana onetsi ondoren Unibertsitateak erronka berriak zituela berdintasunaren arloan (dagoeneko III. Plana dago indarrean), eta berdintasunari buruzko legedi berria zegoela. Legedi horren arabera, unibertsitateko politiken garapenean genero ikuspegiak zeharkako printzipioa izan behar du, besteak beste, unibertsitateko tituluen diseinuan, ezarpenean eta edukietan, onetsi berri den Jazarpena Prebenitzeko Planaren ezarpenean, eta jazarpenari buruzko informazio bulegoak ematen duen arretan.
Bestetik, NUPen dagoen berdintasun teknikariaren beste lanpostuak lanaldi zatitua du, beti izan duen bezala, Unibertsitateko komunitateko kideei arreta eman ahal izateko lanaldi eta ordutegi desberdinetan.
B.3.–Lanpostuaren atxikipenaren aldaketa.
LANPOSTU ZK. | LANPOSTUA | LEHENGO KOKALEKUA | ORAINGO KOKALEKUA |
520 | INFORMATIKAKO TEKNIKARIA | ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKORAKO ATALA | KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA |
Justifikazioa:
Kudeaketa Korporatiboaren Atalak, besteak beste, giza baliabideen sistema kudeatzen du, eta hura Unibertsitateak funtzionatzeko funtsezko tresna finkoa da. Sistema horren bidez, prozesu kritikoak egiten dira, hala nola nominaren kalkulua, lanpostuen kudeaketa eta langile taldeen kudeaketa administratiboa (TEKAZELak, I+I eta ikertzaileak, batik bat). Halaber, Unibertsitateko beste sistema eta zerbitzu batzuk elikatzeko iturri nagusia da, haietan sinkronizatzen eta integratzen baita, adibidez, direktorio korporatiboa (LDAP), nortasunen kudeaketa, posta elektronikoa, Unibertsitateko txartela eta sarbide kontrola. Horrenbestez, sistema horretan gorabeherarik edo akatsik egonez gero, erakunde osoan du eragina.
Unibertsitateak hasieratik erabili du Ginpix 7 tresna giza baliabideak kudeatzeko. 2025eko amaieran, tresnaren hornitzaileak, Savia - Berger Levrault enpresak, unibertsitateekin izandako lan ildoa etetea erabaki zuela adierazi zigun. Hortaz, beste sistema bat erabili behar dugu. Orobat, nabarmena da Kudeaketa Korporatiboaren Atalean gaur egun dauden baliabideak sistema garatu eta egonkor bati eusteko moldatu direla; izan ere, sistemak bi hamarkada baino gehiago daramatza Unibertsitateko prozesuetara egokitzen. Baina agertoki hori ez da etorkizunean errepikatuko.
Sistema berria ezartzean, atalaren eginkizunetan egiturazko aldaketa bat egonen da, migrazio proiektuaz harago. Zehazki, hauek izanen dira aldaketaren arrazoiak:
–Lehenbizi, berriz diseinatu beharko dira sistema berriaren integrazioak sistema korporatiboetan, eta, hortik abiatuta, integrazio horiek etengabe mantendu eta garatu. Sistema berri bat heltzen denean, ez dago Unibertsitatearen errealitatera egokituta: urteak eman behar dira sistema etengabeko zikloetan doitzen, garatzen eta hobetzen, Ginpix 7 sistemarekin egin genuen bezala.
–Bigarrenik, Giza Baliabideen eremuan araudi aldaketak ohikoak dira (ordainsariei, langileen kategoriei, kotizazioei edo karrera profesionalari buruzkoak); hortaz, sistema eta haren integrazioak behin eta berriz egokitu behar dira. Ezinbestekoa da aldaketa horiek egiteko ahalmen tekniko propio eta egonkorra izatea, zerbitzuaren jarraipena bermatze aldera.
–Hirugarrenik, informazioaren segurtasunaren, datu pertsonalen babesaren eta datuen kalitatearen eta elkarreragintasunaren arloetan gero eta eskakizun gehiago daudenez, giza baliabideen sistemaren eginkizuna erreferentziazko iturri bat da Unibertsitatean; eta, horregatik, beharrezkoa da etengabeko lana egitea datuaren gobernuan, sarbideen kontrolean eta integrazioen ikuskapenean.
–Azkenik, atalak Giza Baliabideen Zerbitzuari ematen dion eguneroko laguntza etengabe mantendu behar da, ikasketa-, irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren jarraipena bermatze aldera.
Migrazio proiektua gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, eta hori agertoki berriaren hasierako fasea baino ez da izanen. Horrek lan handiko aldia ekarriko du berehala, baina atzean dagoen beharra etengabe luzatuko da; izan ere, Unibertsitatearen sistema kritikoenetako bat kudeatzeko ahalmen teknikoa modu egonkorrean indartu behar da.
Iragarkiaren kodea: F2614066