221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1185E/2026 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, Castejóngo arau subsidiarioen aldaketari buruz. Aldaketak Prefabricaciones y Contratas SA (Precón) enpresaren industria-esparruari eragiten dio, eta Prefabricaciones y Contratas SA enpresak sustatu du.

Castejóngo Udalak aldaketa hori 2026ko maiatzaren 28an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 18koan. Espedientearen parte dira arau subsidiarioen aldaketaren memoria, hirigintza-araudia eta dokumentazio grafikoa.

Aldaketaren xedea da enpresa sustatzailearen jabetzako industria-esparruko hiri-lurzoru finkatua handitzea, eta plangintza-eremu berri bat mugatzea ("Precón" eremu finkatua) industria-erabilerari buruzko hirigintza-araudi propioa izanen duena.

Aldaketa hori justifikatzeko, adierazi da fabrikazio moduetan eta estandarretan gertaturiko funtsezko aldaketak ekarriko duen industria-hazkundearen ondoriozko beharrei erantzun beharra dagoela. Horretarako, honako hau proposatzen du:

–Alde batetik, eskuragarri dagoen eraiki gabeko lurzorua handitzea, Castejóngo 1. poligonoko 14. eta 230. lurzatiak eta katastroko 218B azpilurzatia birsailkatuz, lurzoru urbanizaezina izatetik industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatua izatera igaroko baitira.

–Bestetik, hirigintza-ordenantza berri bat sartzea, indarrean dagoen araudia industria-ezarpen berrien egungo beharretara egokitzeko.

"Precón" eremu finkatu berria Castejóngo hirigunearen ekialdean dago, eta haren mugakidea da. Iparraldean ziklo konbinatuko zentral termiko batekin egiten du muga, eta hegoaldean Zaragoza-Altsasu trenbidearekin (ikus eranskin grafikoa).

Bestalde, birsailkapenak ukitutako lurrak, 70.000 metro koadro inguruko azalera dutenak, industria-esparruaren ipar-ekialdean daude, eta, iparraldetik, zentral termikoarekin egiten dute muga, eta, hegoaldetik, industria-esparruaren barruan hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzoruarekin. Lursail lauak dira, industria-jarduerari loturiko instalazioak hartzen dituzten lurzoru ez-produktiboak dituztenak, eta haietan ez da ingurumen balio aipagarririk identifikatzen.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar bezala egin dela, eta Castejóngo arau subsidiarioak Prefabricaciones y Contratas SA (Precón) enpresaren industria-esparruan aldatzeak ez duela ukipen nabarmenik eragiten ingurumenean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Castejóngo arau subsidiarioen aldaketari buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak Prefabricaciones y Contratas SA (Precón) enpresaren industria-esparruari eragiten dio, eta Prefabricaciones y Contratas SA enpresak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Castejóngo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKIN GRAFIKOA

Castejóngo Prefabricaciones y Contratas SA (Precón) enpresaren industria-esparruko
aldaketaren eremua

Iragarkiaren kodea: F2613664