221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1184E/2026 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, Deierriko udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketak Allozko 6. poligonoko 114. lurzatiaren eremuari eragiten dio, eta Maialen Urra Unanuak sustatu du.

Deierriko Udalak aldaketa hori 2026ko uztailaren 23an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren memoria eta agiri grafikoak.

Aldaketaren xedea da Deierriko (Allotz) 6. poligonoko 114. katastro-lurzatiaren mendebaldeko zatiko lurzorua birsailkatzea, lurzoru urbanizaezina izatetik hiri-lurzoru finkatugabea izatera igaro dadin, UE-ALL-15 exekuzio-unitatea sortuz, familia bakarreko etxebizitza bakartu bat eraikitzeko.

Lurzoruaren birsailkapenak 2.194,41 metro koadroko eremu bati eragiten dio. Eremu hori Allozko herrigunearen hego-ekialdean dago, herrigunearen eta NA-7175 toki errepidearen mugakide da, eta ibilgailuentzako sarbidea eta zerbitzu guztietarako konexioak ditu. Aldaketaren eremua malda leuneko lurrak dira, lehorreko belar-laboreak dituztenak, eta bertan ez da ingurumen balio aipagarririk identifikatu.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, Deierriko udal plan orokorrean, 6. poligonoko 114. lurzatiaren eremuan (Allotz), egin gogo den aldaketak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Deierriko udal plan orokorraren aldaketari buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak Allozko 6. poligonoko 114. lurzatiaren eremuari eragiten dio, eta Maialen Urra Unanuak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Deierriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKIN GRAFIKOA

Arrosa kolorez ageri da Deierriko 6. poligonoko 114. katastro-lurzatiaren aldaketak hartzen duen
eremua, Allozko herrian

Iragarkiaren kodea: F2613657