221. ALDIZKARIA - 2026ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1148E/2026 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena "NUPen barne-sarera konektatzeko energia elektrikoa baterien bidez biltegiratzeko sistema" proiekturako, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatu baitu Iruñeko udal-mugarteko 5. poligonoko 1883. lurzatian.

2026ko uztailaren 29an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 4. taldearen n) atalean sartuta dago (energiaren stand-alone biltegiratzea, bateria elektrokimikoen bidezkoa edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidezkoa), eta, horregatik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua bete behar du.

Proiektuaren deskribapena.

Jarduketaren xedea da elektrizitatea bateria elektrokimikoen bidez biltegiratzeko instalazio bat eraikitzea, eta hura hibridatzea egun NUPeko campusean dagoen eguzki-instalazio fotovoltaikoarekin. Instalazio berria edukiontzi bakar batean sartuko da.

Bateriek 819 kVA / 2,19 Mwh-ko ahalmena dute, 190 metro karratuko azalera (hesi batez inguraturik), eta Iruñeko 5. poligonoko 1883. hiri-lurzatian daude. Instalazioaren perimetroa hesiturik egonen da.

Energia instalaziotik aterako da lurrazpiko linea baten bidez, eta, ondoren, campusekobarneko banaketa-eraztun pribatuarekin lotuko da, erdi-tentsioan (13,2 kV).

Biltegiratzeko instalazioak barne hartuko ditu LPF ioien (litioferrofosfatoa) zenbait bateria, biltegiratzeko edukiontzi batean. Horren barnean, potentzia bihurtzeko eta eraldatzeko sistemak eta sarera konektatzeko sistemak egonen dira.

Edukiontzien oinarrian hormigoizko lauza bat egonen da, 9 metroko zabalera eta 21 metroko luzera izanen dituena.

Sustatzailearen proposamena da perimetroa inguratzeko hesi bat jartzea hormigoizko lauzaren ertzetan, eta hormigoizko beste sarrera bat instalaziora sartzeko.

Ez da aurreikusten argi kutsadurarik isurtzea instalazioa martxan dagoen bitartean.

Baterien bidezko biltegiratzeko sistemaren xedea da malgutasuna ematea NUPeko eguzki-instalazio fotovoltaikoari, bat eta baliabide berriztagarri hori optimizatzea ere.

Instalazioa lorategi gisa erabiltzen den hiri-lurzoruan egonen da, unibertsitateko campusean. Lurzati hori laua edo ia laua da, eta NUPeko Errektoreordetzako eraikineko sarreratik iristen da bertara.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak bete du ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.

Epea bukatuta, ez da inolako erantzunik jaso egindako kontsultei buruz.

Ingurumen-ebaluazioa.

Proiektua NUPeko Arrosadiko campuseko lorategi bateko eremu lau batean eginen da, zuhaitz apaingarriz inguratuta; horrek balizko ingurumen-eraginak murrizten ditu. Bestalde, ingurumen-inpaktua positiboa da; izan ere, unibertsitateko eguzki-instalazioaren bidez sortutako baliabide berriztagarriak optimizatuko dira. NUPeko barne-zirkuituarekin lotura lorategiaren lurrazpitik eginen da, eta Errektoreordetzako eraikineko sarrera asfaltatua gurutzatuko du. Hortaz, funtzionatzeko fasean ez du eraginik izanen, eta lurrak mugitzearen ondoriozko eragina oso txikiak izanen da.

Instalazioaren ezarpen eremuaren morfologia laua da nagusiki, eta azalera txikia du; beraz, lurrak oso gutxi mugituko dira. Horiek horrela, aldaketa geomorfologikoa ere oso txikia izanen da, eta, ondorioz, eraikuntzako eta ustiapeneko faseetan, garrantzi txikikotzat edo hutsaltzat jotzen da geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua. Instalazioak okupatzen dituen 190 metro koadroak irazgaiztu behar badira ere, horrek ere ez du eraginik izanen.

Bestalde, proiektuaren arabera, instalazioak ez du eraginik izanen ez landaredian, ez eta egun dauden zuhaitz apaingarrietan ere.

Zaindu beharreko elementu nagusiak Sadar ibaia eta horren ertzetako landaredia dira. Instalazioa 40 metrora gutxienez egonen denez, ez da aurreikusten inolako eraginik.

Proiektuan ez da aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ez eta ingurumen babeseko ezein gunetan ere. Horrek berresten du jarduketa-eremua ingurune oso antropizatu batean dagoela, hainbat bide- eta eraikuntza-azpiegitura baititu gertu, eta, beraz, interes handiko fauna- edo landare-komunitateak bertan egoteko aukera txikiagoa da.

Eraikuntza fasean aurreikusten da zarata-mailak handitzea, nagusiki klimatizazioko ekipamenduak ezarriko direlako, baina ez da zarata handia izanen eta gaur egungo araudiaren barruan egonen da, ez dituelako baimendutako balioak gaindituko. Egoera hori aintzat hartu da ekipamenduak aukeratu direnean; hala bada, zarata-maila txikiko ekipamenduak aukeratu dira, edukiontziaren pantailetan isolamendu akustikoa dutenak.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar. Halaber, aurreikusten da proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izanen dela tokiko ingurune naturalaren balioekin; horrenbestez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea proposatzen du NUPek Iruñean sustatutako "NUPen barne-sarera konektatzeko energia elektrikoa baterien bidez biltegiratzeko sistema" proiektua egiteko, baldin eta proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuan proposatutako neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua; eta ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezartzen den moduan, Iruñeko 5. poligonoko 1883. lurzatian eginen den proiektuak ("NUPen barne-sarera konektatzeko energia elektrikoa baterien bidez biltegiratzeko sistema") ez du eragin nabarmenik ingurumenean, eta, hortaz, ez da egin behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik, 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalaren araberakoa.

2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

–Ebakuazio-linea guztiak lurpekoak izanen dira, zulatuko diren zanga berriak baliatuta.

–Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko du.

–Drainatze sarea diseinatzeko, kontuan hartu beharko da ez ditzala aldarazi topografiaren ondoriozko hustubide naturalak eta partzelako aldizkako ibilguen eta jarioen hustubideak.

–Ez da isurketarik eginen, ez eta solido arrasterik ere, instalazioaren hegoaldean dagoen Sadar ibaian.

–Hesi perimetrala ahalik eta gehien egokitu beharko da bateriek hartzen duten azalerara.

−Lagomorfoen, karraskarien edo beste animalia batzuen kontrola egin behar bada, dagozkion baimenak lortu beharko dira lehenbizi.

–Ustiapen fasean, dagokion jarraipena egin beharko da, kontrolatzeko sortzen diren soinu mailak indarrean dagoen araudiak ezarritako mugen barruan daudela. Bestela, soinua arintzeko neurriak hartu beharko dira.

−Biltegiratze instalazioak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den eremuan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak aldatutako eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.

–Lanek aldatutako eremu guztiak eta lanen ondoren mantenduko ez diren bideak behar bezala leheneratu beharko dira, lanak egin aurreko erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Lanak egiten hasi aurretik, eremu hauek ongi definituko dira: lan-eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak pilatzeko eremuak. Horiek guztiek gutxieneko eta ezinbesteko azalera izanen dute, eta ezin izanen dute eraginik izan Sadar ibaiaren landaredian.

–Lurra dagoen tokietan hondeatzean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (lanen hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali beharko dio Iruñeko barrutiari (gmapamplona@navarra.es), edo 608062649 telefonora deitu.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko barrutia), Iruñeko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2613404