214. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

157C/2026 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Liebherr Industrias Metálicas SA enpresaren hitzarmen kolektiboaren aldaketa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Liebherr Industrias Metálicas SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kodea: 31004572011996). Hitzarmen hori 2026ko irailaren 14an sartu zen erregistro honetan, eta 2026ko irailaren 10ean sinatu zuten enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Liebherr Industrias Metálicas SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren aldaketa (kode-zenbakia: 31004572011996).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko irailaren 10ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

LIEBHERR INDUSTRIAS METÁLICAS SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN ALDAKETA PARTZIALAREN AKORDIOA

BILDURIK:

Alde batetik, Liebherr Industrias Metálicas SA enpresa ordezkatuz:

Lidia Solla andrea, Javier Falces jauna eta Maitane Gorostiza andrea.

Beste alde batetik, langileak ordezkatuz, enpresa batzordeko kideak:

Roberto Alastuey jauna, Héctor Alduán jauna, Luis Zubiri jauna, Oscar Orbara jauna, Jesús Alzate jauna, Javier Narcue jauna, Iñigo Jurado jauna, Javier Turrilas jauna, Miguel Ángel Valencia jauna, Igor Anguiano jauna, Manuel Domínguez jauna eta Jorge Remacha jauna.

ADIERAZTEN DUTE:

I.–Enpresari aukera ematen zaio ekoizpen-gorabeherengatiko kontratuak hamabi hilabetera bitarte luzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Industria Siderometalurgikoaren sektorerako hitzarmen kolektiboaren 50.c) artikuluaren aldaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik aurrera.

II.–Hori atzemanda, zenbait bilera izan dira enpresa batzordearen eta enpresaren artean, arlo honetan zerbait adosteko asmoz.

III.–Aldeek, azkenik, hartu dute

ERABAKI HAU:

Lehenengoa.–Hitzarmena partez aldatzea: aldeek konpromisoa hartzen dute joan den 2025eko abuztuaren 26an sinatutako enpresako hitzarmen kolektiboa partez aldatzeko, honela:

–2026ko uztailaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Nafarroako Foru Komunitateko Industria Siderometalurgikoaren sektorerako hitzarmen kolektiboaren 50.c) artikuluaren aldaketa, zeinak ahalbidetzen baitu ekoizpen-gorabeherengatiko kontratuak hamabi hilabetera bitarte luzatzea.

–Aukera horren ordez, enpresak konpromiso hau hartzen du:

  • Lan-baldintzak hobetuko dizkie egun enpresan aldizkako lan-kontratu finkoa duten langileei. Hala, konpromisoa hartzen du 41 aldizkako langile finkoren kontratuak lanaldi osoko kontratu bihurtzeko, akordio honek indarra hartu eta 4 hilabeteko gehieneko epean (2027-01-01).
  • Konpromisoa hartzen du aldi baterako kontratua amaitzean emandako zerbitzu urte bakoitzeko 30 eguneko kalte-ordaina emateko. Kalte-ordain hori sei hilabetetik gorako iraupena duten ekoizpen-gorabeheren kontratuei bakarrik aplikatuko zaie, eta ez iraupen txikiagoa duten beste batzuei.
  • Konpromisoa hartzen du, enpresako hitzarmen kolektiboak indarra izan bitartean, enpresan egiten diren errelebo-kontratuak kontratu mugagabe bidez sinatzeko, xede izanik hobe daitezen erretiro modalitate hori hautatzen duten langileek erretiro partzialerako sarbide baldintzak hobetzea.

Bigarrena.–Hitzarmenaren aldaketa partziala idaztea eta sinatzea: aldeek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzeko, bai eta hitzarmenaren aldaketa partziala idazteko eta sinatzeko ere akordio hau sinatu eta 15 eguneko gehieneko epean.

Eta ados daudela adierazteko, eta jasota geratu dadin, bertaratutakoek dokumentu hau sinatzen dute idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: F2612955