214. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2027rako

Honen bidez, jendaurrean jartzen da Alkatetzak 2026ko irailaren 18an emandako 2026-0010 Ebazpena, zeinaren bidez Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren 2027ko lan-egutegia onetsi eta, epeak zenbatzeari dagokionez, baliogabeak diren egunak deklaratzen baitira:

Lehena.–2027rako lan-egutegia.

Onestea 2027ko lan-egutegia Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko langileentzat. Honako hauek izanen dira jaiegunak, eta egun horietan itxirik egonen dira bulegoak:

–Urtarrilaren 1a eta 6a.

–Martxoaren 19a, 25a, 26a eta 29a.

–Maiatzaren 1a.

–Irailaren 13a.

–Urriaren 11 eta 12a.

–Azaroaren 1a.

–Abenduaren 3a, 6a, 7a, 8a eta 25a.

Bigarrena.–2027ko egun baliogabeak.

Baliogabeak izanen dira, 2027. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta 2027ko irailaren 13a, urriaren 11 eta abenduaren 7a, horiek jaiegun eta baliodun izanen baitira.

Hirugarrena.–Jendea hartzeko ordutegia.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Erregistro Orokorra (Katalaingo egoitzan) 11:00etatik 14:30era arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Laugarrena.–Urteko lanorduen banaketa.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko langileentzat 1.592 ordukoa da lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua, betez abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legea, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

Onetsitako lan-egutegiaren arabera Batasuneko langileek 27 opor egun izanen dituzte, bai eta norberaren aferetarako 3, betiere langile bakoitzaren lan-kontratuaren arabera dagokion proportzioan.

2027rako onetsitako lan-egutegian, sobera daude 4 egun, 6 ordu eta 40 minutu, eta honela hartu beharko dira:

  • 2027ko urriaren 11 eta abenduaren 7a jaiegunak izanen dira langile guztientzat; hortaz, 2 egun, 6 ordu eta 40 minutu gelditzen dira sobera, langileek nahi bezala erabil ditzaten.

Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez, eta konpentsatu beharko da, egiatan lan egindako ordu guztiak eta egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

Bosgarrena.–Ordutegi malgua ezartzea.

Ordutegi malgua ezartzen da. Hala, lanaldiaren zati finkoa 9:00etatik 14:30era bitartekoa izanen da, eta gainerako denbora nahi dutenean egin dezakete langileek, modu malguan, betiere 7:20tik 9:00etara eta 14:30etik 16:30era bitarte.

Eskola adineko seme-alaba adingabeak dituzten langileek eskatzen ahalko dute lanaldi malgua handitzea, 9:30ak arte, eta irteera moldatu beharko dute ezarrita dagoen eguneko lanaldiaren iraupenera.

Seigarrena.–Atsedenaldia lanaldian.

Eguneko lanaldi jarraitua sei ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzuari, eta, orokorrean, 8:00etatik 11:30era bitartean hartzen ahalko da.

Kontuan harturik ordutegi malgua ezarri dela, baldin egiten den etena luzeagoa bada ezarritakoa baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da, galarazi gabe langile guztiek duten betebeharra benetako ordu kopuru osoa egiteko, kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagokiona.

Zazpigarrena.–Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.

Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da, baldin eta arrazoia jasota badago otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan (onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua) eta ondotik egin zaizkion aldaketetan.

Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo laguarren atalean ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak bateragarri egitearekin lotutako kasuei.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan-denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lan-ordutegiaren barnean egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Udal-mugartetik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari gehituko zaio kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora.

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta aurrez aurre egin beharrekoa, lanaldi oso gisa kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduak kontatzearen ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko, zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren eta udalerri bakoitzaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen hau eta lan-egutegia Batasuneko langile guztiei jakinaraztea, baita Batasuna osatzen duten udalei ere, eta Batasunaren Batzarrari ebazpenaren berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkura arruntean.

Administrazio bidea agortzen duen ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpena eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Garinoainen, 2026ko irailaren 18an.–Batasuneko buruaren ordezkoa, Raúl León Goñi.

Iragarkiaren kodea: L2612531