Iragarkia
214. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
207E/2026 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita SINAIko eragileentzako ezagutzaren transferentzia, hedapena eta balorizazioa xede duten eskualdeen arteko ekosistemak eta ingurune berritzaileak garatzen laguntzeko jarduketak kofinantzatzeko. DDBN kodea: 932940.
Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+B izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sormenezko konponbideak ekartzen ditu gure gizartearen erronka handietarako. Era berean, foru lege horren hirugarren kapituluan, neurriak jasotzen dira, besteak beste, ikerketa zientifikoa eta teknikoa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko, helburua izanik ikerketaren ezagutza errazago transferitzea Nafarroako I+G+Bko sistematik (SINAI) ekoizpen-sarera, gizarte-sarera eta, oro har, gizartera. Zehazki, martxan jarriko dira beste berrikuntza programa batzuekin sinergia izatea errazten duten neurriak, bai Estatuko bai Europako programei dagokienez, eta beste neurri batzuk, Nafarroako eragileak zabalik egon daitezen eta elkarlana izan dezaten Europar Batasuneko beste eragile batzuekin, elkarlana bultzatzeko eta balio-kateak sortzeko, espezializazio adimentsuaren estrategiak oinarri.
Teknologia Garapenerako eta Berrikuntzarako Zentroa (TGBZ) enpresa-erakunde publikoko burutzaren 2025eko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez, 2025eko deialdia onetsi zen Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatutako laguntzak eman dakizkien Ezagutzaren Transferentziako Plan Osagarriari lotutako berrikuntza eta transferentzia ekosistemei, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren Estatuko 2024-2027 Planaren esparruan. Eskualdez gaindiko ekosistema horien lan ardatza da lan planak eta teknologia eta berrikuntzako ibilbide-orriak prestatzea, autonomia-erkidegoen artean partekatzen direnak, helburu amankomunak eta lankidetza metodologiak ezarriz.
Ildo horretan, deialdi honek lagunduko du ezagutzaren transferentzia hobetzen ezagutza sortzen duten entitateen eta aplikatzen dutenen artean.
Laguntzen deialdi hau, helburu duena jarduketak kofinantzatzea SINAIko eragileentzako ezagutzaren transferentzia, hedapena eta balorizazioa xede duten eskualdeen arteko ekosistemak eta ingurune berritzaileak garatzen laguntzeko (0011-5552-2026-000000 espedientea), ez dago sartuta 2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, laguntza berria baita, kreditua daukana Nafarroako 2027ko eta 2028ko Aurrekontu Orokorretan, onesten direnean. Administrazio espedientean daude zehazturik Nafarroako Gobernuaren 2025eko otsailaren 5eko Erabakiaren 3. puntuko lehenbiziko jarraibidean ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren datuak. Erabaki horren bidez jarraibideak eman ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egiteko eta ebaluatzeko.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Laguntzen deialdi bat onestea SINAIko eragileentzako ezagutzaren transferentzia, hedapena eta balorizazioa xede duten eskualdeen arteko ekosistemak eta ingurune berritzaileak garatzen laguntzeko jarduketak kofinantzatzeko. Horretarako, lankidetza ereduak eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatuko dira sistemako eragileen artean, baita gizarte eta lurralde kohesioa ere.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G20001-G2100-4819-467316: Ezagutzaren transferentzia jarduerak kofinantzatzea (TGBZ, bestelakoak) | 2027 | 62.608,00 euro |
G20001-G2100-4819-467316: Ezagutzaren transferentzia jarduerak kofinantzatzea (TGBZ, bestelakoak) | 2028 | 62.608,00 euro |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea, Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko urriaren 1ean.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da SINAIko eragileek proposatutako jarduketa batzuk kofinantzatzea, zeinen helburua izanen baita ezagutzaren transferentzia, hedapena eta balorizazioa xede duten eskualdeen arteko ekosistemak eta ingurune berritzaileak garatzea. Horretarako, lankidetza ereduak eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatuko dira sistemako eragileen artean, baita gizarte eta lurralde kohesioa ere. Baldintza izanen da Teknologia Garapenerako eta Berrikuntzarako Zentroa enpresa-erakunde publikoaren deialdia aurkeztu eta finantzaketa jasotzea.
2. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Baldintza hauek betetzen dituzten entitateak izaten ahal dira onuradunak:
a) Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileak, tipologia hauetako batean akreditatuta eta sartuta daudenak, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluarekin (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5950344#7.%20artikulua).
b) Finantzaketa lortu izana Teknologia Garapenerako eta Berrikuntzarako Zentroa enpresa-erakunde publikoaren deialdian, zeina onetsi baitzen 2025eko abenduaren 10ean (https://www.cdti.es/sites/default/files/2025-12/ecosistemas_2025_conv.pdf).
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5904460).
Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 5.3.a) oinarrian adierazitako laguntza eskaeran bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak, zuzenean edota bitarteko telematikoen bidez, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez ziurtagiriak eskura ditzan, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Edonola ere, prozeduraren efizientziagatik, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
3. Eskaera aurkezten denetik eutsi beharko zaio entitate onuradun izateari, dirulaguntzaren iraunaldi osoan.
3. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak eta irismena.
Kofinantzatu beharreko proposamenen esparrua eta irismena Teknologia Garapenerako eta Berrikuntzarako Zentroa enpresa-erakunde publikoaren deialdian aipatutako berberak dira.
1. Deialdi honen laguntzek finantzatutako jarduketek lotura izanen dute diagnostikoak eta azterlanak egitearekin, honako hauek barne daudela: lan planak eta teknologia eta berrikuntzako ibilbide-orriak, autonomia-erkidegoen artean partekatzen direnak; I+G+B proposamenen hedapena, aholkularitza eta prestaketa; prestakuntza; gaitasun zientifiko-teknologikoen sustapena; eta ekosistemako eragileen arteko sareak eta elkarguneak sortzea.
2. TGBZren deialdiko I. eranskinean ezarritako erronka sozioteknikoei lotutako jarduketa hauek izanen dira laguntzaren xedekoak:
a) Azterketak eta diagnostikoak egitea, ekosistemaz haragokoaren intereseko gaiak eta erronka sozioteknikoak identifikatzen dituztenak. Ibilbide-orrien diseinua, zehaztapena eta plangintza, arazo eta erronka soziotekniko amankomunei heltzeko.
b) Jarduerak egitea, elkarlana eta ezagutzaren transferentzia ahalbidetzen eta indartzen dituztenak eskualdeko ekosistema antzeko edo osagarrien barnean eta haien artean, zenbait autonomia-erkidego biltzen dituen eskualdez gaindiko antolaketa-egitura egonkor bat sortzeko.
c) Sostengu jarduerak antolatzea, hala nola prestakuntza, hedapen eta estimulazio programak eta aholkularitza lantegiak, sustatzen dituztenak sentsibilizazioa, ezagutzaren transferentzia, gaikuntza eta lankidetza, helburua izanda berrikuntza eta garapen sozioekonomikoko eredu berriak lortzea.
d) Lankidetza publiko-pribatuaren ekimenen proposamenen definizioa, zehaztapena eta plangintza, identifikatuko erronkak konpontzeko.
3. Jarduketak 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko ekainaren 30era bitarte eginen dira. Gehienez ere 4 hilabetez luza daiteke epea, baldin eta TGBZk aldez aurretik onesten badu luzapena.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.
1. Gastu diruz lagungarriak dira 6. artikuluan (Gastu diruz lagungarriak) zehazten direnak, baldin eta TGBZko burutzaren 2025eko abenduaren 10eko ebazpenean onartuta badaude.
2. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).
Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektroniko bakarra izatea (aurrerantzean, GHEb), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.
Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:
a) Eskabide telematikoa, 2.1 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.
b) TGBZren laguntza eskaerarako aurkeztutako dokumentazioa eta adierazpenak, zehaztuta daudenak Teknologia Garapenerako eta Berrikuntzarako Zentroa (TGBZ) enpresa-erakunde publikoko burutzaren 2025eko abenduaren 10eko Ebazpenaren 8.8 artikuluan.
c) Laguntza emateko ebazpena, TGBZk emana.
d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.
e) Adierazpena, justifikatzen duena egin beharreko jarduketak ez dagozkiela jarduera ekonomikoei.
4. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Dirulaguntza norgehiagokako araubidean emanen da, jarduketa bererako TGBZ laguntzaren onuradun izan diren proposamenen artean. Beraz, laguntza emanen zaie jarduketei baldin eta, ebaluatu ondoren, egiaztatzen bada oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
2. Laguntza hau jasotzeko ezinbesteko baldintza izanen da laguntza jaso izana berrikuntza eta transferentziako ekosistemen deialdian, zeina onetsi baitzen TGBZren 2025eko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez.
3. Eskaera bakoitzari dagokion laguntzaren intentsitatea TGBZk onartutako aurrekontuaren %60 izanen da gehienez. Deialdiaren aurrekontu osoarekin ezin bazaie %60ko intentsitatea eman onartutako eskaera guztiei, laguntza-intentsitate hori murriztuko da, eskaera guztiei intentsitate bereko ehunekoa aplikatuz, aurrekontu osoa banatu arte.
4. Laguntzen organo kudeatzaileak ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
5. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketen aldaketak.
1. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzen ari diren bitartean entitate onuradun batek funtsezko aldaketak egin nahi baditu hasieran onartu eta aurreikusitako jardueretan, beharrezkoa izanen da eskaera egitea aldez aurretik organo kudeatzaileari eta hark berariaz baimentzea.
Funtsezko aldaketatzat hartuko da transferentzia planean hasieran aurreikusitako eta onartutako jarduketak ezabatzea edo hasieran aurreikusi gabeko jarduketa berriak sartzea.
2. Gainerako aldaketetarako ez da aldez aurreko eskaerarik egin beharko, baina jarduketak gauzatzen ari diren bitartean jakinarazi eta modu egokian justifikatu beharko dira gauzatze memorietan edo txostenetan.
Organo kudeatzaileak ezezkoa ematen ahalko die aldaketei, irizten badie horien justifikazioa ez dela nahikoa.
3. Hasiera batean aurkeztutako jarduketen aldaketek ez dute inola ere ekarriko entitate onuradunari emandako laguntza handitzea.
4. Jarduerak gauzatzeko aldia luzatzen ahalko da, gehienez ere 4 hilabetez. Horretarako, TGBZk aldez aurretik onetsi beharko du luzapena.
8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.
Justifikazioa hiru unetan eginen da. Lehenengo bietan konturako ordainketak edo aurrerakinak eginen dira, ordura arte gauzatutakoaren gaineko adierazpenak eginda. Hirugarren unean, berriz, emandako laguntzaren justifikazioa eta likidazioa eginen da.
1. Beranduenez ere 2027ko urriaren 31n, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Ordura arte eginiko jarduketen aurretiko memoria.
b) Gastuaren deklarazioa, eta, beharrezkoa bada, 2027ko azaroan eta abenduan eginen den gastuaren aurreikuspena.
2. Beranduenez ere 2028ko urriaren 31n, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Ordura arteko jarduketen gauzatze memoria.
b) Egindako gastuaren adierazpena.
3. Beranduenez ere 2028ko abenduaren 31n, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Justifikazio-dokumentazioa TGBZn aurkeztu izanaren egiaztagiria.
b) Euskarri-dokumentazioa, TGBZren webgunean aurkeztu dena jarduketa justifikatzeko, TGBZren 2025eko abenduaren 10eko Ebazpenaren 20. artikuluan adierazten den bezala.
c) Hedapenerako egindako jardueren zerrenda.
4. TBGZk finantzatutako jardueren gauzatzea luzatuz gero, entitate onuradunek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote, gehienez ere hilabeteko epean. Kasu horretan, 2028ko abenduaren 31ko data ez da aplikatuko, eta laguntzen onuradunek jarduera amaitu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean aurkeztu beharko dute azken justifikazioa.
5. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen webgunearen bidez, hartan eskura dauden ereduei jarraituz.
6. Onuraduna behartuta dago laguntzaren organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko.
9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. 8. oinarrian ezarritakoarekin bat une bakoitzean aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, laguntzaren kudeaketa organoak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.
3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta entitate onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.
4. Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 8. oinarrian dokumentu bidezko justifikazioetarako adierazitako moduan eginen da.
5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntza hauen entitate onuradunek ez dute bermerik eman beharko emandako funtsen aurrerakinak jasotzeko; izan ere, ikerketa erakundeen definizioa betetzen dute, Ikerketa, garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparruari buruzko Europako Batzordearen Komunikazioan (2014C 198/01) definitzen diren moduan.
10. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea telematikaz, laguntzen webgunean eskuragarri dauden ereduak erabiliz.
Betebehar hori ez betetzeak emandako dirulaguntza ordaintzea eragotziko du, hala xedatzen baitu 7. artikuluan irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituenak (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2013/187/0), eta, hala badagokio, aurreratutakoa itzuli beharko da.
b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduketak.
c) Onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
d) Onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.
e) Diruz lagundutako jarduketen inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.
f) Entitate onuradunak aditzera eman beharko du Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela oinarri arautzaile hauetan jasotako jarduketei dagokienez emaitzen zabalkunderako egiten diren jarduera guztietan.
g) Laguntzak kudeatzen dituen organoak betebehar hori betetzen dela frogatzea eskatzen ahalko du. Ez betetzeak ekartzen ahalko du emandako funtsak itzultzeko eskatzea.
h) Oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusitakoa modu egokian betetzen dela bermatzeko behar diren egiaztapeneko eta finantza kontroleko lanak onartzea, Kontu-hartzailetza Orokorrak egin ditzakeenen kontrola ere ukatu gabe.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, onetsitako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.
Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.
b) Helburuak edo jarduketa jakin batzuk partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.
Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.
3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
11. oinarria.–Laguntzen araubidea.
Laguntza honen bidez jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen da. Honako hau hartzen da jarduera ez-ekonomikotzat: Europako Batzordeak hala definitzen duena Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren esparruan (2014/C 198/01). 2014ko ekainaren 27ko Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen.
Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
12. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak metatzea.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
2. Entitate onuradunak komunikatu behar du diruz lagundutako jarduerak finantzatuko dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu dizkiotela Estatuko administrazioari edo beste administrazio publiko batzuei, edo horietatik jaso, eta haien zenbatekoak. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskabidea eta entitate eskatzaileek edo onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen webgunearen bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira (GEHb), bai eta herritarren karpetan ere:
https://carpetaciudadana.gob.es/carpeta/mcc/clave
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuraduna eta emandako diru kopuruak.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere argitaratuko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
15. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean –2016/679 (EB) Erregelamendua– eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen webgunean kontsultatzen ahalko da.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2612935
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
