2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN
Ordenantza, laguntzak arautzen dituena lehentasunez birgaitu beharreko arean sartuta dauden eraikinak birgaitzeko. Behin betiko onespena
Azkoiengo Udalak, 2026ko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Ordenantza, laguntzak arautzen dituena Azkoiengo lehentasunez birgaitu beharreko arean sartuta dauden eraikinak birgaitzeko.
Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an, eta, jendaurreko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin.
Azkoienen, 2026ko urriaren 5ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
ORDENANTZA, LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA AZKOIENGO LEHENTASUNEZ BIRGAITU BEHARREKO AREAN SARTUTA DAUDEN ERAIKINAK BIRGAITZEKO
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Ordenantza honen xedea da Udalak ezarri dituen laguntzak arautzea, sostengu gisa eraikinak birgaitu daitezen Azkoiengo Hirigune Historikoko Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren barnean, zehazki, lehentasunez birgaitu beharreko areako jarduketa-eremuan daudenak, betiere ordenantza honetan ezartzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.
2. artikulua. Printzipio orokorrak eta araubide juridiko aplikagarria.
Honako printzipio gidari hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:
–Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, tratuaren berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
–Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.
–Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
–Bat-etortzea bitartekoen eta laguntzak ematea justifikatzen duten helburuen artean. Ordenantza honen laguntzek honako hauetan jasotakoari jarraituko diote: ordenantza bera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena) eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.
3. artikulua. Laguntzak instruitu eta emateko organo eskudunak.
Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Azkoiengo Udaleko Hirigintza Alorrari dagokio.
Alkatetzak izanen du eskumena ordenantza honetan araututako laguntzak emateko, egun dauden eskuordetzak edo etorkizunean izaten ahal direnak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetza horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, zehaztuko den ahalmenarekin.
4. artikulua. Babestu daitezkeen obrak.
Udal laguntzen xede izanen dira, Irunberriko Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren barnean, lehentasunez birgaitu beharreko areako jarduketa eremuan dauden eraikinak birgaitzeko obrak, baldin eta eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak lortu badituzte, aurretiaz Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitzea babestutzat kalifikatu baitu.
5. artikulua. Babestu daitekeen aurrekontuaren kontzeptua.
Dirulaguntzak kalkulatzeko, aintzat hartuko da Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitze babestuko behin betiko espedientean babestu daitekeen aurrekontu gisa ezarritakoaren ehuneko bat.
6. artikulua. Aurrekontu-zuzkidura.
Urtero, Azkoiengo Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat esleituko du, izanen ez dena biztanle eta urte bakoitzeko aplikatzen ahal den modulu haztatuaren %1 baino gutxiago.
Aurrekontu-zuzkidura ekitaldi bakoitzerako zehaztuko da Udalaren aurrekontu orokorretan; hala, Udalak egoki iruditzen zaion zuzkidura ezarriko du hurrengo ekitalditarako eta ordenantza hau indarrean dagoen bitartean, baina inoiz izan gabe biztanle eta urte bakoitzeko aplikatzen ahal den moduluaren %1 baino gutxiago.
7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
Emanen den dirulaguntza izanen da Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitze babestuko behin betiko espedientean babestu daitekeen aurrekontu gisa ezarritakoaren %5.
Diruz lagun daitekeen banakako jarduketa bakoitzeko gehienez 1.500 euro emanen dira; jarduketa kolektibo bakoitzeko, bestalde, 3.000 euro.
8. artikulua. Diruz lagundutako obren finantzaketa eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1. Ordenantza honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuta ezarriko da Udalaren laguntza ekonomikoen muga.
2. Udalaren laguntzak izanen dira Nafarroako Gobernuak eta beste administrazio eta entitate batzuek ezarrita dituztenen osagarri.
3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik, ez gehituta beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.
4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, entitate publikoetatik hartutako dirulaguntza bateragarriak gehiegizkoak direnean, eta gainera laguntza horiek bateraezinak badira, onuradun fisiko edo juridikoak gehiegizko zenbatekoa eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu, ordainketa-gutunak gehituta dagokion justifikazioari. Laguntza ematen duten entitateei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.
5. Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzaketa horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.
9. artikulua. Onuradunak.
Onuradun izanen dira Azkoiengo udalerrian lehentasunez birgaitu beharreko areako eraikinen jabe diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta Nafarroako Gobernuko birgaitze babestuko laguntzak jaso badituzte.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
a) Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo laguntzak emateko arrazoia den portaera izatea eta haien zenbateko osoa laguntzaren xederako erabiltzea, ordenantza honetan araututako laguntzen izaeraren arabera.
b) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
c) Diruz lagundutako obrak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
d) Gordetzea jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.
e) Hartutako dirua itzultzea, ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean aurreikusitako kasuetan.
f) Toki-erakunde honekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.
11. artikulua. Eskabideak.
1. Interesdunek eskabidea aurkeztuko dute Azkoiengo Udaleko erregistro-bulegoan, edo egoitza elektronikoaren bidez, erabiliz horretarako esleitutako eredua edo eskabide orokorra, sinatuta eta ordenantza honetan zehaztutako agiriekin batera.
2. Eskabideak ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio gutxienez hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskatzeari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
3. Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.
4. Ordenantza honetako baldintzak eta betebeharrak ez betetzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, ekarriko du udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea kasuan kasuko espedientean, eta jasotako laguntza, halakorik balitz, Udalari itzultzea.
12. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.
a) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, hari dagozkionak:
–Pertsona fisikoa bada, indarreko NANaren fotokopia.
–Jabeen erkidegoa bada, erkidegoaren IFZaren fotokopia.
–Pertsona juridikoa bada, eratze-eskrituraren eta, kasua bada, aldaketaren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatua, eta entitatearen ordezkariaren NANa.
b) Birgaitzearen behin betiko kalifikazioa ematearen ondorioz dagokion dirulaguntzaren ebazpena, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak emana.
c) Dirulaguntza zein kontutan jaso nahi den, bankuak kontu horren titulartasunari buruz egindako ziurtagiria.
13. artikulua. Instrukzioa eta ebazpena.
1. Azkoiengo Udaleko Hirigintza Alorrari dagokio dirulaguntza emateko prozedura instruitzea. Hark ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak, ordenantza honetan xedatutako irizpideen arabera, eta txosten bat emanen du, non idatziz jasoak utziko baitira dirulaguntzak lortzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak.
2. Espedienteak eskabidearen ordena kronologikoari jarraikiz izapidetu eta ebatziko dira. Espediente guztiak banan-banan aztertuko dira, eta dirulaguntza emanen da izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskabideak erreserban geldituko dira hurrengo ekitaldirako.
3. Espedienteak kalifikatu eta gero, laguntzak eman, eta ordainketa onetsiko da hamar egun naturalean, dirulaguntza eman izana jakinarazten denetik zenbatzen hasita.
4. Ebazpenean, berariaz adieraziko dira eskatzailearen datuak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaion.
5. Ebazteko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da, gehienez. Prozedura ebazteko gehieneko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskabidea ezetsitzat joko da.
14. artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.
Ebazpena jakinaraziko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Ebazpen horren aurka jar daitezkeen errekurtsoak adieraziko dira, bai eta zer organo administratibo edo judizialetan aurkeztu behar diren eta zer epetan aurkeztu behar diren ere, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkezteko aukera.
15. artikulua. Laguntza ekonomikoak jasotzea.
1. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzak obrak burututakoan likidatuko dira, betiere Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak emaniko birgaitzeko espedientearen behin betiko kalifikazioa lortu ondoren.
2. Ezin izanen da dirulaguntza ordaindu, pertsona fisiko edo juridiko onuradunak ez baditu egunean zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
3. Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada, edo gertatzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arrazoietako bat.
16. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.
Hartutako dirua itzultzeari dagokionez, jarraituko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari.
17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eragina duten dirulaguntzen gastuak onesteko aukerari dagokionez, aurrekontuetako araudi aplikagarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.
AZKEN XEDAPENETARIKO LEHENA
Ordenantza honek jasotzen ez duen guztian aplikatuko da xedaturik dagoena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin.
Iragarkiaren kodea: L2612995