2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN
Ordenantza fiskala, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Azkoiengo Udalak, 2026ko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza fiskal hau: Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.
Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an, eta, jendaurreko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin.
Azkoienen, 2026ko urriaren 5ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Ezaugarriak eta zerga-egitatea
2. artikulua. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta udal-mugarteko edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteak sortzen du haren zergapeko egitatea, baldin horretarako beharrezkoa bada obra- edo hirigintza-lizentzia edukitzea –lizentzia hori lortua izanik nahiz izan gabe– edo eskatzen bada erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea. Halakoetan, baldintza izanen da Azkoiengo Udalaren ardura izatea lizentzia ematea, hura emateko txostena egitea –Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera– edo kontrol-jarduera gauzatzea.
Salbuespenak
3. artikulua. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepideetarako, burdinbideetarako, aireportuetarako, lan hidraulikoetarako, hiri saneamendurako edo haien hondakin-uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, hala eraikuntza berriko lanetan nola kontserbaziokoetan.
Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan egitea edozein eraikuntza, instalazio edo obra baldin eta, etxebizitzen jabeak izanik Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak –eta horiek lagata irabazi-asmorik gabeko erakundeei–, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.
Subjektu pasiboak
4. artikulua.
1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.
Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da bere gain hartzen dituena haiek egiteak dakartzan gastuak edo kostua.
2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.
Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.
Zerga-oinarria, kuota eta sortzapena
5. artikulua. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin ez badute berezitasun edo nortasun propiorik lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntzarekiko, instalazioarekiko edo obrarekiko.
Honako hauek ez dira zerga-oinarriaren zati: balio erantsiaren gaineko zerga, araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko gainerako ondare-prestazioak –horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak–, profesionalen ordainsariak, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere –sartzen ez badira aipatutako gauzatze materialaren kostuan–.
6. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.
Karga-tasa izanen da eranskinean ageri dena
7. artikulua. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik, nahiz eta hartarako ez lortu lizentziarik edo ez aurkeztu erantzukizunpeko adierazpenik edo aurretiazko komunikaziorik.
Aukerako hobariak
8. artikulua. Eraikuntza, instalazio edo obrek %33ko hobaria izanen dute zergaren kuotan, baldin eta autokontsumorako sistemak ezartzen badituzte eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako.
Hobari hori soilik aplikatuko da energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemetara bideratutako gauzatze materialaren kostuaren zatian, betiere sistema horiek instalatzea nahitaezkoa ez denean, arloaren gaineko araudi espezifikoaren arabera.
Hala, aurrekontuan helburu espezifiko horrekin bat ez datozen obrak jasotzen badira, obra horietako bakoitzari dagokion zenbatekoa behar bezala xehatua aurkeztu beharko da.
Hobari honen aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.
Hobari hori, erregutua baita, ondasun higiezin bakar batean soilik aplikatuko du onura fiskal horren titularrak, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, betiere obrak bukatu badira eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren behin betiko likidazioa egin bada.
Hobaria eskatu beharko da eskabide orokorra aurkeztuta Azkoiengo Udaleko erregistro orokorrean, lizentzia eskatzen den unean edo obraren erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, edo, bestela, obra amaitzen denean, agiri hauekin batera:
a) Eskabide sinatua, adierazten duena eskatzen ari den hobariaren xedeko unitatean instalatu direla eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistema.
b) Administrazio eskudunaren homologazioa, beroa sortzeko instalazioetako kolektoreena.
c) Instalazioaren fakturak eta ordainagiriak.
Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.
Hobari hau izateko, ez da zorrik eduki behar Azkoinego Udalarekin.
9. artikulua. Halaber, zerga hauen gaineko hobaria ere jasotzen ahalko da:
a) %50erainoko hobaria, alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetara bakarrik zuzendutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
b) %25erainoko hobaria, neurri batean alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako diren eraikuntza, instalazio edo obretarako, baldin eta guztizko kopuruaren erdia, gutxienez, babes ofizialekoa baldin bada.
c) %50erainoko hobaria, elkarteek edo kooperatibek erabilera-lagapenean sustatutako etxebizitza edo ostatuen eraikuntza, instalazio edo obretarako.
d) %50erainoko hobaria, udal-katalogoak babestutako eraikuntzetan etxebizitza babestuak egiteko eraikuntza, instalazio edo birgaitze-lanetarako.
e) %30erainoko hobaria, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan eta esku-hartze publikoko planen arloetan txertatutako eraikuntzetan etxebizitza babestuak egiteko eraikuntza, instalazio edo birgaitze-lanetarako.
Hobaria eskatu beharko da eskabide orokorra aurkeztuta Azkoiengo Udaleko erregistro orokorrean, obra-lizentzia eskatzen den unean edo obra amaitzen denean, agiri hauekin batera:
a) Eskabide sinatua, adierazten duena zein den eraikinen xedea –alegia, eraikuntza, instalazioak edo obrak eginen diren eraikinarena–, edo, bestela, eraikuntzen, instalazioen edo obren xedea bera.
Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.
Hobari hau izateko, ez da zorrik eduki behar Azkoinego Udalarekin.
10. artikulua. Ordenantza honetako 8. eta 9. artikuluetan aipatutako hobarietako bat baino gehiago eskatzen diren kasuetan, hobaririk handiena soilik aplikatuko zaio onuradun den subjektu pasiboari.
Zergaren kudeaketa
11. artikulua.
1. Konturako behin-behineko likidazio bat eginen da kasu hauetan: aginduzko lizentzia ematen denean, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada lizentzia eskatu, eman edo ukatu baino lehen edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:
a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.
b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala jasotzen duenean, horretarako ezartzen dituen indizeen edo moduluen arabera.
2. Ikusirik benetan egin diren eraikuntza, instalazio edo obrak, bai eta horien kostu erreal eta benetakoa ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, beharrezkoa bada, eta dagokion behin betiko likidazioa eginen du; hala bada, subjektu pasiboari behar den zenbatekoa eskatu edota itzuliko dio, kasuan kasukoa.
3. Udalek autolikidazio bidez eskatzen ahalko dute zerga hau.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.
TARIFEN ERANSKINA (KARGA-TASAK)
Karga-tasa: %3.
Iragarkiaren kodea: L2612993