Iragarkia
214. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
5532E/2026 EBAZPENA, urriaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak eta 3.412.138,35 euroko gastua baimentzen baita 2026rako. DDBN kodea: 934018.
Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zitzaion eta esparru juridiko berri bat ezarri zen hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza-eskaintzetarako.
Lege horren 8. artikuluak ikas-ekinezko prestakuntza aurreikusten du, enplegu eta prestakuntzako prozesu misto baten bidezkoa. Prozesu horrek aukera ematen dio langileari ikaskuntza formala eta lanpostuko jardun profesionala uztartzeko, txandakako prestakuntza-kontratu baten bidez.
Ikas-ekinezko prestakuntzako kontratuaren helburua da enpresa bateko lan-jarduera bat prestakuntza-prozesu batekin bateragarri egitea, lan-esperientziak prestakuntza teorikoa osatu eta aberastu dezan, lanbide-kualifikazioa eta laneratzea erraztuz.
2025-2028 Nafarroako Enplegu Planaren helburu estrategikoak dira Nafarroako langabezia orokorra murriztea, zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan langabezia murriztea eta Nafarroan urtero prestakuntza jasotzen duten langileen kopurua handitzea.
2025-2028 Nafarroako Politika Aktiboen Planak (PAE’S) lehen helburu estrategiko hau du: "Enplegu-zerbitzuak eskatzen dituzten langileen eta langabeen enplegagarritasuna hobetzea, enplegu bat lortzeko aukerak handituz eta arreta etengabeko prestakuntzarako eskubidean jarriz". Helburu espezifikoetako batean zehazten da: "Lehentasunezko kolektiboei zuzendutako prestakuntzaren irismena hobetzea: Lantegi Eskolak, PIFE eta Prestakuntza eta Enplegu Tailerrak".
Bigarren helburu estrategikoa da "Nafarroan lan-merkatu dinamikoa, erresilientea eta inklusiboa sortzen laguntzea, aukera-berdintasuna eta kalitatezko enplegua bermatzeko".
Zeharkako helburuetako bat gizarte-kohesioa da, eta lehentasunezko kolektiboen artean bazterkeria-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak daude. Zaurgarritasun hori areagotzen duten aldagaietako bi prestakuntza txikiagoa eta lan-ibilbiderik eza dira, eta aldagai horiek arintzen saiatzen dira deialdi honekin.
Deialdi hau Nafarroako 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoko 324. fitxan jasota dago (Prestakuntza- eta enplegu-programa mistoetarako dirulaguntzak).
Irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretuak, Enplegu Sistema Nazionalaren barruan enplegua aktibatzeko programa komunak arautzen dituenak, 30.etik 35.era bitarteko artikuluetan zehazten ditu enplegu eta prestakuntzako esperientzia programen baldintzak: xedea, garapena, parte-hartzaileen hautaketa eta finantzaketa.
Deialdi honen bidez, programa honekin bateragarri egin dezaketen langabeen eta enplegu prekarioan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetu nahi da, eta, horretarako, beharrezko prestakuntza eta esperientzia eman nahi zaie enpleguan sartzeko edo enplegua berme handienekin hobetzeko. Horretarako, onuradunak ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bat sinatuko du, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 11. artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Era berean, deialdi honek lagunduko du Nafarroako Gobernua atxikita dagoen 2030 Agendako garapen jasangarriko helburu (GJH) batzuk lortzen. Zehazki, deialdi honek ekarpena eginen du bereziki GJH hauetan:
- 4. GJHa. Kalitatezko hezkuntza: parte-hartzaileei prestakuntza teknikoa eta zeharkako gaitasunak emanen dizkielako funtsezko gai batzuetan, hala nola gaitasun digitaletan, jasangarritasunean, genero-berdintasunean eta trantsizio digitalean, besteak beste.
- 8. GJHa. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa: deialdi honen bidez pertsonen prestakuntzan lagunduko delako, bai eta onura publikoko obra edo zerbitzuetan enplegua sortzen ere. Beraz, hazkunde ekonomikoa indartzen da.
- 10. GJHa. Desberdintasunak murriztea: langabezian dauden pertsonak laneratzen lagunduko duelako.
Prestakuntza- eta enplegu-programak banakako ebaluazioaren araubidean emanen diren dirulaguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate onuradunek beraiek gauzatuko dituzte. Nafarroako Gobernuaren 2026ko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari banakako ebaluazioaren araubidean izapidetu zezan prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko dirulaguntzen deialdia, 3.250.000 euroko aurrekontuarekin. Azkenik, aurrekontu horri 162.138,35 euro gehitu zaizkio, soberakinak egon direlako enplegu eta prestakuntzarako beste deialdi batzuetan, honetarako erabiliko direnak; ondorioz, azken aurrekontua 3.412.138,35 eurokoa izan da.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2026an eta 2027an prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Guztira 3.412.138,35 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko 950002-96200-4819-242200 aurrekontu-partidaren kargura [PEP: E-24-000737-01]: Konferentzia Sektoriala. Lantegi eskoletako programak eta programa espezifikoak. Zenbateko hori, aldi berean, honela banatuko da:
1.706.069,18 euro, toki entitateek prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, erreserbako aurrekontu-partida horren kargura. Zenbateko hori, aldi berean, honela banatuko da:
- 550.000 euro toki entitateek prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, ijitoei zuzenduta.
- 100.031 euro, toki entitateek prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, langile autonomoei zuzenduta belaunaldi-erreleboa sustatzeko.
- 1.056.038,18 euro, toki entitateek gainerako prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, langabeei zuzenduta.
1.706.069,17 euro, elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, erreserbako aurrekontu-partida horren kargura. Zenbateko hori, aldi berean, honela banatuko da:
- 550.000 euro irabazi-asmorik gabeko entitateek prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, ijitoei zuzenduta.
- 100.031 euro, irabazi-asmorik gabeko entitateek prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, langile autonomoei zuzenduta belaunaldi-erreleboa sustatzeko.
- 1.056.038,17 euro, irabazi-asmorik gabeko entitateek gainerako prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko, langabeei zuzenduta.
4. 3.000.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta argitaratu arte.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko urriaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza eta enplegu tailerrak egin daitezen Nafarroako Foru Komunitatean.
2.–Entitate onuradunak.
2.1. Hauek sustatzen ahalko dituzte deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen prestakuntza eta enplegu tailerrak:
a) Nafarroako toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien mendeko edo horiekin parekatutako entitateak, titulartasun osoa toki entitate horiena bada eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude.
b) Nafarroan gutxienez establezimendu bat duten irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta bestelako entitateak.
3.–Jarduera ematea eta gauzatzea.
Entitate onuradunek gauzatuko dituzte kasuan kasuko onura publikoko edo interes sozialeko obrak edo zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan.
Entitate onuradunek prestakuntza emateko jarduera azpikontratatzen ahalko dute, 17. atalean xedatutakoarekin bat.
Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza eman behar badute, prestakuntza hori ematen duten entitateek prestakuntza emateko instalazio eta giza baliabide nahikoak izan beharko dituzte, izena emateko epea irekitzen den egunean, programetan bertan jasotzen denaren arabera.
Ziurtagiri profesionalak ematen badira, ziurtagiri horiek emanen dituzten entitateek egiaztatuta egon beharko dute, izena emateko epea irekitzen den egunean, dagokion ziurtagiria emateko, eta ziurtagiri horretan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.
Proiekturako erabiltzen diren ikasgelak, lantegiak eta gainerako gelak haiek ematen dituen entitatearen jabetzakoak ez badira, eskaera egitean egiaztatu beharko da prestakuntza emateko erabiltzen ahal direla.
Onetsitako proiektuaren memoriaren arabera, jarduera egiten duen entitateak jarri beharko ditu ikasgelak, lantegiak, altzariak, makineria eta abar, proiektuak behar bezala funtzionatzeko behar duen oinarrizko ekipamendua alegia.
Proiektuko memorian adierazitako gainerako ekipamendua prest egonen da, proiektua behar bezala garatzeko beharrezkoa den unean erabiltzeko.
4.–Prestakuntza eta enplegu tailerrak.
4.1. Prestakuntza eta enplegu tailerrak enplegu-prestakuntzako programa publikoak dira, eta, beraz, bideratuta daude haietan parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna eta laneratze aukerak hobetzera, kualifikazioa jasoz eta lanbide-jardunean arituz, Estatuko araudi aplikagarrian adierazitako moduan.
Diruz lagundutako proiektuak laneratzera bideratuko dira, parte-hartzaileek lanbide-gaitasunak eta esperientzia eskuratuz. Nolanahi ere, proiektu horietan egindako jarduerek aukera eman behar dute parte-hartzaileen ikaskuntza eta lanpostuko jardun profesionala uztartzeko. Proiektua gauzatzen den bitartean, onura publikoko edo gizarte-intereseko obrak edo zerbitzuak eginen dituzte, ikasle-langileek benetako lana egin ahal izan dezaten.
Proiektuak 8 eta 15 parte-hartzaile arteko taldeetan landuko dira.
4.2. Prestakuntza eta enplegu tailer motak.
Prestakuntza eta enplegu tailer mota hauek ezartzen dira:
a) Ijitoei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerrak.
b) Belaunaldi-erreleboa sustatzeko langile autonomoei zuzenduta, toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerrak.
c) Langabeei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerrak.
d) Ijitoei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerrak.
e) Belaunaldi-erreleboa sustatzeko langile autonomoei zuzenduta, irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerrak.
f) Langabeei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerrak.
4.3. Proiektuaren iraupena, garapena eta edukia.
1. Proiektuak 3 eta 6 hilabete bitarteko iraupena izanen du, eta 2027ko urriaren 1a baino lehen bukatu beharko da.
2. Prestakuntza-edukia:
a) Prestakuntza teknikoa.
Ikasle-langileek prestakuntza jasoko dute egin beharreko lanerako egokiak diren gaitasun teknikoetan. Prestakuntza teknikoa antolatzen ahalko da, edo prestakuntza espezialitate bakar batean, edo zenbait espezialitateren konbinazioa egiten duen prestakuntza-ibilbide batean. Konbinaketa hori moduluak hautatuz ere egiten ahalko da, betiere prestakuntza espezialitateak modulutan banatuak badaude.
Prestakuntza espezialitatea ziurtagiri profesional bat lortzearekin lotuta badago, prestakuntza horrek osoa izan beharko du.
Ibilbidearen araberako prestakuntza guztia honako hauekin lotuta egon beharko da:
a1) Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza espezialitateak, eta haien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira:
Katalogoaren kontsulta:
https://sede.sepe.gob.es/FOET_CATALOGO_EEFF_SEDE/flows/main?execution=e1s1
a2) C graduko prestakuntza-eskaintza (ziurtagiri profesional osoa) osatzen duten ziurtagiri profesionalen Lanbide Konpetentzien Estandarren Katalogo Nazionaleko Lanbide Heziketa.
Katalogoaren kontsulta:
https://www.todofp.es/buscadorgradosfp/buscador?grado=C
Salbuespen gisa, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotako espezialitateek ez badiete erantzuten entitate eskatzaileak hautemandako premiei, entitate eskatzaileak espezialitate berriei alta emateko eskatzen ahalko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari (aurrerantzean, NL-NEZ). Horretarako, eskaera arrazoitu bat aurkeztu beharko du, premia horietara egokitutako prestakuntza programaren proposamen batekin batera. Horretarako, bete beharko ditu NL-NEZek emandako jarraibide teknikoak.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliozkotuko du, edo ez, entitateak proposatutako prestakuntza, bai eta haren egokitasuna, diseinua eta konfigurazioa ere, eta eskatzen ahalko du, proposamena oneste aldera, zuzenketak edo egokitzapenak egin daitezen. NL-NEZek uste badu proiektua ez datorrela bat lan-merkatuaren beharrekin, edo profil horietarako prestakuntza eskaintza behar bezala beteta dagoela deialdi honetan edo beste batzuetan, uko eginen zaio aurkeztutako proiektua onartzeari.
b) CTRC0020 espezialitatea: Eraldaketa digitala, garapen jasangarria eta genero-berdintasuna (10 ordu).
Honako hauei buruzko espezialitatea da: lan-ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikazio kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta oreka bermatuta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen artean); eta genero-berdintasuna. Genero-berdintasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero-desberdintasunak ezabatzeko, lan prozedurak eta metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte aldaketarako joerak sustatzeko.
Prestakuntza hori egiteko NL-NEZek prestatutako erreferentziazko materialak erabili beharko dira:
https://sites.google.com/view/td-y-sost-ndice-familias-profe/Indice-TD-SNE-familias-profesionales
c) Pertsonak lanpostuan duen portaera orokorraren ezaugarriei edo trebetasunei buruzko jarduketak.
Hauek dira zeharkako funtsezko konpetentziak: komunikazioa, talde-lana, arazoak konpontzea, erabakiak hartzea, moldagarritasuna/malgutasuna, antolaketa eta plangintza, autonomia, trebetasun digitalak, bezeroarenganako orientazioa, pentsamendu kritikoa, estresaren kudeaketa eta lidergoa. Gai horren edukiak gutxienez 10 orduko iraupena izanen du.
3. Ikas-ekinezko prestakuntza, jardun profesionalean ere aritzeko.
Prestakuntza eta lan-jarduera txandakatu egin behar dira proiektu osoan zehar.
4. Enplegurako orientazio pertsonalizatu, integral eta inklusiboko zerbitzuak.
Proiektuek enplegurako orientazio-zerbitzu pertsonalizatuak, integralak eta inklusiboak eman behar dizkiote parte-hartzaile bakoitzari, apirilaren 30eko 438/2024 Errege Dekretuaren III. kapituluaren arabera (438/2024 Errege Dekretua, Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Erkidea eta Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean ezarritako zerbitzu bermatuak garatzen dituena), enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin.
Orientazio-zerbitzu horiek honako hauek izanen dira: profil indibidualizatua egitea, ibilbide edo plan pertsonalizatua egitea eta banakako tutoretza, aholkularitza jarraitua eta arreta pertsonalizatua parte-hartzaile bakoitzarentzat.
Hilean bi zerbitzu eman beharko dira gutxienez, eta Orientasare plataforma informatikoan erregistratu beharko da, egin eta gehienez ere 5 eguneko epean. Banakako profila eta ibilbide edo plan pertsonalizatua proiektuaren lehen hilabetean egin beharko dira.
4.4. Proiektuko langileak.
1. Entitate onuradunak kontratatuko ditu zuzendaritzako, irakaskuntzako, orientazioko langileak eta benetako lanaren tutoretzakoak, proiektuan adierazitako profilaren arabera. Entitate onuraduna arduratuko da hautaketaz.
2. Proiektuak irauten duen bitartean, gutxieneko langile-ratio diruz lagungarria honako hau izanen da: Zuzendaritzako lanaldiaren ehuneko 50 eta orientazioko lanaldiaren ehuneko 50. Gainera, benetako lanaren monitorizazio/tutoretzako langileen figura sartzen ahalko da, proiektuan zehar %65erainoko lanaldiarekin, hala behar izanez gero.
3. Zuzendariek titulu akademiko bat izan behar dute, gizarte-zientzien, osasunaren, hezkuntzaren edo administrazio eta finantzen arlokoa, edo lehenago aipatutakoez bestelako titulu akademikoren bat, gutxienez 6 hilabeteko esperientzia duena antzeko proiektuen zuzendaritzan eta koordinazioan.
Zuzendariaren eginkizunak honako hauek izanen dira:
–Irakasle-taldea koordinatzea eduki teoriko-praktikoen eta egin beharreko lanen plangintzari, programazioari, jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez.
–Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.
–Parte hartzen duten ikasle-langileak hautatzea eta errekrutatzea.
–Eguneroko jarraipena, kontrola eta kudeaketa, proiektua behar bezala garatzeko.
–Justifikazioa. Memoria teknikoa eta ekonomikoa egitea.
4. Orientatzaileek psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademiko bat izan beharko dute, edo, bestela, aurrekoez bestelako titulu akademiko bat eta lanbide-orientazioan eta/edo prospekzio- eta bitartekaritza-lanetan gutxienez 6 hilabeteko esperientzia. Orientatzailearen eginkizunak honako hauek izanen dira:
–Lagun egitea.
–Laguntza, orientazioa eta aholkularitza ematea enplegua bilatzearekin eta ikasle-langilea laneratzearekin lotutako gaietan.
–Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.
5. Benetako lanaren monitoreak/tutoreak prestakuntzari lotutako titulazio akademikoa edo prestakuntza-programaren edukiarekin lotutako urtebeteko esperientzia izan beharko du gutxienez.
Hauek izanen dira pertsona horren eginkizunak:
–Benetako lana kudeatzea eta gainbegiratzea: zereginak betetzen direla kontrolatzea, materiala aurreikustea eta erostea, norbera babesteko ekipamenduak behar bezala erabiltzen direla gainbegiratzea, gorabeherak konpontzea, materialak behar bezala erabiltzen direla eta zereginak egiten direla ikuskatzea, etab.
–Onura publikoko edo interes sozialeko obrak edo zerbitzuak egiteko lantaldeak antolatzea eta kudeatzea: egutegia ezartzea, egin beharreko zereginak banatzea eta egokitzea, etab.
–Proiektua gauzatzeko ardura duten gainerako langileekin koordinatzea.
–Eta, oro har, bere eginkizunen barruan, proiektuaren zuzendaritzak adierazitako guztiak.
Benetako lanaren monitoreak/tutoreak ezin izanen ditu zuzendaritzako eta/edo orientazioko langileak pertsona berean bildu, ezta haien eginkizunak bete ere, eta alderantziz.
6. Entitate onuradunak bermatu beharko du figura horiek (zuzendariak, orientatzaileak eta benetako lanaren monitoreak/tutoreak) bertan egonen direla haietako bakoitzarentzat aurreikusitako aldi osoan, eta ordeztu eginen ditu aldi baterako ezintasunaren kasuan, hamabost egunetik gorakoa denean. Borondatezko bajaren kasuan, 5 egun balioduneko gehieneko epean ordeztu beharko da. Betebehar hori bete ezean, 18.3.c) oinarrian aurreikusitako penalizazio ekonomikoa aplikatuko da, NL-NEZek baliozkotzen dituen salbuespenezko arrazoiak daudenean izan ezik.
7. Entitate onuradunak bere langileak sartzen ahalko ditu proiektuan, baldin eta titulazio edo esperientzia baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, dokumentu bat sinatu beharko du, langile horien eginbehar eta dedikazioak adierazita.
4.5. Prestakuntzaren ziurtagiriak.
Proiektuan parte hartu ondoren, ikasle-langileek entitate onuradunak emandako egiaztagiria jasoko dute. Agiri horretan proiektuan emandako ordu kopurua agertuko da, baita eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren ebaluazioa eta egindako prestakuntza ere.
5.–Parte-hartzaileak.
5.1. Honako hauek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan aurreikusten diren proiektuetan:
a) Langabeek, enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa inskribaturik badaude.
b) Landunek, baldin eta izena emanda badaude enplegu-zerbitzu publikoetan enplegu-eskatzaile gisa eta prest badaude proiektua enpleguarekin batera egiteko.
Pertsona guztiek ikas-ekinezko prestakuntzarako eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, baita ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuaren baldintzak ere.
Nolanahi ere, b) atalean deskribatutako parte-hartzaileen kopurua ez da izanen programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 baino handiagoa.
Langileak proiektua hasi baino egun bat lehenago zein lan egoeratan dauden, horren arabera esanen da langileak lanean ari direla edo lanik gabe daudela.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 47. artikuluaren arabera lan-kontratua etenda dutenak ez dira landuntzat hartuko, TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako.
5.2. Parte-hartzaileak aukeratzea.
Proiektuan sartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak ikaspostuen kopurua gainditzen badu, dagokion enplegu agentziak aurrehautaketa bat eginen du, honako irizpideen eta lehentasun-ordenaren arabera:
a) NL-NEZeko orientazio-sareko langileek bideratutakoak.
b) Gizarte zerbitzuek deribatutako pertsonak.
c) Errenta bermatua jasotzen dutenak, inklusiorako eskubidea gauzatzeko.
d) Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak.
e) Parte hartu ez dutenak urriaren 13ko 4846E/2025 Ebazpenaren bidez prestakuntza eta enplegu tailerrak egiteko onetsitako dirulaguntzen deialdian.
5.3. Onuradunekin egindako kontratuak.
1. Proiektuak irauten duen bitartean, ikasle-langileei lanaldi osoko kontratua eginen diete entitate onuradunek.
Ikasle-langileek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, araudi aplikagarrian eta oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera, baldin eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluaren 2. apartatuko m) letran aurreikusitako gutxienekoak errespetatzen badira.
2. Horretarako, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua erabiliko da, bat etorrita Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.2 artikuluan eta, hala badagokio, bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin.
3. Ikas-ekinezko prestakuntzarako kontratua hasieran 3 hilabeteko iraupenarekin formalizatuko da, eta beste 3 hilabetez luzatzen ahalko da, baina kontratuak ezin izanen du proiektuaren amaiera-data baino gehiago iraun. Parte-hartzaileak 5.4 oinarrian jasotako betebeharren bat betetzen ez badu, entitate onuradunak zilegi izanen du kontratua ez luzatzea.
5.4. Parte-hartzaileen betebeharrak.
Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza-ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:
a) Entitatearen lan-araudia ez betetzea.
b) Prestakuntza eta enplegu tailerra ez aprobetxatzea.
c) Prestakuntza eta enplegu tailerra normaltasunez egitea trabatzea.
d) Errespetu edo begirunerik ez izatea prestakuntza eta enplegu tailerra ematen duten edo gizarte-ekintzan laguntzen duten entitateko langileekin, irakasleekin edo ikasleekin.
e) Modu desegokian erabiltzea prestakuntza eta enplegu tailerra ematen duen edo gizarte-ekintzan laguntzen duen entitatearen instalazioak eta ekipamenduak.
f) Prestakuntza eta enplegu tailerra ematen duen edo gizarte-ekintzan laguntzen duen entitatearen funtzionamendu-araudian jaso daitekeen beste edozein.
Prestakuntza eta enplegu tailerra arrazoi justifikaturik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute NL-NEZek kudeatutako beste programa batean izena eman edo parte hartu, utzi eta 3 hilabete igaro arte. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.
Gainera, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitakoa bete beharko da.
5.5. Lan munduan sartzeko taldea.
1. Proiektu guztiek bermatu beharko dute bertan parte hartu eta ebaluatzen ahal direnen %15 laneratuko direla, gutxienez. Ehuneko hori aplikatu ondoren dezimalak ateratzen badira, gertuen dagoen zenbaki osoaren arabera borobilduko da, gorantz edo beherantz, eta digitua 5 bada, goiko zenbaki osoaren arabera borobilduko da. Pertsona bat ebaluatu ahal izateko, gutxienez proiektuak irauten duen denboraren %50 eman beharko du bertan.
2. Honela egiaztatuko da pertsona ebaluagarriak laneratu direla:
–Lan kontratuak, gutxienez 3 hilabeteko guztizko iraupenekoak, lanaldi osokoa bada, edo horren baliokidea, lanaldi partzialekoa bada –lanaldi erdikoa baino txikiagoa ez bada–, proiektuak iraun bitartean eta hura amaitu ondorengo 9 hilabeteetan. Horretarako, ez dira kontuan hartuko kontratu kateatuak, eta egindako proiektuaren lanbide-arloarekin lotutako lanbideetakoak izan beharko dute.
–Altak langile autonomoen araubide berezian, eta kuoten ordainketa, gutxienez 3 hilabetez, aurreko atalean zehaztutako epealdian.
–Bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan-sozietate batean edo gizarte-ekonomiaren sektoreko beste edozein forma juridikotan, lehenengo atalean adierazitako aldi berean.
Laneratzearen ondorioetarako, kontuan hartuko da administrazio publikoan sartzeko edozein bide, funtzionario, estatutupeko langile edo lan- edo administrazio-kontratudun gisa. Bazter geratuko dira enplegu sozial babestuko kontratuak eta NL-NEZek finantzatutako beste laguntza eta/edo dirulaguntza batzuei lotuta dauden guztiak.
3. Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa da, laneratze epea amaitzen denetik hasita.
6.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.
6.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxako "Eskaerak aurkeztea" tramitetik abiatuta (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2026an-prestakuntza-eta-enplegu-tailerrak-egiteko-dirulaguntzak).
6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
6.2.1. Entitate eskatzaileek eskaera bat eta dagokion proiektuko memoria aurkeztu beharko dituzte egin nahi duten prestakuntza eta enplegu tailer bakoitzeko, eredu normalizatuaren arabera, honako dokumentazio honekin batera:
a) Eskatzaileen nortasuna identifikatzen duen dokumentazioa eta entitate onuradunen izenean eta haiek ordezkatuz jarduteko ahalorde aski eta iraunkorra dutela egiaztatzen duena.
b) Dirulaguntzarik jasotzen ez duen proiektuaren kostua finantzatzeko kreditua baduela egiaztatzen duten agiriak.
c) Organo eskudunak proiektua onesteko hartutako erabakiaren ziurtagiria, entitate onuraduna 2.1.a) oinarrian adierazitakoetako bat bada.
d) 2.1.b) atalean adierazitako irabazi-asmorik gabeko elkarteen, fundazioen eta bestelako entitateen kasuan, eraketaren eskritura publikoa eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatutako estatutuak, irabazi-asmorik gabeko entitateak direla egiaztatzen dutenak.
e) Proiektua entitate eskatzailearentzat berriak diren prestakuntza espezialitateak emateko bada, entitate eskatzaileak dokumentu hau aurkeztu beharko du: "Erantzukizunpeko adierazpena, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza espezialitateak emateko eta inskribatzeko instalazioak eta baliabideak izateari buruzkoa".
f) Gizarte-ekintza zer entitatetan eginen den, haiekiko lankidetza-hitzarmenak, hartu beharreko pertsonen kopurua zehazten dutenak.
g) Hala badagokio, azpikontratatzeko asmoa jakinaraziko da, zer azpikontratatuko den adierazita, NL-NEZek ezar dezakeen ereduaren arabera. Jakinarazpen horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan egiaztatuko da azpikontratatutako entitateak deialdi honetan ezarritako baldintzak eta azpikontratazio horretarako indarrean dagoen araudia betetzen dituela.
h) Proiektuaren egutegia eta programazioa diseinatzea, prestakuntza zein egun eta ordutan emanen den eta zein lan ordutan eginen den aurreikusiz, 4.3.3 oinarrian ezarritako mugak errespetatuz.
i) Helburu bererako eskatu edo jasotako dirulaguntzen gaineko adierazpena.
j) Aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa jasotzeko kontua erregistra daiteke Kontuen eta ordainketen kontsulta izapidearen bidez:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
k) Beste edozein dokumentu edo informazio gehigarri, uste bada beharrezkoa dela espedientea ebazten denerako.
6.2.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:
a) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan jasotako betebeharrak konplitzen dituela.
b) Adierazpena, dioena behar adina instalazio eta giza baliabide badituela, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.
c) Adierazpena, dioena eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.
Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.
6.3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera bakoitzak proiektu bakarra izan dezake.
Ez da mugarik ezartzen eskaerak aurkezteko.
6.4. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.
6.5. Ez dira berriz aurkeztu beharko interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, ez eta administrazioak berak eginak direnak ere. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, eta NL-NEZek bide elektronikotik eskatuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Hala bada, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko du.
7.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.
7.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, ez baditu deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten eta behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaera bertan behera uzten dutela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.
8.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.
8.1. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.
8.2. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.
8.3. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
8.4. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz eginen da.
8.5. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
8.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.
8.7. Laguntzak ematea.
Dirulaguntza honako jarraibide hauen arabera emanen da:
a) Ijitoei zuzendutako prestakuntza eta enplegu tailerretan, programa bat emanen da gehienez entitate bakoitzeko.
b) Belaunaldi-erreleboa sustatzeko langile autonomoei zuzendutako prestakuntza eta enplegu tailerretan, programa bat emanen da gehienez entitate bakoitzeko.
c) Langabeei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerretan, laguntzak emanen dira kontuan izanda eskaeraren ordena eta onartutako proiektuen kopuru txikiena. Entitate berari bi proiektu edo gehiago ematen ahalko zaizkio, baldin eta lanbide-arlo desberdinetakoak badira.
d) Langabeei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerretan, laguntzak emanen dira kontuan izanda eskaeraren ordena eta onartutako proiektuen kopuru txikiena.
Tailer mota horretarako, gainera, bi proiekturen gehieneko muga ezartzen da lanbide-arlo eta eremu bakoitzeko, eta lanbide-arlo eta eremu horretako gainerako proiektuak ukatu eginen dira muga horretara iritsitakoan.
Dagokion enplegu-agentziari esleitutako herriek osatuko dute eremu bakoitza.
Eremu hauek ezartzen dira:
–Altsasuko eskualdea.
–Agoizko eskualdea.
–Doneztebeko eskualdea.
–Lizarrako eskualdea.
–Iruñeko eskualdea.
–Lodosako eskualdea.
–Tafallako eskualdea.
–Tuterako eskualdea.
8.8. Gerakinak.
a) Ijitoei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerren laguntzak emandakoan gelditzen den kreditu-gerakina ez baldin bada behar adinakoa beste laguntza bat emateko, kreditu-gerakin hori erabiliko da langabeei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerretarako.
b) Belaunaldi-erreleboa sustatzeko langile autonomoei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerren laguntzak emandakoan gelditzen den kreditu-soberakina ez baldin bada behar adinakoa beste laguntza bat emateko, kreditu-gerakin erabiliko da langabeei zuzenduta toki entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerretarako.
c) Ijitoei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerren laguntzak emandakoan gelditzen den kreditu-soberakina ez baldin bada behar adinakoa beste laguntza bat emateko, kreditu-gerakin hori erabiliko da langabeei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerretarako.
d) Belaunaldi-erreleboa sustatzeko langile autonomoei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerren laguntzak emandakoan gelditzen den kreditu-soberakina ez baldin bada behar adinakoa beste laguntza bat emateko, kreditu-gerakina erabiliko da langabeei zuzenduta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituzten prestakuntza eta enplegu tailerretarako.
e) Baldin eta gerakinak eta tailerrentzako laguntzak banatzearen ondorioz kreditu-gerakinik badago, baina behar adinakoa ez bada toki entitateei eta/edo irabazi-asmorik gabeko entitateei beste laguntza bat emateko, zenbateko horiek biltzen ahalko dira, sarrera-ordenaren arabera dirulaguntzarik gabe geratu den lehen proiektuari laguntza emateko.
f) Aurreko atal guztietan, kreditu erabilgarria txikiagoa baldin bada eskatutako zenbatekoa baino, horren berri emanen zaio proiektua aurkeztu duen entitateari, eta proiektua birformulatzeko aukera eskainiko zaio. Interesaturik ez badago, eskaera ukatuko da aurrekontu faltagatik, eta kreditua hurrengo eskaerari eskainiko zaio, aurreko atalen arabera. Eragiketa hori ondoz ondo eginen da kreditu erabilgarria agortu arte edo, aurrekontu faltagatik, eskaera guztiak ukatu arte.
9.–Onetsitako proiektuen aldaketak.
9.1. Proiektuak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzeko, aldez aurretik horren berri eman beharko zaio NL-NEZi, haietarako baimena eman dezan.
Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Aldaketa egiteko eskaerak aurkeztu beharko dira, gutxienez, proposatu den aldaketa hasi baino 5 egun natural lehenago.
9.2. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, NL-NEZek ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko duena, kasua bada, egindako aldaketen garrantziaren proportzioan betiere.
Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.
10.–Dirulaguntzen xedea.
Entitate onuradunei ematen zaizkien dirulaguntzak erabiliko dira proiektuan parte hartzen duten ikasle-langileen akonpainamendu- eta kudeaketa-gastuak, prestakuntza eta soldaten eta gizarte-segurantzaren kostuak finantzatzeko, esleitzen zaien aurrekontu-zuzkiduraren arabera.
Entitate onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak erabakitzen ahalko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, aurkezpen-ordenaren eta emateko jarraibideen arabera dagokien eskatzaileei ematea dirulaguntza.
11.–Dirulaguntzen zenbatekoa.
Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batuketa eginda aterako da:
–Zuzendaritzarako, orientaziorako eta benetako lanaren tutoretzarako dirulaguntza.
–Prestakuntzarako dirulaguntza.
–Langile-ikasleen soldaten kostuari aurre egiteko dirulaguntza.
11.1. Zuzendaritzarako, orientaziorako eta benetako lanaren tutoretzarako dirulaguntza:
DIRULAGUNTZA | ZEREGINA |
21.612,50 euro urteko (lanaldiaren %50ari dagokion zenbatekoa) | Zuzendaritza lanaldiaren %50ean, edo zati proportzionala |
2.641,52 euro (lanaldiaren %100ari dagokion zenbatekoa) | Zuzendaritza 22 egunez kontratatzea (proiektuaren aurretik eta ondoren, entitate eskatzaileak egokitzat jotzen duen moduan banatuta), lanaldiaren %100ean edo zati proportzionalean |
21.612,50 euro urteko (lanaldiaren %50ari dagokion zenbatekoa) | Orientazioa, lanaldiaren %50ean edo zati proportzionalean |
21.352,50 euro urteko (lanaldiaren %65ari dagokion zenbatekoa) | Benetako lanaren tutoretza lanaldiaren %65ean edo zati proportzionala |
Entitate onuradunak proiektuan hala aurreikusten badu, diruz laguntzen ahalko da zuzendaria gehienez 22 egunez kontratatzea lanaldiaren %100ean, zeina banatzen ahalko baita entitate eskatzaileak erabakitzen duen moduan. Kasu horretan, hasi aurreko eta amaitu ondoko egunen kalkulu proportzionala eginen da, oinarri honetan ezarritako kopuruaren arabera.
Borondatezko bajaren kasuan, langileak proiektuan benetan lan egiten duen egunak bakarrik ordainduko dira. Aldi baterako ezintasunagatiko bajaren kasuan langilea ordeztu behar bada, hamabosgarren egunetik aurrera ez zaio ordainduko egoera horretan iraun bitartean, eta 18.3.c) oinarrian aurreikusitako penalizazioa aplikatuko da, salbuespenezko arrazoien kasuan izan ezik, zeinak NL-NEZek baliozkotu beharko baititu.
11.2. Prestakuntzarako dirulaguntza.
a) Prestakuntza-ekintzengatik eman beharreko zenbatekoa honako hauen baturaren emaitza izanen da: proiektatutako orduak, lanbide-arloari dagokion modulua (hurrengo taularen arabera) eta proiektatutako parte-hartzaile kopurua.
KODEA | LANBIDE ARLOA | MODULUA (eurotan) |
GKJ | Gorputz eta Kirol Jarduerak | 10,85 |
ADK | Administrazioa eta Kudeaketa | 9,88 |
NEK | Nekazaritza | 12,60 |
ART | Artea eta Artisautza | 11,80 |
ARG | Arte Grafikoak | 11,80 |
MEM | Merkataritza eta Marketina | 9,89 |
EOZ | Eraikuntza eta Obra Zibila | 12,17 |
ELE | Elektrizitatea eta Elektronika | 11,00 |
ENU | Energia eta Ura | 11,29 |
FME | Fabrikazio Mekanikoa | 12,35 |
OST | Ostalaritza eta Turismoa | 12,02 |
IRUP | Irudi Pertsonala | 12,77 |
IRUS | Irudia eta Soinua | 12,35 |
ELI | Elikagaien Industriak | 13,50 |
ERI | Erauzketa Industriak | 12,17 |
INK | Informatika eta Komunikazioak | 9,88 |
IMA | Instalazioa eta Mantentze-lanak | 11,49 |
ZAK | Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxogintza | 12,17 |
KIM | Kimika | 10,71 |
OSA | Osasuna | 11,97 |
SEI | Segurtasuna eta Ingurumena | 10,71 |
GIZ | Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak | 10,71 |
EJL | Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza | 12,35 |
GIM | Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak | 12,47 |
ZK | Zeharkako konpetentziak | 9,88 |
HO | Heziketa osagarria | 9,88 |
b) Pertsonak lanpostuan duen portaera orokorraren ezaugarriei edo trebetasunei buruzko jarduketengatik eman beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da: proiektatutako ordu guztiak bider 9,88 euro eta bider proiektatutako parte-hartzaile kopurua.
11.3. Ikasle-langilearen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak ordaintzeko dirulaguntza.
Ikasle-langileekin izenpetzen diren ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen ondoriozko soldata-kostuak lagunduko dira diruz, benetako lanaren portzentajearen proportzioan, eta urtean ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren %65eko gehieneko mugarekin. Diruz lagunduko dira Gizarte Segurantzari dagozkion eta kontratu horietarako araudi espezifikoan ezarrita dauden kuota guztiak, enplegatzailearen kargura, Soldatak Bermatzeko Funtsa eta langabezia-kotizazioa barne, eta zenbateko horietan aparteko bi ordainsariren zati proportzionala sartuko da.
Legez edo erregelamendu bidez ezarritako derrigorrezko oporrak benetan egindako ordu gisa zenbatuko dira dirulaguntzaren ondorioetarako.
12.–Proiektuaren hasieraren eta exekuzioaren jakinarazpena.
12.1. Hasieraren jakinarazpena IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, proiektua hasi baino gutxienez 2 egun natural lehenago.
12.2. Proiektua hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.
12.3. Entitate onuradunak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du proiektuan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko atalean adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira prestakuntzaren %25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.
12.4. Proiektua hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Agirien taula. Lantegiak -entitateak" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen atalean, deialdiaren fitxan, dago eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2026an-prestakuntza-eta-enplegu-tailerrak-egiteko-dirulaguntzak).
13.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
13.1. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:
a) Dirulaguntzaren aurrerakina: ordainketa aurreratuak egiten ahalko dira, onartutako zenbatekoaren ehuneko 80ko gehieneko mugarekin, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.6 artikuluan, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen duen ekainaren 29ko TES/679/2026 Aginduan eta gainerako garapen araudian.
Horretarako, entitate onuradunak egiaztatu beharko du programa hasi dela. Ulertuko da programa hasi dela baldin eta programa abian jartzeko edozein jarduera hasi bada.
2.1.b) oinarrian zehaztutako entitateen kasuan, bermeak eskatuko dira 60.000 eurotik gorako aurrerakinen kasuan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2.artikuluarekin.
Gainera, funtsak behar direla justifikatzeko, honako dokumentu hauek erabiliko dira:
–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.
–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.
–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.
b) Konturako ordainketak, gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztuta.
Aurrerakinaren eta ordainketa partzialen baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %80; gainerako %20a proiektua bukatu, justifikatu eta exekuzioa egiaztatu ondoren pagatuko da.
13.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, proiektua amaitu eta biharamunetik gehienez hilabeteko epean, eta 2027ko azaroaren 1a baino lehen, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko memoria tekniko bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, prestakuntzan, akonpainamenduan eta laneratzean egindako lana zehaztuta.
b) Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
1. Prestakuntza amaitu zuten ikasle-langileen zerrenda, oinarri honen 5. atalean jasotakoaren arabera.
2. Justifikatutako aldiko ikasle-langileei soldaten eta Gizarte Segurantzaren kostuen kontzeptuan egindako ordainketen justifikazioa.
3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
c) Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko txosten bat, 16.2 oinarrian adierazten den bezala. Txosten hori IRIS aplikazio informatikoaren bitartez aurkeztu beharko da.
13.3. Dagokion dokumentazioa aurkezten bada aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko penalizazioa eguneko, %20ra arte gehienez ere.
Hilabete iragaten bada eta entitate onuradunak ez badu dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu, NL-NEZek entitate onuradunari eskatuko dio justifikazioa 15 eguneko epe luzaezinean aurkez dezala. Ez badu justifikazioa aurkezten NL-NEZek emandako 15 eguneko epe horretan, dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta prozedura abiatuko da, 18. oinarriarekin bat.
13.4. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazte aldera, ikasle-langileek prestakuntza bukatu dutela joko da proiektuan emandako prestakuntza-ekintzen eta -jardueren orduen baturaren ehuneko 75era gutxienez joan badira.
Gainera, lana aurkitzeagatik, beka bat jaso dutelako, edo lanekoak ez diren praktikak egiteko, prestakuntza utzi behar izan dutenek ere bukatu dutela joko da baldin eta, gutxienez, prestakuntzaren ehuneko 25 egin badute. Horretarako, ezin dira 15 egun baino gehiago pasa langabeak prestakuntza-ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten dituen egunera arte.
Baldin eta ikasleek proiektuan emandako prestakuntza-ekintzen eta -jardueren orduen baturaren ehuneko 50 gainditu badute eta salbuespenezko arrazoiengatik proiektua osatu ezin badute, dagokien ordainketa egiten ahalko zaie, NL-NEZi justifikazio arrazoitua ematen bazaio, eta exekuzioaren ehunekoa adinako dirulaguntza jasoko dute gehienez ere.
Baldin eta ikasleek gainditu ez badute prestakuntza-ekintzak irauten duen denboraren %50 eta proiektua utzi behar badute, erregularizazio administratiborako prozesuan egonda, prozesu horretako azken ebazpena kontrakoa izateagatik, exekuzioaren ehunekoa adinako dirulaguntza jasoko dute gehienez ere. Baldin eta ikasleek prestakuntza-ekintzak irauten duen denboraren %50 gainditzen badute eta, erregularizazio administratiborako prozesuan egonda, programa utzi behar badute prozesu horretako azken ebazpena kontrakoa izateagatik, prestakuntza ekintza bukatu dutela joko baita, dirulaguntza jasoko dute.
13.5. NL-NEZek aurkeztu den dokumentazioa ebaluatuko du, eta dagokion ordainketa onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen du.
14.–Bateragarritasuna.
Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta kontratatzeko pizgarrien dirulaguntzak.
Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da inoiz izan, bakarrik nahiz beste batzuekin batera, proiektuaren exekuzioak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.
15.–Entitate onuradunen betebeharrak.
15.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Proiektuaren hasiera, parte-hartzaileen zerrenda eta proiektuaren garapenean gertatzen diren altak eta bajak jakinaraztea, IRIS aplikazio informatikoaren bidez.
b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.
c) Diruz lagundutako langileen lan kontratuak aurkeztea.
d) Proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi xehatua aurkeztea proiektuaren hasieran, bai eta eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren maila zehazten duen ebaluazio-sistema bat ere.
e) "Datu pertsonalen tratamendurako arduradunaren hitzarmena" dokumentua ekartzea. Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dago: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2026an-prestakuntza-eta-enplegu-tailerrak-egiteko-dirulaguntzak.
Sinatuta bidali behar da sgestionf@navarra.es helbidera, diruz lagundutako prestakuntza hasi aurretik.
f) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza-ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.
g) NL-NEZi komunikatzea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.
h) NL-NEZi behar beste justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete direla.
i) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.
j) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen zabalkunde eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta NL-NEZen eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) elkarlana aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
Entitateak deialdi honen berri emateko eta zabalkunderako baliatzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabili beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.
k) Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.
l) Parte-hartzaile bakoitzari aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat ematea, deialdi honetan aurreikusitako baldintzetan, proiektuan parte hartu ondoren. Diploma horretan adieraziko da zenbat ordu iraun duen parte-hartzeak, eta lortutako prestakuntza teoriko-praktikoaren ebaluazioa eta egindako prestakuntza jasoko dira.
m) Parte-hartzaileei proiektura joateak dakartzan betebeharren berri ematea.
n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
15.2. Gardentasun betebeharrak:
15.2.1. Entitate onuraduna 2.1.a) oinarrian adierazitakoren bat bada, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
15.2.2. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun-betebeharra bete beharko dute 2.1.b) oinarrian adierazitako irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta bestelako entitateek, baldin eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira gutxienez, betiere gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da, ez guztizko batura.
Informazio hori ez da eman beharrik izanen, baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.
Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
Aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko:
–Entitate onuraduna 2.1.a) oinarrian adierazitakoren bat bada, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, eredu arautu bat erabiliz, zeina eskura baitaiteke Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen ataleko deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2026an-prestakuntza-eta-enplegu-tailerrak-egiteko-dirulaguntzak), "Zuzenketa edo dokumentazio gehigarria eranstea" tramitearen bidez.
–Entitate onuraduna 2.1.b) oinarrian adierazitakoren bat bada, lehenago aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, "Gardentasun adierazpena aurkeztea eta zuzentzea" tramitearen bidez, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduari erantzuten ez bazaio horretarako emandako epean, eta aipatutako legearen 12.5 artikuluan adierazitakoari jarraituz, erabakitzen ahalko da 500 eurotik 5.000 eurora bitarteko hertsapen-isunak jartzea, entitate interesdunari aldez aurretik ohartarazpena eginda eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa.
16.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.
16.1. Parte-hartzaileek proiektuaren kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen kalitatea ebaluatzeko galdetegi digitalaren bidez eginen da. Prestakuntza-entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei proiektua bukatu aurretik.
16.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazio informatikoak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.
Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza-prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 13.2.c. oinarrian aipatutako kalitate-ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRIS aplikazio informatikoan, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.
16.3. NL-NEZek beharrezkoak diren ekintza guztiak gauzatuko ditu proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, bai alderdi kualitatiboan, bai kuantitatiboan. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda egiaztatuko da programetan parte hartu dutenak laneratu diren.
16.4. NL-NEZek laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenekin bat ote datozen egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere, beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.
17.–Azpikontratazioa.
17.1. Entitate onuradunek emanen ez duten prestakuntza azpikontratatzen ahalko dute, bat etorriz irailaren 28ko TES/1077/2023 Aginduaren 15.5 artikuluan ezarritakoarekin. Bereziki aplikatzekoak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako baldintzak eta debekuak.
Gainera, hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntza ematen duen organoaren aldez aurreko baimena beharko da, bai eta idatzizko kontratua ere.
Azpikontratazioa entitate onuradunari lotutako entitateekin egiten bada, ondoko inguruabar hauek gertatu beharko dira:
–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.
–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.
17.2. Prestakuntza emanen duten entitateek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontratatu prestakuntza-jarduera ematea; ondorio horietarako, irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea aipatzen denean, pertsona fisikoak kontratatzea baizik ez dela ulertzen da.
17.3. Laguntza ematen duen organoak aldez aurretik eman beharreko baimenak, oinarri honetako lehen atalean aipatutakoak, espresuki ematen ahalko dira dirulaguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 30 eguneko epean emandako ebazpenaren bidez. Baimena ezetsi dela ulertuko da aipatu epea igaro bada laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.
17.4. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
17.5. Edonola ere, entitate onuradunei eta kontratistei aplikatzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. eta 28.3 artikuluetan jasotzen diren mugak eta betebeharrak.
17.6. Proiektuko langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea aipatzen denean, pertsona fisikoak kontratatzea baizik ez dela ulertzen da.
17.7. Prestakuntza emateko azpikontratatzen diren entitateek egiaztatuta eta/edo inskribatuta egon beharko dute Lanbide Heziketako C graduko prestakuntza-eskaintza edo Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza espezialitateak emateko.
18.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.
18.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
18.2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.
18.3. Aurreko ataletan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:
a) Ez badira inondik inora betetzen dirulaguntzaren xede ziren helburuak, edo 13.3 oinarrian ezarrita dagoen justifikatzeko gehieneko epea –hilabete– igaro osteko 15 eguneko epean ere ez bada justifikazioa aurkezten, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Era berean, ez-betetze osoa gertatu dela ulertuko da diruz lagundutako jarduera ez bada bere helburuen ehuneko 25era iristen, kontuan izanda dirulaguntzaren zer portzentaje egin den emandako dirulaguntzaren gainean.
b) Dirulaguntzaren xedeko helburuak partzialki betetzen ez badira, edo 13.3 oinarrian ezarrita dagoen justifikatzeko gehieneko epea –hilabete– igaro osteko 15 eguneko epean justifikatzeko betebeharra ere betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako ehunekoa kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.
c) Aldi baterako ezintasunaren kasuan hamabost eguneko epean ez badira ordezkatzen zuzendaritzako kideak, orientatzaileak, benetako lanaren monitore/tutoreak eta sostengu administratiboko langileak, edo 5 eguneko epean borondatezko bajaren kasuan, 60 euroko zigor ekonomikoa ezarriko da egunean, baldin eta kontratazioa lanaldi osokoa bada, edo horren baliokidea den lanaldi partzialekoa, ordezkapenerako gehieneko epea igaro ondoren langileak ordeztu ez diren egun bakoitzeko.
d) Baldin eta 4.3 oinarriko betebeharrak betetzen ez badira (orientazio-jarduketak ematea eta Orientasare plataforma informatikoan behar den epean grabatzea), emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da, oinarri honen b) atalean ezarritakoarekin bat.
18.4. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa horren berri NL-NEZi ematen ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.
Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo proiektuen aldaketa jakinarazi eta NL-NEZek onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko. Berandutze-interesen salbuespen hori ez da aplikatuko baldin eta itzulketak egin behar badira NL-NEZek onartutako aldaketen ondorengo ez-betetzeengatik.
18.5. Oinarri hauetan ezarritako laneratze konpromisoa betetzen ez bada, ordaindutako dirulaguntzaren zenbatekoaren %5 itzuli beharko da laneratzearen portzentajea betetzen ez denean.
18.6. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.
19.–Datuen babesa.
19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
19.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak NL-NEZen fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta gainerako garapen arauak.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.
Halaber, organo kudeatzaileak proiektuetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete parte-hartzaileei.
20.–Aplikatzekoa den araudia.
Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, aplikatuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile. Era berean, aplikatzekoak izanen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.
21.–Dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/2026an-prestakuntza-eta-enplegu-tailerrak-egiteko-dirulaguntzak), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
22.–Errekurtsoak.
Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2613124
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
