1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
151E/2026 FORU AGINDUA, urriaren 6koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Benito Aguerri" zaldiaren feria (Martzillako feriak) Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratzen duena.
2025eko abuztuaren 1ean, Martzillako Udalak eskatu zuen "Benito Aguerri" zaldiaren feria (Martzillako feriak) Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratzeko. Eskaerarekin batera, haien interes turistikoaren berri ematen duen dokumentazioa aurkeztu du.
Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean festa bat interes turistikoko festa deklaratzeko prozesua arautzen da. Foru dekretuan, bestalde, festak berak ere arautzen dira, ikuspuntu turistikotik, eta "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" izendapena sortu.
Honakoa hartuko da Nafarroako Interes Turistikoko Festatzat: Nafarroako herri-tradizioan nabarmen errotutako festa, gertakaria edo adierazpena, Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen dena, eta, bertako kulturaren berezko balioak adierazteaz gain, Nafarroako baliabide edo produktu turistiko gisa garrantzi berezia izan eta Nafarroako turismoa aupatzen laguntzen duena.
Martzillako herrian badago feriak egiteko tradizioa. Izan ere, XVII. mendearen hasieran ganadu feriak egiteko pribilegioa eman zitzaion. Hortxe du jatorria "Benito Aguerri" zaldiaren feriak. Denborak aurrera egin ahala, abeltzaintzako jardueraren bilakaerarekin, ekitaldi hura pasatu da zaldiaren eta zaldi-kulturaren munduan espezializatutako topaketa izatera. 2023az geroztik, feriak Benito Aguerri izena hartu du, hari aitortu nahi izan baitzaio ekitaldia berreskuratzeko eta finkatzeko egin duen lan aipagarria. Gaur egun, kultura-ondarearen eta herri-tradizioaren adierazpen nabarmena da, zaldiaren inguruko hainbat jarduera biltzen dituena: zaldi-erakustaldiak, ganadua, artisautza eta gastronomia.
Martzillako Udalak sustatzen du, eta bertako zaldien jabeen eta zaleen parte-hartze aktiboa du. Azokaren helburuetako bat da herriko zaldi-tradizioa babestea eta balioestea, bai eta merkataritza eta turismo jarduera dinamizatzea ere. Ekitaldiaren helburua da, halaber, Martzilla eta bere ondarea, bereziki gaztelua, erreferente gisa proiektatzea, zaldiaren munduari lotuta. Urtero egiten da ekitaldia, Hispanitatearen Eguna den urriaren 12aren inguruan, orduan izaten baita feriaren egun nagusia.
Espedientean Turismo Zuzendaritza Nagusiak igorritako aldeko proposamena agertzen da. Bertan adierazten da Martzillako Udalak eskatu zitzaion informazioa osatu zuela, eta eginiko eskaerak abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Bestalde, azpimarratzen da aipatutako feriak Nafarroako balioen eta herri-usadioen garapenari ekarpen nabarmena egiten diola, gure baliabide turistikoak ezagutzera emanez eta, horrenbestez, Nafarroako turismoaren garapena eta hedapena sustatuz, 8. artikuluan adierazitako balioespen-irizpideen arabera.
Orobat, espedientean jasota dago 2026ko urriaren 1ean Nafarroako Turismo Kontseiluak emandako aldeko txostena.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. "Benito Aguerri" zaldiaren feria (Martzillako feriak) Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratzea.
2. Hura Nafarroako Interes Turistikoko Festen erregistroan inskribatzea, UFITNA23 kodearekin.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ohartaraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen, eta interesdunek, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean, inola ere galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2026ko urriaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
Iragarkiaren kodea: F2613102