212. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urriaren 7an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita lehentasuna daukala Rafael Sur sektorean El Quinto meategia ustiatzeko proiektua handitzearen onura publikoak, Nafarroako Mendien eta Onura Publikoaren Katalogoko 4. zenbakiko Legua Acotada mendiaren onura publikoaren gainean, Esteribarko udal-mugartean. Proiektuaren sustatzailea Magnesitas Navarra SA (MAGNA) da.

Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 105/2024 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Magnesitas Navarra SAri (aurrerantzean, MAGNA) Rafael Sur sektorean El Quinto meategia ustiatzeko proiektua handitzeko, eta haren lehengoratze-plana onetsi zen.

Aurretik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 23ko 510E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, aldekoa.

Ustiapen proiektua Legua Acotada mendian dago, zeinak 4. zenbakia baitu Onura Publikoaren Katalogoan.

2025eko maiatzaren 27an, MAGNAk eskatu zuen, dagozkion izapideak egin ondoren, deklara zedila Rafael Sur sektorean El Quinto meategia ustiatzeko proiektua bateragarria dela Legua Acotada onura publikoko mendiarekin edo haren gaineko lehentasuna daukala, lanak eta ustiapena hasi ahal izateko.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 1113E/2026 Ebazpenaren bidez, Onura Publikoaren Katalogoan 4. zenbakia duen Legua Acotada mendia okupatzearen aurkako txostena egin da, Nafarroako Gobernuak erabakia hartu aurretik, bat etorriz abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 9.5 artikuluarekin.

Bestalde, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak eginiko txostenean proposatzen da Onura Publikoaren Katalogoan 4. zenbakia duen Legua Acotada mendian MAGNAk sustatutako meatzaritza-erabileraren lehentasuna deklaratzea.

Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 9.5 artikuluan ezartzen den moduan, Foru Komunitateko Administrazioa tramitatzen ari den planaren edo proiektuaren onura edo interes orokorra deklaratu nahi bada eta plan edo proiektu horrek Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoan sartuta dagoen mendi edo baso-lursail bat ukitzen badu, Nafarroako Gobernuari dagokio aldez aurretik bien arteko bateragarritasuna edo batak bestearekiko duen lehentasuna deklaratzea, Oihan Administrazioak txostena egin ondoren.

Baso eta meatzaritza arloetako organoek azaldutako arrazoiak ikusita, bidezkoa da meatzaritzaren ustiapenaren onura publikoaren lehentasuna deklaratzea, sektoreko araudiak onura publikoa aitortzen baitio. Halaber, Eugiko Kontzejuaren eta Ollarmendiko Komunitatearen erabakiak daude, eta proiektuak nabarmen laguntzen du eskualdean eta Nafarroa osoan aberastasuna eta enplegua sortzen, eta populazioari eusten laguntzen du despopulazioak bereziki eragindako eremu batean.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea lehentasuna daukala Rafael Sur sektorean El Quinto meategia ustiatzeko proiektua handitzearen onura publikoak, Nafarroako Mendien eta Onura Publikoaren Katalogoko 4. zenbakiko Legua Acotada mendiaren onura publikoaren gainean, Esteribarko udal-mugartean. Proiektuaren sustatzailea Magnesitas Navarra SA (MAGNA) da.

2. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Magnesitas Navarra SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2613115