212. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urriaren 7an hartua, Urtasungo EUAtik Mendillorriko ur biltegietara (Iruña) doan hodia berritzeko proiektua, Iruñerriko Zerbitzuak SAk sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duena, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako. Proiektu horretan, aipatutako ur hornidurarako azpiegitura igarotzeko eta gauzatzeko behar den toki erreserba ezartzen da.

2026ko martxoaren 31n, hizpide dugun proiektua aurkeztu zuen Iruñerriko Zerbitzuak SAk. Zenbait errekerimenduren ondoren, beste proiektu bat aurkeztu zuen 2026ko ekainaren 25ean.

Lurralde antolamenduko tresna horren xedea da behar diren hirigintza antolamenduko determinazioak ezartzea, Urtasungo EUAtik Mendillorriko ur biltegietara (Iruña) doan hornidura hodia berritu ahal izateko, ur biltegiekin edo kontsumo puntuekin dituen loturak barne.

Horretarako, proiektu sektorialak toki erreserba bat mugatzen eta arautzen du, beharrezkoa baita azpiegitura berria eraikitzeko eta ondoren mantentzeko. Azpiegitura horrek Iruñerriko 50 udalerriri emanen die ur hornidurako zerbitzua, 384.640 biztanleri osotara.

Eremu edo zerrenda hori N-135 Iruña-Frantzia (Luzaide) errepidearekiko eta Arga ibaiarekiko paraleloa da, eta udalerri hauen lurrak hartzen ditu: Esteribar, Ezkabarte, Burlata, Uharte, Eguesibar eta Iruña.

Eroanbideak egiteko eta etorkizunean mantentzeko planteatzen diren hirigintzako araubideak antzekoak dira. Biek azpiegiturarekin bateragarriak diren erabilerak soilik baimentzen dituzte (azaleko laboreak, eremu berde desmuntagarriak eta zerbitzuen gurutzaketa ortogonalak), eta berariaz debekatzen era orotako eraikinak. Funtsean, bakoitza aplikatuko den eremu fisikoan eta denbora tartean bereizten dira. Lehenbizikoa iragankorra da eta UGPrSaren eremu osoan aplikatuko da, UGPrSak indarra hartzen duen unetik, harik eta ukitutako lurzoru tartean azpiegitura gauzatzen den arte. Bigarrena, aldiz, behin betikoa da, eta ukitutako lurzoru tartean azpiegitura gauzatzen denetik aplikatuko da, "babes eremua" delakoan, hots, hodiaren ardatzaren alde bakoitzean, 5 metroko zerrenda batean.

Gainera, UGPrSaren araudiak antolamenduz kanpoko eraikinen araubidea ezartzen du, zeinak Esteribarko udalerrian dauden sei biltegiri eragiten baitie. Bestetik, eremuaren egokitzapenak ahalbidetzen dituen arau esparrua ezartzen da, etorkizuneko eraikuntza proiektuen gauzatze materialagatik edo hirigintza jarduketa berriengatik eremua egokitu beharra dagoenerako.

Egungo eroanbidea 1969. urtekoa da, eta puskaz gainditu du proiektatu zenean aurreikusitako bizitza baliagarria. Berritzea edo ordeztea justifikatua dago, besteak beste, materiala narriatu delako eta matxurak daudelako behin eta berriro, etorkizuneko eskariari erantzuteko aski ez delako eta, orobat, arazo geoteknikoengatik eta mazelen ezegonkortasunagatik.

Tresna hori gauzatzeko, dagozkion obra proiektuak izapidetu eta onetsi beharko dira aurrerago; horietan eginen da azpiegituraren zehaztapen teknikoa eta eraikuntzakoa, sustatzaileak ezartzen dituen faseen edo programazioaren arabera.

Espedientean jasota daude Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak emandako aldeko txostena eta, halaber, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ondare arkeologikoari buruz emandako aldeko txostena. Azken txosten horretan baldintza bat ezartzen da: une oro bermatu behar da erromesak iragan ahal izatea.

Oraindik ez da jaso honako hauen iritzia: Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Memoriaren Institutua eta Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala.

Ingurumen organoak emandako txostenak esaten du ezen, 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duela, baina azterketaren sustatzaileak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eskatu du.

Tresnak betetzen ditu hirigintzako legediak (Estatukoak zein Nafarroakoak) eta aplikatzekoa den araudi sektorialak eskatutako eduki guztiak, eta justifikatzen du zergatik den bidezkoa udalez gaindikotzat deklaratzea. Halere, lurzoru urbanizaezinari loturiko atributu taularen egitura egokitu behar da 253/2019 Foru Dekretuaren eskakizunak betetzeko (253/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituena).

Bestalde, proiektua bateragarria da ukitutako lurzoru guztiei aplikatzekoa zaien hirigintzako erregulazioarekin. Alde horretatik, salbuespen bakarra da "enpresa jarduera"ko lurzati batzuk ukitzen dituela oinplanoko okupazioaren eremuak, Sarrigurengo Ekohiriaren Plan Sektorialeko Berrikuntzaren Hiriko 10.1/A-2 eta 10.1/A-1B lurzatiak, zehazki. Ondorioz, entzunaldia emanen zaie horien jabeei.

Proposatutako determinazioak tresnaren irismenaren eta izaeraren araberakoak dira. Halere, trazadura edo "babes eremua" hiri lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan egokitzeko aukerari dagokionez, aukera hori muga batzuen barnean eta araututa osatu eta taxutu behar dela ulertzen da. Mugaketa hori beharrezkoa dela uste dugu udal planeamenduaren berrikuspenek ez dezaten UGPrSaren funtzionaltasuna hutsaldu, edo ez ditzaten entitate sustatzailearen bizkar utzi tokiko hirigintza jarduketa berriek sortutako desbideratze edo doikuntzen ondoriozko gainkostu ekonomikoak; izan ere, kostuak sortu dituen garapenak hartu beharko lituzke horiek bere gain. Esate baterako: egokitutako trazadura beti jabari eta erabilera publikoko lurzoruetatik (bideetatik edo berdeguneetatik) igaro dadila exijitzea, eta eraikinen azpitik edo irabazizko lurzati pribatuetatik igarotzea debekatzea; berariaz ezartzea ezen udal urbanizazio berrien ondoriozko edozein desbideratze edo aldaketak sortutako kostu ekonomikoak oso-osorik hartuko dituela bere gain hura eragin duen tokiko hirigintza garapenak edo sustatzaileak.

Gainera, 5.4 artikulua zuzendu behar da; izan ere, esaten du babes eremuak ezin izanen duela gainditu hasieran marraztutako UGPrSaren eremua, eta 7.3 artikuluak, aldiz, obren eremua 5 metro handitzen uzten du.

Azkenik, eskatzaileak eskatu du onura publikoa edo gizarte interesa deklaratzeko, baita presako izaera ere, desjabetzeen ondorioetarako. Hori horrela, eskatu duen deklarazioaren justifikazioarekin osatu beharko du agiria (onura publikoa edo gizarte interesa, baita presako izaera ere, desjabetzeen ondorioetarako, deklaratzeko justifikazioa). Justifikazioan honako hauek hartu behar dira kontuan:

–Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen (NDL) 10. artikuluak zehazten duenez, onura publikoa inplizitutzat jotzen da higiezinen desjabetzeari dagokionez toki administrazioen obra eta zerbitzuen plan guztietan.

–Ukitutako ondasunak eta eskubideak berehala okupatzeko presaren deklarazioa (NDLren 52. artikuluan araututako eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45.4 artikuluan baimendutako prozeduraren arabera) salbuespenezko neurria da, eta modu sendo, zalantzarik gabe eta zehatzean justifikatu edo arrazoitu behar da, desjabetze prozedura arrunta zergatik ezin den erabili argudiatuta.

–Zilegi izanen da, halaber, deklarazioak proiektu sektoriala gauzatzeko izapidetu behar diren obra proiektuen onespenarekin batera erabakitzea.

2026ko irailaren 23an, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aldeko txostena egin zuen, eta izapidetzea bat etorri zen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Urtasungo EUAtik Mendillorriko ur biltegietara (Iruña) doan hodia berritzeko proiektua, Iruñerriko Zerbitzuak SAk sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako. Proiektu horretan, aipatutako ur hornidurarako azpiegitura igarotzeko eta gauzatzeko behar den toki erreserba ezartzen da.

2. Sustatzaileari adieraztea ezen, espedientea ebatzi aurretik, agiri teknikoa osatu eta zuzendu beharko duela, erabaki honetan adierazitakoaren arabera, baita aplikatu beharreko txosten sektorialetan xedatutakoaren arabera ere.

3. Tresna jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea ukitutako udalei eta Nordex Energy Spain SA eta Acciona Generacion Renovable SA enpresei, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako. Tramite horiek 30 egun iraunen dute.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da zenbatzen bi tramite horien epea.

Horretarako, agiri teknikoaren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian egonen da ikusgai: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; eta, epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

4. Tresna eta haren ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, epe berean, proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren ondorioetarako, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraikiz.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaraztea Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari, Esteribarko, Ezkabarteko, Burlatako, Uharteko, Eguesibarko eta Iruñeko udalei, Nordex Energy Spain SA eta Acciona Generacion Renovable SA enpresei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urriaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2613114