209. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

210E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 30ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzen baitira Arbizuko Hirigune Historikoaren (1 eremua) eta Mikel Aingeru auzoaren (2 eremua) eremuak.

Arbizuko Udalak eskatu du lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratu daitezela Hirigune Historikoaren (1 eremua) eta Mikel Aingeru auzoaren (2 eremua) eremuak, bat etorriz 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan ezarritako xedapenekin (61/2013 Foru Dekretua, irailaren 18koa, Etxebizitzaren arloko Jarduketa Babesgarriak arautzen dituena).

Horretarako, Arbizuko Udalak hirigintza-plangintza egokia dauka, eraikinen antzinatasunari buruzko irizpidea betetzen dela justifikatu du, eta birgaitze-laguntzak arautzen dituen ordenantza bat dauka onetsirik; hori guztia, aipatutako 61/2013 Foru Dekretuan ezarrita dagoen moduan.

Nafarroako Gobernuak ere, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren bidez, herri eta eremu horietako etxebizitzak birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea.

Hori horrela, eta Sakanako Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren betebeharrak (61/2013 Foru Dekretua, irailaren 18koa, Etxebizitzaren arloko Jarduketa Babesgarriak arautzen dituena), eta, hortaz, bidezkoa da Hirigune Historikoa (1 eremua) eta Mikel Aingeru auzoa (2 eremua) lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea Arbizuko Hirigune Historikoaren (1 eremua) eta Mikel Aingeru auzoaren (2 eremua) eremuak, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Arbizuko Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ezin da izan lehentasunez birgaitu beharreko arean –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

3. Foru agindu hau Arbizuko Udalari eta Etxebizitza Zerbitzuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio-bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko irailaren 30ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2612890