Iragarkia
209. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2452/2026 EBAZPENA, irailaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak emana, irakasle kontratatu iraunkor izateko zenbait lanpostu betetzeko sarbide lehiaketarako deialdia egiten duena.
Bat etorriz honako arau hauekin: Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoa (2023ko martxoaren 22koa); 678/2023 Errege Dekretua (2023ko uztailaren 18koa), Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko Estatuko akreditazioa eta kidego horietako lanpostuetara sartzeko lehiaketen araubidea ezartzen dituena; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak (2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsiak) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua (Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6ko erabaki baten bidez onetsia).
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2023rako Lan Publikoaren Eskaintza, 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako tasa espezifikoari dagokiona (Gobernu Kontseiluak 2023ko azaroaren 30ean hartutako erabaki batez onetsia eta 2023ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua).
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasle eta ikertzaileentzat 2025. urterako onetsitako Lan Publikoaren Eskaintza (Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez onetsia eta 2025eko abenduaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua).
Ikusirik Gobernu Kontseiluak 2026ko uztailaren 26an hartutako erabaki bat, zeinaren bidez aldatu baitzen irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrenda eta onetsi baitzen irakasle kontratatu iraunkor izateko lanpostuetarako deialdia.
Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak txostena eginik.
Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Irakasle kontratatu iraunkor izateko 2 lanpostu betetzeko sarbide lehiaketarako deialdia onestea, baita haren oinarriak ere (ebazpen honen I. eranskinean daude).
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Euraxess Jobs plataformaren erregistroari, zeina Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak kudeatzen baitu (FECYT), Giza Baliabideen Zerbitzuari eta hautaketa-batzordeetako kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 29an.–Irakasleen gaietarako errektoreordea, Luis Gandía Pascual.
I. ERANSKINA.–IRAKASLE KONTRATATU IRAUNKOR IZATEKO ZENBAIT LANPOSTU BETETZEKO SARBIDE LEHIAKETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Oinarri hauen xedea da irakasle kontratatu iraunkor izateko zenbait lanpostu betetzeko sarbide lehiaketa arautzea. II. eranskinean ageri dira lanpostu horiek.
1.2. Lehiaketa arautzeko, honako lege hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoa (2023ko martxoaren 22koa); 678/2023 Errege Dekretua (2023ko uztailaren 18koa), Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko Estatuko akreditazioa eta kidego horietako lanpostuetara sartzeko lehiaketen araubidea ezartzen dituena; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak (47/2026 Foru Dekretuaren bidez, 2003ko maiatzaren 12an onetsiak) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua (Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6ko erabaki baten bidez onetsia); 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena (2015eko urriaren 30ekoa); 39/2015 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa (2015eko urriaren 1ekoa); 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena (2015eko urriaren 1ekoa); deialdi honen oinarriak, bai eta aplikatu beharreko gainerako arau orokorrak ere.
1.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 85.4 artikuluaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren 14.4 artikuluaren arabera, gehienez ere lau hilabete pasatuko dira izangai onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik lehiaketaren ebazpena argitaratzen den arte, non eta ez den epe hori luzatzen arrazoi larriren batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo bidezko beste arrazoiren batengatik.
Epe hori edo deialdi honetan ezarritako beste edozein zenbatzeko, abuztua baliogabea izanen da ondorio guztietarako.
1.4. 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 2015eko urriaren 1ekoa–, hautaketa-prozesu honen ondoriozko argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarrietan aipatzen direnak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion atalean, eta ez dira baliozkoak izanen beste tokietan agertzen direnak:
2.–Izangaiek bete beharrekoak.
Funtzio Publikoan sartzeko indarrean diren legeetan ezarritako baldintza orokorrekin bat etorriz, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin ere, lehiaketan onartuak izateko, honako baldintza hauek bete behar dituzte izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta kontratuaren ondorio egunera arte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Era berean, Espainiako lurraldean erregularizatuta dauden atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, gaiari buruzko araudi espezifikoan ezarritako baldintzetan, bai eta hirugarren herrialde bateko nazionalitatea dutenek ere baldin eta espainiar baten edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea duen pertsona baten familiako kideak badira.
b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta administrazio publikoetako langileen nahitaezko erretirorako ezarritako gehieneko adina beteta ez edukitzea. Hala ere, parte hartzen ahalko dute adin horretara iritsita beren gizarte-aurreikuspeneko sisteman pentsio bat jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia bete ez dutenek edo pentsio osoa jasotzeko kotizazio urteak bete ez dituztenek.
c) Irakasle kontratatu iraunkor izateko lanpostuetarako akreditatua egotea. Era berean, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren hirugarren xedapen iragankorraren arabera, baliozkoa izanen da Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak emandako irakasle kontratatu doktorearen akreditazio indarduna ere. Halaber, baliozkoa izanen da unibertsitateko edozein irakaskidegotarako akreditazioa ere.
d) Euskarazko hizkuntza-gaitasuna eskatzen duten lanpostuak badira, EGA titulua edo Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren titulazio ofizial baliokidea edo Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz irakasteko hizkuntza-gaitasunaren akreditazioa.
Gobernu Kontseiluak 2004ko maiatzaren 25ean hartutako erabaki batean ezarritakoarekin bat etorriz –erabaki hura Gobernu Kontseiluak 2009ko maiatzaren 7an hartutako beste erabaki batek aldatu zuen–, euskarazko hizkuntza-gaitasuna agirien bidez frogatu ezin duten izangaiek eskaera egin beharko dute beren euskararen ezagutza-maila proba baten bidez egiaztatzeko. Proba Euskararen Ezagutza Balioesteko Batzordeak eginen du. Horretarako, izangaiek dagokion aukera markatu beharko dute eskabidean.
e) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.
f) Ez egotea bazterturik edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espediente bat dela kausa, eta ez egotea ezgaitua funtzio publikoak betetzeko. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.
g) Hizkuntza nagusia espainola ez duten herrialdeetatik datozen eta Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, gaztelania behar bezala jakitea. Eskakizun hori hautaketa-prozesuan zehar egiaztatu beharko da, eta, horretarako, dagokion hautaketa-batzordeak berariazko probak ezartzen ahalko ditu betetzen direla egiaztatzeko.
3.–Eskaerak.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean ere emanen da argitara. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.unavarra.es), hain zuzen ere "I + I-Giza baliabideak" atalaren "irakasle kontratatu iraunkorren deialdia" azpiatalean.
3.3. Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
a) 2. oinarriko c) letran adierazitako baldintza betetzen dela egiaztatzen duen dokumentua.
b) Hala badagokio, 2. oinarriko d) letran ezarritako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen dokumentua.
c) Curriculum vitaea, FECYTen eredu normalizatuan (CVN-FECYT) edo haren parekoan aurkeztua, eta Hautaketa Batzordeak balorazio irizpideak emateko erabili duen hurrenkera berean adierazita merezimenduak. CVan, merezimendu bakoitzaren egiaztagiria zein den eman behar da aditzera.
d) Laugarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu duela egiaztatzen duen agiria.
3.4. Hautaketa-batzordeek prozesuaren edozein unetan eskatzen ahalko diete izangaiei aurkeztutako dokumentuak benetakoak direla egiaztatzeko.
Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikusten badu izangairen batek ez duela betetzen eskatutako baldintzetakoren bat edo agiriak faltsutu dituela, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak.
3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.
4.–Tasa.
4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.
Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren izen-deiturak eta "Irakasle kontratatu iraunkor izateko sarbide lehiaketa" identifikazioa agertuko dira.
4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Gutxienez deialdia argitaratu aurreko hilabetea daramatenak langabe gisara izena emanda.
Behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da hori, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.
4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.
4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.
5.–Izangaien onarpena.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitateko iragarki-ohol elektroniko ofizialean, deitutako lanpostu bakoitzeko lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
5.2. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, haiek zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.
Eskaera ofiziala edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.
5.3. Eskaerak zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.
5.4. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo espezifikoak betetzen dituztela. Kontrataziorako proposatutako izangaiek akreditatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, egiaztagiriak aurkeztu beharko baitituzte 10. oinarrian adierazitakoarekin bat.
5.6. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.
6.–Hautaketa-batzordeak.
6.1. Hautaketa-batzordeek ebatziko dute lehiaketa. Oinarri hauen III. eranskinean dago batzorde horien osaera.
6.2. Hautaketa-batzordeetako kideen curriculuma Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren 19. artikuluarekin bat etorriz.
6.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide anitzeko organoei buruzko araudiak arautuko du hautaketa-batzordea, eta, subsidiarioki, administrazio publikoetako kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duen oinarrizko legeriak.
7.–Batzordeen eraketa.
7.1. Hautaketa-batzordeak jardunean hasi baino lehen eratuko dira formalki, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere hamabost egun balioduneko epean.
Hautaketa-batzordeko kide guztiek hartu behar dute parte eraketa-ekitaldian, eta batzordeburuak aldez aurretik jakinarazpen bat bidali eta adieraziko die zein formatutan eginen den, zeina oro har telematikoa izanen baita.
7.2. Eraketa-ekitaldian, lehiakideak baloratzeko probetako bakoitzean zer irizpide erabiliko diren eta zenbakizko balorazio globala finkatuko dira, kontuan hartuta deialdiko lanpostuek nolako espezifikazioak dituzten. Irizpide horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako baremoaren araberakoak izanen dira, eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoaren 71.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute (2023ko martxoaren 22koa). Era berean, probetako bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du batzordeak. Puntuazio hori proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia izanen da gutxienez.
Irizpide hauetan ezin izanen da sartu akreditazioa dutenei lehiaketan parte hartzea eragozten dien irizpiderik.
7.3. Akta eta batzordeak probak baloratzeko adostutako irizpideak dituen dokumentua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
8.–Aurkezpen ekitaldia.
8.1. Behin izangaien behin betiko zerrenda argitaratuta, gehienez ere hilabeteko epean, batzordeburuak, batzordeko gainerako kideei kontsulta egin ondoren, aurkezpen ekitaldirako deia eginen du, zeina jendaurrekoa izanen baita, eta ekitaldia noiz, non, zer ordutan eta zer formatutan eginen den emanen du aditzera. Aurkezpen ekitaldiaren deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da, ekitaldia egin baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
8.2. Aurkezpen ekitaldian, lehiakideek honako dokumentazio hau emanen diote batzordeburuari, hiru aletan eta formatu elektronikoan:
a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historiaren egiaztagiriak. 3.3.c) oinarrian adierazitako curriculumean aipatzen diren moduan ordenatuak eta zenbakituak egon behar dira dokumentuak. Eskakizun hori ez betetzeak merezimendua ez baloratzea ekar dezake.
b) Irakaskuntza-proiektua –zein lanpostutarako lehiatzen den izangaia, lanpostu horri dagokion irakasgai edo espezialitate bateko programa barne hartuko duena–, eta lanpostu hori esleitzen bazaio garatuko lukeen ikerketa-proiektua.
8.3. Aurkezpen ekitaldian, batzordeak zehatz-mehatz finkatuko du lehenbiziko proba nolakoa izanen den, eta behar beste argibide emanen dizkie lehiakideei proba egiteko moduaz. Halaber, lehiatzaileen jardun-ordena erabakiko du zozketaren bidez, eta proba non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den finkatuko du. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.
Batzordeburuak ezagutzera emanen ditu ezarritako epea eta tokia, lehiakideek proba hasi baino lehen modua izan dezaten gainerako lehiakideek aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko.
9.–Lehiaketako probak nola eginen diren.
Probak modu presentzialean edo erdipresentzialean (modu telematikoan) egiten ahalko dira. Bigarren kasu horretan, nahitaezkoa izanen da izangaiak eta gutxienez batzordekide bat presentzialki egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, hala, batzordeko gainerako kideek aukera izanen dute beren lana modu telematikoan egiteko.
9.1. Sarbide lehiaketak ahozko bi proba izanen ditu.
9.1.1. Lehenbiziko proba.
Lehiaketetako lehenbiziko proba jendaurrekoa izanen da. Batzordeak ezarritako moduari jarraikiz, izangaiak gehienez ere bi ordu iraunen duen adierazpena eginen du batzordearen aurrean, eta, gero, gehienez ere bi ordu iraunen duen eztabaida batzordekideekin, izangaiak alegatutako merezimendu hauei buruz:
a) Irakaskuntzako historia akademikoa, non unibertsitateko irakaskuntza-jarduerak agertuko diren behar bezala frogatuak, eta jarduera horiek baloratzeko txostena, beharrezkoa bada.
b) Ikerketako historia akademikoa, barne hartuta bai ikerketako jarduerak bai jakintza transferitu eta trukatzekoak.
c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.
d) Irakaskuntza-proiektua.
e) Ikerketa-proiektua.
Atal bakoitza batzordeak aldez aurretik onetsi eta argitaratu dituen irizpideekin bat zehaztu eta baloratuko da.
Lehenbiziko proba amaitu ondoren, batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balorazioarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.
Proba hau gainditzeko, lehiakideek batzordeko bi kideren txosten positiboa izan beharko dute gutxienez.
Batzordeak berehala jakinaraziko dizkie izangaiei lehenbiziko probaren emaitzak, eta proba egin den aretoko atean jarriko ditu. Emaitza horietan probako ataletako bakoitzaren bana-banako balorazioa agertuko da, bai eta haren balorazio globala ere. Halaber, jakinaraziko da bigarren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den. Hori guztia gero Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea galarazi gabe.
9.1.2. Bigarren proba.
Gehienez ere ordubete iraunen duen azalpena eginen du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraunen duen eztabaida izanen du batzordekideekin gero, izangaiak irakaskuntza-proiektuan aurkeztutako programako gai bati buruz (izangaiak berak aukeratua).
Bigarren proba jendaurrekoa izanen da, eta batzordeak izangaiaren adierazpen gaitasuna, azaldu dituen gaien edukiaren kalitatea eta garrantzia, eta eztabaidatzeko duen gaitasuna baloratu beharko ditu.
Bigarren proba amaitu ondoren, batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balorazioarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.
Batzordeak bigarren probaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko ditu.
Proba hau gainditzeko, lehiakideek batzordeko bi kideren txosten positiboa izan beharko dute gutxienez.
9.2. Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatzen ahalko dizkie izangaiek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten horiek ez dira lotesleak izanen, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.
9.3. Probak egin bitartean, arauak aplikatzean sortutako zalantzak eta arau horietan aurreikusi ez diren kasuetan jarraitu beharreko bidea hautaketa-batzordeak erabakiko ditu.
9.4. Lehiaketa egin eta gero, izangaien behin betiko emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, haietarako arrazoiak emanez baloratutako alderdi bakoitza bereizirik.
9.5. Izangaiek zilegi izanen dute Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatzea batzordeak beren merezimenduei buruz emandako balorazio arrazoituaren ziurtagiria.
10.–Lanpostuak betetzeko proposamena.
10.1. Hautaketa-batzordeak, zazpi egun balioduneko gehieneko epean proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita, izangai guztien zerrenda proposatuko dio errektoreari, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izendapenerako lehentasun ordenaren arabera antolatua. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izanen. Halaber, zilegi da lanpostua hutsik gelditzeko proposamena egitea batzordeak, lanpostuaren baremo espezifikoa aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortzen eskatzen den gutxieneko puntuazioa.
10.2. Batzordeak izendapenerako proposatutako izangaien zerrenda ordenatua Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.
10.3. Proposatutako izangaiek deialdi honetako oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute aurreko paragrafoan aipatzen den zerrenda argitaratu eta hogei egun naturaleko epean.
Lanposturako proposatutako izangaiak dokumentazio hori aurkezten ez badu, batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun ordenan hurrengo postuan agertzen den izangaia kontratatzea proposatuko da, hark arestian aipatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.
11.–Hautaketa-batzordeen proposamenaren aurkako erreklamazioak.
11.1. Hautapen Batzordeak egindako proposamenaren aurka, lehiaketan parte hartu dutenek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, errektoreari zuzendua. Horretarako, hamar egun balioduneko epea izanen dute, proposamena Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
11.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako erreklamazio batzordeak baloratuko du erreklamazioa.
11.3. Erreklamazio Batzordeak horretarako eskumena duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko, eta izendapen prozesua eteteko erreklamazioa behin betiko ebazten den arte. Aitzitik, erreklamazio batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.
11.4. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie lehiakide guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die lehiakideek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Prozesu bakoitzeko hautaketa-batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.
11.5. Erreklamazio batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu baloratuko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du. Erreklamazio batzordeak ezin izanen du inola ere ordeztu behar den hautaketa-batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio teknikoa.
11.6. Erreklamazio batzordeak, dagokion hautaketa-batzordeko kideei entzun eta dokumentazio guztia aztertu ondoren, erabaki hauetako bat har lezake, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita:
a) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu-akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea hautaketa-batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izanen ditu hautaketa-batzordearen proposamenean, aldatu eginen baitu izangaien hurrenkera.
b) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.
c) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, erreklamazio batzordeak ez du berretsiko hautaketa-batzordearen proposamena. Erreklamazio batzordeak uste badu eskaeraren batek aurrera egin dezakeela, aukera izanen du, gaiaren mamian sartu gabe, erreklamazioa partzialki baiesteko eta jarduketetan atzera egin eta alegatutako akatsa gertatu zen unera eraman dadin agintzeko, bai eta, beharrezkoa bada, aurkaratu ez diren edo ustez deialdiaren oinarriak errespetatzen dituzten merezimenduen balorazioak gorde daitezela xedatzeko ere. Gainera, erabakitzen ahalko du, bidezkoa baderitzo, ahozko probak gordetzea, 39/2015 Legearen 49. eta 51. artikuluetan ezarritakoaren babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 2015eko urriaren 1ekoa).
d) Baldin eta uste badu aurreko kasu bat ere ez dela betetzen, erreklamazio batzordeak hautaketa-batzordearen proposamena berretsiko du.
11.7. Erreklamazio batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, erreklamazio batzordeak zilegi izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzea.
11.8. Erreklamazio batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazio batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta, hala badagokio, zilegi izanen du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.
Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.
11.9. Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik eman, erreklamazioa ezetsi egiten dela ulertuko da.
12.–Behin betiko kontratazio proposamena.
Lehiaketa eta erreklamazioak ebatzi ondoren, halakorik badago, irakasle gaietan eskumena duen errektoreordeak ebazpen bat eginen du kontratazioaren behin betiko proposamena onesteko. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
13.–Kontratuen formalizazioa.
13.1. Bost egun balioduneko epean, behin betiko kontratazio proposamena onesten duen ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, lanpostua eskuratu dutenek ondoren zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Giza Baliabideen Zerbitzuan, dagokien kontratua formalizatu ahal izateko:
a) Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko afiliazio zenbakia.
b) Mediku-ziurtagiri ofiziala, unibertsitateko irakaslearen lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.
c) Erantzukizunpeko aitorpena, egiaztatzen duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dela bereizia izan diziplina espediente baten bidez administrazio publiko baten zerbitzutik. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.
d) Bankuko datuak nomina sartzeko.
e) Bateraezintasunik ez daukala adierazten duen aitorpena, jarduera publikoren bat betetzen edo pentsioren bat jasotzen ari bada.
13.2. Ezinbesteko arrazoirik egon ezean, kontratatuak izateko eskubidea galduko dute dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez dutenek edo, dokumentazioa azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den baldintzaren bat betetzen ez dutenek.
13.3. Behin betiko kontratazio proposamena onesten duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita 10 egun naturaleko epean, eta lortutako lanpostua betetzen hasi baino lehen, dagokion lan araubideko kontratua sinatuko da.
13.4. Kontratatuak dagokion saileko zuzendariaren aurrean aurkeztu beharko du, eta kontratuan adierazitako egunean hasi beharko du lanean. Ez bada lanean hasten kontratuan adierazitako egunean eta ez badago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iritziz hori justifikatzen duen arrazoirik, kontratua ondoriorik gabe geldituko da, eta jarduera guztiak baliogabetuko dira.
13.5. Interesdunak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da aurreko paragrafoetan adierazitako epeetan ez badu kontratua sinatzen edo ez bada lanean hasten, ezinbesteko kasuetan salbu. Bi kasu horietan, hautaketa-batzordeak lanpostu horretarako proposatutako ordezkoen zerrendako hurrengo izangaiari deituko zaio, eta izangai horrek epe bera izanen du kontratua formalizatzeko.
13.6. Araudi honen ondoriozko kontratuak arau hauetan ezarritakoaren mende egonen dira: Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 82. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumenekin bat etorriz ematen dituen xedapenak eta, modu osagarrian, Langileen Estatutua eta hura garatzeko araudia, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen hitzarmen kolektiboa ere, eta, hala badagokio, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua.
14.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.
Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die batez ere datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
15.–Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen eta hautaketa-batzordeen jardunen ondoriozko egintza administratibo ororen aurka zilegi da errekurtsoa jartzea, 39/2015 Legean ezarritako kasuetan eta forman (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 2015eko urriaren 1ekoa), lanpostuak betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioaren (11. oinarria) aurka izan ezik.
Deialdi honen oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Oharra: gaztelaniazko testuan, genero maskulinoko pertsona edo kargu akademikoei buruzko aipamenak genero gramatikal neutroan egindakotzat hartzen dira, eta, beraz, bai emakumeak bai gizonak aipatzeko aukera hartzen dute barnean.
II. ERANSKINA.–IRAKASLE KONTRATATU IRAUNKOR IZATEKO LANPOSTUAK
Estatistika, informatika eta matematika saila.
–Lanpostu zenbakia: 5990.
–Jakintza-arloa: Matematikaren Didaktika.
–Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.
–Ikerketa-eskakizuna: jakintza-arloarena.
Soziologiako eta gizarte laneko saila.
–Lanpostu zenbakia: 6458.
–Jakintza-arloa: Gizarte Lana eta Gizarte Zerbitzuak.
–Hizkuntza-gaitasuna: Euskara (C1).
–Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.
–Ikerketa-eskakizuna: genero indarkeria eta gizarte bazterketa.
III. ERANSKINA.–HAUTAKETA-BATZORDEEN OSAERA
Lanpostu zenbakia: 5990.
Batzordeburua | Titularra | Juan Jacobo Simón Pinero | UK | Murtziako Unibertsitatea |
1. batzordekidea | Titularra | Concepción María Martínez Pérez | UK | Zaragozako Unibertsitatea |
2. batzordekidea | Titularra | Miguel Rodríguez Wilhelmi | UK | Nafarroako Unibertsitate Publikoa |
Batzordeburua | 1. ordezkoa | José Javier Etayo Gordejuela | UK | Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea |
1. batzordekidea | 1. ordezkoa | Mercedes Siles Molina | UK | Málagako Unibertsitatea |
2. batzordekidea | 1. ordezkoa | María Teresa Fernández Blanco | UT | Santiago de Compostelako Unibertsitatea |
Batzordeburua | 2. ordezkoa | Joan Josep Climent Coloma | UK | Alacanteko Unibertsitatea |
1. batzordekidea | 2. ordezkoa | María Paz Jiménez Seral | UT | Zaragozako Unibertsitatea |
2. batzordekidea | 2. ordezkoa | María José Asiain Ollo | UT | Nafarroako Unibertsitate Publikoa |
Lanpostu zenbakia: 6458.
Batzordeburua | Titularra | Esteban Ruiz Ballesteros | UK | Pablo de Olavide Unibertsitatea |
1. batzordekidea | Titularra | Almudena Moreno Mínguez | UK | Valladolideko Unibertsitatea |
2. batzordekidea | Titularra | Begoña Pérez Eransus | UK | Nafarroako Unibertsitate Publikoa |
Batzordeburua | 1. ordezkoa | Benjamín Tejerina Montaña | UK | Euskal Herriko Unibertsitatea |
1. batzordekidea | 1. ordezkoa | Constanza Tobío Soler | UK | Madrilgo Carlos III Unibertsitatea |
2. batzordekidea | 1. ordezkoa | Irene Lapuerta Méndez | UT | Nafarroako Unibertsitate Publikoa |
Batzordeburua | 2. ordezkoa | Gerardo Meil Landwerlin | UK | Madrilgo Unibertsitate Autonomoa |
1. batzordekidea | 2. ordezkoa | M.ª Angeles Ramírez Fernández | UT | Madrilgo Unibertsitate Autonomoa |
2. batzordekidea | 2. ordezkoa | Begoña Elizalde San Miguel | UT | Nafarroako Unibertsitate Publikoa |
Iragarkiaren kodea: F2612896
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
