1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1227/2026 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira organo horrek ekainaren 11n emandako 703/2026 Ebazpenean ezarritako prezio publikoak.
Osasuneko kontseilariak irailaren 28an emandako 403E/2026 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, aldaketak egin zitzan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 11ko 703/2026 Foru Aginduan, foru agindu horren bidez prezio publikoak ezarri baitziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren berezko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legeak, 5. artikuluan, ezartzen du osasun-arloko prezio publikoak zehaztu beharra dagoela prestazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakundeek ematen dutenean. Bestetik, legearen 6. artikuluak xedatzen duenez, erakunde autonomoek zuzen-zuzenean ezarriko edo aldatuko dute prezio publikoen zenbatekoa, betiere dagokien departamentuak baimena eman eta gero.
Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zer zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak, eta, 2. artikuluan, prezio publikoen bidez finantzatzen ahal diren zerbitzu eta jarduerak zein diren ezartzen du, hauek hain zuzen: osasun-laguntzak edo -prestazioak, pertsonei zuzenean emanak, barnean direla osasun-garraioa, larrialdiko laguntza, laguntza espezializatua, oinarrizko laguntza, prestazio farmazeutikoa, prestazio ortoprotesikoa, produktu dietetikoen prestazioak, eta errehabilitazioa, baldin eta ordaintzera behartuta dauden hirugarrenei erreklamatu badakieke laguntza edo prestazio horien kostua; hori guztia indarra duen araudiari jarraikiz betiere.
Zerbitzuen katalogoa kokatzen da Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen testuinguruan, bai eta Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/206 Errege Dekretuaren testuinguruan ere.
Gaur egun Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta establezimenduetan ematen diren zerbitzuen tarifak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 11n emandako 703/2026 Ebazpenak araututakoak dira.
Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko Zuzendaritzak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzuak txosten bana egin dute, eta haietan adierazi dute bidezkoa dela hemoderibatu plasmatikoen prezioak eguneratzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Odol eta Ehun Bankuko tarifen 4.1 atalean (Produktu hemoterapikoak).
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 11n emandako 703/2026 Ebazpeneko prezio publikoak, eta prezio publiko berriak onestea hemoderibatu plasmatikoetarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Odol eta Ehun Bankuko tarifen 4.1 atalean (Produktu hemoterapikoak), ebazpen honen eranskinean ezartzen den gisan. Ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera aplikatuko dira prezio publiko berriak.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzara eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzura; Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetzara, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko Zuzendaritzara, eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.
Iruñean, 2026ko urriaren 5ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.
ERANSKINA
4.–Ehun eta Odol Bankua.
4.1. Produktu hemoterapikoak.
Hemoderibatu plasmatikoak:
4.1.29 | ALBUMINA %20 50 ml | 19,79 |
4.1.30 | GAMMAGLOBULINA (ZAIN BARNEAN), 10 g | 342,37 |
4.1.31 | ANTITRONBINA III 500 u.l. | 94,58 |
4.1.32 | VIII. FAKTOREA 1.000 u.l. | 330,62 |
4.1.33 | ALFA 1 ANTITRIPSINA 1 g | 211,16 |
Iragarkiaren kodea: F2613043