1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
207E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 30ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Lekunberriko esku-hartze orokorreko proiektu baten indarraldia luzatzea (PIG 56).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen ditu, eta VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aurrekoarekin bat etorriz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren urriaren 19ko 55/2022 Foru Aginduaren bidez, esku-hartze orokorreko proiektu bat onetsi zen (PIG 56) Lekunberriko Aralar kaleko 4, 6, 8 eta 10 zenbakietako eta Iturritak kaleko 3, 5 eta 7 zenbakietako jabeen erkidegoetarako.
Foru agindu hori 2022ko 215. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31koan. Foru aginduaren lehenengo atalak ezartzen zuen jabeen erkidegoek jarduketa babesgarriaren behin-behineko kalifikazioa eskatu behar zutela lau urteko epean, foru aginduaren onespen datatik hasita, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen.
Lekunberriko Udalak luzapen hori eskatu du, beste lau urterako, eta eremu horretako etxebizitzak udalaren birgaitze politikaren lehentasunezko xede direla adierazi du.
Etxebizitzak birgaitzea Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia ere bada, 2018-2028 aldirako Etxebizitza Planak jasotzen duen bezala, eta are gehiago esku-hartze orokorreko proiektu baten barruan sartutako etxebizitzei buruz ari garela. Beraz, aurkeztu den eskaera baiesten ahal da, eta beste 4 urtez luzatuko da esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldia.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Esku-hartze orokorreko 56. proiektua beste lau urtez luza dadila onestea. Proiektu horretan, Lekunberriko 7 jabeen erkidego hauek sartuta daude: Aralar kaleko 4, 6, 8 eta 10 zenbakietakoak eta Iturritak kaleko 3, 5 eta 7 zenbakietakoak.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek lortzea proiektu horiek birgaitze jarduketa babestu gisa kalifikatzeko behin-behineko kalifikazioa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea Lekunberriko Udalari, ukitutako jabeen erkidegoei eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/eu/etxebizitza), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 30ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2612864