207. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAXOAREKO KONTZEJUA

Ordenantza, herri-larreen aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Taxoareko Kontzejuak, 2026ko maiatzaren 19an egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Taxoareko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Aplikatzekoa den araudiarekin bat, hasierako onespenari eta jendaurrean jartzeari buruzko iragarkia argitara eman zen 2026ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 29an.

Jendaurreko aldian alegazioak aurkeztu ziren ordenantzaren aurka. Taxoareko Kontzejuak horiek aztertu, eta ezetsi egin zituen, 2026ko irailaren 10ean harturiko erabaki baten bidez.

Horiek horrela, indarrean dagoen araudiarekin bat, behin betiko onetsi da Taxoareko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Jarraian argitaratzen da haren testu osoa.

Mutiloan, 2026ko irailaren 11n.–Alkatea, Miguel Fernández Pérez.

ORDENANTZA, TAXOAREKO HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Historian zehar, funtsezko nortasun-ikurra izan da herri-lurren aprobetxamendua auzotarren artean, jabetzaren kontzeptu hertsiaren gainetik, eta oinarrizko baliabidea izan da gizartean egoera txarrenean daudenen biziraupenerako. Herritarrek herri-lurrari egin behar zioten konpentsazioak, askotan, auzolanaren forma zekarren, herri-lurren aprobetxamenduez gozatzeko tasak edo kanonak ordaintzeaz gainera.

Lehen sektorearen garapena sustatu nahi duten egungo ordenantzen arabera, nekazaritza eta abeltzaintzako profesionalek erabili edo bideratu behar dituzte aprobetxamenduak, eta, beraz, erabilera horiek biztanleriaren zati batera mugatzen dira nahitaez. Beraz, kontuan hartu behar da lortutako tasak, kanonak edo konpentsazioak gizarte osoaren mesederako izan daitezkeela, eta, bereziki, behar handiena duten pertsonen mesederako. Udalen kasuan, hori gizarte-ongizateko politikei dagokie. Beraz, herri-aprobetxamenduen erabilera eta luperketa biztanleriaren sektore jakin bati esleitzetik datozen diru-sarrerek gizarte-ongizateko udal-politikak areagotzea ekarri beharko dute.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Taxoareko mugarteko herri-ondasunak, zehazki, Taxoareko herri-larreak, administratzeko eta haien gainean xedapen egintzak emateko, eta ondasun horiek defendatzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko, bat etorriz indarrean dagoen legediarekin eta, bereziki, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta hura garatzen duen araudiarekin.

Ordenantza hau onesten denetik aurrera, egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak ordenantzaren xedapenen arabera arautuko dira.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-ondasunen gaineko ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak; ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Taxoareko Kontzejuari dagozkio Taxoareko herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Taxoareko Kontzejuak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Arangurengo Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Taxoareko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Gauzatuko den prozedura izanen da ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Taxoareko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Taxoareko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Taxoareko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Taxoareko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Baimen, emakida edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Taxoareko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da ala ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.

12. artikulua. Taxoareko Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak, bai eta ordenantza honetan jasotzen ez diren alderdiak ere.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaztekoak izanen dira, eta ez dute galaraziko kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Taxoareko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatu moduan. Taxoareko Kontzejuak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik abiarazita dagokion prozedura, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta txosten juridikoa eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, Arangurengo Udalak ekintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

15. artikulua.

1. Oro har, Taxoareko herri-larreen aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Taxoareko erroldan gutxienez 3 urte lehenagotik inskribatua egotea.

c) Herri-lurra dagoen herrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian.

d) Zerga betebeharrak egunean izatea Arangurengo Udalarekin.

e) Nekazaria edo abeltzaina izatea, nekazaritza araudiarekin bat.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Taxoareko Kontzejuak ebatziko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

16. artikulua. Taxoareko Kontzejuko herri-larreak aprobetxamendu kategoriaren arabera bereizten dira; alegia, bazkalekuak eta larreak.

17. artikulua. Taxoareko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

b) Usadioari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

18. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradun izanen dira ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, beren aziendak maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak.

19. artikulua. Abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Arangurengo Udalak ulertuko du larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen onuradunaren aziendak maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituenean.

20. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.

21. artikulua. Larreak.

Larre-eremuak Taxoareko katastroko 3. poligonoko 531. erreferentzia du.

Adjudikaziodunen ardura izanen da banatzeko hesiak jartzea eta mantentzea.

22. artikulua. Taxoareko Kontzejuak honako taula hau hartuko du oinarri, herri-lurzatietarako azienda-karga onargarria zehazteko, aintzat harturik lurzatien guztizko azalera 115 ha dela eta gutxieneko azienda-karga 17,25 azienda larriko unitate (AzLU) dela:

ANIMALIA ESPEZIEA

ANIMALIA MOTA

AzLUak

Ardi- eta ahuntz-aziendak

Bildotsa eta antxumea

0,02

Aurrerakoa

0,06

Ugalketarakoak

0,10

Behi azienda

Aratxea (urte bat baino gutxiago)

0,4

Urtekoa

0,6

Biga

0,7

2 urteko eta gehiagoko arrak

0,8

Haragitarako behia

0,8

Esne-behia

1,0

Zaldi-azienda

< 6 hilabete

0,2

6-12 hilabete

0,4

12-36 hilabete

0,5

Hazitarako zaldia > 36 hilabete

0,8

Ugalketarako behorra > 36 hilabete

0,8

23. artikulua. Kontuan hartuta jasan daitekeen aziendaburu kopurua eta larreen kalitatea, Udalak urteko kanon hau ezartzen du dagoen bazkaleku bakarrerako: 1250 euro.

Zenbateko hori 2026. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

Larre horien aprobetxamenduan interesdun bat baino gehiago badago, kanona zatituko da larreen adjudikazio osoaren gainean lortutako ehunekoaren arabera.

24. artikulua. Larratzeak suteen prebentzioan eta biodibertsitatearen mantentzean eragin positiboa duenez gero, 23. artikuluan ezarritako kanona konpentsatzen ahalko da larreak eta herri-lurrak mantentzearekin lotutako lanekin.

25. artikulua. Laborantzako herri-lurretan larratzeko, larreen adjudikaziodunek askatasunez larratzen ahalko dute.

26. artikulua. Herri-larreetan larratzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarrita dauden baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.

27. artikulua. Zuzenean aprobetxatuko dira larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

Aurreko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek 15. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

28. artikulua.

1. Taxoareko Udalak egoki eta komenigarri iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.

2. Taxoareko Kontzejuak iritziko dio herri-larreak ez dituztela zuzenean erabiltzen, besteak beste:

a) Toki-erakundearen zergetan beren aziendari edo abeltzaintza jarduerari baja ematen diotenek.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, hori egitera beharturik daudelarik.

c) Bazka-lurren jabe izanik ere, haiek hirugarren batzuei errentan emanda dauzkatenek.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu arren (artzainen Gizarte Segurantza ordaindu izanaren frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak), ezarritako epean aurkezten ez dituztenek.

29. artikulua. Prozedura. Taxoareko Kontzejuak aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-larreen adjudikazioa eska dezaten.

30. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko adierazpen bat:

a) Taxoareko biztanle izatea gutxienez hiru urte lehenagotik, eta Taxoaren urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Betebehar fiskalak egunean izatea Taxoareko Kontzejuarekin eta Arangurengo Udalarekin.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek adieraziko dute ea haietariko inork desgaitasun fisiko edo psikiko aitorturik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak, lehentasunezko adjudikazioaren kasuan bakarrik.

e) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenentzat, familia-baratzeen kasuan izan ezik.

Zinpeko adierazpena egiaztatzeko, Arangurengo Udalak edo Taxoareko Kontzejuak ahalmena izanen du eskatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, errenta mailak egiaztatzearren; errenta maila horiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

31. artikulua. Taxoareko Kontzejuak proposaturik, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, hots, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioan eta zuzeneko adjudikazioan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

32. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da modu bakoitzeko behin-behineko zerrenda, 15 egun balioduneko epean, bidezko iritzitako alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

33. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Kontzejuak, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda.

34. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateetako titularren behin betiko zerrenda, Taxoareko Kontzejuak loteak adjudikatuko ditu bat etorrita ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarri eta azalerekin.

35. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako lurzati beharrak beteta, gainerako lursailekin lote homogeneoak eginen dira, hedaduraren eta lurrak duen kalitatearen aldetik. Ondoren, zozketa bat eginen da modu horretan onartutako eskatzaileen artean, adjudikatzeko.

Etorkizuneko eskatzaileentzako erreserbako loteekin, beste zozketa bat eginen da aipatu eskatzaileetatik interesa dutenentzat. Erreserbako loteen adjudikaziodunek horiek baliatzeko eskubidea izanen dute harik eta bizilagun batek laborantzako herri-lurrez gozatzeko eskubidea (a posteriori) lortu eta eskatzen duen arte.

Horrekin batera, aurkeztuko dira aziendaburu kopuruaren katastro-ziurtagiria eta osasun-babesarena, bai eta baliatu gogo dituen bazkalekuen zerrenda ordenatua ere.

36. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, Taxoareko Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko da, eta 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, adjudikazioa behin betiko onetsitzat joko da, aipatu epea bukatutakoan. Bestelakoetan, Udalak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

37. artikulua. Herritarrentzako banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, zortzi urterako, jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.

III. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

38. artikulua. Taxoareko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Aprobetxamendu mota aldatzea.

d) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

e) Desafektazioa egitea, trukaketarako edo salmentarako.

f) Kalifikazio urbanistikoa ematea, nekazaritzakoa ez den beste zernahi erabileratarako.

39. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Taxoareko Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean edukita, eta epe horretan aurkezten diren alegazioen gainean udal ebazpena eman ondoren.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

40. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.

d) Hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak.

e) Herri-lurrak udal adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

g) Landaketa iraunkorrak egitea udal baimenik izan gabe.

h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

j) Agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak egiteko eskubidea zehaztu edo justifikatzeko garaian.

k) Herri-lurra dagoen herriko bizilagun izateari uztea, edo ez bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez. Eskubidea ibarreko gainerako tokietara zabaltzen bada, bizilagun izateari uztea edo Arangurenen ez bizitzea.

41. artikulua. Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da; hala ere, horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.

c) Aurreko h) apartatuko arau-haustea eginez gero, herri-lurren adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den gehieneko zehapena izanen da lotearen urteko errentamenduaren balioa halako bi, edo zehapenaren xede zehatzari dagokion lote-zatiaren errentamenduarena halako bi.

Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza hau behin betiko onetsitakoan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza honek, foru lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta behin iragan ondoren ezarririk dagoen epea Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek erabil dezaten toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko errekeritzeko duten ahalmena.

Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztirako, aplikatuko da xedaturik dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan. Horiek, nolanahi ere, osagarri gisa aplikatuko dira, bai eta, hala dagokionean, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoa ere.

Iragarkiaren kodea: L2612316