200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

383E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak departamentu honen eskumeneko esparruan, 2026ko irailaren 24rako eta 25erako iragarritako greba deialdia dela-eta.

Sindicato Independiente Nacional de Desarrollo e Innovación sindikatuak (SINDI-K) greba deialdia egin du 2026ko irailaren 24rako eta 25erako. Grebak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko irakasle publikoei eraginen die.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan eman ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari buruzko erabakiak. Erabaki horietatik ondorioztatzen denez, funtsezko zerbitzuak emanen direla bermatzeak mugatu egiten du greba-eskubideaz baliatzeko aukera, eta, beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da tartean dauden interes guztien haztapena egitea. Horretarako, funtsezko zerbitzuen bermatze hori garantia gisa ulertu behar da, zeina eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatzen baita, eta, ildo horretan, ondorioztatu beharra dago ezen greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu egin beharko dela baldin eta haien interesak greba baten bidez defendatzeak kalte larriagoa eragiten badie edo eragiten ahal badie funtsezko zerbitzu hori jasotzeko eskubidea duten hartzaileei edo titularrei.

Hezkuntzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak bermatzea botere publikoei dagokie, eta, hori helburu, prebentzio-neurriak ezarriko dituzte eta behar diren zerbitzuak emanen direla ziurtatuko dute. Izan ere, greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek ezin dira babesik gabe geratu.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea ikasleei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, guztientzako hezkuntza-eskubidea aitortzen du, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die greba-egunetan ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin ahal izateko.

Aipamen berezia merezi du hezkuntza bereziko ikastetxeetan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan desgaitasun intelektualagatik hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dira, eta ia ikasle guztiak 4. motakoak edo 4. mailakoak dira; izan ere, beste pertsona batzuen laguntza behar dute eguneroko bizitzako jarduera gehienetarako edo guztietarako, norberaren zaintzakoak barne, bai eta hainbat testuingurutan parte hartzeko eta haien osasuna eta segurtasuna bermatzeko ere. Beraz, beste pertsona batzuen laguntza hil edo biziko premia bat da haientzat. Kalitatezko hezkuntza-arreta emateko, ikastetxe horiek diziplina anitzeko plantillak behar dituzte, eta profesionalen eta ikasleen arteko ratio oso baxuak. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate berezi horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko azaroaren 24rako eta 25erako egin den greba deialdia dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetarako:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan, hezkuntza bereziko ikastetxeetan izan ezik:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo oinarrizko mailako heziketa zikloetako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko du lanaldi osoko zein irakaslek bete behar dituzten gutxieneko zerbitzu horiek.

b) Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Lau irakasle sei unitateko.

Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko du lanaldi osoko zein irakaslek bete behar dituzten gutxieneko zerbitzu horiek.

2. Langile horien lanuzteek eta lan gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari eta foru agindu hau igortzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetara eta Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko irailaren 21ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2612579