200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

367E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan 2026ko irailaren 21etik urriaren 2ra arte egitekoa den greba dela eta.

ELA sindikatuak greba deialdia egin du irailaren 21eko 00:00etatik 2026ko urriaren 2ko 23:59ra arte. Grebak Computadores Navarra SL enpresako hardware departamentuan lan egiten duten langileei eraginen die.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan eman ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari buruzko erabakiak. Erabaki horietatik ondorioztatzen denez, funtsezko zerbitzuak emanen direla bermatzeak mugatu egiten du greba-eskubideaz baliatzeko aukera, eta, beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da tartean dauden interes guztien haztapena egitea. Horretarako, funtsezko zerbitzuen bermatze hori garantia gisa ulertu behar da, zeina eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatzen baita, eta, ildo horretan, ondorioztatu beharra dago ezen greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu egin beharko dela baldin eta haien interesak greba baten bidez defendatzeak kalte larriagoa eragiten badie edo eragiten ahal badie funtsezko zerbitzu hori jasotzeko eskubidea duten hartzaileei edo titularrei.

Greba-deialdiak uki ditzakeen zerbitzuen artean honako zerbitzu hauen kontratua dago: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetan dauden ekipo informatiko eta sare-azpiegituretarako euskarri-zerbitzua, gorabeherak ebazteko zerbitzua eta laguntza teknikoko zerbitzua. Kontratu hori Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 24ko 585/2021 Ebazpenaren bidez adjudikatu zen, eta Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren abenduaren 24ko 310/2025 Ebazpenaren bidez luzatu.

Kontratuak, besteak beste, honako prestazio hauek jasotzen ditu: Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ekipo informatikoetan gertatzen diren gorabeherak konpontzea, ekipo horien eta horiei lotutako sare-azpiegituren euskarri eta laguntza teknikoa ematea, eta gailuen parkea berrikusteko eta mantentzeko lan jakin batzuk egitea.

Zerbitzuaren esparrua 260 ikastetxe publikok osatzen dute, Nafarroa osoan banatuak, eta, beste tipologia batzuen artean, hezkuntza bereziko ikastetxeak daude. Kontratuaren xedeko ekipamendua honako hauek osatzen dute: mahai gaineko ordenagailuak eta ordenagailu eramangarriak, Chromebook-ak, tabletak, inprimagailuak, proiektagailuak, arbel digitalak, monitore interaktiboak eta ikastetxeetan irakaskuntza eta kudeaketa lanetan erabiltzen diren beste gailu batzuk.

Zerbitzua ohiko moduan emateko, lantaldeak gutxienez koordinatzaile bat eta zortzi teknikari informatiko izan behar ditu, koordinatzailea barne hartu gabe.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren 2026ko irailaren 18ko txosten arrazoitua ikusita, egokitzat jotzen da gutxieneko zerbitzu hauek ezartzea:

  • Mantentze-lanetako bi teknikari, kontratu honetan jarduten dutenak, 09:00etatik 15:00etara.
  • Kontratu honetan jasotako lanak koordinatzeko, lehenesteko eta mailakatzeko arduradun bat eskuragarri izatea.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Computadores Navarra SL enpresako hardware departamentuan 2026ko irailaren 21etik urriaren 2ra egitekoa den greba dela-eta, honako gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira:

  • Mantentze-lanetako bi teknikari, kontratu honetan jarduten dutenak, 09:00etatik 15:00etara.
  • Kontratu honetan jasotako lanak koordinatzeko, lehenesteko eta mailakatzeko arduradun bat eskuragarri izatea.

Baliabide horiek proposatutako ordutegian jardunen dute, eta greba-aldian ezinbestekoak diren lanetara mugatuko dira.

Lehentasuna izanen dute hezkuntza bereziko ikastetxeetan hezkuntza-arretarako beharrezkoa den ekipamenduari eragiten dioten gorabeherek, eta, ikastetxe arruntetan, egitura espezifikoek erabiltzen duten ekipamenduari eragiten diotenek. Azken kasu horretan, lehentasuna egitura horietara mugatuko da, eta ez da ikastetxe osora zabalduko.

Aurreko gorabeheren arreta bermatu ondoren, hezkuntza-jardueraren jarraitutasuna nabarmen arriskuan jar dezaketen beste gorabehera batzuei ere erantzuten ahalko zaie, kontuan hartuta haien premia, kritikotasuna eta eragina.

Gutxieneko zerbitzuetatik kanpo geratzen dira ohiko jarduerak, prebentziokoak, programatuak daudenak eta atzeratu daitezkeenak, baldin eta greba bukatu arte atzeratzeak arriskuan jartzen ez badu hezkuntza-prestazioaren jarraitutasuna.

2. Langile horien lanuzteek eta lan gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau greba batzordeari eta Computadores Navarra SLri jakinaraz diezaietela agintzea, eta foru agindu hau Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko irailaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2612538