200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDIA MANKOMUNITATEA

Ordenantza, AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Andia Mankomunitatearen Batzarrak, 2026ko otsailaren 11n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hauek aldatzea:

–ArteLan arte eta artisautzako elkarlanerako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren tarifak.

–AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren tarifak.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 17an, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Aritzalan, 2026ko irailaren 15ean.–Mankomunitateko burua, Lucía Ros Sanz.

ORDENANTZA, ANDIALAN ELKARLAN ETA EKINTZAILETZARAKO GUNEAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Gesalazko, Lezaungo, Jaizko eta Deierriko Udalek osatzen dute Andia Mankomunitatea, eta horiek, bertako egoeraz kezkaturik, jarduketa programa bat sustatzen ari dira despopulazioaren aurka, Nafarroako Gobernuaren Despopulatzearen aurka Borrokatzeko Estrategiaren barnean.

Horiek horrela, Mankomunitateak, lehenik eta behin, egoeraren diagnostiko bat egin zuen, hainbat alderdi kontuan harturik. Horretarako, inkesta bat egin zitzaien 18-40 urte arteko gazteei. Emaitzen artean nabarmentzen da %81ek bertan bizitzen segitu nahi duela, baina lanik ez egotea dela oztopo nagusietako bat horretarako.

Ekintzailetzarako asmoa izan du %48k inoiz, gehienbat nekazaritza eta abeltzaintzatik kanpoko arloetan, baina laguntza behar dute (mentoretza, prestakuntza, laguntza publikoei buruzko informazioa, etab.), bai eta Interneterako sarbide ona ere. Ekintzailetzaren gaineko interesa ikusirik, bigarren laginketa batean berariaz galdetu zen AndiaLan gunean parte hartzeko interesaz, eta 43 pertsonak agertu zuten interes hori. Horietatik, %17k egunero erabiliko luke, eta %57k, astero. Erabiltzeagatik ordaintzeko prest zeudenak %97 ziren. Horretarako, aholkularitza eta orientazioa behar dute, eta Interneterako sarbide hobea izan. Hori dela eta, Andia Mankomunitateak AndiaLan sustatzen du, elkarlan edo coworkingerako eta ekintzailetzarako gune bat.

Horren helburua da jarduera sozioekonomikoa dinamizatzea eskualdean, lagunduz enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen, bai eta populazioa finkatzea ere, elkarlanaren, berrikuntzaren eta bertako talentuaren sustapenaren bidez.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera arautzea. Zehazki, hauek arautzen dira:

a) Gunearen erabiltzaile diren enpresa eta pertsonen eskubide, betebehar eta erantzukizunak.

b) Ordenantza hau ez betetzeak dakartzan ondorioak.

c) Eskaeren izapidetzea.

d) Gunea erabiltzeagatik kobratuko diren tasak.

2. artikulua. AndiaLan gunearen helburua.

Elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen helburua da Andia Mankomunitateko ekintzaile, autonomo, profesional eta mikroenpresei eskaintzea gune partekatu bat, elkarlanaren ereduan oinarritua, baliagarria izanen dena bultzatzeko sinergien sorrera, baterako ikaskuntza, harremanen sustapena eta proiektu eta ezagutzen partekatzea; hori guztia, enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen laguntzeko.

3. artikulua. Onuradunak.

Elkarlan eta ekintzailetzarako gunea lehentasunez zuzentzen zaie Andia Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan bizi diren eta/edo erroldaturik dauden pertsonei (Gesalazko, Lezaungo, Jaizko eta Deierriko udalak), AndiaLan lanerako tokitzat erabil dezaten; zehazki, honako hauei:

1. Negozio-ideia bat garatu nahi duten ekintzaileak.

2. Egoitza sozial eta fiskala Andia Mankomunitatean daukaten autonomo, profesional eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak.

3. Telelanean lan egiten duten besteren konturako langileak.

Beste udalerri batzuetakoek erabiltzen ahalko dute, eskaria egonez gero eta, orobat, horretarako toki librerik egonez gero.

4. artikulua. AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako guneko zerbitzuak.

1. AndiaLan gunea Aritzalako (Deierri) Bizkardaña kaleko 5ean dago, eta honako hauek dauzka:

–Bi langela, honela banaturik:

  • 1. langela. Dulantz. Banakako bost lanposturako tokia du. Horman pantaila dauka, eta bideo-proiektagailua, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.
  • 2. langela. La Trinidad. Erabilera anitzeko aretoa da, bileretarako eta prestakuntzarako, gehienez hamar lagunentzat. Horman pantaila dauka, eta bideo-proiektagailua, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.

–Office bat.

–Komun bat.

Banakako lanpostu bakoitzean ekipamendu hau dago:

–Mahai eta aulki pertsonalak.

–Ekipo informatikoak konektatzeko elektrizitate-harguneak.

–Zuntz-konexioa.

–Armairu giltzaduna (biltegia).

2. AndiaLan gunean, oro har, zerbitzu hauek emanen dira:

–Azpiegitura:

  • Ur-hornidura, argindar-hornidura, berokuntza eta zuntz bidezko konexioa.
  • Gunearen garbiketa, mantentze lana eta zaintza.
  • Erreprografia zerbitzua, banakako kontsumoaren arabera ordaintzekoa.

–Aholkularitza eta laguntza:

  • Aholkularitza ematea jarduera eta proiektuak bultzatzeko interesa duten gaietan.
  • Informazioa ematea finantzaketa programei, laguntza publikoei, administrazio-izapideei eta dirulaguntzei buruz.

5. artikulua. Ordutegia eta segurtasuna.

1. AndiaLan guneak urte guztian jardunen du, astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 21:00ak arte. Estatuko, foru komunitateko eta tokiko jaiegunak gordeko dira.

Ordutegi horretatik kanpo sartzeko, Andia Mankomunitatearen berariazko baimena beharko da.

Andia Mankomunitateak eskubidea izanen du aldaketak egiteko, eskariaren ondoriozkoak eta/edo ezinbesteko arrazoiengatik. Betiere, aurretiaz jakinaraziko dizkie aldaketa horiek erabiltzaileei. Aldi baterako itxierak ez die emanen erabiltzaileei eskubiderik Andia Mankomunitateari eskatzeko ez ondare-erantzukizunik, ez kalte-galeren ordainik.

6. artikulua. AndiaLan gunearen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

1. Erabiltzaileen eskubideak.

a) Lanpostuari esleituriko tokiaren eta altzarien (mahaia, aulkia, armairua) erabilera eta gozamena, bai eta eremu komunenak ere (sukaldea, terraza, biltegia eta komuna), horiek onik zainduz eta erabiltzeko arauak errespetatuz.

b) La Trinidad gelaren erabilera eta gozamena, bilerak egiteko eta beste erabilera batzuetarako. Aurretiaz izena eman beharko da, eta guneko arduradunari jakinarazi.

c) Lehentasunez parte hartzea Andia Mankomunitateak programaturiko prestakuntza-jardueretan.

d) "AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunea" bereizgarria erabiltzea, baldin eta helburua bada elkarlanaren eta ekintzailetzaren espiritua agertzea.

2. Erabiltzaileen betebeharrak.

a) Partekatzen den eremu komuna errespetatzea, bizikidetzaren oinarrizko arauak gordez, zaratarik gabeko lan-giroa lortzen saiatuz eta lanpostua garbi eta txukun edukiz, eta instalazio eta altzariak, egoera onean.

b) Nork bere gain hartzea eragindako kalteak.

c) Adjudikazioak dakartzan betebehar ekonomikoak betetzea, 9. artikuluan zehaztuak.

d) Sartu-irtenak egitean, gauzaki pertsonalak zaintzea eta ateak itxita uztea. Andia Mankomunitateak ez du bere gain erantzukizunik hartzen erabiltzaileen gauzaki pertsonalak kaltetzeagatik, desagertzeagatik edo antzeko gertaerengatik.

e) Gunera aldian-aldian joatea, gutxieneko erabilera presentzial bat eginez.

f) AndiaLan guneari loturiko programak eta jarduerak aurrera eramaten laguntzea, hala eskatzen denean.

g) Bere egitea gunean ingurumena zaintzeko proposamenak (uraren zaintza, hondakinak minimizatzea eta birziklatzea, eta beste).

h) Horretarako esleitutako tokietan soilik jatea eta erretzea, sukaldean eta terrazan, hurrenez hurren.

i) Wifi konexioko zerbitzua arduraz eta zuzen erabiltzeko konpromisoa, legez kanpokoak, debekatuak edo hirugarrenen eskubide eta interesentzat kaltegarriak diren helburu edo ondorioekin, edo beste zeinahi eratan, baldin eta eragin badezake kalte egitea, erabilezin uztea, gainkargatzea, narriatzea edo erabilera normala eragoztea zerbitzuan, dokumentuetan, artxiboetan eta Internet bidezko sarbidea duen zeinahi ekipo informatikotan gordetako eduki mota guztietan. Andia Mankomunitateak ez du bere gain hartzen halakoen ondoriozko erantzukizunik, ordenamendu juridikoak horretarako bide ematen duen hein guztian.

j) Gunea utzi nahi bada ezarritako epea bete baino lehen, Andia Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio idatziz bi aste lehenago. Gunea erabiltzeari behar baino lehenago uzteak ez du zehapenik ekarriko.

k) Bertako arduradunarekin koordinatuko dira gunearen erabilera eta egin asmo diren jarduerak.

l) Erabilera lizentzia bukaturik, onuradunek gunea utzi beharko dute hasieran zegoen egoera berean.

7. artikulua. Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzea.

Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzeko arrazoi izanen da ez betetzea aurreko artikuluan ezarritako edozein betebehar.

8. artikulua. Eskaerak eta gunearen erabilera. Izapidetzea.

Hau izanen da izapidetze-prozedura:

1. Interesdunek telematikoki aurkezten ahalko dute eskaera, helbide honetan:

https://forms.gle/33xNUksega26ajaM7

2. Gainera, honako agiri hauek bidali beharko dira Andia Mankomunitatearen helbidera (mancomunidad.andia@gmail.com):

i. NANaren kopia.

ii. Kontu-zenbakia.

3. Andia Mankomunitateak eskaerak ebaluatu, eta hautaturiko erabiltzaileei adjudikatzeko erabakia hartuko du.

AndiaLan gunerako erabilera-lizentzia besterenezina da; hortaz, titularrek ez dute zilegi baimentzen den erabilera hori lagatzea edo trukatzea.

9. artikulua. Erabilera-tasak.

1. AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako guneko ondasun eta zerbitzuak ohikotasunez gozatzen, erabiltzen edo aprobetxatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek honako tarifa hauen arabera ordaindu beharko dute:

ERABILTZAILEEN TARIFAK

OHIKO ERABILTZAILEAK

HILEAN

Andia Mankomunitatearen eremuko ekintzaile bakoitzeko

20 euro

Andia Mankomunitatearen eremuko autonomo edo besteren konturako langile bakoitzeko

50 euro

Erabiltzen hastean, berme edo fidantza bat jarriko da, hileko prezioaren parekoa, eta hura itzuli eginen da gunea erabiltzeari uzten zaionean, guztia kontserbazio-egoera onean baldin badago.

2. Halaber, elkarlan eta ekintzailetzarako gunetik kanpoko pertsonek puntualki erabiltzen ahalko dute AndiaLan, baldin toki librerik badago eta aurretiaz eskaera egin badiote guneko arduradunari, honako tarifa hauek ordainduta:

ERABILTZAILE PUNTUALEN TARIFAK

Banakako lanpostua, erabilera puntuala

5 euro orduko

Banakako lanpostua, erabilera intentsiboa (egun bat edo gehiago)

10 euro / 1 egun

15 euro / 2 egun

20 euro / 3 egun

25 euro / 4 egun

30 euro / 5 egun

La Trinidad aretoa, erabilera puntuala

25 euro orduko

La Trinidad aretoa, erabilera intentsiboa (egun bat edo bi gehienez astean, hil bakoitzean, bi hiletan baino gehiagotan)

25 euro hilean, 1 egun astean

40 euro hilean, 2 egun astean

Iragarkiaren kodea: L2612225