2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANDIA MANKOMUNITATEA
Ordenantza, ArteLan arte eta artisautzako elkarlanerako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin behin betiko onespena
Andia Mankomunitatearen Batzarrak, 2026ko otsailaren 11n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hauek aldatzea:
–ArteLan arte eta artisautzako elkarlanerako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren tarifak.
–AndiaLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren tarifak.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 17an, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Aritzalan, 2026ko irailaren 15ean.–Mankomunitateko burua, Lucía Ros Sanz.
ORDENANTZA, ARTELAN ARTE ETA ARTISAUTZAKO ELKARLANERAKO GUNEAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA
ZIOEN AZALPENA
Gesalazko, Lezaungo, Jaizko eta Deierriko Udalek osatzen dute Andia Mankomunitatea, eta horiek, bertako egoeraz kezkaturik, jarduketa programa bat sustatzen ari dira despopulazioaren aurka, Nafarroako Gobernuaren Despopulatzearen aurka Borrokatzeko Estrategiaren barnean.
Horiek horrela, Mankomunitateak, lehenik eta behin, egoeraren diagnostiko bat egin zuen, hainbat alderdi kontuan harturik. Horretarako, inkesta bat egin zitzaien 18-40 urte arteko gazteei. Emaitzen artean nabarmentzen da %81ek bertan bizitzen segitu nahi duela, baina lanik ez egotea dela oztopo nagusietako bat horretarako.
Hori dela eta, Andia Mankomunitateak AndiaLan jarri zuen abian, elkarlan edo coworkingerako eta ekintzailetzarako gune bat.
Horren ondorioz, antzeko gune bat eskatu da, arteari eta artisautzari eskainia, horrelako jarduera babestu eta dinamizatzeko eskualdean. Deierriko Udalak Aritzalan daukan erabilera anitzeko zuzkidura-eraikinean dago gune hori.
Horren guztiaren helburua da jarduera sozioekonomikoa dinamizatzea eskualdean, lagunduz enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen, bai eta populazioa finkatzea ere, elkarlanaren, berrikuntzaren eta bertako talentuaren sustapenaren bidez.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da ArteLan elkarlanerako gunearen erabilera arautzea. Gunea erabilera anitzeko zuzkidura-eraikinaren ondokoan dago, etxabean, Kale Berriko 30 zenbakian. Zehazki, hauek arautzen dira:
a) Gunearen erabiltzaile diren enpresa eta pertsonen eskubide, betebehar eta erantzukizunak.
b) Ordenantza hau ez betetzeak dakartzan ondorioak.
c) Eskaeren izapidetzea.
d) Gunea erabiltzeagatik kobratuko diren tasak.
2. artikulua. ArteLan gunearen helburua.
Elkarlanerako gunearen helburua da Andia Mankomunitateko ekintzaile, autonomo, profesional eta mikroenpresei eskaintzea artearen eta artisautzaren inguruko gune partekatu bat, elkarlanaren ereduan oinarritua, baliagarria izanen dena bultzatzeko sinergien sorrera, baterako ikaskuntza, harremanen sustapena eta proiektu eta ezagutzen partekatzea; hori guztia, laguntzeko enplegu edo enpresa berriak sortzen eta lehendik badaudenak indartzen, artearen eta artisautzaren alorrean.
3. artikulua. Onuradunak.
Elkarlan eta ekintzailetzarako gunea lehentasunez zuzentzen zaie Andia Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan erroldaturiko pertsonei (Gesalazko, Lezaungo, Jaizko eta Deierriko udalak), ArteLan lanerako tokitzat erabil dezaten; zehazki, honako hauei:
1. Artearen eta artisautzaren alorrean negozio-ideia bat garatu nahi duten ekintzaileak.
2. Egoitza sozial eta fiskala Andia Mankomunitatean daukaten autonomo, profesional eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak.
3. Arte eta artisautzako amateurrek eta/edo beste udalerri batzuetakoek erabiltzen ahalko dute, eskaria egonez gero eta, orobat, horretarako leku librerik egonez gero.
4. artikulua. ArteLan elkarlanerako guneko zerbitzuak.
1. ArteLan guneak langela bat dauka, lau lagunentzako gehieneko edukiera duena. Hauek hartzen ditu:
–Mahai komun bat.
–Banakako lan-mahai bat.
–"Pentsatzeko txokoa": diseinu eta sorkuntzarako leku bat.
–Apalategiak.
2. ArteLan gunean, oro har, zerbitzu hauek emanen dira:
–Azpiegitura:
- Ur-hornidura, argindar-hornidura, eta berokuntza.
- Komuna (ondoko eraikinean).
- Lorategia.
–Aholkularitza eta laguntza:
- Aholkularitza ematea jarduera eta proiektuak bultzatzeko interesa duten gaietan.
- Informazioa ematea finantzaketa programei, laguntza publikoei, administrazio-izapideei eta dirulaguntzei buruz.
Garbiketa erabiltzaileen gain egonen da; horretarako, beren artean antolatu beharko dute.
5. artikulua. Ordutegia eta segurtasuna.
1. ArteLan guneak urte guztian jardunen du, astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 20:00ak arte. Estatuko, foru komunitateko eta tokiko jaiegunak gordeko dira.
Ordutegi horretatik kanpo sartzeko, Andia Mankomunitatearen berariazko baimena beharko da.
Andia Mankomunitateak eskubidea izanen du aldaketak egiteko, eskariaren ondoriozkoak eta/edo ezinbesteko arrazoiengatik. Betiere, aurretiaz jakinaraziko dizkie aldaketa horiek erabiltzaileei. Aldi baterako itxierak ez die emanen erabiltzaileei eskubiderik Andia Mankomunitateari eskatzeko ez ondare-erantzukizunik, ez kalte-galeren ordainik.
6. artikulua. Gunearen erabileraren iraupena.
Aldi baterakoa izanen da ArteLan elkarlan eta ekintzailetzarako gunearen erabilera, pertsona bakoitzaren profilaren arabera, honako taula honi jarraikiz:
ERABILTZAILE MOTA | ERABILTZEKO EPEA (*) |
Ekintzaileak (1) | Bi urte (**) |
Autonomoak, profesionalak eta mikroenpresak | Hiru urte |
(*) Toki librerik baldin badago, hitzarmenak luzatzen ahalko dira. (**) Ekintzaileak enpresa gisa jarduten hasten direnetik, hurrengo puntuan adierazten diren baldintzak aplikatuko dira, eta lehentasuna izanen dute gunea erabiltzen segitzeko, gainerako eskaeren aurretik. (1) «Ekintzaile»tzat jotzen da negozio-ideia edo proiektu bat garatzen ari den pertsona, diru-sarrerarik jaso gabe, edo hura berriki garatu duena (urtebete baino gutxiago autonomo gisa). |
7. artikulua. ArteLan gunearen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
1. Erabiltzaileen eskubideak.
a) Lekuaren eta altzarien erabilera eta gozamena, bai eta eremu komunenak ere, horiek onik zainduz eta erabiltzeko arauak errespetatuz.
b) Tokiko produktuak saltzeko eremu komunean parte hartzea, hura horretarako gaiturik dagoenean.
c) Lantegiak hartu eta emateko eta beste jarduera batzuetarako eremua erabiltzea, horretarako esleitzen den tokian, hura gaiturik dagoenean.
d) Lehentasunez parte hartzea Andia Mankomunitateak programaturiko prestakuntza-jardueretan.
e) "ArteLan elkarlanerako gunea" bereizgarria erabiltzea, baldin eta helburua bada elkarlanaren eta ekintzailetzaren espiritua agertzea.
2. Erabiltzaileen betebeharrak.
a) Partekatzen den eremu komuna errespetatzea, bizikidetzaren oinarrizko arauak gordez, zaratarik gabeko lan-giroa lortzen saiatuz eta lanpostua garbi eta txukun edukiz, eta instalazio eta altzariak, egoera onean.
b) Norberari dagokion garbiketa-txanda egitea.
c) Nork bere gain hartzea eragindako kalteak.
d) Adjudikazioak dakartzan betebehar ekonomikoak betetzea, 9. artikuluan zehaztuak.
e) Sartu-irtenak egitean, gauzaki pertsonalak zaintzea eta ateak itxita uztea. Andia Mankomunitateak ez du bere gain erantzukizunik hartzen erabiltzaileen gauzaki pertsonalak kaltetzeagatik, desagertzeagatik edo antzeko gertaerengatik.
f) Gunera aldian-aldian joatea, gutxieneko erabilera presentzial bat eginez.
g) ArteLan guneari loturiko programak eta jarduerak aurrera eramaten laguntzea, hala eskatzen denean.
h) Bere egitea gunean ingurumena zaintzeko proposamenak (uraren zaintza, hondakinak minimizatzea eta birziklatzea, eta beste).
i) Horretarako esleitutako tokietan soilik jatea eta erretzea.
j) Gunea utzi nahi bada ezarritako epea bete baino lehen, Andia Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio idatziz bi aste lehenago. Gunea erabiltzeari behar baino lehenago uzteak ez du zehapenik ekarriko.
k) Bertako arduradunarekin koordinatuko dira gunearen erabilera eta egin asmo diren jarduerak.
l) Erabilera lizentzia bukaturik, onuradunek gunea utzi beharko dute hasieran zegoen egoera berean.
8. artikulua. Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzea.
Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzeko arrazoi izanen da ez betetzea aurreko artikuluan ezarritako edozein betebehar.
9. artikulua. Eskaerak eta gunearen erabilera. Izapidetzea.
Hau izanen da izapidetze-prozedura:
1. Interesdunek telematikoki aurkezten ahalko dute eskaera, helbide honetan:
https://forms.gle/33xNUksega26ajaM7
2. Gainera, honako agiri hauek bidali beharko dira Andia Mankomunitatearen helbidera (mancomunidad.andia@gmail.com):
i. NANaren kopia.
ii. Kontu-zenbakia.
3. Andia Mankomunitateak eskaerak ebaluatu, eta hautaturiko erabiltzaileei adjudikatzeko erabakia hartuko du.
ArteLan gunerako erabilera-lizentzia besterenezina da; hortaz, titularrek ez dute zilegi baimentzen den erabilera hori lagatzea edo trukatzea.
10. artikulua. Erabilera-tasak.
1. ArteLan elkarlan eta ekintzailetzarako guneko ondasun eta zerbitzuak gozatzen, erabiltzen edo aprobetxatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek honako tarifa hauen arabera ordaindu beharko dute:
OHIKO ERABILTZAILEEN TARIFAK | HILEAN |
Prezioa, ekintzaile bakoitzeko | 20 euro |
Prezioa, autonomo bakoitzeko | 40 euro |
Andia Mankomunitatearen eremutik kanpoko ekintzaile bakoitzeko | 40 euro |
Andia Mankomunitatearen eremutik kanpoko autonomo bakoitzeko | 50 euro |
2. Ohiko erabiltzaileek, erabiltzen hastean, berme edo fidantza bat jarriko dute, hileko prezioaren parekoa, eta hura itzuli eginen da gunea erabiltzeari uzten zaionean, guztia kontserbazio-egoera onean baldin badago.
3. Arloan modu profesionalean dihardutenek izanen dute lehentasuna, ekintzaileak izan nahiz autonomoak izan.
Iragarkiaren kodea: L2612224