1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak irailaren 23an hartua, deklaratzen duena presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, Iruñeko Joaquín Jarauta kaleko 86an dagoen eraikineko hirigintza-betebeharrak ez betetzeagatik hasitako espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea. Iruñeko Udalak sustatu du espedientea.
Alkatearen 2022ko maiatzaren 18ko ebazpen baten bidez (RAL 18-MAY-22 (2/US)), erabaki zen ofizioz hastea Joaquin Jarauta kaleko 86an dagoen eraikina aurri-egoeran dagoela deklaratzeko espedientea. Orobat, erabaki zen desjabetzearen aurreko prozedura hastea, hirigintza-betebeharrak ez betetzeagatik, bat etorriz ezarrita dagoenarekin uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 128.1 artikuluan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten du).
Alkatearen 2022ko urriaren 13ko ebazpen baten bidez (RAL 13-OCT22 (1/US)), deklaratu zen Joaquín Jarauta kaleko 86an dagoen eraikina aurri-egoeran dagoela, eta hilabeteko epea eman zen eraikina eraitsi eta beste bat egiteko. Ohartarazi zen, hori egin ezean, desjabetze-espedientea hasiko zela.
Iruñeko Udalak, 2025eko maiatzaren 8ko osoko bilkuran, erabaki zuen desjabetze-espedientea hastea, hirigintza-betebeharrak ez betetzeagatik. Erabaki horretan sartzen da behin-behinean onestea ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda eta Joaquín Jarauta kaleko 86an dagoen eraikinaren desjabetzea interes sozialekoa dela deklaratzea. Orobat, deklaratu zuen Iruña Biziberritzen SA dela desjabetzearen onuraduna. Hasierako onespena argitaratu zen 2025eko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28koan, eta 2025eko 126. Estatuko Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 26koan.
Jendaurreko aldia igarota, eta inork ez zuenez alegaziorik jarri, Iruñeko Udalak, 2026ko apirilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ohartarazita onespenak berarekin dakarrela onura publikoa eta okupatu beharra deklaratzea. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen (aurrerantzean, NDL) 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespena argitaratu zen 2026ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 21ekoan, eta 2026ko 104. Estatuko Aldizkari Ofizialean, apirilaren 29koan.
Iruñeko Udalak aurkeztutako agirien artean daude Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko Alorreko Hiria Birgaitzeko Bulegoaren hiru txosten (2022ko maiatzaren 10ekoa, 2025eko apirilaren 25ekoa eta 2026ko martxoaren 24koa). Txostenen arabera, Joaquín Jarauta kaleko 86an dagoen eraikineko espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzeko arrazoia da behar-beharrezkoa dela eraikin hori egokitzea, jabeak ez baitu bete hura behar den egoeran mantentzeko betebeharra, segurtasunari, osasungarritasunari, apaindura publikoari eta bizigarritasunari dagokienez, kasuan kasuko xedearen arabera. Hortaz, aurri-adierazpena egin denez, eta eraikina egun zer egoeratan dagoen ikusita, jabeak guztiz eraitsi behar du, eta eraikin berria egin. Orobat, Iruñeko Udalak aurri-adierazpenari buruz aurkeztu duen espedientean jasota dago eraikin horren beraren aurri-adierazpen partziala egin zela 1991n. Ondorioz, Iruñeko Udalak presako zenbait obra eta jarduketa exekutatu behar izan zituen, modu subsidiarioan, 1992., 1993., 2005., 2007. eta 2009. urteetan.
Halaber, espedientean Iruña Biziberritzen SA entitate onuradunaren txosten bat dago, non adierazten baitu nahikoa kreditu duela ukitutako ondasun eta eskubideen balio justuaren ordainketari eta desjabetze-prozedura honetatik eratorritako gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko.
Horiek horrela, bada, Iruñeko Udalak aurkeztu ditu beharrezkoak diren agiriak deklaratzeko presakoa dela Iruñeko Joaquín Jarauta kaleko 86an dagoen eraikineko hirigintza-betebeharrak ez betetzeagatik hasitako desjabetze-espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzea. Agiri horiek zein diren ezarrita dago Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta lege horren erregelamenduaren 56. artikuluan.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela Iruñeko Joaquín Jarauta kaleko 86an dagoen eraikineko hirigintza-betebeharrak ez betetzeagatik hasitako desjabetze-espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau jakinaraztea Iruñeko Udalari eta Iruña Biziberritzen SAri.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2612651