200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURCHANTE

Ordenantza, Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udal honek, 2026ko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, besteak beste erabaki zuen hasiera batez onestea Murchanten gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2026ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ean, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluei (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murchanten, 2026ko irailaren 8an.–Alkatea, Macario Manuel Jarauta Simón.

ORDENANTZA, MURCHANTEN GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENA
ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Udalak erregelamenduak egiteko duen ahala tresna bat baizik ez da, beste batzuen artean, herritarren bizikidetzaren joko arauak bideratzeko.

Premisa hori abiapuntutzat harturik, beharrezkoa da bertakoen eta bisitarien gizalegezko portaera arautzea, eta pertsona bakoitzari bere askatasuna aitortzea, besteenganako errespetua funtsezko muga izanik; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri eta natura ondarearen babesa, bai eta gainerako ondasunena ere, eta bermatu behar da, oro har, herritarren arteko bizikidetza harmoniatsua.

Portaera eredu horretan, norberak eskubidea du espazio publikoak erabiltzeko, eta askatasuna errespetatu behar zaio.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo murriztu, ez eta haien ekiteko askatasuna ere; orobat, ez zaie haien balioei eraso behar, edo sinesmenak eta bizikidetza arauak laidoztatu.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak badira ere, guztien ondare diren ondasun eta espazioei kalte egiteaz gain, bizikidetzaren aurkako eraso dira, eta erakusten dute gainerakoenganako elkartasunik eta errespeturik eza.

Beste alde batetik, gizalegearen kontrako jokaerek behartzen dute dirua xedatzera garbitze, mantentze eta konpontze lanak egin daitezen eta ondasun berriak jar daitezen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikuluaren arabera (Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea; aurrerantzean, TAOL), toki-erakundeek egoki antola ditzaten bai toki-intereseko elkarbizitza-harremanak bai beren zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen eta espazio publikoen erabilera, arloan berariazko araudirik egon ezean, arau-hausteen sailkapena finkatzen ahalko dute, bai eta zehapenak ezarri ere, ez betetzeagatik kasuan kasuko ordenantzetan jasotako betebeharrak, debekuak zein mugapenak.

Lege xedapen hori dela eta, udalek beharrezkoak iruditzen zaizkien arloak arautu ditzakete ordenantzen bidez, aipatu den TAOLen artikuluan adierazitako alderdiak antolatzeko.

Ordenantza bidez arautzeko, ez da egon behar arloko berariazko araudirik, errespetatu beharko da, era berean, lege mailako ordenamendua, eta ordenantzak ezin dio heldu lege formal batean ezarritakoari, ez eta hura urratu ere. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahal du Konstituzioan jasotako pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketarik.

Gainera, legeak udalei ahalmena ematen die toki-intereseko bizikidetza harremanak arautzeko, eta, horrela, bidea irekitzen da arlo horri osotasunean heltzeko, hau da, ikuspegi orokorrez.

Ordenantza honen beste helburu bat da babestea bai ondasun publikoak, bai bide publikoan ikusgai diren esparruak, baldin eta horiek, titulartasun pribatukoak izanik ere, apaindura publikoari eragiten badiote. Lehen kasua da administrazio guztiek duten beharraren ondorio logikoa: hots, administrazio guztien betebeharra da babestea herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak, zergen bidez ordaintzen dituztenek, hain zuzen ere, aukera izan dezaten ondasun horiek erabiltzeko.

Xedapen-testuak lau titulu ditu.

Lehenak ordenantzaren xedeari heltzen dio, eta haren aplikazio eremua mugatzen du.

II. tituluak biltzen ditu gizalegezko portaeraren gaineko arauak, eta bost kapitulutan elkartzen ditu, haien izaeraren arabera: xedapen orokorrak; ondasunei eginiko kalteak; kartelak, pankartak eta antzekoak, eta herritarraren jarduketak.

III. titulua zehapen araubideari buruzkoa da; hala, arau-hausteak tipifikatzen ditu, eta dagozkien zehapenak ezartzen, TAOLen 140. artikuluari jarraikiz, zehapen ekonomikoari lege horren 141. artikuluan ezarritako muga aplikaturik.

V. tituluari Errehabilitazioa deritzo, eta haren helburua da zehapen-prozedurari itundutako bukaera ematea, arau-hausleen errehabilitaziorako bitartekoa izateko xede hutsarekin.

Artikuluei azken xedapen bat erantsi zaie.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak sustatzea, prebenituz herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak.

Erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik babestea ondasun eta espazio publikoak eta hiriko hirigintza- eta arkitektura-ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, igarobideak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementu eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes-neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira Murchanteko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko baten ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafiko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak eta gisako gainerako ondasunak.

Gizalegezko balioen aurkako jarduketak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.

Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat onartuko, berau betetzen ez bada.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1.–Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2.–Ordenantza honek arautzen ditu herritarren jarduketak eta omisioak gizalegezko balioen arloan; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduketei.

3.–Ordenantza hau Murchanteko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

II. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

3. artikulua. Bizikidetza printzipioak.

1.–Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, betiere begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei errespetua galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

2.–Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.

3.–Debeku da bizilagunen atsedena eragozten duten zaratak egitea, bai eta gaueko iskanbiletan parte hartzea ere, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.

4–Pertsonek ez dute bide publikoan eginen abusuzko ekintzarik, edo diskriminatzailerik, edo larderiazkorik, ez eta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA

4. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1.–Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan (salbu eta, ondasun pribatuen kasuan, jabeek baimena eman badute).

Nolanahi ere, jabeen baimena izanda ere, debekaturik daude, baldin bide publikotik ikusten badira.

2.–Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geldituko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

3.–Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta betebehar bete beharko dituen baimendutako jarduketak.

4.–Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek, baldin jarduerak egiten badira Udalaren nahitaezko baimenik gabe.

5.–Baldin pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristalak marratu edo hautsi, kartelak itsatsi, edo kaltea dakarren beste edozer egiten bada eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean, Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahalko dizkio bidezko kalte-ordainak eta garbitzearen, berria jartzearen edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

6. artikulua. Zuhaitzak eta zuhaixkak.

1.–Zuhaitzak eta zuhaixkak babesteko neurri gisa, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Zuhaitzetara igotzea.

c) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

d) Haien inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

2.–Ez dago baimendurik lurzati pribatuetako zuhaixkek, sastrakek eta zuhaitzek espaloi eta bide publikoak hartzea.

7. artikulua. Parkeak, lorategi publikoak, espazio publikoak eta bide publikoa.

1.–Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2.–Ongi zaintzeko eta mantentzeko parkeetan, lorategietan, jardineretan eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebastea, errotik ateratzea edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako tokietan izan ezik.

c) Zuhaitzak moztu, kimatu edo apurtzea, eta ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea parke eta lorategietan.

d) Zuhaitz-azaletan grabatzea edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean isurtzea edozein motatako produktu toxikoak.

f) Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.

g) Gorotzak uztea soropilean eta lorategietan.

h) Parkeetara edozein animalia-espezierekin sartzea, askatuta edo lotuta.

i) Sua egitea parke eta lorategietan.

j) Edozein motatako ibilgailuetan ibiltzea (autoak, motozikletak, bizikletak, etab.).

k) Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.

3.–Era berean, debeku da parkeetan egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

4.–Debeku da, orobat, parkeetan, lorategi publikoetan, espazio publikoetan eta bide publikoetan pixa eta/edo kaka egitea, bai eta horietan gorotzak eta zaborrak uztea ere.

5.–Honako jokaera hauek arau-haustetzat hartu eta zehatuko dira, bat etorriz apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearekin (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa), edo hori ordezten duen araudi sektorialarekin: hiri-espazio publikoak zikintzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin eta ez garbitzea, zakurrak lotu gabe eramatea, eta lagun egiteko animalien inguruko beste jokaera batzuk.

8. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1.–Debeku da bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak erabiltzea, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2.–Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta, birziklagarriak izanez gero, erabiliko dira bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak.

3.–Debeku da paperontzietara material, tresna edo gauza arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta estupefazienteen kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen arreta medikoko materialak, mota guztietako droga toxikoak, estupefazienteak eta gai kimiko, erradioaktibo, pirotekniko edo leherkorrak, eta sutan dauden hondakin solido txikiak nahiz sutan dagoen beste edozein gai.

9. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da baimendu gabeko zeinahi manipulazio egitea urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan. Bereziki, debeku da haien barnean sartzea, bainatzea, nork bere burua edo edozein gauza garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta horiek garbitzea, eta gaiak eta gauzak haietara botatzea.

10. artikulua. Orubeen garbiketa eta mantentze-lanak.

1.–Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik, barne hartuta arratoi-garbiketa eta desinfekzioa.

2.–Udalak ahalmena du 1. apartatuak aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki egin daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

3.–Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanak subsidiarioki egiteaz, eta gastuak kargatuko zaizkio egiteko betebeharra zuenari, ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira.

4.–Ez dago baimendurik lurzati pribatuetako zuhaixkek, sastrakek eta zuhaitzek espaloi eta bide publikoak hartzea.

III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA ANTZEKOAK

11. artikulua. Publizitatea.

1.–Partikularrek edo enpresek antolaturiko zeinahi ekitaldiren publizitatea ezin izanen da paratu xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik, zeinahi euskarritan egonik ere eta zeinahi ezaugarri eta helburu izanik ere.

Horretarako, helburu hori duten euskarriak jarriko ditu Udalak hainbat tokitan eta behar adinako kopuruan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute ezarri bide publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik, ez finkorik, ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2.–Udal baimenik izan ezean, debeku da zeinahi iragarki mota paratzea eraikin publiko edo pribatuen fatxadetan, portxeetan, markesinetan, hiri altzarietan, zuhaitzetan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.

12. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1.–Udalak espresuki baimentzen ahalko du kartelak eta banderolak paratzea bide publikoan, honako kasu hauetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hiriarentzat interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egiteko lagungarriak direnean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako tokietan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

2.–Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak honako hauek zehaztu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Haiek kentzeko eta konpontzeko kostua adinako fidantza, bermatzeko kentzea eta konpontzea.

f) Banderolak kale-argi edo argi-puntuei lotzeko modua erakusten duen krokisa, bermatuta euskarriaren pinturak edo galvanizatuak ez duela kalterik jasoko.

3.–Kartel eta banderolak lotu beharko zaizkie baimendu diren zehaztapenei.

4.–Kartel eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta emandako epea bukatu bezain laster kenduko ditu baimenaren eskatzaileak. Bestela, Udalak betearazpen subsidiarioa egiten ahalko du, ordenantza honen 32. artikuluan (zehapenen mailakatzea) ezarritakoari jarraikiz.

13. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1.–Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatzea eta botatzea nolanahiko liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek garbituko dute eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa, eta erantzuleei egotziko zaie aparteko zerbitzuen kostua; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira.

2.–Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3.–Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik, propaganda banatzeko, informazioa emateko edo sinadurak biltzeko.

IV. KAPITULUA.–HERRITARREN JARDUKETAK

14. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1.–Bide edo espazio publikoek zer xede duten, horretarako erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, salbu legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan.

Debeku da bide edo espazio publikoetan jarduerak egitea baldin berekin ekartzen ahal badizkiete kalteak pertsona edo ondasunei, edo eragozpen nabariak eragiten ahal badizkiete herritarrei, kontuan harturik kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.

2.–Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

3.–Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

15. artikulua. Sua eta jaiak.

1.–Debeku da, baimenik izan ezean, erabilera publikoko espazioetan sua piztea edo izatea, eta piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako gai piroteknikoak erabiltzea.

2.–Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan ezarriko du baimendutako suek edo jarduketek zer baldintza bete beharko dituzten.

16. artikulua. Zaratak.

1.–Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte, eta saihestu behar dute bizikidetza normala trabatzen duten zaratak egitea, aintzat harturik honako berezitasun hauek:

a) Gidariek ez dituzte ozen jarriko ibilgailuetako musika-ekipoak. Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da ibilgailuen motorrak martxan izatea maniobrak egiteko behar den denbora baino luzeagoan.

c) Debeku da botatzea zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak, Udalaren baimenik gabe.

d) Debeku da patio, etxabe edo galerietan edukitzea beren zarata eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak.

e) Debeku da garrasi egitea, abestea, ozenegi hitz egitea, musika-tresnak erabiltzea eta jotzea eraikinetan, jarduten den gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabeko eraikinetan, ezarritako soinu-mailak 36 dBA gainditzeko moduan, 08:00etatik 22:00etara, eta 30 dBA, 22:00etatik 08:00etara.

f) Obrak egunez eginen dira, salbu arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimentzen badu.

g) Ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri bide publikoan, ez eta, hari begira, eraikinetan eta ibilgailuetan ere, baimena lortu ezean.

h) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei eragozten dieten jarduerak, batez ere gauez.

2.–Bide publikoan zaratarik sortuz gero, ez dira gainditu beharko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko foru edo udal araudia eta Zaratak eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretua.

17. artikulua. Kea eta usainak.

1.–Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, baldin haietatik espazio publikoei eragiten bazaie, halako jarduerek lasaitasuna galarazten badute edo osasungarritasuna edo apaindura publikoaren kontrakoak badira, indarra duen legedian ezarritako mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egin daitezkeen lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

2.–Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak bideratu beharko dira 2,5 metroko altueratik gora, baldin jendea distantzia hori baino hurbilago egoten bada, Udalaren baimenik izan ezean.

18. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1.–Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak –aipatutako tokien parte dira orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak–. Batzuk aipatzearren, debeku da bide edo espazio horietan automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean; zigarro-muturrak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea; eta gisako beste ekintza batzuk.

2.–Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera.

Paperontzietan bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, birziklagarriak izan ezean. Azken kasu horretan, erabili beharko dira bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatzea tresna edo objektu arriskutsuak, eta piztutako zigarro-muturrak edo piztutako beste edozein gauza. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta estupefazienteak hartzeko tresnak, eritasunak kutsatzen eta zabaltzen ahal dituzten osasun-materialak eta, orobat, edozein droga toxiko, estupefaziente, medikamentu eta edozein produktu kimiko, pirotekniko edo gisakoak.

3.–Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.

4.–Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5.–Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, baldin soberako ura eror badaiteke nolabait kaltetu daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean edo kalteak eragiten ahal badizkiete bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

6.–Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

7.–Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina txikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da bide publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek. Hala ere, bide publikoan uzten ahalko dira Hondakin Solidoen Mankomunitateak biltzeko direnak.

19. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da kaka, pixa edo tu egitea bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan.

20. artikulua. Animaliak.

1.–Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da haiek abandonatzea.

2.–Herritarrek lagun egiteko animaliak eraman ditzakete berekin espazio publikoetan, betiere uhal edo katez, edo legez ezarritako eran, parkeetan izan ezik, haien sarreretako seinaleek dioten moduan.

3.–Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein tokitan.

Betiere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu.

4.–Animaliek ezin izanen dute edan bide publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik.

5.–Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6.–Zezen ikuskizunak direla eta (entzierroak, zezenketak), jarduera horiek dituzten ohiko arauak aplikatuko dira.

7.–Animaliak ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan.

8.–Debeku da edozein janari mota uztea (gordina, prestatua edo pentsu lehorra) animaliei bide publikoan jaten emateko, salbu eta Murchanteko Udalaren baimena duten elkarteen kasuan, aldez aurretik baimendutako guneetan.

21. artikulua. Kanpatzea.

1.–Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen dituen uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpadenden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei eskatuko diete bertan behera uzteko kanpaldia, baldin bide publikoa bidegabeki okupatzen badute; gainera, bidezkoa den salaketa egiten ahalko dute. Ezezkoa emanez gero, edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritza-agenteek behar diren baliabideak erabil ditzakete haiek berehala kentzeko. Halakoetan, arau-hausleek eta, solidarioki, jabeek beren gain hartu beharko dituzte sortu diren gastuak.

2.–Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

22. artikulua. Saltokien eta lokalen kanpoaldea garbitzea.

1.–Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduaren titularrak bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta gainerako betebeharrak, nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen direnak.

2.–Kioskoen titularrek eta beste establezimendu batzuen titularrek, baldin badute terrazarik, beladorerik edo bide publikoko beste instalazioren bat, garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten tokia eta ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoen jabeek edo titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbitu beharko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ez eta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladurari loturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, baldin bide publikoan jarri bada baimenik gabe, edo okupatzen badu baimendutakoa baino leku handiagoa. Halakoetan, instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua; gainera, bidezkoa den zehapena ezartzen ahalko da.

3.–Bide publikoan beladoreak eta aulkiak paratzeko, zerga hori arautzen duen ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.

23. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeak edo titularrak, beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, saiatuko dira bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

24. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1.–Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, antolatzaileak izanen dira erantzule, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2.–Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaileei, eta hala behar den erantzukizuna bermatuko da, garbiketa eta ingurumen lanengatik nahiz ekitaldiak ekar ditzakeen bestelako kalte-galerengatik. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3.–Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

III. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

25. artikulua. Xedapen orokorrak.

1.–Zehapenak ezartzeko, beteko da legez eta erregelamenduz arlo honetan ezarrita dagoen prozedura, zehatzeko ahala gauzatzeari dagokionez; hala, aplikagarria izanen da urriaren 1eko 39/2015 Legean arauturiko zehapen prozedura (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

2.–Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki egitateak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik eta zigor-zuzenbideko arau-hauste ere bai, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintaritza judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

26. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

27. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza nabarmen eragoztea, halako moduz non larriki, berehala eta zuzenean galarazten den beste batzuen lasaitasuna, legezko eskubideak erabiltzea edo denetariko jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari; betiere, jokaera horiek ezin badira tipifikatu otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan ezarritakoaren arabera (Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko Legea, martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoak indargabetua) edo horren ordezko araudiaren arabera.

Betiere, arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea, lokal hartzailean 10 dezibelez (dBA) gainditzen bada ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga. Foru Dekretu horrek ezartzen ditu zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea, edo funtzionamendu hori larriki eta nabarmen oztopatzea.

d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek izanen dira arau-hauste:

1.–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak eragitea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

2.–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru astuna izanda.

3.–Bide publikoan eta parke-lorategietan dauden zuhaitzak haustea, edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin ankerkeria, tratu txarrak eta eraso fisikoak erabiltzea, bai eta haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

i) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

j) Nahita itzaltzea argiteria publikoko edozein sistema.

k) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

28. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza larriki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo denetariko jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.

Betiere, arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea, lokal hartzailean 3-10 dezibelez (dBA) gainditzen bada ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga. Foru Dekretu horrek ezartzen ditu zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.

b) Zerbitzu edo espazio bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen larriki eragoztea.. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Larriki eragoztea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.

d) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.

e) Larriki eragoztea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:

1–Zaborrak edo hondakinak botatzea estolderia-sarera edo bide edo espazio publikoetara eta, horrela, ibiltzea eragoztea edo osasungaiztasun arriskua sortzea.

2.–Bide publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea, haientzat prestatutako tokietan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

29. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza arinki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-haustea izanen da:

1.–Zaratak egitea, lokal hartzailean 3 dezibelez (dBA) baino gutxiagoz gainditzen bada ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga. Foru Dekretu horrek ezartzen ditu zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.

2.–Bide publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen arinki eragoztea. Betiere, arau-haustea izanen da:

1.–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, Udalaren baimenik izan gabe.

2.–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

3.–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

4.–Baimenik gabe kanpatzea.

5.–Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

6.–Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Arinki eragoztea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

1.–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Arinki eragoztea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.–Espazio publikoak lagun egiteko animalien gorozkiekin zikindu eta ez garbitzea.

2.–Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

3.–Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

4.–Bide publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo bertan uztea.

5.–Edozein janari mota uztea (gordina, prestatua edo pentsu lehorra) bide publikoan.

e) Arinki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintaketak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

2.–Kalteak eragitea zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

g) Ez edukitzea orubeak eta landa-lurrak eta hiri barneko lurrak behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

30. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 100 eurotik 750 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste astunei 750,01 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 1.500,01 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

31. artikulua. Kalteak konpontzea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari hondatutako egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.

Udalak egin beharrekoak eginen ditu betebeharpekoaren kontura, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, jarraikiko zaio antolamendu juridikoan ezarritakoari.

32. artikulua. Erantzuleak.

1.–Ekitaldi publikoetan erantzule solidario izanen dira antolatzaile edo sustatzaile direnak eta baimena eskatzen duena.

2.–Animaliak daramatzaten pertsonak eta, modu subsidiarioan, animalien jabeak izanen dira erantzule, animaliek gauzei edo pertsonei sortutako kalte edo eraginengatik, bai eta sortutako zikinkeriarengatik ere.

3.–Iragarlea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzule, barne dela eskuorri bidezko publizitatea.

4.–Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 21.1, 22.2 eta 24. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak.

5.–Gainerako kasuetan, ordenantza honen aurkako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6.–Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo lege-arrazoiren bat izanez gero hari ez egozteko, erantzule izanen dira tutoreak edo legezko zaintza dutenak.

7.–Arau-haustea dakarten jarduketak zenbait pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

33. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Zehapenak mailakatuko dira, behin aurreko artikuluen arabera sailkaturik, bat etorriz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 29. artikuluarekin (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Hau da, zehapenak mailakatzeko, bereziki honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

a) Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea.

b) Arau-haustea dakarren jokaerak irautea.

c) Eragindako kalteen izaera.

d) Berrerortzea, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago eginez, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

IV. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA

34. artikulua. Itundutako bukaera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitatearen onurarako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baizik ez da aplikatuko.

Udalak prozedura bukatzeko, ebazpen egintzan zehaztuko du espedientatuak egin beharreko zerbitzua, bai eta isunaren zenbatekoa ere, baldin zerbitzu horrekin zehapen osoa ordezten ez bada.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85. artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu ondoren, eta behin iraganik Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak toki-erakundeei errekerimendua egiteko duten epea (dagokien ahalmena erabiliz), toki-erakunde horien egintza edo erabakiak indargabetzeko. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2612070