1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
570/2026 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena, 2026. urterako, behi-aziendako abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan. DDBN kodea: 930820.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 28/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren behi-aziendako abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan 2023-2029 aldian.
Abeltzaintzako sektorean, desagerrarazte programen mende dauden gaixotasunak egotearen ondorioz, askotan aziendaren mugimendua murriztu eta abereak hil behar dira. Horrek galera ekonomikoak eragiten ditu, baita bizitarako abereak saltzeko merkatuko posizioa galtzea ere. Ustiategiak, lehen zituen produktibitate eta errentagarritasun ratioak berreskuratu ahal izateko, inbertsio handiak egin behar ditu hildako abereak ordeztearren.
Ondorio horietarako, sektoreari laguntzeko tresna inportanteak dira laguntzak, batetik, abereen gaixotasunek eragindako kalteak konpontzeko, eta, bestetik, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan hildako behi-taldea berregiteko. Laguntza hauek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatuarekin bat datoz, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu nahiz estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Hori dela eta, laguntzen estatuko araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoen iraupena, oro har, nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoen berbera izan ohi da.
Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso izanaren adierazpena egin zuen, eta salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena erregistratu zuen SA.109583 laguntza-zenbakiarekin.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.
Ebazpen honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateak deialdi bat onesten du, 2026. urterako, behi-aziendako abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.
Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berrikuspen eta eguneraketan sartzen da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2026ko apirilaren 29ko Erabakiaren bidez onetsi zen, VIII. eranskinaren barnean.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, 2026. urterako, abereen gaixotasunek behi-aziendan eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.
2. Eskaerak aurkezteko epea zenbatzen hasiko da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2026ko azaroaren 2an amaituko da.
3. Deialdirako, honako ebazpen hau aplikatuko da: 28/2023 Ebazpena, irailaren 15ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak ezartzen dituena abereak saneatzeko kanpainen esparruan 2023-2029 aldian behi-aziendako abereen gaixotasunek sortutako kalteak konpontzeko laguntzak emateko.
4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
5. Onuradunak, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, adierazpen bat aurkeztu beharko du Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 28/2023 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian aurreikusitako gardentasun-betebeharrari buruz, esteka honen bidez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
6. Deialdiaren ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko, 204.000,00 euroko gastua baimentzen da 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren 710004 71300 7700 412206 partidaren kargura ("Epizootien ondoriozko sakrifizioen ondorioz berrezartzeko eta lortu gabeko irabazietarako laguntzak").
Baimena ematen da, halaber, deialdi honetarako baimendutako kreditua handitzeko, 34.103,00 euroko mugarekin, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, partida hauetako deialdietan erabili gabeko kredituen kargura: 710004 71300 4700 412207 partida ("Transhumantziarako laguntza") eta 710004 71300 4819 412203 partida ("Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena").
7. Deialdi hau eta emandako laguntzak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalan erregistratzea (DDBN), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20. artikuluan aurreikusitako moduan.
8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
9. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko irailaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
Iragarkiaren kodea: F2612593