Iragarkia
200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2279/2026 EBAZPENA, irailaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita doktoratu aurreko bi kontratu egiteko, Europako Batzordeak MSCA DN programaren bidez finantzatuak, doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dezaten, EBko SPARK proiektuaren esparruan (101310184 zk.).
Deialdi hau SPARK proiektutik sortu da, zeina Europako Batzordeak finantzatzen baitu Horizon Europe programaren barrenean, HORIZON-MSCA-2025-DN-01 Doctoral Network izeneko ekintza gisa. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekintza hori gauzatzeko ardura duen nazioarteko partzuergoan hartzen du parte, Europako Batzordearekin sinatutako dirulaguntza-akordio honen babesean: 101310184-SPARK- HORIZON-MSCA-2025-DN-01. Proiektu honen ikertzaile nagusia Íñigo Liberal Olleta irakaslea da, eta haren eginkizuna deialdi honen babesean kontratatutako doktoregaiei segimendua egitea da.
Partzuergo horren esparruan Nafarroako Unibertsitate Publikoak duen konpromisoa da doktoratu aurreko 2 ikertzaile hautatzea eta kontratatzea. Íñigo Liberal Olleta irakasleak prestatuko eta ikuskatuko ditu, HORIZON-MSCA-2023-DN-01 ekintzarako hark izendatzen dituen ikertzaileekin batera.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren ziurtagiria.
Ikusirik 101310184-SPARK- HORIZON-MSCA-2025-DN-01 ekintza gauzatzearren Europako Batzordearekin sinatutako dirulaguntza-akordioa.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 32. artikuluak esleitzen dizkidan eskudantziez baliatuz –estatutuak 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–.
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, gehienez 327.136,32 eurokoa.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2027ko, 2028ko, 2029ko eta 2030eko ekitaldietarako duen Gastuen Aurrekontuetako partiden kargura ordainduko da. Gastua gauzatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion ekitaldian aurrekontu kreditu nahikoa egotea.
- 2027:
- 30.31.13.181B - 131.10 Prestakuntzaldiko ikertzailea 39.879,78 euro.
- 30.31.13.181B - 160.00 Gizarte Segurantza 13.331,82 euro.
- 2028:
- 30.31.13.181B - 131.10 Prestakuntzaldiko ikertzailea 79.759,58 euro.
- 30.31.13.181B - 160.00 Gizarte Segurantza 26.663,62 euro.
- 2029:
- 30.31.13.181B - 131.10 Prestakuntzaldiko ikertzailea 79.759,58 euro.
- 30.31.13.181B - 160.00 Gizarte Segurantza 26.663,62 euro.
- 2030:
- 30.31.13.181B - 131.10 Prestakuntzaldiko ikertzailea 47.746,48 euro.
- 30.31.13.181B - 160.00 Gizarte Segurantza 13.331,82 euro.
Bigarrena.–Doktoratu aurreko bi kontraturen deialdia onestea. Deialdi horren xedea bi doktoretza-tesiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egitea da, "Spatiotemporal photonic technologies" ikerketa-arloan (SPARK), ebazpen honen eranskineko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Europako Batzordeak Horizon Europe programako MSCA DN ekintza gisa finantzatuko ditu tesiak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko zuzendariari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuari eta Gizarte Kontseiluko Batzorde Ekonomikoari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, bai eta ebazpena eta erantsia duen deialdia, ingelesera itzulia, Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea ere, eta, bestetik, agintzea hari buruzko erreseinak eta estekak ezagutzera eman daitezela nazioarteko Euraxess Jobs plataformako bitarteko elektroniko nazioartekoen bidez (https://euraxess.ec.europa.eu/jobs/search).
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko irailaren 16an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
Deialdia, doktoratu aurreko bi kontratu egiteko, Europako Batzordeak SPARK proiektuaren bidez finantzatuak (101310184 zk.), doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiteko, Seinalearen Teoria eta Komunikazioak jakintza-arloan
Ebazpenaren eranskina
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikerketa sustatu eta bultzatzeko ezarria duen politikaren helburuetako bat da ikertzaile gazteei prestakuntza ematea doktoratu aurretik ikertzen has daitezen.
Doktoratu aurreko kontratuen deialdi hau Europako Batzordeak eta NUPek sinatutako dirulaguntza-akordio batetik sortu da (ingelesez, Grant agreement), zeren eta HORIZON-MSCA-2025-DN-01 deialdiko SPARK proiektua (101310184 zk.) gauzatzeko ardura duen nazioarteko partzuergoko kide baita NUP –akordio horren helburua Seinalearen Teoria eta Komunikazioak jakintza-arloko doktoratu aurreko 2 kontratu finantzatzea da–. Proiektu honen ikertzaile nagusia Íñigo Liberal Olleta irakaslea da, eta haren eginkizuna deialdi honen babesean kontratatutako doktoregaiei segimendua egitea da.
Gorago aipatutako ekintzaren helburua da doktoratu aurreko prestakuntzaldian dauden ikertzaileen sare bat sortzea, espazio-denborazko teknologia fotonikoak jorratuko dituena espazio-denborazko metamaterialak eta argi egituratua konbinatuz. Europako 6 herrialdetako 7 unibertsitate edo instituziok hartzen dute parte ekintzan, sektore industrial batzuetako entitate elkartu zenbaitekin lankidetzan.
Sare horretan, 15 ikertzaile gazte sartuko dira, eta programako parte-hartzaile diren eta arlo akademiko zein industrialean diharduten zenbait ikertzaile seniorrek hautatu, kontratatu, trebatu eta ikuskatuko dituzte.
NUPen eta deialdia tramitatu ondoren hautatzen diren pertsonen artean sinatutako doktoratu aurreko kontratuak Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan araututakoak izanen dira. Lege horren 21. artikuluaren arabera, doktoratu aurreko kontratua ezin izanen da lau urtetik gorakoa izan.
Hori guztia kontuan harturik, doktoratu aurreko bi kontratutarako deialdi hau egiten du NUPek.
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi hau lehiaketa bidez eginen da, eta haren helburu nagusia da ikerketa zientifiko eta teknikoko titulu unibertsitarioa duten 2 ikertzaileri prestakuntza ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Seinalearen Teoria eta Komunikazioak jakintza-arloan doktore gradua lor dezaten.
Horrenbestez, doktoratu aurreko 2 kontratutarako deialdia egiten da 2 doktoretza-tesi egiteko. Tesien helburua tresna teoriko eta esperimental berriak garatzea izanen da, espazio-denborazko metamaterialak eta argi egituratuko gailuak analizatzeko, diseinatzeko, fabrikatzeko eta karakterizatzeko.
Zehazki, honako ikerketa-problema hauek jorratuko dituzte 2 doktoretza-tesiek:
–Doktoratu aurreko 1. kontratua. Doktoretza-tesia simetria orokortuen azterketan oinarrituko da, espazio-denborazko metamaterialen portaera gobernatuz, eta aztertuko da, halaber, horrek zer konexio duen denbora-espazioko eremuak metagainazalen bidez manipulatzearekin.
–Doktoratu aurreko 2. kontratua. Doktoretza-tesiaren ardatza teoria kuantikoaren esparru bat garatzea izanen da, espazio-denborazko metamaterialetako argiaren eta materiaren arteko interakzioak deskribatzeko, argi egoera ez-klasikoen sorrera ikertzeko, eta mugimendu sintetikoekin, hutsune efektuekin eta erlatibitate orokorrarekin lotutako fenomeno kuantikoak esploratzeko.
Doktoratu aurreko kontratuek 3 urteko iraupena izanen dute, eta zilegi izanen da luzatzea (betiere aurrekontu erabilgarria badago), gehienez 4 urteko iraupena izan arte. Kontratuak Europako Batzordearen MSCA-SPARK(101310184 zk.) proiektuaren bidez finantzatuko dira, eta, beraz, kontratuak indarrean egon daitezen, beharrezkoa da finantzaketak bere horretan jarraitzea eta deialdi honetako baldintzak kasu guztietan eta ondorio guztietarako betetzea.
2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Honako baldintza hauek bete behar dituzte eskatzaileek eskaera aurkezteko epean:
–Ikasketa hauetakoren bat izatea:
- Unibertsitate masterra, arlo hauetakoren batean: Telekomunikazio Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Fisika Aplikatua, Optika, edo aurrekoen baliokidea den bat.
- Graduko unibertsitate titulua; gutxienez 300 ECTS izan behar ditu guztira, eta MECESen 3. maila egiaztatua aurreko puntuan adierazitako arloetan.
- Atzerriko titulu bat, Espainiako master baten pareko prestakuntza-maila egiaztatzen duena eta aukera ematen duena jatorriko herrialdean gorago aipatutako arloetako doktoretza egiteko.
- Deialdi honetatik baztertuta geldituko dira halako titulurik ez duten eskatzaile guztiak.
–Ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluko modalitatean doktoretza-tesi bat egiteko beste kontratu batzuk izan dituztenek kontratua hasi eta hamabi hilabete baino gehiagoz.
–Doktoretza-tesirik ez aurkeztu izana defentsarako.
–Doktore titulurik ez eskuratu izana.
–Mugikortasun araua: kontratuaren hasiera-egunaren aurreko 3 urteetan eskatzailea ez egon izana 12 hilabete baino gehiago bizitzen edo bere jarduera nagusia gauzatzen (adibidez, lana, ikasketak) harrera-erakundearen herrialdean (Espainia), Europako Batzordeko MSCA programako bekak arautzen dituzten arauen arabera, programa horretakoa baita proiektu hau.
3.–Araubide juridikoa.
3.1.–Deialdi honen oinarriek eta Europako Batzordearen eta SPARK proiektuaren bazkideen artean sinatutako dirulaguntza-akordioak arautuko dituzte doktoratu aurreko kontratuak; hain justu, bazkide horien artean dago NUP, eta doktoratu aurreko kontratuak finantzatzen ditu.
Halaber, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak ere arautuko du kontratua, baita Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutuak (64 zenbakiko BOEa, 2019ko martxoaren 15ekoa) eta, hala badagokio, Langileen Estatutuaren xedapenetatik aplikatzekoak direnek ere.
3.2.–Balorazio Batzordeak zilegi izanen du iradokitzea izangaiak doktoretza-programan onartua izateko eskaeran tesirako proposatu zuen zuzendaria alda dadin. Zuzendaria aldatzeko proposamen hori esleipen proposamenarekin batera eman beharko da aditzera. Hautatutako pertsonei beren zuzendariaren ikerketa-talde bera esleituko zaie, eta haren sail eta ikerketa-institutuari atxikiko zaizkio, halakorik izanen balu.
3.3.–Doktoratu aurreko kontratuak formalizatzeak eta deialdi honetan ezarritako laguntzak emateak ez du inolako konpromisorik ekarriko hautatutako izangaiak gero Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sar daitezen, ez eta egonaldiak egiten diren zentro edo enpresetan ere baldin eta kontratu honen esparruan ikerketa-egonaldiak egiten badira.
3.4.–Proiektua koordinatzen duen unibertsitateak ez badizkio ematen adierazitako kantitateak ezarritako epean, NUPek eskubidea izanen du sinaturiko kontratuen berritzea baliogabetzeko, eta aukera izanen du deialdi honen xede diren doktoratu aurreko kontratuak alde bakarrez deuseztatzea erabakitzeko.
3.5.–Doktoratu aurreko kontratua formalizatzea eta deialdi honen babesean ezarritako laguntza jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, baita hautatutako izangaiari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:
–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak.
–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.
–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako ordainsariak, betiere NUPeko Ikerketako errektoreordearen ustez ez badiote trabarik egiten doktoratu aurreko kontratuen xedea garatzeari.
4.–Eskaeren aurkezpena.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira nahitaez, Unibertsitatearen erregistro elektronikoan, Prozeduren Katalogoan horretarako ezarritako prozeduraren bidez ("MSCA proiektuei lotutako doktoratu aurreko kontratuak"). Unibertsitatearen egoitza elektronikotik sartzen da horra, esteka honetatik hain zuzen: NUPen egoitza elektronikoa, MSCA deialdia (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
Baldin eta Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek eta atzerrian bizi diren espainiarrek ez badute modurik "Eskaeraren alta" atalean elektronikoki identifikatzeko gaitutako aukeretatik bat ere erabiltzeko, esteka honetan adierazitakoaren arabera egin beharko dute eskaera: aukera alternatiboa atzerrian bizi direnentzat (https://sedeelectronica.unavarra.es/opencms/system/modules/sede/contents/pages/info_registro_residentes_extranjeros).Halaber, identifikazioko eta sinadura elektronikoko onartutako sistemak badituen ordezkari baten bidez ere egiten ahalko dute eskaera.
Eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Oro har, eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.
5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.
Dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskaeraren inprimaki normalizatua (2. eranskina). Esteka honetan dago eskuragarri: NUPen egoitza elektronikoa, MSCA deialdia (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
b) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Deialdi honetara aurkezteko erabili den tituluaren fotokopia, edo titulua eskatu izanaren frogagiria. NUPeko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
d) Eskatzaileari doktoretza egiten hasteko modua ematen dioten ikasketen espediente akademiko osoa (masterrarena eta graduarena, dagokionaren arabera), zer kalifikazio eta noiz lortu diren jasotzen dituena (batez besteko nota espresuki adierazten duena). NUPeko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.
Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eskatzen ahal da: atzerriko tituluen noten baliokidetasuna eskatzea (https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia_notas_medias/language/eu_ES).
Ziurtagiri akademikoak gaztelania edo ingelesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpena erantsi beharko da.
e) Merezimenduen zerrendaren laburpenaren inprimakia (3. eranskina). Esteka honetan dago eskuragarri: NUPen egoitza elektronikoa, MSCA deialdia (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).
f) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak. Agiriz egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, eta ez besterik. Ez dira kontuan hartuko beren arau erregulatzaileen arabera egiaztatzeko eskumena esleitua ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek egindako agiriak.
a. Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania edo ingelesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.
g) Bi gomendio gutun, ingelesez edo gaztelaniaz, behar bezala datatuak eta sinatuak eta berariaz idatziak dagokion kontraturako.
h) Ingelesezko motibazio gutuna, behar bezala datatua eta sinatua, doktoratu aurreko kontratua eskuratzeko interesa erakusten duena eta izangaiak kontratu honetarako dituen merezimenduak deskribatzen dituena.
Baztertu eginen dira a) eta e) letretan deskribaturiko 2 inprimaki normalizatuen formatua erabiltzen ez duten eskaerak.
Deialdi honen oinarrietan eskatutako dokumentazioa NUPen eskuetan baldin badago jada, hautagaiak ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.
Behar bezala eta epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan onartutako eskabideak barematzeko.
Balorazio Batzordeak informazio argigarria eskatuko du, beharrezkoa iruditzen bazaio, izangaia aukeratzeko proposamena egiteko.
6.–Izangaien hautaketa.
Eskaeren balorazioa eta esleipen proposamena Balorazio Batzordeak eginen du. Honako kide hauek osatuko dute:
–Iñigo Ederra Urzainqui, irakasle katedraduna, zeina batzordeburu izanen baita.
–Iñigo Liberal Olleta, unibertsitateko irakasle titularra, zeina batzordeko idazkari izanen baita.
–Ángel Ortega Gómez, Beatriz Galindo programako ikertzailea, zeina batzordekide izanen baita.
Batzordeburuak eskatuta eratuko da Balorazio Batzordea, eta horretarako kideei dei eginen die. Halaber, NUPeko Ikerketa Zerbitzuak behar diren kudeaketak eginen ditu Balorazio Batzordearen jarduna errazteko.
Elkarrizketen fasean, doktoretza-sareko beste entitate bazkide batzuetako bi kidek hartuko dute parte Hautaketa Batzordean, Grant Agreement delakoan adostutakoaren arabera; zehazki, kontratu bakoitzerako izendatutako Gainbegiratze Batzordeko kide batek eta sareko Berdintasun Batzordeko kide batek.
7.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.
7.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartutako eskaeren behin-behineko zerrenda onetsiko da Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, baita eskatutako laguntzarako baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako agiriak garaiz eta forman ez aurkezteagatik baztertutakoena ere.
Ebazpen hori eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096), eta interesdunei 10 egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, baztertu izanaren aurkako erreklamazioa aurkezteko, Ikerketa Zerbitzura zuzendua, eta ebazpenean adierazten diren gabeziak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Izangaiak ez baditu epe horretan gabeziak zuzentzen edo dokumentazioa osatzen, deialditik baztertuta geldituko da.
7.2.–Ikerketa Zerbitzuak aurkeztutako erreklamazioak aztertuko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.
Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpena NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da eta, haren aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena iragarki oholean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.3.–Geroago, Balorazio Batzordeak onartzen diren eskaerak ebaluatuko ditu 1. oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta izangai bakoitzaren behin-behineko puntuazioak eta kontratuaren behin-behineko esleipen proposamena onetsiko ditu. Behin-behineko esleipenak dituen Balorazio Batzordearen erabakia NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta haren kontra interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, batzordeburuari zuzendua, 10 egun balioduneko epean, proposamen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.4.–Erreklamazioak ebatzi ondoren, Balorazio Batzordeak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena eta itxaron zerrendan dauden izangaiena, puntuazioaren arabera ordenatuak, ebazpen baten bidez onets ditzan. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da behin betiko esleipena eta itxaron zerrendan dauden izangaien lehentasun ordena dituen ebazpena.
Behin betiko ebazpen horren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
8.–Doktoratu aurreko kontratuen xedea eta baldintzak.
8.1.–Doktoratu aurreko kontratuen xedea Nanofotonikaren arloan ikerketa-lanak egitea izanen da, eta, zehazki, doktoretza-tesia egitea deialdiko 1. oinarrian zehaztutako helburuarekin.
8.2.–Kontratua idatziz sinatuko dute hautatutako izangaiak eta NUPek, lehenbizikoa langilea eta bigarrena enplegatzailea direnez gero.
NUPeko TECOMBER doktoretza-programan (Komunikazioen Teknologietako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Doktoretza) onartua izan dela adierazten duen agiria erantsiko zaio kontratu bakoitzari, programaren unitate arduradunak emana, edo doktoretzako edo graduondoko eskolak emana, hala badagokio.
Ezin izanen dute kontratua sinatu tesia gordailutua edo defendatua duten eskatzaileek; horrek izangaia deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, kontratua ukatzea ekarriko du.
Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, hiru urteko iraupena izanen du; programan irauten duen bitartean, aukera egonen da urtebeterako luzatzeko, betiere aldez aurretik doktoretza-programako Batzorde Akademikoak, edo, kasua bada, doktoretzako eskolak aldeko txostena egin badute eta aurrekontu erabilgarria badago. Kontratuaren gehieneko iraupena, luzapenak eta modalitate horren bidez beste erakunde batzuetan baliatutako kontratuak barne, 4 urtekoa izanen da.
Horretaz gainera, esleipenerako hautatutako izangaiak aurkeztutako urteko txostenaren aldeko ebaluazioa egin beharko du tesiaren zuzendariak, eta behar besteko aurrekontua egon behar da.
8.3.–Doktoratu aurreko kontratua honako kasu hauetan amaituko da:
Kontratuaren gehieneko epea betetzen denean, luzapen guztiak barne.
TECOMBER doktoretza-programan egoteko aldia bukatua badago edo hautatutako izangaia ez badago doktoretza-programan matrikulatua.
Doktoratu aurreko jardueraren ebaluazio negatiboa egin badu doktoretza-programako Batzorde Akademikoak bere txostenean. Ebaluazio hori aurkakoa bada, posible izanen da doktoratu aurreko kontratua deuseztatzea.
8.4.–Doktoratu aurreko kontratuen urteko soldata gordina 39.879,79 euro izanen da. Doktoratu aurreko kontratuetako bakoitzagatik, unibertsitateari Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren 13.331,81 euro ordaintzea dagokio urtero.
Zenbateko horien batura 53.211,60 euro da, hain justu MSCA-2025-DN-01 deialdiak Espainiarako ezarritakoa. Bi kontzeptu sartzen dira haren barrenean: "Living allowance" eta "Mobility allowance".
Gainera, lehenago aipatutako deialdiak "Family allowance" delakoa jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu izangaiak, haren urteko soldata gordina 5.282,64 euro handituko da, eta unibertsitateak urtero ordaindu beharreko Gizarte Segurantzaren kuota patronala 2.637,36 euro izanen da.
Zenbateko horiei kontratupeko langilearen Gizarte Segurantzako nahitaezko kotizazioa eta PFEZa kenduko zaizkie, indarrean dauden legeek ezarritako baldintzetan.
Zenbatekoa 12 ordainsaritan ordainduko da. Kontratua amaitzean, dagokion legezko kalte-ordaina ordainduko da.
9.–Hautatutako izangaien betebeharrak.
9.1.–Doktoratu aurreko kontratua formalizatzeak berekin dakar hautatutako izangaiek hauek onartzea: deialdi honetan ezarritako arauak, finantziazioaren dirulaguntza-akordioan Europako Batzordeak ezarritakoak eta NUPek ezarritakoak kontratuaren xedearen segimendu zientifikoa egiteko, eta, hala badagokio, laguntza osagarriaren jarraipena egiteko.
9.2.–Hautatutako izangaiak honako betebehar hauek izanen ditu:
–Kontratua esleitzeko ebazpenean eta kontratuan adierazten den egunean bertan hastea lanean NUPen, kontratuaren helburu den ikerketa-lana egiteko xedez; une horretan hasten ez bada, kontratuari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik hura sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egun baliodunetan sinatzen ez bada.
–Atxiki zaion ikerketa-taldean bere lana aprobetxamenduz egitea, baita beste hainbat erakundetan ere, baldin eta beste zentro edo enpresa batzuetan ikerketa-egonaldiak egin behar direla erabakitzen bada.
–Kontratuarekin lotutako lana garatzean lortu dituen informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, tesiaren zuzendariaren baimenik ez badu. Erabateko sekretua gordetzea bere jarduerak egitearen ondorioz eskuratu lezakeen informazio konfidentzialari buruz –izan NUPen eskuratutakoa, izan ikerketa-egonaldiak egiten dituen zentro edo enpresetan eskuratutakoa–, eta informazio hori ez kontatzea, jakinaraztea eta/edo zabaltzea hirugarren pertsonei, ez osorik ezta partzialki ere.
–Hautatutako izangaiak bere ikerketekin lotutako edozein komunikazio, argitalpen edo zabalkunde-lan egin nahi badu, tesiaren zuzendariaren berariazko baimen idatzia eduki beharko du aldez aurretik. Tesiaren zuzendariak baimen horren oniritzia eskatuko dio Ikerketako errektoreordeari. Edonola delarik ere, baimena emateko edo ukatzeko, SPARK proiektuaren dirulaguntza-akordioan ezarritakoari erreparatuko zaio, haren barrenean baitaude proiektuak.
–Tesiaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuari bidaltzea egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, tesiaren zuzendariaren oniritziarekin eta konfidentzialtasun klausulak errespetatuz.
–Aldeko txostena edukitzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren TECOMBER doktoretza-programako Batzorde Akademikoak urtero egiten duen nahitaezko jarraipen proban, kontratua urtebeterako berritzeko. Hautatutako izangaiak ez badu urteroko proba nahitaez egin beharrik, egindako lanari buruzko memoria bat aurkeztu beharko du tesiaren zuzendariak egindako txostenekin batera.
–Kontratuak iraun bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Europako Batzordeak emandako finantzaketa eta kontratu honen oinarrian dagoen proiektua.
–Tesiaren zuzendariari aurkeztea, laguntza bukatzen denean, egindako lanaren azken memoria, baita lan bizitzaren egiaztagiri bat ere.
–Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoratu aurreko kontratuaren hasiera-egunetik kontatzen hasita. Ikerketako errektoreordeak aukera izanen du betebehar hori betetzeko epea luzatzeko, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emanda eta Doktoretza Programako Batzorde Akademikoak aldeko txostena emanda.
–Tesiaren zuzendariari eta NUPen Ikerketa Zerbitzuari jakinaraztea kontratuaren esparruan lortzen den edozein emaitzaren berri, baldin eta emaitza hori jabetza intelektualaren edo industrialaren edozein babes-formularekin babestua izateko modukoa bada, edo/eta inolako aplikazio industrial edo komertzial baldin badu.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzea eta esleitzea kontratu honen esparruan sortzen diren emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, xedea izanik NUPek behar bezala betetzea SPARK proiektuko bazkideekin sinatutako Partzuergo Hitzarmenean hartutako jabetza industrialeko eta intelektualeko konpromisoak.
9.3.–Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, doktoratu aurreko kontratua baliogabetzea ekarriko du, eta baliteke bidegabeki jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea.
9.4.–Erdietsitako laguntzari uko egiteko, idazki bat bidali behar dio izangaiak Ikerketako errektoreordeari, tesiaren zuzendariak sinatua, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun baliodun lehenago aurkeztu behar da beranduenez.
Uko egiten bada, doktoregaia beste pertsona batek ordezten ahalko du, MSCA-2025-DN-01 programaren araudiaren arabera. Ordezkapenik egin behar izanez gero, kontratuak esleitzen dituen behin betiko ebazpeneko itxaron zerrendan dauden izangaien ordena jarraituko da, betiere tesiaren zuzendariak oniritzia ematen badu uste duelako laguntzaren xedea bermatua geratuko dela laguntza bukatzeko geratzen den denboran.
9.5.–Deialdiko doktoratu aurreko kontratuak formalizatzeko hautatutako izangaiek bete beharreko zereginak NUPen instalazioetan eginen dira, eta, hala ezartzen bada, ikerketa-egonaldiak egiteko proposatzen diren beste zentro eta enpresetan. Egonaldi horietan, hautatutako izangaiak zentro edo enpresa hartzaile bakoitzeko araudia eta berariaz ezartzen diren arau espezifiko guztiak bete beharko ditu.
10.–Onura sozialak.
Sinatutako doktoratu aurreko kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak izanen dituzte hautatutako izangaiek.
11.–Irakasle lanean laguntzea.
Hautatutako izangaiak zilegi du baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakasle lanean laguntzeko, betiere tesiaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu har ditzake lan horrek, eta gehienez ere 180 ordu kontratuaren iraunaldi osoan, luzapena ere kontuan hartuta, halakorik egonez gero.
2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera.
12.–Kontratua etetearen ondorioak.
Kontratatutako izangaiak eskubidea izanen du Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.
Aldi baterako desgaitasun, haurdunaldiko arrisku, amatasun, adopzio edo harrera, edoskitzaroko arrisku eta aitatasun egoerek eten eginen dute kontratuen iraupenaren zenbaketa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat.
13.–Jabetza industriala eta intelektuala.
NUPenak izanen dira kontratu honen esparruan sortutako ikerketa-emaitzei buruzko jabetza industrial eta intelektualeko eskubide guztiak, eta bera bakarrik izanen da eskubide horien titularra.
Esleipenerako hautatutako izangaiek, hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoari laga eta esleituko dizkiote kontratu horien esparruan sortutako emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, xedea izanik NUPek behar bezala betetzea SPARK proiektuko bazkideekin sinatutako Partzuergo Hitzarmenean hartutako jabetza industrialeko eta intelektualeko konpromisoak.
Nolanahi ere, bidezkoa bada, kontratuaren esparruan sortutako emaitzen gaineko eskubideak ustiatu edo lagatzeagatik lortzen diren mozkinetan parte hartzeko eskubidea aitortuko dio Nafarroako Unibertsitate Publikoak esleipenerako hautatutako izangaiari, NUPen Estatutuen 70. artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz.
Horretaz gainera, hautatutako izangaiaren eskubide moralak errespetatuko dira, bereziki bere egile eta/edo asmatzaile izaeraren aitorpenari dagokionez, legedi indardunarekin bat etorriz.
14.–Datuen babesa.
Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa.
Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta oinarri juridikoa, berriz, interes publikokoa izatea, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluaren arabera. Ikertzaile gazteei prestakuntza emanen zaie prestakuntzaldian dauden ikertzaileentzako kontratuen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoari jarraikiz.
NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer kontratu esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.
15.–Argitalpena.
Ebazpen hau eta eranskin gisa ageri diren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Ebazpen hau eta haren eranskina gaztelaniaz eta ingelesez argitaratuko dira Nafarroako egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096) Iragarki oholeko argitalpen honen erreseinak eta esteka Euroaxess Jobs (https://euraxess.ec.europa.eu/jobs/search)en nazioarteko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko dira, bai eta egokitzat jotzen diren beste batzuen bidez ere.
Deialdi hau aplikatzearren emandako gainerako egintzak NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
16.–Errekurtsoak.
Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–DOKTORATU AURREKO KONTRATURAKO BAREMOA
KATEGORIAK | PUNTUAZIOA, |
Espediente akademikoa | 20 puntu |
Esperientzia, profilarekin bat datorrena | 15 puntu |
Mugikortasun programak | 5 puntu |
Ikastaroak, argitalpenak eta biltzarretako parte-hartzea | 15 puntu |
Sariak, bekak eta aipamenak | 5 puntu |
Elkarrizketa pertsonala | 40 puntu |
1.–Espediente akademikoa, 20 puntu gehienez ere.
Doktoretza-programan sartzeko titulazioaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratuko da. Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera:
∑(Irakasgaiaren kreditu kopurua x nota) / (titulazioaren guztizko kreditu kopurua)
1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.
Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.
Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:
–Ohorezko matrikula 10.
–Bikain 9,25.
–Oso ongi 7,75.
–Nahikoa 5,75.
Eskaera egiteko inprimakian kontratua zein titulaziorekin eskatzen den esanen da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batez besteko nota.
Batez besteko nota 15/10 faktorearekin biderkatuko da, gehienez ere 15 puntura arte.
Horrez gain, bereziki hartuko dira kontuan ikerketa-proiektuarekin lotura zuzena duten gaietako kalifikazioak. Zehazki, elektromagnetismoa, optika, nanofotonika eta horien antzeko gaiak. Gai horietan lortutako Ohorezko Matrikula bakoitzagatik 1 puntu emanen da, eta Bikain bakoitzagatik, aldiz, 0,5 puntu, gehienez ere 5 puntu lortu arte.
2.–Profilarekin bat datorren esperientzia, 15 puntu gehienez ere.
Izangaiak kontratuaren profilean adierazitako arloekin zerikusia duten lan teknikoak eta ikerketakoak egiten nolako esperientzia espezifikoa duen baloratuko da. Hori egiaztatzeko, hauek aurkeztu beharko ditu:
–Enpresa, ikerketa-zentro edo unibertsitateek emandako lan kontratuak, praktiketako kontratuak, laguntzak edo bekak. 1 puntu emanen dira arduraldi osoz kontratu edo beka batean egin den hilabete bakoitzeko.
–Egiaztatzeko moduko esperientzia izatea kontratuaren xede den arloarekin lotutako ikerketak egiten (besteak beste, master amaierako edo gradu amaierako lana eta ikerketako curriculumeko praktikak). 0,2 puntu emanen da ECTS bakoitzeko.
3.–Mugikortasuna, 5 puntu gehienez ere.
Izangaiaren jatorrizkoa ez den unibertsitate edo ikerketa-zentroetan egindako egonaldiak hartuko dira aintzat. Erasmus+ Programaren barrenean egindako egonaldiak ere hartuko dira kontuan.
0,5 puntu emanen dira egonaldiko hilabete bakoitzeko.
4.–Ikastaroetan eta biltzarretan parte hartzeagatik edo argitalpenak egiteagatik, 15 puntu gehienez ere.
Inpaktua duten aldizkarietan egindako argitalpenak eta biltzar prestiogiotsuetako parte-hartzea baloratuko dira, betiere lotura badute kontratuaren xede den gaiarekin. Egiaztatu egin behar da argitalpena edo komunikazioa onartu edo argitaratu dela. Biltzarretara joatea ez da puntuaziorako kontuan hartuko haietan parte hartu ezean.
Kontuan hartuko dira gai hauetako prestakuntza-ikastaroak eta -mintegiak: matematika-tresnak, zenbaki- eta simulazio-teknikak eta programazio-lengoaiak (bereziki Python eta R). 0,2 puntu emanen dira 10 orduko edo ECTS bakoitzeko.
Jarduera zientifikorako edo proiektuaren gaietarako esanguratsuak diren beste ikastaro batzuetara joan izana baloratuko da, gehienez ere 100 ordura bitarte. 0,1 puntu emanen da 10 orduko edo ECTS bakoitzeko.
5.–Sariak, bekak eta aipamenak, 5 puntu gehienez ere.
Sariak, bekak eta aipamenak lortu izana baloratuko da. 2 puntu emanen dira sari, beka edo aipamen bakoitzeko.
6.–Banakako elkarrizketa, 40 puntu gehienez ere.
Baloratu beharreko gainerako atalen batuketa osoan puntuaziorik handiena duten hamar izangaiei eginen zaie elkarrizketa, ez beste inori. Doktoretza-sarean bateratutako arauen arabera eginen da elkarrizketa. Elkarrizketak online eginen dira. Irizpide hauek baloratuko dira, eta bakoitzak 0 eta 5 puntu bitarteko puntuazioa izanen du.
IRIZPIDEAK |
Ikerketako kalitatea eta ikuspegia |
Azalpenaren argitasuna |
Sakontasun teknikoa (Q & A) |
Taldera egokitzeko gaitasuna eta lankidetzan aritzeko estiloa |
Pentsamendu kritikoa eta independentzia (Q & A) |
Motibazioa eta gogoa |
Balorazio Batzordeko kide bakoitzak bere aldetik baloratuko du irizpide bakoitza, eta irizpide bakoitzaren azken puntuazioa balorazio horien batez bestekoa izanen da. Balorazio horien batez bestekoa batu ondoren, emaitza 4/3rekin biderkatuko da, eta gehienezko puntuazioa 40koa izanen da.
Elkarrizketa-fasera igarotzen ez diren izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira.
2. ERANSKINA.–Eskaera-inprimakia
Hemen eskuragarri: NUPen egoitza elektronikoa, MSCA deialdia:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096
3. ERANSKINA.–Merezimenduen inprimakia
Hemen eskuragarri: NUPen egoitza elektronikoa, MSCA deialdia:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9013&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096
Iragarkiaren kodea: F2612335
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
