200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Oposizioa, betetzeko administrari-ofizialaren plaza bat, langileria arlokoa

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko irailaren 24an egin bilkuran, erabaki zuen onestea deialdi baten oinarriak, oposizio bidez betetzeko administrari-ofizialaren plaza bat, langileria arlokoa, Tafallako Udalean aritzeko. Hona hemen hura arautzen duten baldintzak:

OINARRIAK

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren plaza bat betetzea, oposizio bidez eta funtzionarioen araubidean, langileria arloari atxikia. Plantilla organikoan 01.13 zenbakiarekin identifikatuta dago.

Deialdia gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, onesten dituena aparteko eta premiazko neurriak, langileen arloan, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera administrari-ofizialaren (langileria arloa) lanpostua aldi baterako betetzeko.

1.3. Izendapenak nominako funtzionario bilakatuko du izendatua, Tafallako Udaleko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, eta aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 9. xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), baldin afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.4. Lanpostua C mailakoa da, eta plantilla organikoan zehaztutako oinarrizko ordainsariak eta ordainsari osagarriak izanen ditu, bai eta hitzarmen kolektiboan eta aplikatu beharreko bestelako xedapenetan ezartzen direnak ere.

1.5. Lanaldia eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan parte hartzeko, izangaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Batxilergoko titulua izatea, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Gaitasun fisiko eta psikiko nahikoa izatea lanpostuaren berezko eginkizunak egiteko, esate baterako, eskulanak egiteko, erremintak erabiltzeko eta lanak kanpoaldean egiteko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea diziplinazko espediente baten bidez.

f) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.

2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik, hautapen-prozesuak iraun bitartean, bai eta kontratua sinatu eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Aurkezteko modua.

Eskabideak aurkeztu beharko dira I. eranskineko eskabide ereduari jarraituz, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), Tafallako Udalaren erregistro orokorrean (Nafarroako Frantzisko plaza 5, Tafalla), 8:30etik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez rrhh1@tafalla.es helbidera, ezarritako epearen barnean.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Hautapen-prozesuan parte hartzeko, izangaiek 10,45 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES 22 2100 3696 69 2200068626 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZa.

Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak (ez, ordea, enplegu hobekuntzako eskatzaileak), baldin agiri bidez frogatzen badute. Dagokion tasa ez ordaintzea hartuko da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea. Ez da azterketa eskubiderik itzuliko, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea. Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).

b) Tasa ordaindu izanaren frogagiria, edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.

c) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

a.–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b.–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, onartzen diena prestazio bat jasotzeko eskubidea, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c.–Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren fitxan, egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztuko dira, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Xabier Alcuaz Andueza, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Gonzalo Ibarrola Inchusta, Tafallako Udaleko lehen alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: Pilar Montañés Alsasua, Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Ordezkoa: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Bigarren epaimahaikidea: Iñigo Anaut Peña, Laneko eta Giza Baliabideetako aholkularia.

Ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Hirugarren epaimahaikidea: Tafallako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

Idazkaria: Tafallako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.2. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak balioa izan dezan, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6. oinarria. Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.

6.2. Oposizioak 2 proba izanen ditu. Oposizioan ariketei gehienez ere 100 puntu emanen zaizkie. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Ariketa hasi baino lehen, kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duen ariketa bakoitzak.

6.3. Probak.

6.3.1. Lehen proba.

Proba teorikoa izanen da, eta test motako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa.

Ariketan gehienez ere 50 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan 25 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

6.3.2. Bigarren proba.

Praktikoa. Kalifikazio-epaimahaiak proposatutako kasu bat edo batzuk ebatziko dira ordenagailuan, eranskineko II. zatiko gaiei buruzkoak. Ebazteko erabili beharko dira eranskineko gai-zerrendako III. zatian adierazitako aplikazioak eta sistema eragileak. Epaimahaiak adieraziko du, ariketa hasi baino lehen, zenbat denbora izanen duten izangaiek ariketa egiteko.

Bigarren proba egiteko behar diren baliabide teknikoak emanen zaizkie izangaiei.

Kalifikazio-epaimahaiak proba egiteko beharrezko deritzon laguntza teknikoa eskatzen ahalko du.

Ariketa honetan 50 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan 25,00 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

6.4. Dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren burua identifikatu beharko dute. Agertzen ez dena baztertu eginen da, salbu eta epaimahaiak onartzen badu ezinbesteko kasua dela.

6.5. Probetan, ahal dela, izangaien anonimotasuna bermatuko da. Epaimahaiak neurriak hartzen ahal ditu baimendu gabeko gailuak erabili ez daitezen eta prozesuan zehar berdintasuna mantentzeko.

6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.

7. oinarria. Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak amaituta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), adierazita izangai bakoitzak zer kalifikazio lortu duen oposizioan, lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Tafallako alkateari igorriko dio zerrenda, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena egin dezan.

7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

8. oinarria. Kontratatzeko proposamena.

8.1. Epaimahaiak Tafallako Udaleko alkateari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Oposizioa gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen den izangaiaren alde eginen da proposamena.

Izendapen proposamena Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.

9. oinarria. Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena egoitza elektronikoko fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tafallako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Baldin zehaztasun faltarik edo faltsukeriarik bada aurkeztutako agirietan edo datuetan, eskatuko dira erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

b) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

d) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko; hori guztia, deialdi honetako 2.1. apartatutako e) letran ezarritakoari jarraituz. Tafallako Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.

9.2. Baldin proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da kontratatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.

10. oinarria. Izendatzea eta kontratatzea.

10.1. Hautapen-prozesua burututa eta izangaiak aurreko 9.1. oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, alkateak emandako ebazpen bidez, proposaturiko izangaia Tafallako Udaleko funtzionario izendatuko da, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz izangaiak.

Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan ez bada jabetza hartzen, izendapenak dakartzan eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 apartatuan ezarritako moduan eta ondorio berekin.

11. oinarria. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.

11.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

11.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

11.4. Hartara, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko deialdi honen III. eranskinean biltzen diren arauei jarraikiz eginen dira deiak.

12. oinarria. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik egintza egin duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, orobat errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena udalaren web-orrian argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

Tafallan, 2026ko abuztuaren 13an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEAREN EREDUA

https://www.tafalla.es/wp-content/uploads/2026/09/INSTANCIA-OA-personal-ANEXO-I.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: I. kapitulua: xedapen orokorrak. V. kapitulua: sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria, antolaketa eta eskumenak. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. V. kapitulua: toki-korporazioetako kideen estatutua. VII. titulua: Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileria. I. kapitulua: xedapen orokorrak.

4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak.

5. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: gardentasuna: I. kapitulua: gardentasuna jarduera publikoan. III. kapitulua: publizitate aktiboa. III. titulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: I. kapitulua: arau orokorrak. II. kapitulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura.

6. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: datu-babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak.

7. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirakoa. I. titulua: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa.

8. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

II. zatia.–Gai espezifikoak.

1. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

2. gaia.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.

3. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

4. gaia.–215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

5. gaia.–158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamendua onesten duena.

6. gaia.–225/2002 Foru Dekretua, azaroaren 4koa, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiten dutenean hartu beharreko diru konpentsazioak.

7. gaia.–116/1992 Foru Agindua, abuztuaren 17koa, zeinaren bidez ezartzen baitira mugak eta betekizunak Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek aparteko orduak egin ditzaten.

8. gaia.–10/2003 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa.

9. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.

10. gaia.–39/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituena.

11. gaia.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

12. gaia.–96/1997 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2. artikulua partzialki garatuz, prestakuntza eta hobekuntza profesionala eskaintzen diena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei.

13. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa: ordainsariak.

14. gaia.–Tafallako Udaleko funtzionarioen, administrazio-kontratudunen eta lan-kontratudunen lan baldintzei buruzko akordio kolektiboa 2023-2025 aldirako.

15. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua): 1. artikulutik 19. artikulura.

16. gaia.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena: I. titulua eta III. titulua. I. kapitulua.

17. gaia.–Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. I. titulua. Gizarte Segurantzaren sistemako arau orokorrak: I. kapitulutik IV.era, biak barne. II. titulua. Gizarte Segurantzako araubide orokorra: I. kapitulutik X.era, biak barne.

III. zatia.–Informatika.

1. gaia.–Windows 10i buruzko oinarrizko kontzeptuak: mahaigainaren antolaketa, hasiera menua eta leihoak; fitxategien bilatzailea (karpeten eta fitxategien kudeaketa); sistemaren konfigurazioa (pertsonalizatzea, gailuak, hizkuntza, aplikazioak, erabiltzaile-kontuak, pribatutasun aukerak eta abar); zaborrontzia; jakinarazpenak (alertak eta sistemaren mezuak); bilatzailea (aplikazioak, fitxategiak eta konfigurazioak); mahaigain bat baino gehiago izatea; aplikazioak ainguratzea; eguneraketen kontrola.

2. gaia.–Word 2021 testu-prozesadorea: Word 2021en funtsezko kontzeptuak. Lan-eremua (tituluaren barra, hasiera bizkorreko barra, aukeren zinta, egoera-barra, ikuspegien erlaitzak eta zooma). Formatua (paragrafoa eta letra-tipoa), arbela, estiloak eta edizioa. Dokumentuaren diseinua. Txertatu (irudiak, orriak, saltoak, taulak, ilustrazioak, loturak, goiburua eta orri-oinak, testua, eremuak eta sinboloak). Orria eta paragrafoa konfiguratzea eta antolatzea. Erreferentziak. Posta-konbinazioa. Txantiloiak. Fitxategiak administratzea, gordetzea eta inprimatzea.

3. gaia.–Excel 2021 kalkulu-orria: Excel 2021en funtsezko kontzeptuak. Lan-eremua: (tituluaren barra, hasiera bizkorreko barra, aukeren zinta, egoera-barra, ikuspegien erlaitzak eta zooma). Letra-tipoa, arbela, lerrokatzea, gelaxken formatua, estiloak. Gelaxkekin lan egitea. Formula eta funtzio oinarrizkoak eta aurreratuak (logikak, bilaketa, erreferentzia, testua, data, estatistikak eta finantzarioak). Taulak eta tarteak formatuarekin, iragazkiak, ordenatzea eta subtotala. Taula dinamikoak, segmentatzeak, eremu kalkulatuak eta grafiko dinamikoak. Grafiko aurreratuak, minigrafikoak, formatu kondizionala eta kontrol panelak. Tresnak, datuekin lan egiteko. Liburuen eta orrien babesa, partekatzea, egile bat baino gehiago egotea eta bateragarritasuna beste aplikazio batzuekin eta hodeiarekin.

4. gaia.–Internet eta posta elektronikoa: web arakatzaileak: instalazioa, konfigurazioa, historia, gogokoenak, fitxak, deskargak eta segurtasuna. Bilaketa aurreratuak, markagailuak, luzapenak, pasahitzen kudeaketa eta nabigazio pribatuak. Posta elektronikoa: kontuak sortzea, sarrera-ontzia, idaztea, eranskinak, iragazkiak, karpetak, sinadurak eta kontaktuak. Segurtasuna eta jardunbide egokiak: antibirusa, mezuen kopiak, phising-a, spama, bi urratsen bidezko autentifikazioa eta sarearen erabilera arduratsua.

III. ERANSKINA.–ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO IZANGAIEN ZERRENDA KUDEATZEKO ARAUAK

1.–Deia.

Onetsitako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoaz gain, deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

2.–Dei egiteko arau orokorrak.

2.1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez; izangaiak arduratuko dira informazio hori une oro eguneraturik edukitzeaz.

2.2. Deiaren bidez eskura dagoen eskaintzaren berri emanen zaio izangaiari. Deia egiteko, honako baliabide hauek erabiliko dira, ordena honetan berean, erabilgarri baldin badaude:

–Helbide elektronikoa.

–Telefono mugikorra.

–Telefono finkoa.

–Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).

2.3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 2.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

2.4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

2.5. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, bete behar izan gabe oinarri honen 3. atalean ezarritakoa.

2.6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.

2.7. Deietarako lehentasun apartekoa. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barruan, lanpostu berbera edo alor bereko beste berdin bat aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

2.8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

3.–Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen duten izangaiei, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.

4.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

4.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:

a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik, edo aldi baterako ezintasuneko egoeran egotea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

4.2. Aurreko atalean jasotako kasuetan, f) letrakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendatik. a), c) eta d) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

4.3. 4.1 atalean adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.

5.–Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokia hartuko dute izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik kontratua sinatzen ez duten izangaiek, behin deialdiaren ondoriozko lanpostua onartu ondoren.

6.–Zerrendetatik baztertzea.

Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:

a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko zehapen baten ondorioz.

7.–Lan kontratuak.

Deialdiaren xedeko lanpostua betetzeko izangaiei aldi baterako kontratu bat eskainiko zaie, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen duena, eta haren araubide juridikoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: L2612736