Iragarkia
200. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 8a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Oposizioa, bete daitezen gizarteratzeko goi-mailako teknikarien 5 plaza, euskarako B2 mailako hizkuntza-gaitasunarekin
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko irailaren 28an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da gizarteratzeko goi-mailako teknikariaren 5 plaza oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak eta euskarako B2 mailako hizkuntza-gaitasunarekin, Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko irailaren 17an deitutako lekualdaketa-lehiaketari lotuak.
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Gizarteratzeko goi-mailako teknikarien plazak, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, honako txanda hauetan banatuko dira:
Txanda irekia: gehienez ere 2 plaza.
Igoera-txanda: gehienez ere 2 plaza.
Desgaitasuna dutenendako txanda: gehienez ere 1 plaza.
1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, baldin eta igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako plazetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.
Halaber, txanda irekiko plaza hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 9.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.
1.4. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan ezarritako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Gizarteratzeko Goi-mailako Lanbide Heziketako Titulua, Unibertsitate-gradua Gizarte Hezkuntzan edo titulazio baliokidea edukitzea, edo halakoa erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.
d) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako euskarako B2 mailako hizkuntza-gaitasuna edukitzea.
e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.
Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein plazatatik egin nahi den eta horretan.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.
2.1.3. Berariazko betekizunak desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako txandako izangaiendako.
Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako betekizunez gain, ofizialki aitortua izan beharko dute %33ko desgaitasuna edo handiagoa, eta egoera hori egiaztatu beharko dute organo eskudunak emandako desgaitasun maila onartzen duen ebazpena aurkeztuta.
2.1.4. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin bat, adingabeekin ohiko kontaktua duten lanbide, ogibide eta jardueretan aritzeko ezinbesteko baldintza da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik –10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa, VIII. titulua– zein gizakien salerosketako edozein deliturengatik –Zigor Kodearen VII. titulua, bis–.
Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez egiaztatuko da betekizun hori.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren oinarrietan aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.4 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.
2.4. Lanpostuaren eginkizunak eta ezaugarriak.
Lanpostuan honako eginkizun hauek bete behar dira:
–Haur eta nerabeekin Iruñeko auzoetan parte-hartzea, astelehenetik ostiralera, arratsaldetan egiten diren eguneroko talde-jardueren diseinuan, programazioan, hedapenean, garapenean eta ebaluazioan, bai eta, eskolaz kanpoko jardueretan ere: kanpaldiak, Aste Santuko programazioak, uda, etab.
–Babesgabetasun egoeran egoteko arriskuan dauden haur eta nerabeak detektatzea, eta egoera horien aurrean idatzizko komunikazioa eta koordinazioa izatea Gizarte Zerbitzuetako haur eta nerabeak artatzeko lantaldeekin eta haurrak babesteko sistemaren bestelako dispositiboekin.
–Auzoetako jardueretan parte hartzen duten haur eta nerabeen familiekin komunikatzea.
–Haur eta nerabeen prebentzioaren, babesaren eta sustapenaren esparruan esku hartzen duten baliabide publiko eta komunitarioekin koordinatzea: auzo-unitateak, ikastetxeak, osasun-zentroak, etab. Sare-lana.
–Elkarte-bizitza eta gizarte-bilbea sustatzeko laguntza teknikoa ematea eta lankidetzan aritzea, sustapen eta komunitate-prebentzioko esparruan komunitatearen garapena bultzatzeko.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 15,60 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
3.4.1. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek eskaneatuta aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau:
–Gizarteratzeko Goi-mailako Lanbide Heziketako Titulua, Unibertsitate-gradua Gizarte Hezkuntzan edo titulazio baliokidea.
–Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako euskarako B2 mailako hizkuntza-gaitasuna.
Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko denik. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3.4.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek egoera hori egiaztatu beharko dute organo eskudunak emandako desgaitasun maila onartzen duen ebazpena aurkeztuta edo %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena eskatu izana egiaztatzen duen agiria aurkeztuta.
Hala ere, azken kasu horretan, egiaztatu beharko da desgaitasunaren aitorpena deialdi honetan ezarritako plaza hutsak ireki edo esleitu aurretik lortu dela. Bestela, interesdunak galdu eginen ditu %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonendako erreserba-txandan parte hartzeagatik izaten ahal dituen eskubide guztiak.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaiak onestea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Elian Peña Guerrero. Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Rubén Unanua Ruiz. Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Miriam Arregui San Martín. Iruñeko Udaleko Haurren Sustapen eta Komunitate-prebentzioko koordinatzailea.
Epaimahaikide ordezkoa: Yolanda Yáñez Nascimiento, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko psikologoa.
Epaimahaikidea: Belén Minondo Verdú, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko Haurtzaro eta Familiendako programako eta EUAZko arduraduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Mónica Lajarin Catellot, Txantreako auzo-unitateko gizarte-langilea.
Epaimahaikidea: Jose Elarre Elizondo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Mitxel Santesteban Etxeito, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeak izendatua.
Idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen ahal diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketa guztietan edo horietako batzuetan laguntzeko. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Probak.
6.3.1. Lehen probak bi ariketa izanen ditu:
a) I. ariketa: test erako galdetegia.
Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen I. eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan akatsak nola zigortuko diren.
Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) II. ariketa: kasu teoriko-praktiko bat edo bi ebaztea.
Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz test erako galderen bidez proposatutako kasu praktiko bat edo bi.
Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Gutxienez 20 puntu erdiesten dituztenek gaindituko dute proba.
II. ariketaren gehieneko iraupena kalifikazio-epaimahaiak adieraziko du, hasi aurretik.
Aipatutako bi ariketak egun bakarrean edo bi egunetan egiten ahalko dira, epaimahaiaren irizpidearen arabera.
6.3.2. Bigarren proba: gaitasun pertsonalen testa.
Nortasun orokorreko, lan-gaitasunetako edo trebetasuneko galdetegiak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren gaitasun-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko.
Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuak eginen ditu probak, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.
Bigarren proba hau egiteko honako hauek soilik onartuko dira: lehen probako bi ariketak gainditu eta ariketa horien emaitzen baturan, txanda bakoitzean, guztizko puntuaziorik onenak lortzen dituzten izangaiak: barne-igoerako txandako 50 izangai, txanda irekiko 50 izangai eta desgaitasun-txandako 50 izangai.
Edozein txandatan, lehen proba gainditu duten 50 izangaiko kopurua lortuko ez balitz, kopuru hori ez da handituko beste txandetako izangaiak sartuta.
50. postuari dagokion puntuazioan, edozein txandatan, berdinketarik egonez gero, egoera horretan dauden izangai guztiak onartuak izanen dira. Gainerako izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.
Proba honen puntuazioa 20 puntukoa izanen da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio globalaren erdia (10 puntu), gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.
Proba egin aurretik, plazaren gaitasun-profila jakinaraziko zaie parte-hartzaileei, deialdiaren web-fitxan (www.pamplona.es/eu helbidean).
6.4. Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
6.6. Hautaprobak egin bitartean, behar diren egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
6.7. Proba bakoitza amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, plaza hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan.
8.–Plaza hutsak esleitzea.
8.1. Aipatu behar da deialdi honetako plaza guztiak Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorrari atxikita daudela, eta zehazki, Ekintza Komunitarioaren esparruko Haurren, Nerabeen eta Familiendako Prebentzioko Programari atxikita.
Aipatutako programak haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio- eta babes-komunitarioko eginkizunak barne hartzen ditu: administrazio eta kudeaketari buruzko zereginak Udaleko lokal edo bulegoetan eta zuzeneko esku-hartzeak haur eta nerabeekin.
Zeregin horiek hiriko hainbat auzotan dauden udal-instalazioetan gauzatuko dira. Zereginen, lantokien eta jarduketa-esparruen banaketa zehatza alor eskudunak antzemandako beharren arabera eginen da, eta horiek denboran zehar aldatzen ahalko dira, behar horien bilakaeraren eta zerbitzua antolatzeko irizpideen arabera.
8.2. Horregatik, Giza Baliabideetako zuzendaritzak plaza hutsaren ondoz ondoko zenbaki bat emanen die izangaiei, txandaka banatuta, deialdian eskaini den plaza kopuruaren arabera. Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
8.3. Baldin eta aipatu desgaitasuna duten izangaiak egon eta horrek eragina badu plaza hutsetako eginkizunak betetzeko baldintzetan, hautaketa egin baino lehen esleituko zaizkie haien desgaitasuna kontuan harturik egokien diren plazak, horri buruz balorazio eta orientazio talde eskudunak ematen duen txostenarekin bat.
9.–Izendapen-proposamena eta agiriak aurkeztea.
9.1. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:
9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
e) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.
9.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 9.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.
10.–Izendapena, plaza hutsak esleitzea eta jabetza hartzea.
10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, plazetan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute plazaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plaza jabetzan hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratuetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Hautapen-prozesua gainditu ez, baina hautapen-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu dutenen zerrenda.
Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sartzeko prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
12.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, plazarik lortu ez eta oposizioa gainditu ez dutenen zerrendetan, lehen proban lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
12.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2026ko irailaren 28an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
Parte orokorra.
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.
4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua. III. titulua. Administrazioarteko harremanak.
5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.
6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.
8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
13. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.
Zati espezifikoa.
1. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra. I., II., III. eta IV. tituluak.
2. gaia.–Iruñeko Udala. Udalbatza. Udal Gobernua: Tokiko Gobernu Batzarra. Osoko Bilkura. Batzordeak. Udal Taldeak. Zinegotziak. Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.
3. gaia.–Zentro komunitarioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.
4. gaia.–Nafarroako Gobernuaren Esku-hartze komunitarioan parte hartzeari buruzko gidaliburua. 2020. 2. eta 3. kapituluak.
5. gaia.–Ekintza komunitarioa. Gida metodologikoa. Gipuzkoako Foru Diputazioa. 2025.
6. gaia.–Komunitatearen antolaketa eta garapena. Esku-hartze komunitarioa gizarte-baldintza berrietan. Marchioni, M.
7. gaia.–Herritarren partaidetza bideratzeko gida praktikoa. 1., 2., 3. eta 5. kapituluak. Nafarroako Gobernua.
8. gaia.–Elkarteak. Elkarteen finantzaketa, dirulaguntzak eta beste bide batzuk. Elkarteen egunean eguneko kudeaketa. Elkarteak eratzeko urratsak. Haur eta nerabeen erakunde komunitarioak Iruñean.
9. gaia.–Iruñeko Udalaren Haur eta Nerabeen II. Plana (2023-2027). III. fasea.
10. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa. Hitzaurrea, atariko titulua, I., II., III., IV. eta V. tituluak.
11. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa. Hitzaurrea, atariko titulua, I., II. eta III.a.
12. gaia.–Haur eta nerabeen parte-hartzea. Haurrek eta Nerabeek Toki mailan Parte hartzeko Organoak diseinatzeko Nafarroako Gobernuaren gidaliburua. 1., 2. eta 3. kapituluak.
13. gaia.–Haur eta nerabeen parte-hartzea. Haur eta nerabeen partaidetzarako gida. Dinamikak eta baliabideak eskubideen ikuspegitik. EDE Fundazioa.
14. gaia.–Bideratze dialogikorako gida. Dialogues & Design Ltd. Ikuspegi Dialogikoarekin Sarean Lan egiteko Proiektuaren esparruan.
15. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean Haurtzaroa Babestearen arloko II. Prozedura Eskuliburua. 1. bolumena.
16. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean Haurtzaroa Babestearen arloko II. Prozedura Eskuliburua. 2. bolumena.–Haurrak babesteko egoeretan jarduteko gidaliburua Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Laguntzako Gizarte-zerbitzuetarako.
17. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean Haurtzaroa Babestearen arloko II. Prozedura Eskuliburua. 3. bolumena. Haurren babesgabetasun egoerak baloratzeko tresnak.
18. gaia.–87/2025 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa, Nafarroako Haurren eta Nerabeen Kontseilua sortzen duena eta haren osaera, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea arautzen dituena.
19. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena. Atariko titulua, I. titulua eta II. titulua.
20. gaia.–45/2015 Legea, urriaren 14koa, Boluntariotzari buruzkoa. 2/1998 Foru Legea, martxoaren 27koa, Nafarroako Boluntariotzari buruzkoa.
21. gaia.–Tratu onen teoria. Definizioa eta oinarrizko kontzeptuak. Haurrenganako tratu ona: gurasotasuna, atxikimendua eta erresilientzia.
22. gaia.–Haurren eta Nerabeen Eskubideen Estatuko Estrategia (2023-2030).
23. gaia.–Iruñeko Kultur Aniztasunaren eta Herritartasun Inklusiboaren 2023-2026ko Plana.
Iragarkiaren kodea: L2612794
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
