1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
957E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio Recuperaciones Medioambientales Artica SLk Antsoainen sustatutako hondakinak kudeatzeko proiektuari.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak Recuperaciones Medioambientales Artica SL enpresak Antsoainen sustatutako hondakinak kudeatzeko proiektua aurkeztu dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari 2026ko maiatzaren 21ean.
Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9 b) taldearen barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Lehendik dagoen instalazioak badu Antsoaingo Udalak 2017ko azaroaren 17an emandako irekitzeko baimena, hondakin ez-arriskutsuak biltzeko eta hautatzeko jarduerarako. Eskatutako handitzearen bidez, hondakin arriskutsuak (bateriak) biltegiratzeko kudeaketa-eragiketa eta hondakin ez-arriskutsu berriak (plastikoa eta zura) gehituko dira.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen dokumentua bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak bete du ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hala, kontsulta egin zaie Iruñeko Udalari, Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en acción talde ekologisten konfederazioari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari. Epea agortuta, ez da egindako kontsulten inguruko erantzunik jaso.
–Proiektuaren deskribapen laburra.
Proiektu honetan (handitzea barne) gauzatuko den jarduera hondakin ez-arriskutsuak multzokatzea, hautatzea, sailkatzea eta biltegiratzea da (R12): burdinazko hondakinak, papera eta kartoia, burdinazkoak ez diren metalak, eta plastikoak eta zura (handitzea). Era berean, hondakin arriskutsuak transferitzea ere izanen da jarduera (handitzea) (R13); zehazki, berun-azidozko bateriak 24 kutxatan multzokatzea, epoxi erretxinaz iragazgaiztutako hormigoizko atxikipen-ontzi baten gainean.
Deskribatutako jarduera gauzatzeko proposatutako kokalekua Antsoain udalerrian dago, zehazki, 2. industrialdean lehendik dagoen industria-nabe batean, Noain Anaien etorbideko 52. zenbakian, 22. poligonoko 272. eta 276. partzeletan (ikusi I. eranskina. Proiektuaren kokapena).
Instalazioek, guztira, 1.558,5 m²-ko azalera eraikia hartzen dute. Lehendik dauden instalazioak dira, erabat zolatuak eta hormigoizko nabe batez osatuak, horietan gauzatuko den jarduerarako egokiak.

Aurkeztutako proiektuaren kokapena
Sortutako hondakinei dagokienez, sailkapen- eta transferentzia-prozesutik bertatik nahiz instalazioa mantentzeko eta garbitzeko lanetatik datozenak daude.
Lantegiko urteko energia elektrikoaren kontsumoa 6,579 MWh-ekoa izanen dela zenbatesten da, eta instalatutako potentzia osoa 17,32 kW-ekoa da. Lantegian nagusiki gasolioa kontsumitzen da, laneko makinetan hori erabiltzen baita. Urteko kontsumoa 4.350 l izanen dela zenbatesten da. Kontsumitutako ura udalaren hornidura-saretik dator, eta 35 m³ izanen dela zenbatesten da.
Sortutako zaratak, nagusiki, lantegi barruan hondakinak mugitzeko laneko makinen ohiko erabileratik datoz. Ustiapen fasean isuri barreiatuak eginen dira atmosferara, batez ere, hondakinak manipulatu eta biltegiratzearekin lotutako hauts eta partikulak. Isurketak euri-uren eta ur beltzen fluxuetatik datoz.
–Alternatibak aztertzea.
Proiektua ez gauzatzeko 0 alternatibaren aurrean, beste bi alternatiba identifikatu dira. 0 alternatiba kaltegarritzat jotzen da, ez baitu konpontzen hondakinen kudeaketaren arloan dagoen arazoa eta ez baititu aprobetxatzen lehendik dauden industria-azpiegiturak.
1. alternatiba hautatu da, proiektu honen xede dena. Egokiena dela jotzen da ingurumenaren arlotik eta teknikoki, aukera ematen baitu hondakin ez-arriskutsuen eta arriskutsuen kudeaketa eraginkorra eta kontrolatua egiteko.
2. alternatiba hondakinak sailkatzeko lantegia ezartzea da, eta, horretarako, beste kokaleku batean industria-nabe berri bat eraikitzea. Baztertu egin da, jarduera hutsetik garatzea ekarriko lukeelako, obra zibila eta lotutako azpiegiturak barne, eta bi kokalekuen arteko ibilgailuen joan-etorria handituko lukeelako.
–Ingurumen dokumentuaren laburpena eta azterketa.
Aztertu diren eta proiektuak ukitzen dituen ingurumen-alderdiak lurzorua, lurpeko eta azaleko urak, airea, zarata eta sortutako hondakinak dira. Ez da ikusi proiektuaren kokalekuari eragiten dion ingurumen alderdi garrantzitsurik dagoenik.
Babes bereziko eremuei dagokienez, proiektatutako instalazioa ez dago Natura 2000 Sarea osatzen duten eremuen barruan, ez Naturagune Babestuen Sarean, ez eta nazioarteko tresnen bidez (Ramsar, Unesco) babestutako eremuetan ere. Hurbilen dagoena Etxauriko Haitza izeneko HBBEa da, eta hondakinak sailkatzeko lantegiaren instalazioetatik 13 km-ra dago gutxi gorabehera, hego-mendebaldean.
Horregatik guztiagatik, inguruneko ingurumen alderdiak aztertu ondoren, agerian geratu da hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sailkatzeko jarduera egin nahi den partzelari ez diola ingurumen alderdi garrantzitsu batek ere eragiten.
Jardueraren barruko eragin nabarmenak ebaluatu dira, hala nola isuriak eta hondakinak, bai sortutako hauts eta usainen ondoriozkoak, bai uretara edo lurzorura egindako isurien ondoriozkoak, bai kudeatutako eta sortutako hondakinen ondoriozkoak. Kasu guztietan, ez da aurkitu eragin nabarmenik.
Era berean, ur-kontsumoa oso txikia da. Ez zaie eragiten biodibertsitateari edo giza osasunari.
Proiektuarekin lotutako ingurumen-inpaktuaren balorazio orokorra bateragarritzat jo da, baldin eta behar bezala betetzen badira ingurumen neurriak, eta proiektuaren fase guztietan ingurumena zaintzeko programa betetzen bada.
Biltegiratutako hondakinak su hartzeko arriskuak identifikatu dira, bereziki paperaren eta kartoiaren ondoriozkoak, baita baterien ondoriozkoak ere. Materialen edo erregaiaren isuriak ere identifikatu dira, baita makina mugikorretatik etor daitezkeenak ere. Proiektua ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen da, haren zaurgarritasunari dagokionez.
Zenbait neurri diseinatu dira identifikatutako ingurumen-inpaktu esanguratsuak prebenitu, murriztu eta kontrolatzeko; hala, ingurumen-baimena lortzeko eskatzen ahal diren baldintzak betetzen direla bermatzen da, bai eta instalazioaren funtzionamendu-fase guztietan ingurumena eta pertsonen osasuna behar bezala babesten direla ere. Hala, lurzorura eta lurpeko uretara isuriak egitea saihesteko jarduketak gehitu dira.
Ingurumena Zaintzeko Programa bat prestatu da, ingurumenera egiten diren isuriak kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko sistema bat ezartzeko –izan gasolio-biltegitik datozen isuriak, izan bateriak biltegiratzetik datozenak–.
Egindako ingurumen azterketak ondorioztatzen du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta kontrol-neurriek barne hartzen dute fase guztietan ingurumena zaintzeko programa bat, bai eta aplikatu beharreko ingurumen araudia zorrotz betetzea ere.
–Proiektuaren azterketa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera; eta, orobat, ados agertu da ingurumen dokumentuak hautatutako alternatibarekin.
Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ez da proiektuaren ingurumen integraziorako baldintza gehigarririk jarri.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua; eta ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Recuperaciones Medioambientales Artica SL enpresak Antsoainen sustatutako hondakinak kudeatzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere betetzen badira ingurumen-baimen bateratuan jasoko diren determinazioak, substantzia kutsatzaileak atmosferara, uretara eta lurzorura isurtzea kontrolatzeari eta zarata nahiz dardarei buruzkoak, bai eta hondakinak kudeatzeari buruzkoak ere.
2. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da jartzen ahalko inolako errekurtsorik, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña De la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2612472